73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

218E/2024 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, "Herritarren erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia, gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatu eta sustatzeko proiektuak" izeneko dirulaguntza deialdian aurreikusitako gastu diruz lagungarria handitu eta dagokion gastua onesten duena.

Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak ditu Nafarroako Gobernuaren herritarren parte-hartzearen arloko politikaren eskumenak, eta Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez aplikatzen ditu. Zuzendaritza nagusi horrek esleiturik ditu, beste eskumen batzuen artean, herritarren partaidetza, arreta eta informazioa; horiek guztiak gauzatzeaz Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzua arduratzen da, halaxe baitagokio Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeak, partaidetzazko gizarte bat sendotzeko asmoz, sentsibilizazio neurri batzuk ezartzen ditu 60. artikuluan, horien artean honako hau (b letran): gizarte entitateen eta herritarren elkarteen jarduera sustatzeko dirulaguntzen deialdia, urterokoa.

Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 834E/2023 Ebazpenaren bidez, "Herritarren erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia, gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatu eta sustatzeko proiektuak" izeneko deialdia onetsi zen, haren oinarri arautzaileekin batera.

Deialdiaren konpromisoei aurre egiteko, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 834E/2023 Ebazpenak 65.000 gastua baimendu zuen, 2024. urtean Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorretako partida honen baliokidea den partidan: "Elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuentzako dirulaguntza, herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuetarako" izeneko 010005 01700 4819 924900 partida. Gainera, ebazpenean xedatzen zenez, gasturako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea, eta gastuan aldaketak egin daitezke, betiere 5. oinarrian ezarritako moduan eta oinarri berean zehazten den gehieneko zenbatekoarekin.

Deialdiaren 5. oinarri horrek aipatutako gehieneko gastua ezartzen du, eta xedatzen du ezen, 2024ko ekitaldian aurrekontu partidan baliabide nahikorik izanez gero, deialdi honetan aurreikusitako gastua 100.000 euro handitzen ahalko dela gehienez.

2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearen bidez, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onetsi ziren, non 70.000 euro esleitu zitzaizkion "Elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuentzako dirulaguntza, herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuetarako" izeneko 010005 01700 4819 924900 partidari. Ondorioz, oinarri arautzaileetako 5. oinarrian xedatutakoarekin bat, bidezkoa da dirulaguntzaren zenbatekoari 5.000 euro gehitzea.

Espedientean jasota dago Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuan xedatutakoa kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdian aurreikusitako gastuari 5.000 euro gehitzea, "Herritarren erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia, gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatu eta sustatzeko proiektuak" izeneko dirulaguntza deialdian, eta gehikuntza horri dagokion gastua baimentzea, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuentzako dirulaguntza, herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuetarako" izeneko 010005 01700 4819 924900 partidaren kontura.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

4. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 4an.–Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.

Iragarkiaren kodea: F2405518