73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

44E/2024 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, "Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak 2023-2024 ikasturtean" deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 751035.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txostenean proposatu du nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien 2023-2024 ikasturteko deialdia onestea eta argitaratzea. Deialdi hori Espainiako unibertsitateek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.

Laguntza osagarri hauen bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen nazioarteko proiekzioa sustatzeko, baita beste unibertsitate batzuetan ikasten duten eta unibertsitate horiek kudeatzen dituzten programetan parte hartzen duten ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa ere.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak 2023-2024 ikasturtean" dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G10001-G1100-4800-322300: Trukeak atzerriko unibertsitateekin: Erasmus eta beste batzuk

2024

350.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Sarrigurenen, 2024ko martxoaren 21ean.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

ERANSKINA.–2023-2024 IKASTURTEKO NAZIOARTEKO MUGIKORTASUNERAKO UNIBERTSITATE PROGRAMEN LAGUNTZA OSAGARRIEN DEIALDIA

OINARRIAK

1. Xedea.

Gaur egun, unibertsitateko ikasketen gakoetako bat da nazioarteko dimentsioaren garapena. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarrien bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen eta beste unibertsitateetako ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.

2. Laguntzen xede diren pertsonak.

Laguntza hauek unibertsitateko ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako unibertsitateek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren betebeharrak betetzen badituzte.

Laguntzak onuradun gertatzen diren eskatzaileei esleituko zaizkie zuzenean.

3. Laguntzen zenbatekoa.

a) Deialdiari esleitutako aurrekontua 350.000 euro da. 320.000 euro graduko ikasleek eskatutako laguntzetarako izanen dira, eta 30.000 euro masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako. Modalitate batean ematen diren laguntzen zenbatekoak ez badu agortzen modalitate horretarako aurreikusitako diru zenbatekoa, gelditzen den dirua beste modalitatearen laguntzen zenbatekoari gehituko zaio.

b) 115 euroko modulu bat aplikatuko da egonaldiko hilabete oso bakoitzeko, eta 28,75 eurokoa aldi justifikatua bukatzeko falta den aste bakoitzeko.

c) Eskaera aurkezterakoan egonaldia amaitu badu, ikasleak "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" (EAZ) atxiki beharko du eskaeran; aplikatuko eta ordainduko den zenbatekoa aipatu dokumentuan justifikatutako aldiaren araberakoa izanen da.

d) Eskaera aurkezterakoan ikasleak ez badu egonaldia amaitu, ordainduko den zenbatekoa eskaeran adierazitako aldiaren araberakoa izanen da.

e) Ikasleak lehenengo aldiz jasotzen badu laguntza, bederatzi hilabeterako laguntza jasotzen ahalko du, gehienez ere. Aurreko deialdietan laguntzarik jaso badu, bi laguntzen artean 12 hilabete egin arteko hilabete kopurua hartuko da aintzat, gehienez ere.

f) Egonaldiaren iraupena bi hilabete baino txikiagoa bada, ez da laguntzarik emanen.

g) Nolanahi ere, jaso beharreko laguntza kalkulatzeko muga-eguna 2024ko azaroaren 30a izanen da.

4. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

a) Interesdun guztiek elektronikoki egin beharko dituzte Administrazioarekiko tramiteak administrazio prozeduraren fase guztietan. Era berean, administrazio errekurtsoak jarri nahi izanez gero, elektronikoki jarri beharko dituzte, eta hala egin beharko dituzte beharrezko tramite guztiak errekurtsoak jarri ondorengo prozeduraren fase guztietan. Halaber, elektronikoki tramitatuko dira errebokatzeko eta itzultzeko prozedurak.

b) Aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Beharrezkoa da aldez aurretik identifikatzea cl@ve sistemaren kredentzialekin edo erabiltzailearen ziurtagiriarekin (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

c) Jakinarazpenak laguntzen fitxan argitaratuko dira. Banakako jakinarazpenak telematikoki eginen dira eta eskatzailearen gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEB) igorriko dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-inprimakian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

Jakinarazpena elektronikoki egiten bada ere, abisu bat bidaliko da eskatzaileak emandako posta elektronikoko helbidera, jakin dezan jakinarazpen bat duela administrazio honetako egoitza elektronikoan. Abisu hori egin gabe ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izanen da.

5. Eskatzaileen betebeharrak.

a) Espainiako unibertsitate batean graduko edo master ofizialeko unibertsitate ikasketetan matrikulaturik egotea.

b) Unibertsitateek sustatutako nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartzea.

c) Egoera hauetako batean izatea:

–Nafarroan jaioa izatea.

–Gutxienez deialdia baino lehenagoko bi urteetan Nafarroan erroldaturik egotea, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatuta.

d) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

6. Eskaerak aurkeztea.

a) Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Laguntza eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak laguntzen fitxaren bidez aurkeztuko dira.

c) Nahitaezkoa da deialdiaren jakinarazpenak jasotzeko helbide elektroniko bat ematea, 4.c) oinarrian ezarritakoaren arabera.

d) Beka jasoko duten ikasleek egin beharko dute eskaera. Legezko ordezkari batek egin behar badu eskaera, aldez aurretik bete beharko da ordezkaritzaren egiaztagiria, tramitatzeko prozeduran aurreikusi bezala.

e) Eskatzaileak baimena ematen ahal du eskaera ebazteko behar diren datu guztiak kontsultatzeko Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez.

f) Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskaera gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentu guztiak ez daudelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Hori egin ezean, ulertuko da interesdunak atzera egin duela, eta dagokion ebazpena eman ondoren, espedientea artxibatuko da. Zuzentzeko jakinarazpena bidali eta 10 egun naturalean interesdunak ez badu haren edukia ikusi, ezetsitzat joko da eta ulertuko da aipatu legearen 40.4 artikuluan adierazitako jakinarazteko betebeharra gauzatu dela.

g) Ez-aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta laguntzen fitxa horren bidez telematikoki aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

h) Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta berariazkoa.

7. Dokumentuak.

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Laguntza eskaera, laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den inprimakia betez.

b) Diru-sarrera egiteko erabiliko den kontuaren IBAN zenbakia jasotzen duen dokumentua. Orobat, kontuaren titularra edo titularrak agertuko ditu. Nahitaezkoa da erabiliko den kontuaren titularra onuraduna izatea, eta kontu hori irekita edukitzea laguntza jaso arte.

c) Ikasketen ziurtagiria:

–Graduko ikasleentzat: 2022-2023 ikasturteko notak frogatzen dituen dokumentua, non agertu beharko baitira egindako irakasgai guztiak, irakasgai bakoitzaren kreditu balioa eta erabilitako deialdietan eskuraturiko kalifikazioa.

–Masterreko ikasleentzat: masterra ikasteko aukera eman dien titulazioaren batez besteko nota eta titulazio horren irakasgai guztien kalifikazioak biltzen dituen dokumentua.

Bi kasuetan, baliozko dokumentu gisa onartuko da ikasleak web bidez egindako espedientearen kontsulta, baldin eta bertan agertzen badira bere izena, NANa eta eskatutako datu guztiak.

d) Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu badu, ikasleak "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" ere aurkeztuko du, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua. EAZaren eredua eskuragarri egonen da laguntzen fitxan.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Adierazpen hori eskaeraren inprimaki telematikoan dago.

Egoitza Nafarroatik kanpo duten unibertsitateetan matrikulatutako ikasleek, halaber, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Ziurtagiri bat, eskatzaileak parte hartzen duen truke programaren edo hitzarmenaren datuak egiaztatzen dituena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu ez dela jasotzen ari bere unibertsitatea dagoen autonomia erkidegoak emandako beste laguntza osagarri bat nazioarteko mugikortasunerako programetarako. Adierazpen hori eskaeraren inprimaki telematikoan dago.

Eskatzaileak ez badu baimenik ematen Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez haren datuak kontsulta daitezen, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

–NANaren fotokopia.

–Nafarroan jaio ez direnek errolda agiri bat aurkeztu beharko dute, egiaztatzeko Nafarroan bizi izan direla, inongo etenik gabe, eskaera egin eta aurreko bi urteetan; eskaera aurkezteko epea amaitzeko egunetik zenbatuko dira bi urte horiek.

–Ziurtagiriak, zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Ogasunarekikoak eguneratuak daudela diotenak.

8. Laguntzak emateko irizpideak.

a) Eskatzaileen lehentasun ordena, modalitate bakoitzean (gradua edo masterra), honen arabera ezarriko da:

–Lehenik, 2022-2023 ikasturtean bekadunak diren eskatzaileak.

–Ondoren, aurreko deialdietan laguntza jaso ez duten eskatzaileak.

–Azkenik, gainerako eskatzaileak.

b) Aurretiaz adierazitako talde bakoitzaren barnean, espediente akademikoaren batez besteko notaren arabera ordenatuko dira eskatzaileak:

–Graduko ikasleentzat, 2022-2023 ikasturteko kalifikazioekin kalkulatuko da batez besteko nota.

–Masterreko ikasleentzat, masterra ikasteko bidea eman dien titulazioaren batez besteko nota hartuko da kontuan.

–Bi kasuetan, 1,17ko koefiziente biderkatzailea aplikatuko da ingeniaritza eta arkitektura adarretako titulazioetarako.

Horrez gainera, 1,1eko koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaie egonaldia Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdeko (ABEN) unibertsitateetako batean egiten duten eskatzaileei.

–Batez besteko nota kalkulatzeko, Europako kreditu sistema eta unibertsitate tituluen kalifikazio sistema ezartzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiko zaio. Batez besteko notan berdinketa baldin badago, kalifikazio onenen arabera ezarriko da hurrenkera. Lehenik, lortutako ohorezko matrikulen kopurua hartuko da kontuan; horrekin berdinketa hausten ez bada, lortutako bikainak, eta, horrela, hurrenez hurren.

9. Laguntzak emateko ebazpena.

Laguntzak Unibertsitateko zuzendari nagusiak eman ebazpen bidez eman edo ukatuko dira; ebazpena Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen katalogoko laguntzen fitxan argitaratuko da.

Horrez gain, "itxarote-zerrenda" bat sortuko da deialdiaren betebeharrak bete, baina laguntzak emateko aurrekontua agortzeagatik laguntza jasoko ez duten eskatzaileekin. Itxarote-zerrenda horretako eskatzaileek 13. oinarrian ezarritako baldintzetan jasotzen ahalko dute laguntza.

10. Onuradunen betebeharrak.

Egonaldia amaitu ondoren, laguntzen onuradunek "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" aurkeztu beharko dute, behar bezala betea eta destinoko unibertsitateak zigilatua, egonaldia amaitu eta 15 egun naturaleko epean. Dokumentu hori eskuragarri egonen da "nafarroa.eus" atariko laguntzen fitxan.

Laguntza eskatzen denerako egonaldia amaitua badago, dokumentu hori eskaerari erantsiko zaio.

2024ko azaroaren 30a eta gero amaituko diren egonaldiei dagokienez, "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" egun hori baino lehenago aurkeztu beharko da, hori izanen baita justifikaziorako eta laguntza ordaintzeko aintzat hartuko den eguna.

11. Uko egitea.

Laguntzari uko eginez gero, horren berri eman beharko zaio Unibertsitateko Atalari, Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoaren bidez.

12. Ez-betetzeak.

Honako kasu hauetan, onartutako laguntza ez da ordainduko:

a) Ikasleak ez badu egonaldia egiten.

b) Ikasleak ez badu egonaldia egin duela frogatzen duen "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" aurkezten dagokion epean.

13. Laguntzaren ordainketa.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenen bidez eginen da ordainketa.

Onuradunek egonaldia amaitu ondoren jasoko dute laguntzen zenbateko osoa, egonaldia egin dutela eta benetan zenbat iraun duen egiaztatzen duen "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" aurkeztu eta gero.

"Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" aurkeztean bertan jasotzen bada egonaldia eskatutakoa eta emandako laguntzari dagokiona baino laburragoa izan dela, onuradunak aipatu dokumentuan justifikatutako hilabeteei dagokien laguntza besterik ez du jasoko, eta betiere kontuan hartuko da egonaldia ezinen dela luzatu 2024ko azaroaren 30a baino geroagora.

"Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" aurkeztean bertan jasotzen bada egonaldia eskatutakoa eta emandako laguntzari dagokiona baino luzeagoa izan dela, onuradunak eskaeran adierazitako hilabeteei dagokien laguntza jasoko du, ez aipatu ziurtagirian adierazten denari dagokiona, eta betiere kontuan hartuko da egonaldia ezinen dela luzatu 2024ko azaroaren 30a baino geroagora.

Hiru epe ezartzen dira laguntzak ordaintzeko: 2024ko ekaina, iraila eta abendua. Horietako bakoitzean, egonaldia amaitu dutela egiaztatzen duten onuradunei laguntzak ordainduko zaizkie.

Egonaldia 2024ko azaroaren 30etik aurrera bukatzea espero duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria".

14. Itxaron zerrenda.

Onartutako laguntzak ordaindu ondoren, ordainketa aldietan aurrekontu-baliabiderik gelditzen bada (izan onuradunen batek uko egin diolako edo izan esleitutako laguntzaren bat doitu delako justifikatutako aldia laburragoa izateagatik), proposatuko da laguntza itxarote-zerrendako eskatzaileei ematea eta ordaintzea, laguntzetarako aurrekontuko dirua bukatu arte. Onuradun horiek "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" aurkeztu beharko dute egonaldia justifikatzeko.

15. Laguntza hauen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.

16. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarririkoa izanen da.

17. Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

18. Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduna beteko da Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoari lotuta. Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak bekak emateko prozesuetan parte hartzearen ondorioz jasotako datu pertsonalak "Unibertsitateko ikasketetarako dirulaguntzak, bekak eta laguntzak" izeneko tratamenduko jardueran sartuko dira.

Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira misio bat betetzeko, interes publikoaren aldekoa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.

Datuen titularrek eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabarceno kalea 6, Sarriguren edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.

19. Informazioa eta harremanak.

Edozein zalantza argitzeko, interesdunek honetara jotzen ahalko dute:

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Atala.

Telefonoak: 848 433446; 848 426058; 848 427144; 848 426020.

Helbide elektronikoa: enuniver@navarra.es

Iragarkiaren kodea: F2404969