73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOZAR

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez, Kontu Hartzailetza-Kontabilitate Alorrean jarduteko

Gobernu Batzarraren 2024ko martxoaren 20ko erabaki baten bidez, deialdia onetsi zen, honako oinarri hauei jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzea Berriozarko Udalean, Kontu Hartzailetza-Kontabilitate Alorrean jarduteko, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak betez eta oposizio-lehiaketa prozeduraren bidez. Lanpostuak 54 zenbakia dauka plantilla organikoan.

Lanpostua oposizio-lehiaketara atera da titularrak 2024ko abuztuaren 2an erretiroa hartuko duelako. Hori dela eta, lanpostuaren jabetza ez da hartuko 2024ko abuztuaren 3a baino lehenago.

1.2. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.3. Lanpostuak C mailako lansariak izanen ditu, bai eta plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere, bat etorriz xedaturik dagoenarekin Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta Berriozarko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan.

1.4. Lanpostuaren eginkizunak honako hauek dira, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Udalaren gastu-fakturak kontrolatzea.

–Gastu-fakturak eta helbideratutako ordainketak kontabilizatzea.

–FACE kontrolatu eta kudeatzea.

–Arlokako txostenak sortzea.

–Musika eskolaren ordainagiriak eta bekak sortzea.

–Haur eskolaren eta jantokiaren ordainagiriak sortzea.

–Kamioiak aparkatzeko ordainagiriak kudeatzea.

–Udaleko alorrentzat garatutako datu-baseen aplikazioak kudeatzea, mantentzea eta aldatzea.

–Ebazpenen kudeaketa.

–Faktura elektronikoaren interfazea - Kontabilitatea.

–Nominen interfazea - Kontabilitatea.

–Hilerriaren kudeaketa.

–Esku hartzeko administrazio-lanak (ordainagiriak, kobrantzak, ordainketak, bekak, etab.) eta Excel eta Acces erabiltzea.

–Gainbalioak.

–Jendearentzako arreta, udaleko administrazio-zerbitzuei laguntzea eta administrazio-lan orokorrak.

–Eta, oro har, arestian deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak egitea, bai eta zerbitzua dela-eta agintzen zaion beste edozein eginkizun edo zeregin ere, lanpostuari eta bere mailaren eta kategoriaren barnean.

2.–Baldintzak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskarazko C1 maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri horrek agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den titulu-zerrendan, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko du.

Orobat frogatzen ahalko da eskatutako jakite mailaren proba espezifikoa eginda, 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz (Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretua).

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoaren zerbitzutik kendua ez izatea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte ere.

3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, Berriozarko Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.berriozar.es/eu/carpeta-ciudadana/). Aukeran, NAN elektronikoa / ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve erabil daitezke.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".

Halaber, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak) hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko."

Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko, eta horrekin batera 2.1. oinarrian zehaztutako agiriak ere aurkeztu beharko dituzte.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, behar bezala bete ondotik:

a) Indarreko nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

Europar Batasuneko beste estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.

Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).

b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 25,88 euro ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: La Caixako ES84 2100 5184 5422 0009 8217). Dirua sartzean, hau adieraziko da: "administrari-ofiziala" eta, ondoren, izangaiaren NANa. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa eskubideetarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (23. ordenantza) ezarritakoarekin bat, honako hauek egonen dira tasak ordaintzetik salbuetsita:

–%33ko desgaitasuna edo handiagoa aitorturik daukatenak.

–Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Behar den tasa ez ordaintzea nahikoa arrazoi izanen da izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko.

Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen, baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaion arrazoiren batengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

d) Euskarazko C1 mailaren ziurtagiri ofiziala edo euskara maila horren proba egiteko eskabidea.

e) 6. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiteko, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

f) Lehiaketa-fasean baloratu behar diren alegatutako merezimenduen ziurtagiriak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

1.–Epaimahaiburua: Iker Marriezcurrena Celaya, Berriozarko Udaleko alkatea.

2.–Epaimahaikidea: Amaia Zalba Martínez, Berriozarko Udaleko berdintasun-teknikaria, Berriozarko Udaleko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen batzordeak proposatuta.

3.–Epaimahaikidea: Sofía Peña Vidondo, Berriozarko Udaleko kontu-hartzailea.

4.–Epaimahaikidea: Clara Osteriz Zoraquiain, Berriozarko Udaleko administrari-ofiziala.

5.–Epaimahaikide-idazkaria: Bidane Zabalza Alonso, Berriozarko Udaleko Giza Baliabideetako arduraduna.

Kalifikazio epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Kalifikazio epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Kalifikazio epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.1. Lehiaketaldia.

Oposizioa gainditu duten izangaiei baloratuko zaie lehiaketaldia, eta 20 puntu izanen ditu gehienez, baremo honen arabera:

6.1.1. Laneko esperientzia. Gehienez ere 10 puntu:

–Edozein administrazio publikotan administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 3 puntu urteko.

–Edozein administrazio publikotan administrari laguntzailearen lanetan emandako urte bakoitzeko: 1 puntu urteko.

Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.

a) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

b) Lanaldi partzialeko zerbitzuak badira, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

c) Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

d) Lanean egindako denbora baloratzeko, aurkeztu beharko da, zerbitzuak zein administraziotan eman diren, harexek eginiko ziurtagiri bat, betetako eginkizunak frogatzen dituena eta lanpostu horretarako eskatu zen titulazioa adierazten duena.

6.1.2. Prestakuntza. Deialdiko lanpostuaren edukiarekin lotutako prestakuntza jarduerak edo titulazioak baloratuko dira, eta 10 puntu emanen dira gehienez:

–Erakunde ofizialek edo/eta elkargo profesionalek, zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu bakoitzeko (10 eskola-ordu); eta 5 puntu gehienez.

–Lanpostuaren edukiarekin lotutako goi-mailako titulazioak: 4 puntu gehienez.

–Bigarren mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea, baldin haren edukia lanpostuarekin zuzenean loturik badago: 3 puntu gehienez.

–Ofimatikako ikastaroak (Word, Excel, Access, Outlook):

  • 0,05 puntu, 5 eta 15 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,10 puntu, 15 eta 30 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,15 puntu, 30 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko.

Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak, ez eta zer iraupen izan duten zehazten ez dutenak ere.

Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

6.1.3. Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak.

6.1.4. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

6.1.5. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.1.6. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

6.1.7. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan.

6.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldia hasi baino lehen, euskara proba eginen dute deialdi honen 2.1.f oinarrian eskatutako euskara maila agiri bidez frogatu ez dutenek.

Proba horretan bi ariketa eginen dira, idatzizkoa eta ahozkoa, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den ala ez, C1 hizkuntza mailari dagokionez. Proba horiek Euskarabideko langileek eginen dituzte. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak. Garaiz jakinaraziko da probak egiteko eguna. Probaren emaitza gai edo ez gai izanen da; gai kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak hautapen prozesutik baztertuko dira.

Aurreikusirik dago oposizioaldia hastea 2024ko ekainean. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko da lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Hautapen-prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta guztiak baztertzaileak izanen dira. Proba hauen puntuazioa, gehienez, 80 puntukoa izanen da.

6.2.1. Proba teorikoa: Proba teorikoa: test motako ariketa izanen da, eta erantzuteko zenbait aukera emanen ditu, baina bat bakarra izanen da zuzena. Gaiak izanen dira deialdiko I. eranskinean ageri direnak. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren laurdena.

Probaren balorazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (15 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.2.2. Proba praktikoa: idatziz garatu beharko dira I. eranskineko gai-zerrendan jasotakoari buruzko kasu praktiko bat edo batzuk, epaimahaiak horretarako zehaztutako gehieneko denboran.

Probaren balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Berriozarko Udalaren web-orriko egoitza elektronikoan, lortutako guztizko puntuazioaren arabera antolatua, izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak batuta.

7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioko bigarren ariketan (proba praktikoa) puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da.

Berdinketa badago oraindik, oposizioko lehen ariketan (proba teorikoa) puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.

8.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko atala), edo, hala badagokio, Berriozarko Udalak izendatutako eta behar bezala akreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko deklarazio edo deklarazio solemne bat, aditzera emateko pertsona ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiak Espainiako nazionalitatea ez badu, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dionik sartzea bere estatuko funtzio publikoan.

c) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

8.2. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna eskatzeko, kasua bada.

8.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.

9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabaki baten bidez, administrari-ofizial izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, lortutako azken puntuazioaren ordenaren arabera.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Lanpostuaz jabetzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Lanpostua oposizio-lehiaketara atera da titularrak 2024ko abuztuaren 2an erretiroa hartuko duelako. Hori dela eta, lanpostuaren jabetza ez da hartuko 2024ko abuztuaren 3a baino lehenago.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Berriozarko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Hala bada, deialdiaren 8.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu, eta hartan alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aurretik, babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea aukeratzen ahalko du.

Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.3 apartatuak agintzen duen moduan beteko da.

10.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

10.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Berriozarko Udalean kontratatua izateko izangaien zerrenda.

Sartzeko hautapenaren epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Berriozarko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du honako zerrenda hauek onesteko: probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda, batetik, eta lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda, bestetik.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: probak gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

Izangaiei aldi baterako kontrataziorako deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b artikulua eta hurrengoak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), eta Berriozarko Udalak onetsitako kudeaketarako arau indardunak.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, kontratatuak izateko eskatzen zaizkien agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, horrek deusetan eragotzi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.

11.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) 13. artikuluan ezarritakoarekin, izangaiei honako honen berri ematen zaie:

–Deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Berriozarko Udala da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez dpd@berriozar.es helbidean edo webgunearen bidez (www.berriozar.es).

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12.–Errekurtsoak.

12.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

12.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan araubidean kontratatutakoak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, isiltasun administratiboa, baldintzak eta epeak (zenbatzea). Administrazio egintzak: Baldintzak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: xedapen orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

4.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: I. titulua, III., IV., V., VI. eta VII. kapituluak; II. titulua, I., II., III., IV. eta V. kapituluak; III. titulua, I., IV. eta V. kapituluak.

5.–11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa. I. titulua, II., III., IV. eta V. kapituluak; II. titulua; III. titulua.

6.–5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: II. titulua, I. eta III. kapituluak; III. titulua, I., II. eta III. kapituluak.

7.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

8.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki-erakunde gisa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

9.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

10.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea garatu duena aurrekontuen eta herri gastuaren arloan. II. kapitulua: 1. atala: Aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: Gastu-aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontu-aldaketak. IV. kapitulua: Gastu-aurrekontua betearaztea. Arauak eta betearazteko faseak.

11.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitatearen Instrukzio Orokorra onesten duena.

12.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako toki entitateen aurrekontu egitura onesten duena.

13.–Berriozarko Udalaren Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako ordenantza.

14.–Word 2010 testu-prozesadorea: lan eremua; eragiketak dokumentuekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; estekak txertatzea; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.

15.–Excel 2010 kalkulu-orria: lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta funtzio aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea Excel-en; txantiloiak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.

16.–Access 2010 datu basea: oinarrizko elementuak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; kanpoko datuak inportatzea, esportatzea eta estekatzea.

Berriozarren, 2024ko martxoaren 20an.–Alkatea, Iker Mariezcurrena Celaya.

Iragarkiaren kodea: L2404723