73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko martxoaren 27an hartua, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako klase pasiboetako pentsioak eguneratzen dituena 2024. urterako.

Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen duenez, pentsioen zenbatekoa urtero eguneratuko da, Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legean ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezartzen den portzentajearen arabera.

Bestetik, 2024rko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 13ko 2/2024 Foru Legearen 10. artikuluak ezartzen duenez, "2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboetako pentsioek, indarreko araudiaren arabera eguneratzeko eskubidea dutenek, pentsio publikoek urte horretan oro har duten igoera bera izanen dute". Igoera horretatik kanpo gelditzen dira alarguntza pentsio eta zurztasun pentsio batzuk, haien aplikazio araudiari jarraikiz lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera finkatzen direnak.

Ildo horretan, abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege-dekretuak, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak hartzen dituenak (2023ko 310. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 28koan), 2. atalean (Pentsioei eta beste prestazio publiko batzuei buruzko neurriak), Gizarte Segurantzaren sistemako pentsioen, klase pasiboetako pentsioen eta beste gizarte prestazio publiko batzuen 2024ko ekitaldirako igoera jasotzen du, zeina, 78. artikuluaren arabera, ehuneko 3,8koa izanen baita, oro har.

Alarguntza pentsio minimoei dagokienez, kontuan hartuta horien zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldatari lotua dagoela 10/2003 Foru Legearen arabera, 2024an, minimo hori urteko 15.876,00 euroan finkatu da (1.134,00 euro hilabeteko), bat etorriz lanbide arteko gutxieneko soldata 2024rako finkatzen duen otsailaren 6ko 145/2024 Errege Dekretuan ezarritakoarekin. Zenbateko bera aplikatuko zaie zurztasun pentsioei; batetik, 10/2003 Foru Legean aurreikusitako eskubide pasiboen sistemakoak direnean, baldin haien onuradunak aitarik eta amarik ez duten umezurtzak badira; eta, bestetik, funtzionarioen eskubide pasiboen araubidearen babesean emandakoak direnean, baldin funtzionarioak 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemari atxikita badaude. Salbuespen bakarrak dira aurreikusten direnak 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearen 11. artikuluko 7. apartatuko bigarren paragrafoan.

Bestalde, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearen 11. artikuluko 3. apartatuko a) letran zehazten denez, 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemari atxikita dauden funtzionarioen eskubide pasiboen araubideari dagokionez, "eskubide pasiboetan eragina duten ordainsari kontzeptuen zenbatekoak 2024. urteari dagozkionak izanen dira, hau da, sortzen direnak 1983 urtekoei geroko aurrekontuei buruzko foru legeek finkatutako igoerak aplikatu ondoren".

Bukatzeko, Foru Diputazioaren 1981eko azaroaren 16ko Erabakian ezarritako araubide juridikoari atxikita dauden osasun arloko udal funtzionarioei dagokienez (erabaki horren bidez Nafarroako osasun arloko funtzionario titularren ordainsariak arautzen dituen araua onetsi zen), arau horren 7. artikuluak xedatzen du ezen arauan ezarritako ordainsariak urtero eguneratuko direla Foru Diputazioak ezartzen duenaren arabera, betiere gainerako udal funtzionarioen araubide orokorraren barnean.

Hortaz, bidezkoa da 2024. urterako pentsioen eguneraketa zehaztea, bai eta gutxieneko erretiro pentsioen, alarguntza pentsioen eta zurztasun pentsioen zenbatekoak eta eskubide pasiboetan eragina duten ordainsari kontzeptuen zenbatekoak ere, behin aplikatu ondoren 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legeak 2024. urtean sortzen diren erretiro eta pentsioetarako finkatzen duen igoera, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemari atxikita dauden funtzionarioen eskubide pasiboen araubideari dagokionez. Izan ere, lege horren bidez, eskubide pasiboen araubide iragankor bat ezarri zen Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioentzat. Bidezkoa da, orobat, osasun arloko udal funtzionarioen eskubide pasiboak kalkulatzeko kontuan hartu behar diren ordainsari kontzeptuak eguneratzea, 1981eko azaroaren 16ko Erabakian ezarritako araubide juridikoari atxikita daudenen kasuan.

Horiek horrela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKITZEN DU:

1. 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioek, eguneratzeko eskubidea dutenek, %3,8ko igoera izanen dute.

2. Eguneratze hori ez zaie aplikatuko jadanik aitortuak dauden edo etorkizunean aitortuko diren pentsioei, baldin eta berek bakarrik nahiz onuradun berak jasotzen dituen beste pentsio publiko batzuekin batera, pentsio publikoetarako ezarritako urteko gehieneko zenbatekoa gainditzen badute, hau da, 44.450,56 euro 2024. urtean.

3. Nafarroako administrazio publikoen montepioetako gutxieneko erretiro pentsioa, indarreko araudiaren arabera gaurkotzeko eskubidea duena, 18.031,44 eurokoa izanen da 2024. urtean, urte osoko kopurua harturik.

4. Gutxieneko alarguntza pentsioak eta zurztasun pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzen dira 2024rako; hortaz, 15.876,00 eurokoak izanen dira urte osoko kopurua harturik. Salbuespena da, zurztasun pentsioei dagokienez, Nafarroako 2024rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearen 11. artikuluko 7. apartatuko bigarren paragrafoan ezarritakoa.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean ezarrita dagoen eskubide pasiboen sistemako umezurtz pentsioei ere aplikatuko zaie, onuradunak aitarik ez amarik ez duten umezurtzak badira.

5. Nafarroako Foru Diputazioko Erretiro eta Pentsio Kutxan eta Nafarroako Udal Funtzionarioen Montepioetan sartuak dauden funtzionarioei dagokienez, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen babesetik kanpo gelditu baitziren, honako hauek izanen dira haien eskubide pasiboetan eragina duten ordainsari kontzeptuen zenbatekoak 2024. urterako:

MAILA

SOLDATA

BIZITZA GAR. PLUSA

1

16.116,97

11.902,66

2

13.258,60

11.292,13

3

11.803,04

10.981,68

4

11.218,36

10.857,28

5

10.725,32

10.752,27

6

10.271,12

10.655,02

7

9.840,61

10.807,27

8

9.540,57

11.144,13

9

9.106,19

11.051,24

10

8.850,44

10.794,35

11

8.620,20

10.659,70

12

8.125,70

10.367,75

13

7.788,52

10.202,45

14

7.173,38

9.888,55

15

6.606,90

9.435,82

16

6.261,44

9.232,41

17

5.690,49

9.029,40

6. 2024an, honako hauek izanen dira 1981eko azaroaren 16ko Erabakian ezarritako araubide juridikoari loturiko osasun arloko udal langileen eskubide pasiboak kalkulatzeko kontuan izan behar diren ordainsari kontzeptuak, ezertan galarazi gabe Nafarroako Osasun Eskualdeei buruzko azaroaren 13ko 22/1985 Foru Legearen laugarren xedapen iragankorrean ezarrita dauden kasuetarako aplikagarriak izan daitezkeen gainerako kontzeptuak:

a) Medikuak, farmazialariak eta albaitariak:

SOLDATA

FAKULTATIBO LANPOSTUA

10.070,14

6.581,07

b) Osasun laguntzaile teknikoak:

SOLDATA

FAKULTATIBO LANPOSTUA

5.820,14

5.265,28

7. Erabaki honek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

8. Erabaki hau igortzea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Gizarte Aurreikuspenaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024 martxoaren 27an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2405207