68. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

77E/2024 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. fasea exekutatzeko birpartzelazio proiektua, Noain Elortzibarko udal-mugartean, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA erakundeak sustatuta.

Martxoaren 10eko 37E/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 23koa), hasiera batez onetsi zen Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UGPSaren 4. faseko birpartzelazio proiektua, Noain Elortzibarko udal-mugartean.

Ebazpen hori argitaratu zen 2023ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 23koan, bai eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan ere, 2023ko martxoaren 14an, eta espedientea jendaurrean jartzeko tramitea eta ukitutako udalari entzunaldia ematekoa hasi ziren.

Epe horretan, Noain Elortzibarko Udalak alegazioen idatzi bat aurkeztu zuen 2023ko apirilaren 12an; ondoren, 2024ko martxoaren 1ean, Noain Elortzibarko Udalaren alkate-udalburuaren ebazpen bat igorri zuen idatzi hura osatzeko. Ebazpen horren bidez ebatzi zen Lurralde Antolamenduko Departamentuaren Lurralde Kohesiorako Kontseilaritzara igortzea 4.3 lurzatiaren tasazioa. Ebazpen honi erantsi zaizkio idatzi horien laburpena eta erantzunak.

Birpartzelazio proiektua hasiera batez onetsi zen, eskakizunik gabe.

Sustatzaileak 2024ko martxoaren 21ean behin betiko onespenerako aurkeztu duen dokumentazioan zenbait aldaketa txertatu dira, hala nola: udalerriari dagokion hirigintza aprobetxamenduaren nahitaezko lagapenaren ordez, haren ordaina dirutan emanen da; jatorrizko lurzatiaren edo desjabetzearen ondoriozkoaren deskribapena; eta emandako lurzatien eta birpartzelazioaren ondoriozkoen azalera aldatu da, halako moduz non birpartzelaziorako azalera, osotara, 418.402 m²-tik 418.403,18 m²-ra igaro baita.

Espedientean jasota daude, orobat, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak emandako aldeko txostenak, 2023ko otsailaren 20koa eta 2024ko martxoaren 21ekoa, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren hamabigarren xedapen gehigarriarekin (1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Lurralde Kohesiorako Departamentuari dagozkio urbanizazio proiektuaren tramitazioa eta onespena, harena baita lurraldearen antolamendu eta hirigintza arloko eskumena, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat, udalez gaindiko plan sektorial bat kudeatzeko tresna delako.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2024ko martxoaren 21eko txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak) ezarritakoarekin bat, eta Lurralde Kohesioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurkeztu diren alegazioak tramitaziorako onartzea eta ebazpen honen eranskinean adierazitako moduan ebaztea.

2. Behin betiko onestea Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. fasea exekutatzeko birpartzelazio proiektua. Proiektuak Noain Elortzibarko udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

3. Sustatzaileari eta Noain Elortzibarko Udalari ohartaraztea ezen proiektuan ezarritako ordezko diru-kopurua ordaindu behar dela, ebazpen hau ematen denetik hilabeteko epean, betetzat joko bada udalerriari dagokion hirigintza aprobetxamendua udalari esleitzeko legezko betebeharra.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, 1. eta 2. faseetako jabeen erkidegoari, Agoizko Jabetza Erregistroari, Noain Elortzibarko Udalari eta espedientearen enpresa publiko sustatzaileari.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasiko dira kontatzen, edo, hala bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iruñean, 2024ko martxoaren 22an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

ERANSKINA.–ALEGAZIOEI EMANDAKO ERANTZUNAK

Ukitutako udalak aurkeztutako alegazioek bi alderdi nabarmentzen dituzte. Lehenik eta behin, toki erakundeak argudiatu du ezin dela birpartzelaziorako oinarri gisa hartu dokumentu deusez bat. Haren ustez, ezin zaio birpartzelazio horri eutsi, tresna hori deusez deklaratu den plan bat gauzatzeko onetsi baitzen, eta, horrenbestez, eraginik gabekoa izan behar duelako. Adierazten duenez, ezin da birpartzelazio proiektu berri bat tramitatu nahi izan proiektu deusez eta eragin gabeko bat oinarri harturik, ez behintzat epaiak betearazteko intzidente batera edo administrazio bideko ofiziozko berrikuspen batera jo gabe (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 106. artikulua). Bigarrenik, eskatu du udalerriari dagokion nahitaezko lagapenaren ordez, haren ordaina dirutan ematea.

Komenigarria da, lehenbiziko auziari erantzun aurretik, hizpide dugun espedientearen testuingurua mahai gainean jartzea, aurrekariak ugari dira eta. Abenduaren 23ko 421/2021 Epaiaren bidez eta abenduaren 31ko 426/2021 Epaiaren bidez, biak ala biak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emanak, zuzenbidean erabat deusez deklaratu ziren, batetik, Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, zeinaren bidez Garraioaren Hiriaren UGPSa aldatzen baitzen Iruñeko aireportuko zortasun aeronautikoak txertatzeko eta 4. fasea berrantolatzeko, eta, bestetik, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren 51E/2020 Ebazpena, aipatu UGPSaren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatu zuena. Bi epai horiek eman aurretik, onetsitako UGPSaren aldaketa exekutatzeko birpartzelazio proiektua tramitatu zen. Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak martxoaren 26an emandako 11E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen birpartzelazio proiektua (2021eko 109. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 11koa). Birpartzelazioaren ondoriozko lurzatiek ukitutako titularrentzako esleipena 2021eko uztailaren 30ean inskribatu zen erregistroan.

Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, UGPSaren beste aldaketa bat onetsi da, Garraioaren Hiriaren 4. fasea berrantolatzeari dagokionez, eta, horrenbestez, birpartzelazio proiektu berri baten tramitazioa abiatu da, aurreko birpartzelazio proiektuak ez baitzuen estaldura emanen zion plangintzarik.

Birpartzelazio proiektu hori hirigintza kudeaketako egintza bat da, lurraldea antolatzeko tresna bat garatu eta exekutatzeko egindakoa; egintza hori, baina, deusez deklaratu da judizialki, eta horregatik, deuseztasuna dela-eta, akastuna dela ulertu behar da, euskarri ematen zion plangintza desagertu baita. Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 4an hartutako Erabakiaren azalpenean, aitortu egiten da UGPSa eta haren ondoriozko egintza eta jarduketa guztiak deusezak direla, hala nola birpartzelazio eta urbanizazio proiektuak. Horrenbestez, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 26an emandako 255E/2023 Ebazpenaren bidez, Agoizko Jabetza Erregistroan erregistro idazpenak ezerezteko tramiteak egitea erabaki zen.

Testuinguru horretan, eta segurtasun juridikoko zioak eta erregistroko teknikakoak direla eta, jabetza erregistroak xedatuko du noiz ezereztu behar diren aurreko birpartzelazioari dagozkion idazpenak (Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 11E/2021 Ebazpenaren bidez onetsitako bipartzelaziokoak); hori eginda, jatorrizko lurzatia berreskuratzen denean, birpartzelazio berriaren inskripzioa egiten ahalko da.

Tramitazio bidean den birpartzelazio proiektuan, inguruabarrak bereziak direla kontuan harturik, aditzera emandako aurrekari guztien xehetasunak ageri dira, baliorik gabe utzitako birpartzelazioak ukitutako finken zerrenda dago jasota, jatorrizko finka deskribatzen da, eta, azkenik, tramitatzen ari den birpartzelazio proiektuaren ondoriozkoak ageri dira. Era berean, jasota dago Erregistroari egindako berariazko eskaera, jatorrizko finka berreskuratzekoa, birpartzelazio berria inskribatu aurretik egin beharreko eragiketa gisa. Hori dela eta, bidezkoa da Noain Elortzibarko Udalaren alegazioa baiestea auziaren oinarriari dagokionez, baina ez jarraitu beharreko prozedurari dagokionez, hots, ez da zertan egin idatzian aipatzen duen ofiziozko berrikuspena.

Bigarrenik, Noain Elortzibarko Udalak eskatu du nahitaezko lagapenaren hirigintza aprobetxamendua monetizatzea. Toki erakundeak 2024ko martxoaren 1ean aurkeztu zuen hasiera batean udalari esleitutako 4.3 lurzatiaren tasazioa, teknikari eskudun batek egina; tasazio hori 3.246.401,55 eurokoa da. Udalak egindako alegazioan argudiatzen denez, aurreko esperientzia batzuetan oinarriturik, zaila da lurzati hori esparru horretan komerzializatzea; egiten duen eskaera arrazoitzeko, aditzera ematen du egiaztatuta dagoela Garraioaren Hirian lurzati handiagoak eskatu ohi direla, jarduketa jakin batzuk ezartzeko.

Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 25. artikuluaren 2. apartatuan xedatzen denez, udalerriari dagokion hirigintza aprobetxamendua udalari esleitzeko legezko betebeharra haren ordaina dirutan emanez ordezten ahalko da, salbuespen gisa, aldez aurretik teknikari eskudun batek sinatutako balorazioa egin bada; hirigintzako hitzarmen bat egin beharko da kasuan kasuko kudeaketa dokumentuan edo zuzkidurarako legez aurreikusitako egintzetan.

Bestetik, 227.1 artikuluan aditzera ematen da ezen lagapenen ondorioz lortutako ondasunek –hala lurrek nola diru-kopuruek– udal ondarea osatuko dutela automatikoki udalerri guztietan.

Eta 230. artikuluak honako hau ezartzen du udal ondarearen erabilera arautzeari dagokionez:

"1. Udalen lurzoru-ondareko ondasunak, hirigintza- eta eraikuntza-prozesura sartuz gero, nolabaiteko babes publikoko araubideren bati lotutako etxebizitzak eraikitzeko edo gizarte intereseko beste xede batzuetarako erabiliko dira.

2. Lurrak besterentzearen bidez eta Administrazioari zegokion aprobetxamendua eskudirutara bihurtzearen ondorioz lorturiko diru-sarrerak udalaren lurzoru-ondarea zaindu eta hedatzeko erabiliko dira, edo honako xede hauetarako:

a) Urbanizazio lanak.

b) Sistema orokorrak eskuratu eta exekutatzea.

c) Ekipamendu kolektiboak edo herritarrek erabiltzeko beste instalazio batzuk eraikitzea, baldin eta administrazio publikoek edo beren sozietate instrumentalek sustatuak badira.

d) Ekimen publikoko eragiketak, hala eraikinak birgaitzekoak nola hiri-berroneratze eta -berrikuntzakoak, bai eta ekimen pribatuari xede berarekin laguntzak ematea ere.

e) Etxez aldarazteko eta etxera itzultzeko gastuak.

f) Eraikinak erosi edo/eta zaharberritzea babestutako etxebizitzak edo ekipamendu publikoak egiteko."

Azkenik, eta udalaren lurzoru-ondarea kontrolatzeari begira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 232. artikuluaren 2. apartatuan berriro aipatzen da monetizatzeko aukera: "Halaber, udalaren ondarearen erregistro bat sortuko du udalak, eta bertan jasoko da sartzen diren lurren edo diruaren berri, eta baita 230. artikuluan ezarritako xedeetarako justifikaturiko irteeren berri ere".

Arau horrek Estatuko oinarrizko araudian du euskarria, zehazki, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bateginaren 18. artikuluan; hartan, erkidegoko araudiaren esku uzten da lagapen betebeharra monetizatzeko aukera, ez badago aukerarik babes publikoko araubideren bati lotutako etxebizitzarik gauzatzeko, baldintza hori ezartzen baita: "Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legeetan zehaztuko da zein kasu eta baldintzatan ezartzen ahalko diren betebeharra betetzeko beste bide batzuk, lurzorua ematearen ordez, salbu eta babes publikoko araubideren bati lotutako etxebizitzetarako lurzoruarekin bete daitekeenean, 20. artikuluko 1. apartatuko b) letrako erreserbaz baliatuta".

Alegazio horri dagokionez, espedientean jaso da udalari egin beharreko lagapena monetizatzeko eskaerari buruz sustatzaileak emandako erantzuna. Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA (Nasuvinsa) ados dago teknikari eskudunak egindako balorazioarekin –balorazio hori toki erakundeak aurkeztu zuen, hasierako alegazioen idatzia osatzeko–. Foru araudiak bide ematen dio aukera horri, baina ezartzen du, oro har, salbuespenezkoa dela, hiri-lurzoru finkatuan izan ezik; horregatik, aukera horren alde eginez gero, behar bezala arrazoitu beharko da.

Sustatzaileak eta udalak adierazi dutenez, bada proiektu bat jarduera industriala ezartzeko Garraioaren Hiriaren 4. faseko lur-eremuetan; izan ere, operazio hori foru intereseko inbertsioa dela deklaratu da berriki, Gobernuak 2024ko martxoaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, bat etorriz abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluarekin (foru lege horrek sinplifikazio administratiborako neurriak ezartzen ditu enpresa edo lanbide jarduerak abiatzeko). Artikulu horren babesean sartzen dira Nafarroa arlo ekonomikoan, sozialean eta lurraldekoan garatzeko berebiziko garrantzia duten proiektuak.

Nasuvinsak, bere txostenean, arrazoiak eman ditu monetizazioaren aukerari buruz; oinarri gisa hartzen du beharrezkoa dela 4.2 eta 4.3 lurzatiek osatzen duten azalera handia, bi lurzati horiek batzea aukerarik onena delako indibisoak saihesteko eta koherente izateko UGPSaren helburuarekin: azalera handiko lurzatiak lortzea, bertan jarduera jakin batzuk ezarri ahal izateko.

Noain Elortzibarko Udalak espedientea abiatu zenetik erakutsi du diruzko ordaina nahi duela nahitaezko lagapenaren ordez; ordain hori udal ondarearen parte izanen da, halabeharrez, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeak 230. artikuluan ezartzen duen erabilera izanen du. Industria/logistika erabilerako lurra da, ez etxebizitza-erabilerakoa, eta hortaz, ez da baztertzen ari babes araubideren bati lotutako etxebizitzak sustatzeko aukera; Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bateginaren 18. artikuluan ezarritako debekuak ere ez dio eragiten.

Horrenbestez, udalari egin beharreko lagapena diruzko ordainarekin ordeztea administratiboki egokia eta eraginkorra da, bidea emanen baitu Iruñeko Garraioaren Hirian foru interesekotzat deklaratutako industria ezartzeko; horrez gain, ez du hutsaltzen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritako lurzoruaren udal ondarearen azken erabilera.

Horregatik, Noain Elortzibarko Udalak aurkeztutako alegazioa baiesten da, eta bidezkoa da birpartzelazio proiektuaren behin betiko testuan sartzea 4.2 eta 4.3 lurzatiek osatutako ondoriozko lurzatia, 147.700,67 m²-ko azalerarekin; halaber, testuan islatu beharko da Noain Elortzibarko Udalari ordaindu behar zaiola toki erakunde horrek berak aurkeztu zuen tasazio txostenean finkatutako diru-kopurua. Erakundeak adierazitako epean egin beharko da ordainketa hori, eta udalaren lurzoru-ondarearen parte izanen da zuzenean.

Iragarkiaren kodea: F2404893