73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26E/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Igantziko Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzailea egiteko, ingurumenean ukipen nabarmenik sortzen ez duela iritzita. Centro Vacacional Irisarri de Igantzi SL da sustatzailea.

Irisarri Jauregia turismo eta aisialdirako gunea plan berezi gisa izapidetu zen 2013an, eta ingurumen-eraginaren adierazpena lortu zuen (2011ko 183. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 15ekoa). Adierazpen horretan, ingurumen arloko baldintzak ezarri zitzaizkien azpiegitura- eta urbanizazio-proiektuei.

Izapidetzen ari den aldaketa hasiera batez onetsi da 2021eko ekainaren 4an, eta jendaurrean jarri da, iragarkia argitaratu baita 2021eko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 2koan.

Aldaketak "Irisarri Jauregia turismo eta aisialdirako gunea" arautzen duen araudiari eragiten dio, zeina Igantziko Udal Plan Orokorraren VII. tituluan sartuta baitago. Helburua da turismo-gunean sortutako eskari berriei erantzutea eta dagoena eguneratzea; izan ere, Plan Berezian jasotako aurreikuspen asko gauzatu dira.

"Turismo eta aisialdirako gunea" osatzen duten 6 eremuetatik, planteatzen da aldaketak egitea harrerarako esparruan (A eremua), Irisarri Jauregian eta ingurunean (B eremua) eta Tolaretako bordan eta ingurunean (C eremua). Aldaketarik esanguratsuenak dira B eta C eremuak zabaltzea, batez ere azken kasu horretan, aurreikusi baita 7 bizitoki-unitate berri ezartzea; hala, egungo 20ak izatetik 27 izatera pasatuko da. Nola eraikin berriak aurreikusten diren (B6) eta oraingo zenbait eraikinen eraikigarritasuna handituko den, aparkatzeko lekuen eskaria handiagoa izanen da; beraz, 140 ibilgailu arinekoa izatetik 218 ibilgailuko izatera pasatuko da. Aparkalekuei dagokienez, behin-behinean onetsitako dokumentazioak aldaketak planteatzen ditu hasieran onetsitakoaren aldean; zehazki, jauregiaren aurreko aparkalekurako sarbidea bat dator gauzatutako errealitate fisikoarekin, baina ekialdean mugatzen zuen berdegunea kendu da.

Aurreikusitako jarduketak, batez ere, belardietarako lursailetan eginen dira (natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzoru urbanizaezinaren sailkapena dute). Beraz, ez da ingurumen arloko ukipenik aurreikusten ingurumen-intereseko formazio edo elementuetan. Hala ere, lursailen malda kontuan hartuta, 7 bizitoki-unitateen kasuan (C eremua) eta jauregiaren aurreko aparkalekuaren kasuan, esku hartzeak eskatzen duenean lur-mugimenduak eta aldaketa topografikoak egitea, paisaian integratzeko neurriak ezarri beharko dira.

Begiratokiaren aurreko aparkalekuari (B4) dagokionez, Basoak Kudeatzeko Zerbitzuak haren aldeko txostena eman zuen 2021eko abenduaren 2an.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Igantziko Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzailearen aldeko ingurumen txosten estrategikoa egiten da, ingurumenean ukipen nabarmenik sortzen ez duela iritzita. Centro Vacacional Irisarri de Igantzi SL da sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Igantziko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2404751