73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

205E/2024 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen baimen integratua ematen baitzaio Buñuelgo udal mugartean plater prestatuak elaboratzeko dagoen instalazio bati. Instalazioaren titularra Grupo Empresarial Palacios Alimentación SA da.

Gaur egun martxan dagoen instalazio hori ingurumen baimen bateratuaren araubidearen menpe dago, eta aurkeztu duen proiektuaren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe egotera igaroko da; hain zuzen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren I. eranskineko 9.1.b) iii) kategorian sartuko da (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina).

Instalazioa, orobat, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.4.b).iii) epigrafean sartuta dago (testu bategina).

Instalazioaren proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. taldeko b) kategorian sartuta dago, eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 493E/2022 Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar, eta ingurumen inpaktuaren txostena eman zen, ingurumenaren gainean ondorio nabarmenik ez duela adierazita. Ebazpen honen eranskinean, ingurumen inpaktuaren txostenean jasotako informazioa ageri da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 48. artikuluan xedatutakoarekin.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan, zeinaren bidez neurri batzuk onetsi baitziren istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Titularrak txosten bat aurkeztu du substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilerari, ekoizpenari eta emisioari buruz, kontuan harturik instalazioaren kokalekuan lurzorua eta lur azpiko urak kutsatzeko aukera dagoela, eta erabaki da, horrelako substantziarik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek berekin dakar azaleko uretan zeharkako isuria egiteko baimena, Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 245. artikuluan eskatzen dena.

Espedientea honako hauetan xedatutakoaren arabera tramitatu da: Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta hura garatzen duen Erregelamendua (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsia), eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren II. tituluko I. kapitulua eta 24. artikulua (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretu bidez onetsi zen). Halaber, prozeduran egin dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ingurumen ebaluazioari dagokionez aurreikusitako jarduketak.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean, eta inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Egiaztatu da ezen aurkeztutako dokumentazioarekin justifikatu dela betetzen dela Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakian xedatutakoa, horretan ezartzen baitira elikagaien, edarien eta esnearen industrietarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Buñuelgo udal mugartean plater prestatuak elaboratzeko dagoen instalazio bati. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra Grupo Empresarial Palacios Alimentación SA da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea, bai hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa (15P03057032272019 zenbakia), bai hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa (15P02057032272005 zenbakia). Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Hondakin urak udal kolektoreen sarera isurtzeko baimena sartzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du eta bost urtetik bost urtera automatikoki berrituko da, une bakoitzean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen badira.

Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritako inguruabarren bat (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bosgarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak irekitzeko baimena eskuratu ondoren hasiko dira aplikatzen, eta, edozein kasutan, proiektatutako handitzea martxan jartzen denetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Grupo Empresarial Palacios Alimentación SAri, Buñuelgo Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, NILSAri eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2404727