68. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Udal zerbitzuetan izena ematea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2023ko abenduaren 21ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Udal zerbitzuetan izena ematea arautzen duen ordenantza. Iragarkia argitaratu zen 2024ko 22. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 30ean.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo, eta testu osoa argitaratzen da, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedaturik dagoenarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Uharten, 2024ko martxoaren 13an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

UDAL ZERBITZUETAN IZENA EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantzaren xedea da Udalaren zerbitzu guztietan irizpide bateratuak adostea zerbitzu horietan izena emateari loturiko gaietan.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Uharteko Udalaren eta Udalaren Musika Patronatuaren zerbitzu guztietan aplikatzekoa da.

2. Aplikazio eremutik kanpo daude Udalaren Haur-eskolak.

3. artikulua. Lehentasuna postuen esleipenean.

Uharte udalerrian erroldaturik dauden pertsona guztiek lehentasuna dute erroldatu gabe daudenekiko.

4. artikulua. Arau orokor horren salbuespenak.

Udal zerbitzuek, egoki jotzen badute, salbuespen hauek ezarriko dituzte:

1. Matrikula bat egin aurretik aurreinskripzioa egiten denean, kontuan hartu ahalko da erroldatu gabeko pertsonek lehentasuna izatea aurreinskripzioa egin ez zuten eta erroldaturik daudenekiko.

2. Erroldatu gabeko pertsonek lehentasuna eduki ahalko dute postu baten esleipenean, matrikula epean egin bazuten eta azken horiek ez bazuten egin.

3. Udaleko Kirol Zerbitzuan, erroldatu gabe egon arren Udalaren kirol instalazioetan abonaturik daudenak erroldatutzat hartuko dira postuen esleipenaren lehentasunari dagokionez (aldiz, ez dira hala hartuko jardueraren kostuari dagokionez).

4. Urte batetik bestera postuaren erreserba ezartzen den "jarraipena" daukaten haurrendako jardueretan, adibidez Udalaren kirol eskoletan, urte batean onarturik dauden erroldatu gabeko haurrek postuaren erreserba edukiko dute hurrengo urterako, erroldaturik dauden gainerako pertsonek bezala.

5. Udalaren kirol-eskola mankomunatuetan, erroldatu gabeko pertsonak erroldatutzat hartzen ahalko dira, eskola hori arautzen duen hitzarmenean ezarritakoaren arabera.

6. Gazteriaren arloko jardueretan, beste udal batzuekin modu mankomunatuan egiten direnean, Uharten erroldatuta ez dauden pertsonak erroldatutzat hartuko dira baldin eta beste udalerri sinatzaile batean erroldatuta badaude, akordio arautzailean ezarritakoaren arabera.

7. Gazte-lokalaren erabileran eta Gazteria Alorreko jardueretan, erroldatuta ez dauden lagun-taldeko gazteak ez "banantzearren", horiek ere lehentasun bera izanen dute izena ematean, baina ez ordaindu beharreko tasan: erroldatu gabekoen tasa ordainduko dute.

8. Udal zerbitzuek salbuespenak egiten ahalko dituzte, kasu jakin batzuetan, justifikatutako gizarte-irizpideen arabera (gizarte-, familia- edo ekonomia-kalteberatasuneko egoeran dauden pertsonak, baldin eta udal zerbitzuak edo Uharteko eta Esteribarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea esku hartzen ari badira, prebentzioaren eta babesaren esparruan, edo gizarteratze-prozesurako onuragarritzat jotzen bada jarduera horietan parte hartzea).

9. Hiri-kanpamentuetan izena ematean, lehentasuna izanen dute gurasoak lanean dituzten pertsona erroldatuek, gainontzekoen aurrean, familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko xedez.

Udal zerbitzuek salbuespenak egiten ahalko dituzte erroldatutako adingabeek izena emateko orduan, baldin eta genero-indarkeriaren zuzeneko edo zeharkako biktimak badira eta udal zerbitzuak esku hartzen ari badira, onuragarritzat jotzen denean egoera horri arreta integrala eta erreparazioa emateko, bat etorriz Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan ezarritakoarekin.

5. artikulua. Uharten erroldaturik ez egon arren bertan eskolatuak dauden pertsonak.

Postuak esleitzean, Uharten erroldaturik egon gabe bertan eskolatuak dauden pertsonek lehentasuna izanen dute bizilagun ez direnekiko.

6. artikulua. Erroldatu gabeko pertsonen sarbidea mugatzea.

1. Udal zerbitzu bakoitzak, komenigarri ikusten badu, bete gabeko postuak egon arren erroldatu gabeko pertsonen sarbidea mugatu ahalko du, ahalmen eta bihar edo etziko eskaeraren aurreikuspen arrazoiengatik.

2. Salbuespena eginen da Uharten erroldaturik ez egon arren bertan eskolatuak dauden pertsonekin, bete gabeko postuak daudenean, beti sartu ahalko baitira.

7. artikulua. Errenta aitorpena.

Uharten erroldaturik daudenek soilik aurkeztu ahalko dute errenta aitorpena, haien tasak dagokien tartearen arabera aplikatuak izan daitezen.

Iragarkiaren kodea: L2404358