73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

101E/2024 EBAZPENA, martxoaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Galarko udal mugartean papera, kartoia, zura eta plastikoa biltzeko eta errekuperatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Saica Natur Norte SL da.

Egun jardunean dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, zeina eman baitzitzaion Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 eta 5.3 taldeetan.

2022ko azaroaren 24an, titularrak bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea eskatu zuen; zehazki, eskatu zuen 030311 EHZ kodea duen hondakin berri bat sartzea ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, honako hau, alegia: 030310* EHZ kodean zehazten direnak ez bezalako efluenteak in situ tratatzean sorturiko lohiak.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzu honek ondorioztatzen du egindako eskaera bat datorrela instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokiarekin, eranskinean zehazten diren baldintzak betez gero.

Egun berean, titularrak eskatu zuen instalazioan sortutako hondakin baten kodifikazioa aldatzeko. Zehazki, 191212 EHZ kodearen aldaketa eskatu du, alegia, "prentsatze prozesuan sortutako jarioaren hondakinen (19 12 11 kodean ezarritakoez apartekoen) tratamendu mekanikotik sortutako beste hondakin batzuk (materialen nahasketak barne)" izenekoa kendu eta, horren ordez, 161002 EHZ kodea sartzea, hots, 161001* kodean zehaztutakoez besteko hondakin likido urtsuak.

Bigarren eskaera horri dagokionez, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzu honek uste du hondakinaren kodifikazioa aldatzeko eskatutako kudeaketa (191212 EHZ izatetik 161002 izatera pasatzea) ezin dela baimendu egungo baldintzetan, ez datorrelako bat instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokiarekin; izan ere, hondakin hori plastikoa prentsatzeko eragiketan sortutako jariotik dator, jatorri industriala du gehienbat, eta, beraz, ezin da hiri-hondakinekin pareka daitekeen efluentetzat hartu.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen-baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea Galarko udal mugartean papera, kartoia, zura eta plastikoa biltzeko eta errekuperatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Saica Natur Norte SL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Saica Natur Norte SLra eta Galarko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2404719