73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10/2024 EBAZPENA, martxoaren 19koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, prestakuntzako bost bekaren deialdia onesten duena, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.

Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiak lanerako esperientzia praktikoa eskaini nahi die unibertsitateko tituludunei, enpresen nazioartekotzearen kudeaketaren arloan eta Europako funtsen kudeaketaren eta kontrolaren arloan.

Horretarako, prestakuntza beken deialdi hau onesten da, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko.

Jarduera hauetan eginen da prestakuntza: batetik, Nafarroako Nazioarteko Planaren ondoriozkoetan, eta, bestetik, Europako eskualde-politikari dagozkion betebeharren ondoriozkoetan. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren eskumena dira bi eremu horiek.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Prestakuntzako bost beka emateko deialdia onestea, oinarri arautzaileetan adierazitako espezialitateetako gradudunei zuzenduta, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 208.456,20 euroko gastua baimentzea, kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintza etengarriarekin; gastu hori zenbait urtetan banatuko da, honela:

–2024. urterako gastua, guztira 34.742,70 euro, 2024ra luzatutako 2023ko aurrekontuko partida honen kargura ordainduko da: 810003-81400-4800-145100, "Prestakuntza bekak". Diru kopuru hori, hain zuzen ere, 1.100 euroko sei hileko, gehi hileko beste 58,08 euro Gizarte Segurantzagatik, bider oinarri arautzaileetan aurreikusitako bekadunen kopurua egitearen emaitza da.

–2025. urterako gastua, guztira 69.485,40 euro, Nafarroako 2025. urteko Aurrekontu Orokorretan gaitzen den aipatutako 2024. urteko partidaren baliokidearen kargura ordainduko da. Diru kopuru hori, hain zuzen ere, 1.100 euroko hamabi hileko, gehi hileko beste 58,09 euro Gizarte Segurantzagatik, bider oinarri arautzaileetan aurreikusitako bekadunen kopurua egitearen emaitza da.

–2026. urterako gastua, guztira 69.485,40 euro, Nafarroako 2026. urteko Aurrekontu Orokorretan gaitzen den aipatutako 2024. urteko partidaren baliokidearen kargura ordainduko da. Diru kopuru hori, hain zuzen ere, 1.100 euroko hamabi hileko, gehi hileko beste 58,09 euro Gizarte Segurantzagatik, bider oinarri arautzaileetan aurreikusitako bekadunen kopurua egitearen emaitza da.

–2027. urterako gastua, guztira 34.742,70 euro, Nafarroako 2027. urteko Aurrekontu Orokorretan gaitzen den aipatutako 2024. urteko partidaren baliokidearen kargura ordainduko da. Diru kopuru hori, hain zuzen ere, 1.100 euroko sei hileko, gehi hileko beste 58,09 euro Gizarte Segurantzagatik, bider oinarri arautzaileetan aurreikusitako bekadunen kopurua egitearen emaitza da.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, zuzenduko zaiona Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, hartan espediente zenbakia adierazita (goiburuan agertzen da, erreferentziaren ondoren: "SPI24-07 espedientea").

Iruñean, 2024ko martxoaren 19an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da unibertsitateko tituludunentzako prestakuntzako bost beka norgehiagokako araubidean emateko oinarriak ezartzea. Zehazki, arlo hauetako gradudunentzat dira bekak:

A) Hiru beka, gizarte eta ekonomia zientzien arloetan, hala nola ekonomia, enpresen administrazioa eta zuzendaritza, nazioarteko merkataritza, nazioarteko harreman edo ikasketak eta zuzenbidea.

B) Bi beka, marketinaren, komunikazioaren eta kazetaritzaren arloetan.

Horiek guztiak Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko dira.

Beken xedea da unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea enpresen nazioartekotzearen arloan, eta, horrekin batera, Europako funtsen kontrolaren arloan trebatzea. Jarduera horiek dira, batetik, Nafarroako Nazioarteko Planaren ondoriozkoak, eta, bestetik, Europako eskualde-politikari dagozkion betebeharren ondoriozkoak. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko eskumena dira bi jarduera eremu horiek; horregatik, prestakuntza gauzatuko da zerbitzu horren zuzendaritzapean eta haren lokaletan (Iruñeko Arrieta kalea 8, 5. solairua).

2. oinarria.–Beka kopurua.

Deialdian prestakuntzako bost beka eskaintzen dira:

a) Bi beka, Europako funtsen kudeaketaren eta kontrolaren esparrura zuzenduta, arlo hauetako gradudunentzat edo lizentziadunentzat: ekonomia, enpresen administrazioa eta zuzendaritza eta zuzenbidea.

b) Beka bat, enpresak nazioartekotzeko esparrura zuzenduta, arlo hauetako gradudunentzat edo lizentziadunentzat: ekonomia, enpresen administrazioa eta zuzendaritza, nazioarteko harreman edo ikasketak, nazioarteko merkataritza eta antzeko graduak.

c) Bi beka, marketinaren arloan enpresak nazioartekotzeko esparrura zuzenduta, arlo hauetako gradudunentzat edo lizentziadunentzat: marketina, ikus-entzunezko komunikazioa, kazetaritza eta antzekoak.

3. oinarria.–Beken iraupena.

Prestakuntza bekek, hasiera batean, hamabi hilabeteko iraupena izanen dute. Hala ere, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak proposaturik, luzatzen ahalko dira, epe bererako, hiru urte egin arte gehienez (hasierako aldia eta luzapenak barne), aurrekontu-baliabideen arabera. Bekak emateko ebazpenean zehazten den egunean hasiko dira bekak.

Bekak luzatzen badira, ez da inola ere aldatuko haien izaera.

4. oinarria.–Beken zenbatekoa.

Prestakuntza beka urtean 13.900 eurokoa izanen da gehienez, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne, eta onuradunari hilean 1.100 euro gordin ordainduko zaizkio. Ordaintzen den diruari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Bekadunari ordaintzen zaion dirua ez da inola ere soldata edo ordainsaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

5. oinarria.–Betebeharrak.

1. Baldintza hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dute prestakuntza beka:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

c) Nafarroan bizitzea deialdiaren argitalpen-eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

d) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta desgaitua ez egotea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin.

e) Deialdiaren oinarrietan eskatzen den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulua eskuratua izatea prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.

g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

h) Gaztelania menderatzea. Ama hizkuntza ez bada, gaztelaniaren ziurtagiria eduki beharko da, C1 mailakoa, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

i) Ingeleseko ziurtagiria edukitzea, B1 edo tarteko mailakoa, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

j) Marketinaren arloan enpresak nazioartekotzeko esparrura zuzendutako bi beketarako (marketineko, ikus-entzunezko komunikazioko, kazetaritzako eta antzeko arloetako gradudunentzat edo lizentziadunentzat direnak), beharrezkoa da unibertsitateko ikasketen barnean gutxienez 12 kreditu eginak izatea marketin digitalari buruz edo, bestela, kredituetan edo ikastorduetan horren baliokidea den prestakuntza bat (gutxienez 120 ikastordu).

2. Beka eskatzearekin batera, baimena ematen zaio departamentu honi egiaztatzeko betetzen ote diren aurreko ataleko a) eta c) letretan adierazitako baldintzak. Baimena ematen zaio, orobat, egiaztatzeko ea onuradunak bere zerga betebeharrak egunean dituen beka emateko proposamena egiten den unean (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2.e) artikulua).

Goiko d) eta g) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskaera orrian datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da. Eta azkenik, b), e), f), h) eta i) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, 6.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da eskaerarekin batera.

Baldintza guztiak bekaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

3. Ebaluazio batzordeak ez ditu baloratuko oinarri honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenen eskaerak.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Deialdiko prestakuntza bekak eskatzeko epea hilabetekoa izanen da: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hurrengo hilabetean bukatuko, hileko egun berean.

2. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira (Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari zuzenduta). Horretarako, ziurtagiri digitala behar da, edo NANa+PINa.

Hala egiterik ez badago, eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan aurkezten ahalko dira.

3. Eskaeran adieraziko da 2. oinarriko zein beka lortu nahi den, eta agiri hauen kopiak erantsi beharko dira:

a) Eskatutako titulua. Tituluan ikasketak noiz bukatu ziren agertu ezean, kasuan kasuko unibertsitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, hori frogatzeko. Titulua atzerriko unibertsitate batek eman badu, ikasketen homologazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

b) Ingeleseko ziurtagiria, B1 edo tarteko mailakoa, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

c) Curriculum vitae-a, alegatutako merezimendu guztiak zehatz-mehatz zerrendatuta (orri batean gehienez), eta behar diren ziurtagiriak.

d) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin, berariaz aipatuta zein deialditan gainditu zituen; orobat, espedientearen batez besteko nota, 0tik 10erako eskalan.

e) Alegatutako gainerako merezimenduen egiaztagiriak.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, 5.1 oinarriko d) eta g) letretako baldintzak betetzeari buruzkoa.

4. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak goian adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko gehieneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko dela.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

7. oinarria.–Ebaluazio batzordea.

Ebaluazio batzordea arduratuko da izangaien baldintzak egiaztatzeaz eta haien eskaerak ebaluatzeaz, beka mota bakoitzeko lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, hurrengo oinarrian ezartzen diren balorazio irizpideei jarraikiz.

Kide anitzeko organo hori honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Miren Ausín Lecuna, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Ana Osés Marín, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Programen Ataleko burua.

Batzordekide titularra: Cristina Arana Rey, Nazioartekotzeko Laguntzen Ataleko burua.

Ordezkoa: María José Aguirre Hervás, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko administrazio publikoko teknikaria (arlo ekonomikoa).

Idazkaria: Dolores Miranda Beguiristain, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Funtsen Kontrolerako Ataleko burua.

Ordezkoa: María Dolores Goya Indacoechea, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Kanpo Sustapenaren Ataleko burua.

8. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.

Prestakuntza bekak emateko, irizpide hauek erabiliko dira:

1. Alegatutako merezimenduak, baremo honi jarraikiz baloratuko direnak:

1.1. Bost beketarako: ikasketa espedientea.

Espedientearen batez besteko nota 35 puntuz baloratuko da gehienez, eskala honen arabera:

BATEZ BESTEKO NOTA

PUNTUAK

7tik behera

20

7 edo 7tik gorakoa eta 9tik beherakoa

25

9 edo 9tik gorakoa

30

9 edo 9tik gorakoa eta "Ohorezko matrikularen" aipamena

35

1.2. Europako funtsak kudeatu eta kontrolatzeko esparrura zuzendutako beketarako –2 a) oinarrian jasoak–:

1.2.1. Ingelesez jakitea: gehienez ere 10 puntu.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako ingeleseko ziurtagiria (B1 mailatik gorakoa) izanez gero, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietatik beste edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 27koan, argitaratu zen ebazpen hori), puntuazio hau emanen da:

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

B2

8

C1

10

1.2.2. Europar Batasunarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak: 20 puntu gehienez.

10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

Prestakuntza jardueretan parte hartu izana honela baloratuko da: puntu 1 kreditu akademiko bakoitzeko edo 0,2 puntu prestakuntzako 10 ikastorduko.

Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

1.2.3. Beste prestakuntza ikastaro batzuk, kontabilitateari, auditoretzari eta administrazio publikoari buruzkoak: 20 puntu gehienez.

Aurreko atalean ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

1.3. Enpresa nazioartekotzeko esparrura zuzendutako bekarako –2 b) oinarrian jasoa–:

1.3.1. Ingelesez, frantsesez eta alemanez jakitea: gehienez ere 20 puntu.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako ingeleseko, frantseseko edo alemaneko ziurtagiria (B1 mailatik gorakoa) izanez gero, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietatik beste edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 27koan, argitaratu zen ebazpen hori), puntuazio hau emanen da:

HIZKUNTZA

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

INGELESA

B2

8

C1

10

FRANTSESA

B2 edo goragokoa

5

ALEMANA

B2 edo goragokoa

5

1.3.2. Nazioarteko merkataritzarekin, esportazioarekin eta nazioarteko ekonomia eta finantzekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak: 20 puntu gehienez.

10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

Prestakuntza jardueretan parte hartu izana honela baloratuko da: puntu 1 kreditu akademiko bakoitzeko edo 0,2 puntu prestakuntzako 10 orduko.

Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

1.3.3. Bestelako prestakuntza ikastaroak, gai hauekin lotuak: zuzendaritzarako trebetasunak, proiektuen kudeaketa, ekitaldien kudeaketa edo administrazio publikoko kudeaketa. 10 puntu gehienez.

Aurreko atalean ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

1.4. Marketinaren arloan enpresak nazioartekotzeko esparrura zuzendutako beketarako –2 c) oinarrian jasoak–:

1.4.1. Ingelesez eta euskaraz jakitea: gehienez ere 15 puntu.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako ingeleseko edo euskarako ziurtagiria (B2 maila edo hortik gorakoa) izanez gero, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietatik beste edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 27koan, argitaratu zen ebazpen hori), puntuazio hau emanen da:

HIZKUNTZA

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

INGELESA

B2

8

C1

10

EUSKARA

B2 edo goragokoa

5

1.4.2. Sare sozialekin, marketin digitalarekin, online komunitateen kudeaketarekin, web-orriekin eta abarrekin lotutako prestakuntza ikastaroak, beka hauek eskuratzeko beharrezko diren ikasketez gainera: 30 puntu gehienez.

10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

Prestakuntza jardueretan parte hartu izana honela baloratuko da: puntu 1 kreditu akademiko bakoitzeko edo 0,2 puntu prestakuntzako 10 orduko.

Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

1.4.3. Bestelako prestakuntza ikastaroak, proiektuen kudeaketarekin edo ekitaldien kudeaketarekin lotuak: 5 puntu gehienez.

Aurreko atalean ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

2. Elkarrizketa pertsonala:

Gehienez 15 puntu emanen dira, kontuan hartuta zenbateraino menderatzen diren bete beharreko eginkizunekin lotutako gaiak, baita motibazioa, ekimena eta erantzunen argitasuna eta ordena ere.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da; horrenbestez, agertzen ez denak ezin izanen du beka eskuratu.

9. oinarria.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

1. Aurreko oinarrian adierazitakoaren araberako ebaluazioa bukaturik, ebaluazio batzordeak hautatutako pertsonen aldeko proposamen loteslea igorriko dio organo eskudunari, beka jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazita. Onartutako pertsona guztiei emandako puntuazio osoa ere adieraziko da proposamen horretan.

2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da laguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla. Hala ere, organo eskuduna behartua dago bekak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

Onuradun batek uko egiten badio bekari edo, beste arrazoiren bat tarteko, bekaren bat hutsik gelditzen bada, onuradun izan ez direnei eskainiko zaie, beka mota bakoitzerako ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz.

10. oinarria.–Betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Prestakuntza bekaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Bekaren xede den prestakuntza jarduera egitea eta justifikatzea.

b) Beka emateko finkatutako betebehar eta baldintzak betetzea.

c) Beka bukatu aurreko hilabetean, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, dagokion tutorearen adostasunarekin.

d) Organo eskudunek eman den bekaren gainean egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

e) Xede berarekin jasotako bestelako beken edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

f) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari berariaz uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.

h) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean jakiten duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

i) Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiaren barne araudia edo funtzionamendu araudia betetzea, han arituko baita.

2. Bekadunak ez baditu betetzen aipatu betebeharrak edo agintzen zaizkion zereginak, edo haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa edo ezdeusa badu, edo egiten dituen lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, interesdunari entzun ondoren.

Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du, ezertan galarazi gabe eska daitezkeen diru-itzultzeak eta berandutze-interesak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera.

11. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

1. Prestakuntza beken onuradunek hamar eguneko epean hasi beharko dute jarduera, beka eman zaiela jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Horrela egiten ez badute, ulertuko da bekari uko egiten diotela, non eta organo eskudunak ez duen erabakitzen ezinbesteko arrazoiren bat edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera gertatu dela.

2. Emandako bekari berariaz uko eginez gero, Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari eskaintzea beka, deusetan galarazi gabe lehenengo bekadunak uko egin arte zituen betebeharrak. Horretarako, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak harekin harremanetan jartzeko bi saiakera eginen ditu, bi eguneko epean, izena emateko eskaeran eman zituen harremanetarako bideen bitartez, eta jasoa utziko du egindako dei bakoitza.

Pertsona batekin harremanetan jarri eta izena emateko eskaeran adierazi zuen helbide elektronikoan eskaintza egin ondoren, hark erantzuten ez badu, eskaintzari uko egin diola ulertuko da, eta zerrendatik kanpo geldituko da hurrengo deietarako.

12. oinarria.–Jarduerak eta tutoretza.

1. Bekadunak, oro har, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren bulegoetan arituko dira (Arrieta kalea 8, 5. solairua, Iruña), astean 30 orduz gehienez. Bekaren iraupenaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia dagokie.

Bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere egin beharko dituzte, eta eskubidea izanen dute zerbitzu eta bidaien arabera izaten diren gastuengatik funtzionarioei ematen zaizkien ordain berberak jasotzeko.

2. Hauek dira Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan egin beharreko jarduerak:

1.–Europako Programen Atalean egin beharreko jarduerak:

a) Jarraipena egitea Europako Gizarte Funtsak (EGIF) eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF), 2014-2020 eta 2021-2027 aldietan, Nafarroan finantzatutako eskualde-programetan sartutako proiektuei.

b) Programetan sartutako proiektuak gauzatzen dituzten entitateekin, unitateekin eta departamentuekin koordinatzea.

c) Programen barneko proiektuetarako Europar Batasunetik jasotako diru-sarrerak kontrolatzea eta entitate kudeatzaileen artean banatzea.

d) Programak kudeatzeko eta kontrolatzeko sistemak deskribatzea, aldatzea eta eguneratzea.

e) Txostenak egitea bitarteko erakundeak egindako gastuen egiaztagiriei buruz, hala eskatzen dietenean kudeaketa, ziurtapen eta auditoretza arloetako agintariek edo Europako Batzordeak.

f) Programen kudeaketarekin eta jarraipenarekin loturik, bitarteko erakundeak duen beste edozein eginkizun.

2.–Europako Funtsen Kontrolerako Atalean egin beharreko jarduerak:

a) EGEF eta EGIF+ programen kargura aitortutako gastuak, 2021-2027 programazio aldikoak, egiaztatzea (onuradunek aurkeztutako itzulketa eskaeren gaineko egiaztapen administratiboak, atzemandako arriskuen arabera, eta eragiketa konkretuen gaineko egiaztapenak "in situ"), bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 74. artikuluan ezarritakoarekin.

b) EGEF eta EGIF+ programak kudeatzeko eta kontrolatzeko sistemak, deskribatzea, aldatzea eta eguneratzea, kontrolari dagokionez.

c) Beharrezkotzat jotzen diren kontrol mekanismoak ezartzea irregulartasunak harrapatzeko aitortutako gastuetan eta zuzenketa finantzarioa egiteko, eta mekanismo horien jarraipena egitea.

d) Txostenak egitea bitarteko erakundeak egindako egiaztapenen edukiaz, hala eskatzen dietenean kudeaketa, ziurtapen eta auditoretza arloetako agintariek edo Europako Batzordeak.

e) EGEF eta EGIF+ programen kontrolarekin loturik, bitarteko erakundeak duen beste edozein eginkizun.

f) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, bai eta bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

3.–Kanpo Sustapenaren Atalean egin beharreko jarduerak:

a) Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren ekintzak sustatzeko ekitaldiak antolatzea.

b) Misio instituzionalak antolatzea, baita azoketara joatekoak ere, Nafarroako Nazioarteko Planaren xede diren herrialdeetara.

c) Txostenak egitea zerbitzuan garatzen diren ekintzei buruz.

d) Misioaren betearazpenarekin eta jarraipenarekin lotuta esleitzen zaizkion zereginak.

e) Nafarroako talentua kudeatzeko plana egiteko lanetan laguntzea.

f) Nafarroako nazioartekotze plana egiteko lanetan laguntzea.

4.–Marketin lanetan egin beharreko jarduerak:

Hautatutako pertsonek Nafarroako nazioarteko planeko ekintzei lotutako komunikazio lanetan lagunduko dute:

a) Nafarroako nazioarteko planaren sare sozialak eguneratzea (Twitter, Linkedin eta Youtube).

b) Nafarroako nazioarteko planaren web-orria (planinternacionaldenavarra.es) kudeatzea eta eguneratzea.

c) Ekitaldiak antolatzea.

d) Zabalkunderako kanpainak sare sozialetan eta beste hedabide batzuetan.

e) Jarraipena egitea NAEX Digital programari (Nafarroako ETEei nazioartekotze plan digitalak ezartzen laguntzeko programa).

f) Navarra Talent programa kudeatzea (nazioarteko talentua erakartzeko programa da) eta jarraipena egitea haren nazioarteko marketin kanpainei.

3. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendariak izendatzen duen pertsona batek zuzendu eta gainbegiratuko du prestakuntza jarduera. Pertsona horrek tutoretza lanak eginen ditu, eta, zehazki, arduratuko da bekadunak egin beharreko zereginak agintzeaz, ordutegiak finkatzeaz eta haren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen ote dituen begiratzeaz.

13. oinarria.–Lan harremanik ezaren adierazpena eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

1. Beka edukitzea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

Bekadunaren lan edo jarduerak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionarioei dagozkien eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

2. Bekadunek eskubidea izanen dute apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra.

Horren ondorioetarako, prestakuntzan aritzen direnek Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen dute.

14. oinarria.–Bateraezintasunak.

Deialdi honetako prestakuntza bekak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek emandako beste beka batzuekin.

15. oinarria.–Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

16. oinarria.–Publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2404717