73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

166E/2024 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Telefónica Móviles España SAk aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Planaren 15. aldaketa.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, operadoreek Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari komunikatu beharko diote planaren edukiaren edozein aldaketa, planean beharrezko eguneraketak eginez.

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1077E/2023 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Telefónica Móviles España SAk aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planaren 15. aldaketaren tramitazioari, eta agindua eman zen eskatutako kokapenak Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzeko, interesdunek bidezkotzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten.

Orobat, ebazpen horretan, txostenak egin zitzatela eskatu zitzaien Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, NOPLOIko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari, nork bere eskumenen esparruan, azpiegituren lurralde planaren aipatu aldaketari buruz. Aipatu unitateek eta Telekomunikazioen, Azpiegituren eta Zibersegurtasunaren Zerbitzuak aipatu txostenak egin dituzte dagozkien determinazioekin, eta ebazpen honen II. eranskinean bildu dira.

Aipatu atarian jendaurrean egon den bitartean, ez da alegaziorik aurkeztu.

2015eko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez, 10/2002 Foru Legean arautzen diren Nafarroako Foru Komunitateko azpiegituren lurralde planei dagokienez, Nafarroako Gobernuak erabaki du telekomunikazioen arloan eskumenak dituen departamentuak tramitatu eta ebatziko dituela plan horiek.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Telefónica Móviles España SAk aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planaren 15. aldaketa onestea, barne direla ebazpen honen I. eranskinean ageri diren kokapenak eta II. eranskinean ageri diren determinazioak, ukitutako instalazioek bete beharko dituztenak.

2. Ebazpen hau igortzea Biodibertsitatearen Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, NOPLOIko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Telekomunikazioen, Azpiegituren eta Zibersegurtasunaren Zerbitzura.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Telefónica Móviles España SAri jakinaraztea, eta aditzera ematea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 18an.–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusia, Jose Antonio Vizcay Urrutia.

I. ERANSKINA.–AZPIEGITUREN LURRALDE PLANAREN ALDAKETA HONETAN SARTUTAKO ESTAZIOAK

ESTAZIOA

KODEA

HERRIA

KOORD. X

KOORD. Y

ATW-V 44380 P/SADAR

3100119

IRUÑA

611478

4739183

ANTSOAIN

3100788

ANTSOAIN

611318

4743005

CORELLA/HEGOA

3101189

CORELLA

599631

4662349

ETXALEKU MINI

3101304

IMOTZ

598458

4758053

* Datum ETRS-89 (30. EREMUA) sisteman eman dira koordenatuak.

II. ERANSKINA.–DETERMINAZIO OROKORRAK

–Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Irekitzeko lizentziaren fasean, eta oinarrizko estazioak martxan jarri baino lehen, teknikari eskudun baten ziurtagiria aurkeztuko da dagokion udalean. Ziurtagiri horretan justifikatuko da estazioak proiektu teknikoarekin eta aurkeztutako eranskinekin bat egin direla, eta emisio irrati-elektrikoetako esposizio mailen neurketa errealen emaitzak emanen dira. Neurketak erradiazio handiena den iristeko moduko tokian eginen dira, barne direla bereziki aintzat hartu beharreko erabilera-eremuak, urtarrilaren 11ko CTE23/2002 Aginduan eta geroko aldaketetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Ondare historikoaren arloan indarra duen legedian ezarritakoarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak), ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada aurreikusitako lanak egin bitartean, lanak gelditu eta horren berri eman beharko zaio, berehala, Arkeologia Atalari. Aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz, ohartarazpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat hartuko da.

–Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Operadoreak abenduaren 31n abian diren estazioen zerrenda aurkeztu beharko du egun hori baino lehen, gutxienez datu hauekin: estazioaren kodea, UTMX eta UTMY koordenatuak, erabilitako teknologiak (GSM, UMTS, LTE, etab.), emisio frekuentziak eta sektoreen potentziak. Azken urtean estazioan aldaketarik izan ez bada, aski izanen da estazioaren kodea ematea eta adieraztea ez duela aldaketarik izan.

–Biodibertsitatearen Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Sustatzaileari gogorarazi behar zaio ezen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, obretako udal lizentziak eman baino lehen instalazio bakoitzaren ingurumen ukipenetarako egoki den baimena tramitatu beharko dela, baldin eta instalazioa lurzoru urbanizaezinean kokatzen bada eta aldez aurretik baimen hori ez badu.

–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Informazio orokor gisa, adierazten da ezen lurzoru urbanizaezineko kokapen guztiek, lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrientzako baimena behar badute, instalatu baino lehen tramitatu beharko dutela baimena, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoarekin. Orobat, aditzera ematen da baimen horiek eskatzeko behar den dokumentazio teknikoa aipatu uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan zehaztuta dagoela, horren bidez onetsi baitzen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina, eta ohartarazten da ezen, egin gogo diren instalazioak nahi diren tokietan gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten azpiegiturei eta/edo zortasunei dagokienez, operadoreek, obrak gauzatu baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratu beharko dituztela kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik.

Iragarkiaren kodea: F2404718