73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

34/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, "Mugaz gaindiko ordainketen gaineko aitorpen informatiboa" 379 eredua onesten duena.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 111 quater artikuluak ordainketa zerbitzuen hornitzaileak behartzen ditu, jatorrizko edo harrerako estatu kidea Espainiako Erresuma baldin bada, egindako mugaz gaindiko ordainketen erregistro behar bezain zehatzak izatera eta horiek zerga administrazioaren esku jartzera.

Erregistro horien edukia martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 53 ter artikuluan arautzen da.

Erregistro horiek eskuragarri jartzeko modua Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 70 bis artikuluan garatzen da, zeinak ordainketa zerbitzuen hornitzaileak behartzen baititu erregistro horiei buruzko aitorpen informatiboa aurkeztera.

Aitorpen hori egin ahal izateko, "Mugaz gaindiko ordainketen gaineko aitorpen informatiboa" 379 eredua onesten da.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 70 bis.3 artikuluak gaitzen du zerga arloan eskumena duen departamentuko titularra ordainketa zerbitzuen hornitzaileek izandako erregistroei buruzko aitorpenaren eredua eta aurkezteko modua onesteko.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 379 eredua onestea.

"Mugaz gaindiko ordainketen gaineko aitorpen informatiboa" izeneko 379 eredua onesten da, formatu elektronikokoa, eranskinean ageri den edukiarekin.

2. artikulua. 379 eredua aurkeztu behar duten zergapekoak.

379 eredua aurkeztera behartuta daude Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 111 quater artikuluan aipatzen diren ordainketa zerbitzuen hornitzaileak.

Foru agindu honen ondorioetarako, ordainketa zerbitzuen hornitzaile dira foru lege horren 111 ter.1 artikuluak zehazten dituenak.

3. artikulua. 379 ereduaren edukia.

379 ereduan aitortuko dira ordainketa zerbitzuen hornitzaileek mantendu behar dituzten erregistroak, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 111 quater artikuluaren eta martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako zerga horren Erregelamenduaren 53 ter artikuluaren arabera, eranskinean zehazten den xehetasunekin.

4. artikulua. 379 eredua zenbatean behin eta zer epetan aurkeztu.

1. 379 eredua hiru hilean behin aurkeztuko da, eta aitorpen bakoitzean dagokion hiruhileko naturalean emandako ordainketa zerbitzuei buruzko erregistroetako informazioa bildu beharko da.

2. 379 eredua hiruhileko naturalaren hurrengo hilabetean aurkeztuko da.

5. artikulua. 379 eredua aurkezteko modua.

379 eredua formatu elektronikoan soilik izanen da eskuragarri eta modu elektronikoz aurkeztu beharko da, Internet bidez, 7. eta 8. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

6. artikulua. 379 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute 379 eredua modu elektronikoan, Internet bidez:

a) Aurkezteko betebeharra dutenek edo, kasua bada, haien ordezkariek.

b) Zerga arloan aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, foru agindu horretan onesten baita kanpo lankidetzarako akordioa, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko zerga zorren ordainketa.

7. artikulua. 379 eredua aurkezteko baldintza orokorrak.

379 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Eredua aurkezten duenak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Eredua elektronikoki aurkezteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dira, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait zerga aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

8. artikulua. 379 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

1. 379 eredua aurkezteko, fitxategi informatikoak bidaliko dira 379 eredua aurkezteko izapidean gaitutako web-zerbitzuaren bidez, Nafarroako Gobernuaren webgunean, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

Aurkeztu aurretik, transmititu beharreko aitorpenaren fitxategia sortu beharko da, 9. artikuluan xedatutako eduki, formatu eta diseinuarekin.

2. Aitorpenak akatsik ez badu, web-zerbitzuak onartuko du, eta Nafarroako Foru Ogasunak pantailan edo, kasua bada, formatu elektronikoko mezu baten bidez itzuliko du aurkeztu izanaren egiaztagiri baliozkotua, 16 karaktereko egiaztapen kode seguru batekin, aurkezpenaren data eta ordua adierazita.

3. Akatsen bat egonez gero, aitorpena erabat baztertuko da eta pantailan edo, kasua bada, formatu elektronikoko mezu baten bidez, detektatutako akatsen deskribapena agertuko da. Berriro aurkeztu beharko da, zuzendu ondoren.

9. artikulua. Fitxategi informatikoen edukia, formatua eta diseinua.

Aitorpenari dagokion fitxategi informatikoa bat etorriko da eranskinean agertzen den edukiarekin, eta haren formatua eta diseinua Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean, agertzen direnak izanen dira.

Xedapen gehigarri bakarra.–2024ko lehen hiruhilekoari dagozkion aitorpenak aurkezteko epea.

4. artikuluan xedatutakoa gorabehera, 2024ko lehen hiruhilekoari dagozkion aitorpenak 2024ko uztailean aurkeztuko dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehenbiziko aldiz aplikatzen ahalko da 2024. urteari dagozkion aitorpen informatiboetan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 15ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

ERANSKINA.–"MUGAZ GAINDIKO ORDAINKETEN GAINEKO AITORPEN INFORMATIBOA" 379 EREDUAREN EDUKIA

Foru agindu honetan xedatutakoa betez Nafarroako Foru Ogasunari igortzen zaizkion mezu informatikoek eduki hau izanen dute:

1.–Aitorpenaren identifikazioa.

1.1. Aitortzailearen IFZ.

1.2. Aitorpenaren ekitaldia.

1.3. Aitorpenaren hiruhilekoa (1, 2, 3, 4).

2.–Ordainketa zerbitzuen hornitzaile (aurrerantzean OZH) aitortzailearen identifikazioa. Honako informazio hau izanen du:

2.1. OZHren identifikatzailea:

Hauetako baten berri emanen da, eta hobe da BICa erabiltzea.

–Datuak jakinarazten dituen OZHren bankuaren identifikazio kodea (BIC), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 260/2012 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 16. puntuak zehazten duenaren arabera.

–Bankuaren beste edozein identifikazio kode, datuak igortzen dituen OZH zalantzarik gabe identifikatzen duena. Identifikatzaile nazionalak izaten ahal dira, hala nola enpresa zenbakiak, erregistro zenbaki nazionalak eta abar.

Ez da nahastu behar 3.9 apartatuko datuekin. Eskatutako identifikatzaileak berberak badira ere, 2.1 apartatuan OZH aitortzailearen identifikatzailea aipatzen da; 3.9 apartatuan, berriz, onuradunaren izenean jarduten duen OZHren identifikatzailea aipatzen da, aitortzaileaz bestelakoa izaten ahal dena.

2.2. Identifikatzaile mota.

2.3. OZH aitortzailearen izena edo sozietate-izena.

3.–Onuraduna.

3.1. Onuradunaren izena, sozietate-izena edo izen komertziala.

Onuradunaren izen erabilgarri guztiak adieraziko dira, OZH aitortzailearen erregistroetan agertzen direnak.

OZH aitortzaileak onuradunarentzako erregistrorik ez badu, agindu-emaileak sartutako izena erregistroetan agertzen den izena izanen da.

Izenetan honako hauek sartzen ahal dira: sozietate-izena, txartela onartzen duenaren izena, izen komertziala, erregistrorako erabilitako izena eta kontaktuak, etab.

3.2. Herrialdea.

Onuradunaren herrialdearen kodearen izena adieraziko da, BEZari buruzko FLaren 111 quinquies. 2 artikuluaren arabera.

3.3. Helbidea.

Onuradunaren helbide erabilgarri guztiak adieraziko dira, OZH aitortzailearen erregistroetan agertzen direnak.

Helbideak legezko helbidea, helbide komertziala eta biltegiaren helbidea izaten ahal dira.

Beteko da soilik baldin eta OZH aitortzaileak bere erregistroetan gutxienez helbide bat badu onuradunarentzat.

3.4. Posta elektronikoko helbidea.

Onuradunaren helbide elektroniko erabilgarri guztiak adieraziko dira, OZH aitortzailearen erregistroetan agertzen direnak.

Beteko da soilik baldin eta OZH aitortzaileak bere erregistroetan gutxienez helbide elektroniko bat badu onuradunarentzat.

3.5. Web-orria.

Onuradunaren web-orri guztiak adieraziko dira, OZH aitortzailearen erregistroetan agertzen direnak.

Beteko da soilik baldin eta OZH aitortzaileak bere erregistroetan gutxienez web-orri bat badu onuradunarentzat.

3.6. Onuradunaren identifikatzailea.

Onuradunaren identifikazio fiskaleko zenbaki guztiak adieraziko dira.

Izan daiteke beste estatu kide batek emandako BEZaren ondorioetarako identifikazio zenbakia, Espainiako zerga administrazioak emandako BEZaren ondorioetarako identifikazio zenbakia, identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo edozein zenbaki nazional, helburu fiskalekin hertsiki lotuta ez badago ere edo agintaritza fiskal batek igorri ez badu ere, ondorio fiskaletarako erabiltzen bada eta titularraren identifikazio bakarra ahalbidetzen badu (adibidez, gizarte segurantzako zenbakiak, enpresaren erregistro zenbakia, etab.).

3.7. Onuradunaren kontua.

Funtsak transferitzen zaizkion onuradunaren ordainketa kontua zehaztasunez identifikatzea du helburu. Hortaz, honako hauek izanen ditu:

–Onuradunaren ordainketa kontuko IBANa, 260/2012 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 15. puntuan zehazten denaren arabera, edo

–Aurreko koderik ezean soilik emanen da beste edozein identifikatzaileren berri, baldin eta zalantzarik gabe eragiketan parte hartzen duen onuraduna identifikatzen badu eta haren kokapena adierazten badu. Horren barruan sartzen dira merkatariaren identifikatzailea (MID), diru elektronikoko kontuak, SWIFT erregistro zenbakiak, kontu nazionalen zenbakiak, etab.

3.7 eta 3.9 apartatuak elkar baztertzaileak dira, horietako bat bakarrik bete behar da.

3.8. Ordainketaren edo itzulketaren xehetasuna.

3.8.1. Itzulketa.

Agindu-emaile batek egindako ordainketak eta agindu-emaile bati egindako itzulketak bereiztea du helburu.

OZH batek ez badaki eragiketa bat itzulketa bat den ala ez, ordainketa arrunt gisa jakinarazi behar du (jakinarazpenerako gainerako baldintza guztiak betetzen direlako).

OZHk adieraziko dute ordainketa itzulketa bat den.

3.8.2. Ordainketaren identifikatzailea.

Ordainketa zalantzarik gabe identifikatzen duen edozein erreferentzia.

Helburua da ordainketa bikoiztuak identifikatzen laguntzea. Hortaz, ordainketa zalantzarik gabe identifikatzen duen erreferentzia oro adieraziko da.

Eragiketaren identifikatzaile bat baino gehiago badago, beti emanen zaio lehentasuna ordainketa-katean transmititzen denari eta ordainketa-katean beste OZH batzuen eskura dagoenari.

3.8.3. Jatorrizko transakzioaren identifikatzailea (itzulketen kasuan).

3.8.4. Ordainketaren edo itzulketaren eguna eta ordua.

3.8.5. Ordainketaren edo itzulketaren zenbatekoa.

3.8.6. Ordainketaren edo itzulketaren moneta.

3.8.7. Ordaintzeko modua.

3.8.8. Presentzia fisikoa.

Ordainketa hastean, agindu-emailea merkatariaren instalazio fisikoetan dagoela adierazten duen edozein erreferentzia adieraziko da.

3.8.9. Ordaintzailearen edo agindu-emailearen kokapena.

Ordainketaren jatorria den edo itzulketaren helmuga den estatu kidea adieraziko da, baita ordainketaren jatorria edo itzulketaren helmuga zehazteko erabilitako informazioa ere.

Informazioan OZHk dituen datuen edozein elementu sartzen ahal dira (IBAN, helbidea, txartelaren zenbakia, etab.).

Zer datu erabili diren baino ez da adierazi behar, berez datuak ez dira transmititu behar.

3.8.10. Onuradunaren OZHren rola.

Onuradunaren izenean ari den OZHk betetzen duen funtzio mota adieraziko da.

3.9 Onuradunaren OZHren identifikazioa.

Onuradunaren kontura jarduten duen OZH identifikatzea du helburu, hark funtsak jasotzen dituenean ordainketa konturik izan gabe (dirua bidaltzeko zerbitzua).

Hortaz, informazioa jakinarazten duen erakundeak onuradunaren kontura jarduten duen OZHren identifikatzailea eman beharko du.

Datu hauek eman behar dira, eta horien artean hobe da BICa ematea:

–Onuradunaren kontura jarduten duen OZHren bankuaren identifikazio kodea (BIC), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 260/2012 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 16. puntuak zehazten duenaren arabera, edo

–Onuradunaren kontura jarduten duen OZH zalantzarik gabe identifikatzen duen erakundearen beste edozein identifikazio kode. Identifikatzaile nazionalak izaten ahal dira, hala nola enpresa zenbakiak, erregistro zenbaki nazionalak eta abar.

Apartatu hau ez da nahastu behar 2.1 atalean eskatutako datuekin.

Gainera, 3.7 eta 3.9 apartatuak elkar baztertzaileak dira, horietako bat bakarrik bete behar da.

Iragarkiaren kodea: F2404550