68. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Deialdia, dirulaguntzak eman daitezen garapenerako lankidetza eta hezkuntza proiektuak egiteko, 2024., 2025., 2026. eta 2027. urteetan. Laburpena

Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (identifikazioa): 748485.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin; haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/748485).

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Dirulaguntzak, garapenerako lankidetza eta hezkuntza proiektuak egiteko, Burlatako Udalak babesturik. Proiektu horiek gobernuz kanpoko erakunde eta elkarteen bidez egitekoak dira eta helburu izan behar dituzte pobreziaren aurka borrokatzea eta toki garapena sustatzea, honako arlo hauetan: hezkuntza, prestakuntza, osasuna, etxebizitza, giza eskubideen defentsa, garapen ekonomikoa nahiz azpiegiturak. Proiektuek onura ekarri behar diete landa nahiz hiri eremuko komunitateei, eta komunitate horiek edo haien ordezkariek parte-hartze aktiboa izan behar dute proiektuak proposatu, kudeatu eta gauzatzen. Orobat, proiektuek arreta berezia eman behar diete ingurumen-inpaktuari eta baliabide naturalen erabilera jasangarriari.

Gobernuz kanpoko elkarte eta erakundeentzat da deialdi hau; betiere, bete beharko dituzte ezarritako baldintzak eta jardun behar dute nazioarteko lankidetzan eta herrien eta pertsonen sustapenean eta garapenean.

Dirulaguntza eskatzen duten gobernuz kanpoko erakunde eta elkarteek, betiere baldintza guztiak beteta, parte hartzen ahalko dute banaka nahiz beste batzuekin sortutako partzuergoan edo batasunean, proiektu bakarra egiteko. Partzuergoan edo batasunean parte hartuz gero, elkartutako erakunde bakoitzaren datuak agertu behar dira bereizita, eta argi eta garbi zehaztu haietako zein arituko den partzuergoren buru.

Proiektua diruz laguntzeko hautatzen bada, hura sustatzen duen erakunde edo elkarteak hitzarmen bat sinatuko du Burlatako Udalarekin, eta hitzarmen horrek arautuko ditu bi entitateen arteko harremanak, proiektuari dagokionez.

Bigarrena.–Baldintzak eta betebeharrak.

–Erakunde eskatzaileak.

Deialdira aurkezten diren erakunde eta elkarteak oinarri hauei lotuko zaizkie, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridikoak izatea, legeari jarraikiz eratuak, eta inskribaturik egon behar dute Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentzian..

b) Zerga-betebeharrak eguneratuta izatea Estatuko, Nafarroako Foru Komunitateko eta tokiko ogasunekin eta Gizarte Segurantzarekin.

c) Irabazi-asmorik ez edukitzea.

d) Xede berariazkoa izatea jarduketak egitea garapenerako lankidetzan eta herrien arteko elkartasunaren sustapenean.

e) Nafarroan izatea egoitza soziala edo ordezkaritza ofiziala.

f) Bere helburu sozialak bete ahal izateko egitura aski izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den eskarmentua eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Tokiko kontrapartea izatea proiektua gauzatu behar den eskualdean. Pertsona juridikoa izan beharko du kontraparte horrek, herrialde onuradunaren legeriaren arabera.

–Proiektuak.

Deialdiaren xedeko proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Urte anitzekoak izatea.

b) Berariaz aipatzea Burlatak lagundu egin duela.

c) Bat egitea Agenda 20-30eko garapen jasangarrirako helburuekin, baita indarrean dagoen Nafarroako Lankidetzarako Plan Gidariaren helburuekin ere.

d) Aurkeztutako proiektuetan erabiltzen den hizkera-idazkerak jarraituko dio Burlatako udal esparruan hizkera ez sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzari.

e) Burlatan egiteko jarduerak diseinatzea, ekarriko dutenak Udaleko ahalik eta alor gehienek esku hartzea (hezkuntza, berdintasuna, gazteria, aniztasuna, etab.), baita herritarrek oro har parte hartzea ere, sentsibilizazio jardueren eta lanen bitartez. Jarduerek proiektu zehatzaren berri eman behar dute, baita alderdi hauen berri ere: zer desoreka ekonomiko, sozial eta kultural dauden herrien, sexuen eta taldeen artean, eta desoreka horiek zer ondorio dituzten pertsonen bizi baldintzetan. Orobat, jarduerek bulkatu behar dituzte Burlatako biztanleriaren elkartasuna eta partaidetza aktiboa komunitatean jarrera eta portaera aldaketak sustatu beharrez.

f) Izan litezkeen finantzabide osagarriak aurkeztea, bai deialdian parte hartzen duen erakundearena bai estatuko nahiz nazioarteko bestelako erakunde eta elkarte publiko edo pribatuena.

g) Dirulaguntzaren onuradun diren erakundeek (edo batasun/partzuergoek) komunikaziorako bide bat ireki beharko dute Burlatako Udalarekin, proiektuaren jarraipena egiteko, arazoak konpontzeko, zalantzak argitzeko, jarduerak eta lankidetzarako bideak proposatzeko eta abar.

h) Onetsitako proiektua dirulaguntza eman den urtean hasi beharko da edo hasia egon beharko da, beranduenez dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabetean.

Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.

Honako honen oinarri arautzaileak: deialdia, Burlatako Udalarena, lau urterako dirulaguntzak eman daitezen, garapenerako lankidetza eta hezkuntza proiektuak egiteko.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezten ahalko dira Udaleko erregistro orokor elektronikoan (Burlatako Udalaren egoitza elektronikoan: www.burlada.es) edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Salbuespen gisa, aurkeztu beharreko dokumentazio gehigarri edo osagarria ezin bada erregistro elektronikoan aurkeztu, artxiboaren bolumena edo gehiegizko edukiera dela-eta, dokumentazio hori Burlatako Udaleko edozein erregistrotan aurkeztu ahal izanen da, bai Larrañetako plazako (z.g.) eraikin nagusian, bai oinarrizko gizarte-zerbitzuaren egoitzan (Landazabal kalea 5, bis) edo beste erregistro publiko batzuetan.

Eskaera posta-bulego batean aurkezten bada (Erregistro Birtual Elektronikoaren bidez, helmugako kode digital honetara: L01310608), gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean agerrarazteko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti); datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Epea: 20 egun baliodun, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialen argitaratzen denetik hasita.

Burlatan, 2024ko martxoaren 12an.–Alkatea, Berta Arizkun González.

Iragarkiaren kodea: L2404896