68. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

59E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2024rako arrantza-debekuei buruzko xedapen orokorra, eranskin gisa jaso dena.

Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko abenduaren 26ko 21/2023 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, zeina berriki onetsi baita, Nafarroako Gobernuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko arrantza-baliabideen aprobetxamendua babestu, kontserbatu, sustatu eta antolatzea, jasangarritasun irizpideen arabera.

Ildo horretan, Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko abenduaren 26ko 21/2023 Foru Legearen 61. artikuluak ezartzen du ezen, arrantza-aprobetxamendua antolatzeko, arrantzaren kudeaketaren arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak onetsiko dituela aprobetxamendugai izan daitezkeen espezieak arrantzatzeko debekuei buruzko xedapen orokorrak eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko duela. Horrez gainera, adierazten du berariaz aipatuko direla arrantzarako eremuak, garaiak, egunak eta aldi baliodunak, espeziearen edo modalitatearen arabera, eta aprobetxamendugai diren espezieak babesteko muga orokorrak, bai eta haien kontrolerako prebentzio neurriak ere.

Hortaz, foru agindu honek biltzen ditu Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko Foru Lege berriaren ondorioz Nafarroan kirol arrantza egiteko beharrezkoak diren zehaztapen eta erregulazio berriak, basoko populazioen kontserbazioarekin bateragarri eginez eta baliabidearen iraunkortasuna bermatuz. Lege berriak dakartzan berritasunen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

–Arrantza-eredua aldatzea arrantzarako libre dauden uretan; izan ere, orain arte, ur horietan, harrapatu eta eramateko arrantza zen baimendutako modalitatea, baina hemendik aurrera, ur horietan harrapatu eta askatzeko modalitatea baino ez dago baimendua arrantzatu daitezkeen espezie autoktono guztientzat.

–Espezie exotiko inbaditzaileen kasuan, zeinak nahitaez hil behar baitira, baimendua dago baimendutako ur-masetan arrantzatzea, baina espezie horiek nahitaez hil beharko dira.

–Harrapatu eta eramateko arrantzarako tarteak araubide bereziko ur gisa ezartzen dira. Tarte horiek arrantza-arro bakoitzeko ibilgu nagusietan arrantzatu daitekeen tarte osoaren %20 hartuko dute gehienez, eta, betiere, bertan baimendua badago espezie autoktonoen populazioen harrapatu eta eramateko aprobetxamendua. Horiek izanen dira harrapakinen aprobetxamendua baimendua duten eremu bakarrak.

Uretako faunaren habitata osatzen duen ibai-ingurunea tentsio handien eraginpean dago aldaketa globalaren ondorioz, eta horrek baliabide horien aprobetxamendua etengabe egokitzera behartzen du. Aldi berean, habitataren baldintzak hobetzeko ahalegin handia eskatzen du, ibaiertzeko formazioak berreskuratuz, arrabalekuak babestuz eta faunaren mugimendu askerako oztopoak kenduz, zeinak baitira, besteak beste, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak duela urte batzuetatik garatzen dituen ekintzak.

Amuarrain arruntaren kasuan, 1992tik, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak amuarrainen populazioen egoeraren jarraipena egiten du espezie horrek Nafarroan duen banaketa-eremu osoan. Jarraipen horretarako oinarri dira Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ezarri dituen elektroarrantzako laginketak. Laginketa horiek basozainen taldeak egiten ditu, aipatutako zerbitzuaren zuzendaritzapean, udako hilabeteetan, Nafarroako salmonidoen eremuko ibai guztietan banatutako 60 kontrol-tarte baino gehiago biltzen dituen sare zabal baten bidez.

Nafarroako salmonidoen eremuan amuarrainen populazioek joera negatibo orokorra izan dute jarraipena egiten hasi zenetik, eta, ondorioz, populazio gehienak oso egoera delikatuan daude. Logikoa dirudi pentsatzea populazioen egoera, neurri batean behintzat, baldintza klimatikoen ondorio dela, klimak ur-masen tenperaturaren eta emarien erregimena baldintzatzen baitu. Klimaren aldaketa gertatzen ari den egoera honetan, beren banaketa-eremuaren mugan dauden espezieek (Nafarroan dauden salmonidoek, esate baterako) tentsio oso handiak jasaten dituzte, eta horrek arriskuan jartzen du populazioen bideragarritasuna. Egoera hori larriagotu egin da azken bi urteetan; zehazki, 2022ko agorraldiak mota guztietako klima-errekorrak hautsi zituen, muturreko tenperaturak eta agorraldi bereziki nabarmena gertatu baitziren. Baldintza horiek ondorioak utzi dituzte salmonidoen populazioetan. Aurreko azterlan batzuek jadanik adierazi ziguten arrain gazteek eta helduek pairatzen dutela gehien baldintza horiek.

Uneotan, amuarrainaren batez besteko dentsitatea %34 da Nafarroan. Gure erkidegoko batezbesteko historikoaren azpitik dago, eta izan duen maximoa baino %64 txikiagoa da, baina zenbait herritan eta arrotan jaitsiera hori %90etik gorakoa izan da. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da presako neurriak hartzea populazioak ez kolapsatzeko eta egungo egoera lehengoratzen saiatzeko. Populazioa berreskuratzeko ahalmena amuarrain helduen frakzioak ugaltzeko duen potentzialean datza; eta amuarrainen frakzio hori, hain zuzen, ahulena da, eta arrantza-presioa gehien jasaten duena. Arrantzak eragindako heriotza-tasa minimizatu beharra dago amuarrain guztiek heldutasun sexualera iristeko eta ugaltzeko aukera izan dezaten. Horregatik, berehalako neurri gisa proposatu da arrantza etetea salmonidoen goiko eremuko arroetan, arro horiek dentsitate txikienak baitituzte. Aldi berean, onar daitezkeen guztirako harrapaketak kalkulatzeko eredu berri bat lantzen ari dira, lege berritik datozen arrantza-eredu berriekin bat datorrena, eta ibaietako habitatak hobetzeko lanean ere ari dira, batez ere ibaien iragazkortasuna hobetzeko.

Amuarrainen populazioen dentsitateei buruzko emaitza orokor txarrak gorabehera, Arrantzako Aholku Batzordeari entzun ondoren, datuak xehetasunez aztertu ondoren eta kontuan harturik Arrantzaren Kudeaketari buruzko Foru Lege berria onetsi dela, zeinak arrantza-eredua aldatzea ekarri baitu, ikusi da salmonidoen goiko eremuko ibai batzuetan arrantza irekitzeko aukera dagoela, baimen kopuru txiki bat eskainiz populazioak egoera onenean dauden arroetarako. Eremu horietan, harrapatu eta askatzeko arrantza bakarrik baimenduko da. Era berean, arrantza naturaleko barrutien egoera ere aztertu eta kontuan hartu da. Tarte horiek kontrolatuak daude, eta ikusi da badagoela amuarrain helduen frakzio bat oinarria izan daitekeena arrantza baimentzeko, harrapatu eta askatzeko modalitatean betiere.

Izokin arruntari dagokionez, izokinen populazioak gaur egun Bidasoko arroan bizi duen egoerak kritikoa izaten segitzen du; izan ere, izokinaren kolapsoa eragin dezaketen faktore negatiboak bildu dira zenbait urtez: ugaltzaileen eskasia handia eta ingurumen baldintzatzaile negatibo batzuk (prezipitazio gutxi eta uraren tenperatura altuak agorraldian), arrainkumeen biziraupena mugatzen dutenak.

Hurrengo urteetan egoera antzekoa izan daitekeela ikusita, arrainkumeen produkzioari dagokionez behintzat, zentzuzkoa dirudi NASCOk (North Atlantic Salmon Conservation Organization) sustatutako zuhurtzia-printzipioa aplikatzea eta 2023ko denboraldian hartutako kudeaketa-neurriei eustea, Bidasoko izokinaren populazioa kolapsatu ez dadin. Egoera hori zuzentzeko kudeaketa-neurri egokienetako bat da ugaltzaileen heriotza-tasa murriztea, eta, horretarako, kirol arrantza etetea da neurririk eraginkorrena.

Esan beharra dago egoera hori orokorra dela espeziearen banaketa-eremu osoan, eta nabarmenagoa dela banaketa-eremuaren hegoaldeko mugan. Kantauriko itsasertzean egoera kezkagarria da; izan ere, espeziearen presentzia duten erkidego guztiek Nafarroakoaren antzeko joera izan dute, eta, horregatik, neurriak hartu dituzte arrantza-presioa espeziearen egoeraren errealitatera egokitzeko nola edo hala. Horregatik, proposatzen da Bidasoa ibaian izokinaren kirol arrantza eteteari eustea, 2023an espeziearen ustiapenari dagokionez ezarritako geldialdi biologikoak fruituak eman ditzan eta behar diren ugaltzaileek bizirik irautea ahalbidetu dezan, horiei esker kolapsoa saihesteko eta espeziearen berreskurapena errazteko beharrezkoa den populazio-hazkundea gerta dadin.

Horrenbestez, Arrantzako Aholku Batzordeak eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluak txostena egin ondoren, eta bat etorriz Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko abenduaren 26ko 21/2023 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen bidez esleitu didaten eskumenarekin,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 2024ko denboraldirako arrantza-debekuei buruzko xedapen orokorra, eranskin gisa jaso dena.

2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2024ko martxoaren 15ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

ARRANTZA-DEBEKUEI BURUZKO XEDAPEN OROKORRA 2024. URTERAKO

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Xedapen orokor honen xedea da Nafarroan, 2024an, arrantzarako aprobetxamendugai izaten ahal diren espezieak ezartzea, bai eta eremu, garai, egun eta aldi baliodunak ere, espeziearen edo modalitatearen arabera eta aprobetxamendugai diren espezieak babesteko muga orokorren arabera, bai eta haien kontrolerako prebentzio neurrien arabera ere.

Era berean, xedapen orokor honen helburua da espezie exotiko inbaditzaileen populazioak eraginkortasunez kontrolatzeko neurriak hartzea, espezie horiek harrapatzeko eta, kasua bada, harrapatutako aleak desagerrazteko asmoz.

2. artikulua. Arrantza-jarduera Nafarroan 2024ko denboraldian.

1. Nafarroan 2024ko denboraldian egiten den arrantza Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko abenduaren 26ko 21/2023 Foru Legean eta arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da. Arrantzarako libre diren uretan, hots, araubide bereziko ur gisa edo arrantza pribatuko ur gisa sailkatuak ez daudenetan, harrapatu eta askatzeko modalitatea baizik ez dago baimendua espezie autoktono arrantzagarri guztientzat.

2. Beste lurralderen batekin muga egiten duten ibai tarteetan, arrantzaleak Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dauden arauak eta baldintzak bete beharko ditu, arrantza Nafarroan egiten bada.

3. artikulua. Uren zonifikazioa, arrantzaren eta ur bilduen ondorioetarako.

1. Arrantzaren Kudeaketari buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Nafarroako ibaien eta ur masen tarteak honela banatzen dira: salmonidoen eremua eta ziprinidoen eremua.

2. Ur bilduetako arrantzari dagokionez, zer ibilgutan isurtzen duten ura, haien arrantza-eremuko araudi bera bete beharko da. Arro endorreikoen edo itxien kasuan, ibilgua hurbilenik duen arrantza-eskualdean ezarria dagoen araudi bera bete beharko dute. Esako urtegia ziprinidoen eremutzat jotzen da.

Urtegien, ureztatzeko idoien eta antzekoen kasuan, bildutako uren inguruko perimetrora sartzea ur horien titularrari dagokion eskubidea da, eta, horregatik, bere esku du sartzeko baimena ematea edo debekatzea. Arrantzarako eskubidea, beraz, jendearentzako sarrera-eskubidearen ondotik helduko da.

4. artikulua. Arrantza baimenak.

Arrantza baimena izateaz gainera, baimendutako edozein espezie harrapatzeko salmonidoen goiko eremuan, eta ziprinidoen eremuko arrantzarako kirol guneetan, beharrezkoa da eguneko baimen berezia izatea, pertsonala eta besterenezina, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emana. Arrantza naturaleko barrutietan, baimenaren ordez, arrantza-barrutiak ematen duen pasea eduki beharko da.

a) Salmonidoen goiko eremurako baimenak:

16 urtetik beherakoek ez dute baimen hori beharko arrantzan egiteko debekurik ez duten arroetako hiriguneen barruko ibai tarteetan arrantzan aritzeko, baina, bakar-bakarrik, salmonidoen goiko eremurako arrantza-denboraldian eta harrapatu eta askatzeko arrantza modalitatean aritzeko.

Honako hau da arrantza-arro bakoitzerako eman daitezkeen baimenen gehieneko kopurua, zeinak harrapatu eta askatzeko modalitaterako baino ez baitira eskainiko:

–Baztan-Bidasoa: 1.206 baimen.

–Oria-Urumea: 4.826 baimen.

–Ega-Urederra:

  • Zudairiko arrantza barrutia: 250 baimen.

–Arga-Ultzama:

  • Eugiko arrantza barrutia: 322 baimen.

b) Izokin-tarterako baimenak:

Izokin-tartean debekua egonen da 2024ko denboraldian.

c) Baimenak ziprinidoen eremuan dauden arrantzarako kirol guneetarako:

Arrantzaleko eta urteko ematen diren baimenek ez dute urteko mugarik izanen. Erabili aurretik gordetzen ahal den baimen kopurua, gehienez, 5 izanen da.

Aurretik ezarritako akordioen arabera, kirol guneen mantentze-lanez arduratzen diren erakundeek lehentasunez eskatzen ahalko dituzte gune horretako zenbait postu.

Postu bakoitzean aritzeko baimena daukan titularraz gain (edo bi titular, baldin eta postua partekatzen badute), beste pertsona batzuk ere aritzen ahalko dira arrantzan postu horretan baldin eta baimenen titularrak han badaude eta horrekin konforme badaude.

Gune eta egun jakin baterako baimena duen pertsona batek erreserbatutakoa ez den beste postu batzuk erabiltzen ahalko ditu, baldin eta postu horiek erabiltzen ari ez badira.

5. artikulua. Arrantzatzen ahal diren espezieak.

1. 2024ko denboraldian, arrainen espezie hauek arrantzatzen ahalko dira:

a) Autoktonoak edo bertakoak:

–Graellsko barboa (Luciobarbus graellsii).

–Txipa edo ezkailua (Phoxinus bigerri).

–Zarboa (Gobio lozanoi).

–Tenka (Tinca tinca).

–Amuarrain arrunta (Salmo trutta).

b) Exotikoak:

–Karpa txikiak (Carassius auratus eta beste Carassius batzuk).

2. Horretarako baldintzak betetzen badira, eta debekuei buruzko xedapen orokor honetan adierazitako zonetan, espezie exotiko inbaditzaile gisa deklaratutako espezie hauek arrantzatzen ahalko dira:

a) Arrainak:

–Alburnoa (Alburnus alburnus).

–Karpa (Cyprinus carpio).

–Lutxo arrunta (Esox lucius).

–Perka amerikarra edo Black-bass izenekoa (Micropterus salmoides).

–Arrain katua (Ameiurus melas).

–Silurua (Silurus glanis).

–Ortzadar-amuarraina (Oncorhynchus mykiss).

b) Ornogabeak:

–Paduretako karramarroa (Procambarus clarkii).

–Karramarro seinaleduna (Pacifastacus leniusculus).

6. artikulua. Hil beharreko arrainak.

1. Ondoren zehazten diren aleak hil behar dira:

a) Arrain hauek hil behar dira harrapatutakoan:

–Alburnoa.

–Karpa: salmonidoen eremuan arrantzatutako aleak nahitaez hil beharko dira; ziprinidoen eremuan, berriz, arrantzale bakoitzak aukeratuko du zer egin: harrapatutakoan hil edo uretara itzuli, ezin baitira bizirik eduki.

–Urrearraina eta beste karpa txiki batzuk.

–Lutxoa.

–Perka amerikarra edo Black-bass izenekoa.

–Katu arraina.

–Silurua.

–Ortzadar-amuarraina.

b) Ornogabe hauek hil beharko dira arrantza gunea utzi baino lehen:

–Paduretako karramarroa.

–Karramarro seinaleduna.

2. Era berean, gainerako espezie exotikoak, arrantzarako debekua dutenak, hil egin beharko dira; harrapatu bezain azkar hilko dira arrantza-debekuen xedapen orokor honetan baimendutakoez bestelako espezieen aleak, horiek uretatik nola edo hala harrapatu, atxiki edo ateratzen direnean.

7. artikulua. Arrantzarako egunak eta orduak.

1. Arrantzarako egunak dira espezie bakoitzarentzat adierazitakoak.

2. Nafarroan arrantzarako ordutegia, karramarroarena alde batera utzita, honako hau izanen da, hilabetez hilabete:

–Martxoan eta apirilean: 07:00etatik 21:00etara.

–Maiatzean, ekainean eta uztailean: 06:30etik 22:30era.

–Abuztuan: 07:00etatik 22:00etara.

–Irailean eta urrian: 07:00etatik 21:00etara.

Urteko gainerako egunetan, eguzkia atera baino ordu bat lehenago hasten ahal da arrantzan, eguzkia sartu eta ordubete pasatu arte (betiere, ordu ofizialaren arabera, 06:00etatik 24:00ak bitarte). Entrenamendu fasean dauden arrantzaleei baizik ez zaie baimenik emanen ziprinidoen eremuan dauden arrantzarako kirol guneetan arrantzan aritzeko adierazitako ordutegitik kanpo, Nafarroako Arrantza Federazioan federatuak daudela egiaztatzen badute.

8. artikulua. Arrantza tresnak.

1. Kanabera baino ez da baimenduko arrainen espezieak arrantzatzeko, eta baldintza hauekin:

–Salmonidoen eremuan: arrantzale bakoitzak kanabera bakarra izaten ahalko du eskura; ordezko bat eraman dezake, aparailua muntatua duela. Arrantzale federatuen kasuan, federatuak daudela egiaztatzen badute, beste bi ordezko eramaten ahalko dituzte, aparailua muntatua dutela.

2. Karramarroak harrapatzeko, sare-saskiak baino ez dira baimentzen. Sare-saski bakoitzean etiketa jarriko da eta bertan arrantzalearen izena, bi deitura, arrantzako baimenaren zenbakia eta arrantzalearen telefono zenbakia.

9. artikulua. Debekatuak dauden harrapaketa metodoak eta baliabideak.

Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko abenduaren 26ko 21/2023 Foru Legeak arrantzarako debekatzen dituen metodoez eta baliabideez gain, honako hauek ere debekatzen dira:

–Ninfa edo eulia erabiltzea harren kutxatilarekin edo puruarekin, baita buia edo buldo beruneztatuak ere, eta hondoratzea eragiten duen edozein materialekin zamatuak daudenak ere bai, baldin eta jaurti eta hondoratu ondoren uraren gainazalera itzultzea eragozten badute.

–Arrain hila beitarako erabiltzea, edozein ale, zati edo eratorri barne. Karramarro aloktonoak arrantzatzeko soilik erabil daitezke merkaturatutako arrain-zatiak.

–Atxamarta bat baino gehiago edo hiru amu arrunt baino gehiago dituzten aparailuak erabiltzea, arrain artifiziala izan ezik, hori ziprinidoen eremuan erabil baitaiteke atxamarta batekin baino gehiagorekin, besteetan ez.

–Ibaia beitaz ereitea arrantzatu aitzin edo arrantzatu bitartean, beita gisa ilean edo hair delakoan sartuak ez dauden boilieen erabilera barne. Entrenamendu fasean dauden arrantzaleei baizik ez zaie baimenik emanen ziprinidoen eremuko eta Itoizko urtegiko tarteetan ibaia beitaz ereiteko, Nafarroako Arrantza Federazioan federatuak daudela egiaztatzen badute.

Horrez gain, salmonidoen eremuan hauek ere debekatuak egonen dira:

–Atxamartak erabiltzea, amuarrainen barruti intentsiboetan izan ezik.

–Gazta, gantz solidoak, haragi oreak, arrabak eta "haragiaren harra" edo "asticot" izenekoa erabiltzea, eta, oro har, Nafarroako ibai guztietan, larba, pupa edo ninfak edo bertako faunakoak ez diren espezieak.

10. artikulua. Arraina harrapatu eta askatzeko arrantza.

1. Sare ez-metalikoa duen hargailua erabili beharko da nahitaez, eta gomendatzen da sare horrek korapilorik ez izatea eta harrapatutako arrainak, ahal dela, uretan bertan maneiatzea, haiei kalte ez egiteko.

2. Harrapatutako arrain guztiak berehalaxe itzuli beharko dira uretara, eta behar diren bermeak jarri behar dira hil ez daitezen. Harrapatzean hiltzen direnak ere uretara botako dira, salbu derrigorrez hil behar direnak, arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honetan ezarritakoarekin bat.

3. Ezin izanen da arrainik garraiatu, ezta beste tarte batzuetan harrapatutakoak ere.

4. Salmonidoen eremuan, apeu artifizialak erabiliz bakarrik egiten ahalko da arrantzan, gehienez ere hiru apeu artifizial erabiliz aparailu bakoitzean, eta haietako bakoitzean amu soil bakarra, garranga gabea. Arrantza-koilaran, arrain artifizialetan, biniloetan eta abarretan, amu soil bakar bat jartzen ahalko da, garranga gabea.

5. Amuarraina ziprinidoen eremuan arrantzatzeko, salmonidoen eremuan arrantzatzeko baldintza berberak bete behar dira.

11. artikulua. Harrapatu eta eramateko arrantzako urak.

1. Harrapatu eta eramateko arrantzako urak dira tarte eta ur-masa jakin batzuk, non harrapatutako arrainak eramaten ahalko baitira harrapatutakoan, baldin eta arrainek eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

12. artikulua. Ontzitik edo flotazioko beste sistema batzuetatik arrantzatzea.

1. Nafarroako ur kontinental nabigagarrietan baizik ezin da egin arrantzan ontzitik, ibai-arroaren ardura duen erakundeak ezarritako arau eta baldintzei jarraikiz.

2. Zilegi da bainatzeko osagarriak diren flotazio baliabide edo tresnekin (ahateak edo katamaran-ahatea) arrantzan egitea jabari publiko hidraulikoko eremuetan, haietan bainatzea debekatua ez badago.

3. Oro har arrantzarako debekua duten tokiez gain, honako toki hauetan ere debeku da ontzitik arrantzatzea, bai eta bainatzeko osagarriak diren flotazio bitartekoekin arrantzatzea ere (ahateak edo katamaran-ahatea):

–Ebro ibaia: Soto de las Norias lekune naturalaren (EN-11) goiko mugatik hasi eta ibaian behera Soto de la Mejana lekune naturalaren beheko mugara arteko ibai tartean (Soto de Traslapuente lekune naturala barne): ezin izanen da halakorik erabili martxoaren 1etik uztailaren 31ra.

–Pulguerko idoia (RN-35).

–El Cardeteko idoia.

–Corellako urmaela.

–Valdelafuenteko idoia, Tutera

–Las Estanquillasko idoia, Cintruenigo.

–Cintruenigoko urmaela.

–Arradako aintzira.

–Allozko urtegia: ertzetik 50 metrotik behera dauden tarteetan, Lerateko, Hiriberri Deierriko eta Ugarko bainu-eremuetan. Debekatua dago ekainaren 1etik irailaren 30era arte.

13. artikulua. Arrainak eduki, garraiatu eta merkaturatzea.

1. Arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honetan ezarritakoarekin bat, debekualdiak dirauen bitartean, debekatua dago debekuan diren espezieak eduki, garraiatu, merkaturatu eta jatea, legez arrantzatua dela frogatzen duen dokumentazioa ez baldin badute aldean.

2. Debekatua dago arrantzatutako arrainak merkaturatzea, espeziea edozein dela ere.

3. Zilegi da arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honen arabera arrantzatzen ahal diren espezie exotiko inbaditzaileen aleak eduki eta garraiatzea, arrainak hilik badaude eta desagerrarazteko toki egoki batean uzteko asmoz edo autokontsumorako harrapatzen badira. Arrantzatu ezin diren espezieen kasuan, arrainak garraiatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, desagerrarazteko.

14. artikulua. Salbuespenezko neurriak.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, salbuespen gisa, arrantza-denboraldiak eteten ahalko dira, ingurumeneko baldintzek arrain populazioak arrisku larrian jartzen badituzte edo departamentuak kudeaketa-errekerimendu teknikoak eginez gero.

II. KAPITULUA.–ARRANTZARAKO ESPEZIEAK

15. artikulua. Amuarrain arruntaren arrantza.

1. Salmonidoen goiko eremuan:

a) Salmonidoen goiko eremuan arrantzatu ahal izateko, Nafarroako arrantza-baimena izateaz gainera, beharrezkoa da eguneko baimen berezia izatea, pertsonala eta besterenezina. Baimena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emanen du, Internet edo telefono bidez. Arrantza naturaleko barrutietan arrantzatzeko, baimenaren ordez, kasuan kasuko ehiza-barrutiaren pasea eduki beharko da, zeina Internet bidez edo sozietate administratzaileen bidez lortuko baita.

b) Salmonidoen goiko eremurako arrantza-denboraldian eta arraina harrapatu eta askatzeko modalitatean bakarrik, 16 urtetik beherakoek ez dute baimen hori atera beharko hiriguneen barreneko ibai tarteetan arrantzatzeko, betiere debekaturik ez dauden arroetan. Hiriguneko tarteetan debekua ezarria duten arro irekietan, tarte horietan debekua errespetatu beharko da.

c) 10 baimen emanen dira arrantzale eta denboraldi bakoitzeko; baimen guztiak harrapatu eta askatzeko modalitaterako izanen dira.

d) Arrantzaleak arrantza-egunetan lortzen dituen arrainen berri eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, dela Interneteko inkestak betez, dela behar bezala betetako baimenak postaz itzuliz.

e) Zonifikazioa: zilegi da salmonidoen goiko eremuko arro eta barruti hauetan arrantzatzea; gainerako arroetan debekatua egonen da:

I.–Oria-Urumea.

II.–Baztan-Bidasoa.

III.–Ega-Urederra: Zudairiko arrantza naturaleko barrutian bakarrik.

IV.–Arga-Ultzama: Eugiko arrantza naturaleko barrutian bakarrik.

f) Arrantza-denboraldia: maiatzaren 1etik ekainaren 30era. Arrantza-egunak: asteko egun guztiak, jaiegun ez diren astearteak izan ezik.

g) Neurria: ez da bidezkoa.

h) Kupoa: ez da bidezkoa.

i) Tresnak: kanabera baizik ez da onartuko, eta bat bakarra arrantzalearen eskura; ordezko bat eraman daiteke, aparailua muntatua duela.

j) Amuak eta aparailuak: Salmonidoen goiko eremuan ez da zilegi inolako garrangadun amurik erabiltzea. Apeu artifizialekin soilik arrantzatzen ahalko da, aparailu bakoitzeko gehienez ere hiru apeu artifizial erabiliz, eta horietako bakoitzean amu bakun bat. Arrantza-koilaran, arrain artifizialetan, biniloetan eta abarretan, amu bakun bakar bat jartzen ahalko da.

2. Salmonidoen eremu mistoan:

a) Arrantza-denboraldia:

I.–Oro har, apirilaren 1etik uztailaren 31ra arte.

II.–Irati ibaiaren, Itoizko urtegiaren eta Nagore aldeko tartean, zeina salmonidoen eremu mistoan sartua baitago, abuztuaren 1etik irailaren 30era bitartean, harrapatu eta askatzeko modalitatean bakarrik arrantzatzen ahalko da.

III.–Amuarrainen arrantza intentsiboko barrutiak, otsailaren 1etik azaroaren 30era.

b) Arrantza-egunak: asteko egun guztiak, jaiegun ez diren astearteak izan ezik.

c) Tresnak: kanabera baizik ez da onartuko, eta bat bakarra arrantzalearen eskura; ordezko bat eraman daiteke, aparailua muntatua duela.

d) Amuak eta aparailuak: oro har, apeu artifizialekin bakarrik arrantzatzen ahalko da, aparailu bakoitzeko gehienez ere hiru apeu artifizial erabiliz, bakoitzak amu bakun bat duela. Arrantza-koilaran, arrain artifizialetan, biniloetan eta abarretan, amu bakun bakar bat jartzen ahalko da. Harrapatu eta eramateko arrantzarako tarteetan, ikusi dagokion atala.

e) Harrapatu eta eramateko arrantzarako tarteak:

I.–Neurriak: 20 zentimetro gutxienez eta 35 zentimetro gehienez. Arrantza intentsiboko barrutietan, ikusi dagokion atala.

II.–Kupoa: 2 amuarrain, arrantzale eta eguneko. Egun horretan harrapatu eta eramateko kupoa bete duen arrantzaleak ezin izanen du jarraitu beste modalitate batean arrantzatzen.

III.–Amuak eta aparailuak: beita naturalak erabil daitezke, aparailu bakoitzeko gehienez hiru apeu artifizial erabiliz, bakoitzak amua bakun bat duela. Arrain-koilarek, arrain artifizialek, biniloek eta horrelakoek amu bakun bat izan dezakete, ez besterik, salbu eta arrantza intentsiboko barrutietan, non zilegi baita aparailu bakoitzeko atxamarta bat erabiltzea.

3. Ziprinidoen eremuan:

Arrantzan egitea baimentzen da, eremu horretarako muga orokorrak kontuan hartuta.

Eremu horretako arrantza barrutietan, amuarraina arrantzatzeko, hari dagokion arrantza kudeatzeko plan teknikoari jarraituko zaio.

16. artikulua. Barboaren, tenkaren, ezkailuaren eta zarboaren arrantza.

a) Zonifikazioa eta arrantza-denboraldia:

–Ziprinidoen eremuan, espezie horiek urte osoan arrantzatzen ahal dira.

–Salmonidoen eremuan, amuarrainaren arrantzarako denboraldi berean harrapatzen ahalko dira. Ez da zilegi zarboa harrapatzea Kantauriko arroetan.

b) Neurria: ez da bidezkoa.

c) Kupoa: ez da bidezkoa.

d) Tresnak: arrantzale bakoitzak bi kanabera izaten ahalko ditu eskura, gehienez ere, ziprinidoen eremuko ur eta ibaietan. Salmonidoen eremuan kanabera bakar bat izaten ahalko da arrantzalearen eskura; ordezko bat eraman daiteke, aparailua muntatua duela.

17. artikulua. Karpa txikien eta arrain exotiko inbaditzaileen arrantza: karpa, perka amerikarra edo black-bass izenekoa, lutxoa, alburnoa, silurua, arrain katua eta ortzadar-amuarraina.

a) Zonifikazioa: ziprinidoen eremuan bakarrik da zilegi arrantza. Gainera, perka amerikarra edo black-bass delakoa Itoizko urtegian arrantzatzen ahalko da, urtegi horretan amuarraina arrantzatzeko baimendutako data eta baldintza berberetan. Zonifikazio horrek abenduaren 13ko 42/2007 Legea indarrean jarri aurretik espezie exotiko inbaditzaile horiek zuten banaketa jasotzen du, 64.ter.artikuluaren 1 eta 2 zenbakietan xedatutakoaren arabera.

b) Arrantza-denboraldia: espezie horiek urte osoan arrantza daitezke.

c) Neurriak eta kupoa: ez dago inolako debekurik arrainen neurriari edo harrapakinen kopuruari dagokionez.

d) Tresnak: arrantzale bakoitzak bi kanabera izaten ahalko ditu eskura, gehienez ere.

e) Arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honen 6. eta 13. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

f) Ziprinidoen eremuan dauden arrantzarako kirol guneetan, egun osoan arrantzatzeko (gaueko ordutegia barne), entrenamendu fasean dauden arrantzaleei baimena emanen zaie aldi baterako aterpeak jartzeko (bivvy-ak), Nafarroako Arrantza Federazioan federatuak daudela egiaztatzen badute.

18. artikulua. Karramarro exotiko inbaditzaileen arrantza: paduretako karramarroa eta karramarro seinaleduna.

a) Zonifikazioa: zilegi da karramarroa harrapatzea ibai eta tarte hauetan:

–Ebro ibaia: ibilgu nagusian, eta Lodosatik Arnedorako errepide nazionaleko zubitik ibaian behera ura Ebron isurtzen duten ibaiadarretan; eta ibai horrek zeharkatzen dituen udalerri guztietako ureztatzeko erreten eta ubideetan.

–Ega ibaia: ibilgu guztian eta adarretan, Alloko zentraletik Ebro ibaiarekin bat egin arte, ureztatzeko erreten eta ubideak barne direla.

–Arga ibaia: ibilgu guztian eta adar guztietan, Larragako zubitik Aragoi ibaiarekin bat egin arte, ureztatzeko erretenak, ubideak eta uharkak barne direla.

–Zidakos ibaia: ibilgu guztian eta eskuinaldeko adarretan, ureztatzeko ubide eta erretenak barne, Puiuko eta Tafallako mugatik Aragoi ibaiarekin bat egin arte.

–Aragoi ibaia: ibilgu osoan eta ezkerraldeko adarretan Galipentzuko Arribako presatik ibaian behera Zarrakazteluko mugaraino, eta Galipentzu eta Zarrakaztelu arteko mugatik behera dauden ur guztietan Ebro ibaiarekin bat egin arte, ureztatzeko ubide eta erretenak barne direla.

Barnean gelditzen da idoi, aintzira eta urtegietan egiten den arrantza, hura zilegi den ibai tarte edo adarren arroetan, ur-masa hauetan izan ezik:

–Salobreko edo Las Cañasko urtegia (RN-20 ).

–Juncaleko aintzira (RN-23).

–Pitillasko aintzira (RN-27).

–Agua Saladako idoia (RN-34).

–Pulguerko idoia (RN-35).

–Dos Reinosko aintzira (EN-13).

–Valdelafuenteko idoia.

–El Cardeteko idoia (ez da zilegi arrantzan egitea idoiaren mendebaldean).

–Nafarroako ubidea, bai eta ubidearen erregulazio idoi guztiak ere.

Halaber, baimentzen da espezie horiek arrantzatzea karramarro exotikoak kontrolatzeko tarte guztietan, zeinak 25. artikuluan aipatzen baitira, tarte horietarako onetsitako kudeaketa-plan teknikoetan eta arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honetan ezarritako mugekin.

Ur haietatik kanpora, debekatua dago karramarroa harrapatzea.

b) Arrantza-denboraldia: karramarroa urte osoan harrapatzen ahalko da, karramarro exotikoen kontrol tarteetan salbu. Tarte horietan, arrantza-denboraldia 25. artikuluan ezarritakoa izanen da.

c) Neurriak eta kupoa: ez dago mugarik, ez kupoan, ez tamainan.

d) Tresnak: karramarroa sare-saskiz baizik ezin da harrapatu. Arrantzale bakoitzak gehienez ere zortzi sare-saski erabil ditzake. Sare-saski bakoitzean etiketa jarriko da eta bertan arrantzalearen izena, bi deitura, arrantzako baimenaren zenbakia eta arrantzalearen telefono zenbakia.

e) Harrapatutakoak berehala hil beharko dira, bertantxe, arrantza egiteko tokitik alde egin baino lehen.

f) Ordutegia, hilabetearen arabera:

–Martxoan eta apirilean: 07:00etatik 21:30era.

–Maiatzean, ekainean eta uztailean: 06:30etik 22:00etara.

–Abuztuan, irailean eta urrian: 07:00etatik 21:30era.

Urteko gainerako egunetan, eguzkia atera baino ordu bat lehenago hasten ahal da, eta sartu ondotik ordu bat pasatzen denean utzi beharko da.

III. KAPITULUA.–ARAUBIDE BEREZIKO URAK

19. artikulua. Aldi baterako debeku tarteak.

Aldi baterako, debekatua dago arrantzan egitea xedapen honen I. eranskinean adierazitako ibai tarteetan eta ur-masetan, babestu beharrekoak direlako.

20. artikulua. Harrapatu eta eramateko arrantzako urak.

1. Salmonidoen goiko eremuan ez da harrapatu eta eramateko arrantzako urik aurreikusten:

2. Salmonidoen eremu mistoan, honako hauek dira harrapatu eta eramateko arrantzako urak:

–Eska ibaia: Burgiko presatik Aragoiko mugaraino. Luzera: 2,6 km.

–Zaraitzu ibaia: Ustaizeko errotako presatik NA-2112 errepideak Aizpurgin duen zubiraino. Luzera: 10,9 km.

–Irati ibaia: Arripodas-Irunberrin dagoen Bijuesko presatik (San Antonio irin-fabrika) Aragoi ibaiarekin bat egiten duen lekuraino. Luzera: 12,4 km.

–Aragoi ibaia: Esako arrantza intentsiborako barrutia, Aragoi ibaian. Luzera: 3,2 km.

–Aragoi ibaia: Irati ibaiarekin elkartzen den tokitik Zangozako zubi metalikoraino (Los Pozancosko tartean izan ezik, debekatua baitago). Luzera: 1,9 km.

–Erro ibaia: NA-150 errepideko zubitik (Urrotz-Hiria) Billabetako ur-emaria neurtzeko estazioraino. Luzera: 5,7 km.

–Arga ibaia: Uharteko arrantza intentsiborako barrutia, Arga ibaian, Irozko errepideko zubitik Zokorenako (Uharte) presara bitarteko sektorea. Luzera: 3,7 km.

–Ultzama ibaia: Eltzarrain ibaiarekin elkartzen den tokitik hasi eta, NA-4213 errepideak Enderitzen (herrigunearen bukaeran) duen zubia igaro ondoren, ibaian behera 400 metro egin arte. Luzera: 1,6 km.

–Arakil ibaia: Etxarri Aranazko errotako presatik Lakuntzako hirigunearen ondoan dagoen zubiraino: Luzera: 5,6 km.

–Arakil ibaia: Arruazuko hirigunearen ondoan dagoen zubitik Uharte-Arakilgo Erdi Aroko zubiraino: Luzera: 4,3 km.

–Arakil ibaia: Errozko errotako presatik trenbideko lehenengo zubiraino (Oskia ondoan): Luzera: 1,6 km.

–Arakil ibaia: NA-7020 errepideak Anotzen duen zubitik NA-7063 errepideak Egillorren duen zubiraino. Luzera: 3,4 km.

–Ega ibaia: kiroldegiko zubitik edo trenbidetik Lizarrako Saltos del Ega presaraino: Luzera: 2,8 km.

–Ega ibaia: Arintzanoko arrantza intentsiborako barrutia, Ega ibaian. Luzera: 8,1 km.

3. Ziprinidoen eremuan ez da harrapatu eta eramateko arrantzako tarterik aurreikusten.

21. artikulua. Arrantzan ikasteko eskola eta jaurtiketa-praktiketarako eremua.

1. Arrantzan ikasteko eskola Donezteben egonen da, Ezkurra ibaian, hain zuzen ere, Ezkurra ibaiaren eta Ezpelura ibaiaren zubietatik Bidasoa ibairaino.

2. Nafarroako Arrantza Federazioak, arrantzaleen elkarteek, toki entitateek edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sustatzen dituzten hezkuntza jardueretarako baizik ez da erabiliko, arraina harrapatu eta askatzeko arrantza mota eginez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren baimena badute.

3. Eremu bat ezartzen da euliaren jaurtiketa simulatua praktikatzeko Bidasoa ibaian, Zia errekaren bukaeraren eta Berako San Martin presa zaharraren eraikinaren artean. Apirilaren 1etik urriaren 31ra bitarte erabiltzen ahalko da eremu hori. Erabilitako aparailuek ezin izanen dute inola ere arrainak harrapatzeko amurik edo gailurik izan.

22. artikulua. Arrantzarako kirol guneak.

1. Hona hemen arrantzarako kirol guneak salmonidoen goiko eremuan:

–Bertizarana-Bidasoa ibaia: Bertizko zubitik Bidasoak Donezteben Ezkurra ibaiarekin bat egiten duen tokiraino. Luzera: 5,6 km.

–Baztan-Bidasoa ibaia: Erratzuko zubitik NA-8307 errepideak Elbeten duen zubiraino. Luzera: 8,3 km.

–Aribe-Irati ibaia: Hiriberri Aezkoako errota zaharreko presatik Esklusa azpiko presaraino (Aribe). Luzera: 4,1 km.

–Artzibar-Urrobi ibaia: Arrañosin eta Xuringoa erreken elkargunetik, Aurizberriko kanpinaren ondoan, errepideak Urrobi ibaiaren gainean duen zubiraino, Arrietan. Luzera: 7 km.

–Larraingoa-Erro ibaia: Tarteko zubitik NA-2330 errepideko zubiraino, Ardaitzera doan NA-2331 errepidearekiko bidegurutzetik ibaian behera. Luzera: 4,0 km.

–Kintoa-Arga ibaia/Olazar: Olazar errekako Urtzelgo plazuelatik Sasoaran errekarekin bat egin arte. Luzera: 5,9 km.

2. Hona hemen arrantzarako kirol guneak ziprinidoen eremuan:

–Plazaola-Arga ibaia: Arrotxapeko zubitik Cuatro Vientos zubiraino, Iruñean. Luzera: 1,0 km.

–Hodien oinzubia-Arga ibaia: Cuatro Vientos zubitik Biurdanako presa eta errotaraino, Iruñean. Luzera: 1,0 km. Kanpoan utzita ibai ertzeko tarte hormigoiztatua, Biurdanako presatik ibaian gora eskuinaldean dagoena, eremu hori arrantza sustatzeko gune gisa erabiliko baita.

–Morea-Moreako idoia, Beriainen: idoiaren iparraldeko muturretik (industrialde ondoan) eta mendebaldeko bazterretik jarraituz (dikearen parean) hegoaldeko muturreraino, oinezkoen bidean barna. Luzera: 1,1 km.

–Panueva-Zidakos ibaia: Panueva zubitik San Martin Unxera doan NA-132 errepideko zubiraino, Tafallan. Luzera: 1,2 km.

–Soto del Churri-Azkoiengo idoia: Santa Eulalia lekunearen hegoaldean dagoen idoia, Argaren lehengo ibilguaren beheko tartea, 260 metrokoa. Perimetroa: 0,6 km.

–Arradako aintzira, Arrada. Perimetroa: 1,1 km.

–El Vergal-Ega ibaia: Andosillako irin-errotako edo San Adrián irin-fabrikako presatik Azagrako ureztapen-presaraino San Adrianen. Luzera: 3,9 km.

–Gobella-Ebro ibaia: Alcanadreko errepideak Lodosan duen zubitik Electra Sartagudaren presaraino. Luzera: 3,6 km.

–El Marinal-Ebro ibaia: Soto de Resa hasten den tokitik San Adriango zubi zaharreraino, ezkerreko bazterra. Luzera: 11,8 km.

–La Barca-Ebro ibaia: La Barcatik (puntu horretatik 100 metro ibaian gora) Errioxako mugaraino (Azagrako La Boletan), ezkerreko bazterra. Luzera: 2,9 km.

–Campiel-Ebro ibaia: Campielgo amildegietatik Machinen presaraino, Azagran, ezkerreko bazterra. Luzera: 1,5 km.

–Barca Vieja-Ebro ibaia: Tuterako zubitik ibaian behera (NA-8703 errepidea) Soto de Barca Vieja bukatzen den tokiraino, Tuteran, ezkerreko bazterra. Luzera: 0,9 km.

–La Peñica-Ebro ibaia: Tuterako zubitik (NA-8703 errepidea) ibaian behera El Prado pasealekua bukatzen den tokiraino, eskuineko bazterra. Luzera: 1,1 km.

–Valdelafuente-Valdelafuenteko idoia: Valdelafuenteko erreka-zuloaren eskuineko bazterra, Tuteran. Luzera: 0,3 km.

–Barcelosa-Barcelosako urtegia, Tuteran. Perimetroa: 1,6 km.

–Rinuevo-Rinuevo Altoko idoia, Cascanten. Perimetroa: 0,4 km.

–La Estanca-La Estanca idoia, Corellan: idoi osoa, hego-mendebaldeko ur bazter hau izan ezik: Unica lantegiko uhatearen ondoko postutik hegaztien behatokitik hurbil dagoen posturaino. Perimetroa: 1,4 km.

–La Estanquilla-La Estanquillako idoia, Corellan. Perimetroa: 1,6 km.

–Las Estanquillasko idoia edo edateko urarena, Cintruenigon. Perimetroa: 1,6 km.

–Castejongo idoia, Castejonen. Perimetroa: 0,5 km.

3. Salbuespen gisa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak arrantzarako oro har aldi baterako debekatuak dauden ibai tarteak baimentzen ahalko ditu kirol gune gisa erabiltzeko, baldin eta Nafarroako Arrantza Federazioak ekitaldi horiek Nafarroako txapelketa gisa sailkatuak baditu.

IV. KAPITULUA.–ARRANTZA BARRUTIAK

23. artikulua. Arrantza barrutietako arrantzaren gaineko alderdi komunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean araututako tarifa murriztuaz honako hauek baliatzen ahalko dira: 65 urtetik gorako edo 16 urtetik beherako pertsona fisikoak, federatuak badaude, eta ongintzako elkarteek antolatutako jardueretan parte hartzen duten beste pertsona talde batzuk.

2. Barrutiaren barreneko edo barrutiarekin muga duten udalerri edo kontzejuetako herritarrak hartuko dira bertakotzat, baita ibaiko salmonidoen tartean dauden sozietate federatuetako kideak ere.

3. Arrantza intentsiborako barrutietan, asteazkenetan 65 urtez goitikoek, 16 urtez beheitikoek eta arrantzale federatuek izanen dute lehentasuna.

4. Sozietate administratzaileek aparkatzeko guneak jarriko dituzte eta barrutietako arrantzaleek derrigor erabili beharko dituzte.

24. artikulua. Amuarrainen arrantza barrutiak.

2024. urterako, ondoan aipatzen diren ibai tarteak eta ur masak amuarrainen arrantza barruti izanen dira:

a) Arrantza naturaleko barrutiak.

–Arrantza-denboraldia bi sektoreetan: maiatzaren 1etik ekainaren 30era, biak barne. Debekatua dago jaiegun ez diren astearteetan arrantzan aritzea.

I) Eugiko arrantza naturaleko barrutia, Arga ibaian.

Eugiko urtegiko presatik ibaian behera dagoen neurketa-estaziotik (Eugi) Zubiriko burdinazko zubirainoko sektorea (Saigots). Luzera: 6,3 km.

–Arrantza barrutiaren tarteak:

I.–Harrapatu eta askatzeko tartea: barruti osoa.

–Baimenen gehieneko kopurua eguneko (harrapatu eta askatzeko bakarrik): astegunetan 5 baimen eta asteburuetan 8 baimen.

–Modalitatea: soilik harrapatu eta askatzea.

II) Zudairiko arrantza naturaleko barrutia, Urederra ibaian.

Bakedaoko zubitik (Bakedao) San Fausto zentralaren Intzurako presarainoko sektorea (Artabia). Luzera: 7,5 km.

–Arrantza barrutiaren tarteak:

–Harrapatu eta askatzeko tartea: barruti osoa. Baimenen gehieneko kopurua eguneko (harrapatu eta askatzeko bakarrik): astegunetan 4 baimen eta asteburuetan 6 baimen.

b) Arrantza intentsiborako barrutiak.

–Arrantza-denboraldia: otsailaren 1etik azaroaren 30era. Debekatua dago jaiegun ez diren astearteetan arrantzan aritzea.

–Harrapatu eta eramateko arrantzarako ibai-tarteetako mugak:

  • Gehieneko kopurua: 5 amuarrain, arrantzale eta eguneko.
  • Neurriak: 20 zentimetro gutxienez eta 35 zentimetro gehienez. 55 zentimetrotik gorako aleak harrapatzen ahalko dira.

I) Uharteko arrantza intentsiborako barrutia, Arga ibaian.

Akerretako zubiaren (Akerreta) eta Zokorenako presaren (Uharte) arteko sektorea. Luzera: 8,4 km.

–Arrantza barrutiaren tarteak:

I.–Harrapatu eta askatzeko tartea: Akerretako zubiaren (Akerreta) eta Irozko errepideko zubiaren arteko sektorea. Luzera: 4,7 km.

II.–Harrapatu eta askatzeko tartea: Irozko errepideko zubiaren eta Zokorena (Uharte) presaren arteko sektorea. Luzera: 3,7 km.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 23 pase arrunt eta 2 bertako arrantzaleentzat lanegunetan, eta 40 pase arrunt larunbat, igande eta jaiegunetan.

II) Arintzanoko arrantza intentsiborako barrutia, Ega ibaian.

Arintzanoko zubiaren (Arintzano) eta Deikazteluko zentraleko presaren (Deikaztelu) arteko sektorea. Luzera: 8,1 km.

–Arrantza barrutiaren tarteak:

I.–Harrapatu eta eramateko arrantzarako tartea: barruti osoa.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 23 pase arrunt eta 2 pase bertako arrantzaleentzat lanegunetan, eta 45 pase arrunt eta 5 bertakoentzat larunbat, igande eta jaiegunetan.

III) Esako arrantza intentsiborako barrutia, Aragoi ibaian.

Rincón del Royotik (Esako urtegiko gainezkabidetik 500 metro ibaian behera) "itoaren harria" deitutako tokirainoko sektorea, Esako arrain-haztegitik 150 metro ibaian behera. Luzera: 3,2 km.

–Arrantza barrutiaren tarteak:

I.–Harrapatu eta eramateko arrantzarako tartea: barruti osoa.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 25 pase arrunt lanegunetan, eta 45 pase arrunt, larunbat, igande eta jaiegunetan.

V. KAPITULUA.–ESPEZIE EXOTIKOEN KONTROL TARTEAK

25. artikulua. Karramarro exotikoen kontrol tarteak.

1. 2024. urterako, ondoan aipatzen diren ibai tarteak eta ur masak izanen dira karramarro exotikoen kontrol tarteak, baldintza hauekin:

a) Karramarro exotikoen Asiaingo kontrol tartea, Arakil ibaian.

–Tokia: Irurtzunen Larraun ibaiarekin bat egiten duen tokitik Asiaingo hodien zubirainoko sektorea. Luzera: 11,5 km.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 30 pase arrunt.

b) Karramarro exotikoen Egako kontrol tartea, Ega ibaian.

–Tokia: Arabako mugatik (Zuñiga) Alloko zentralerainoko sektorea. Luzera: 54,3 km.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 90 pase arrunt.

c) Karramarro exotikoen Uharteko kontrol tartea, Arga ibaian.

–Tokia: Akerretako zubitik Uharteko Zokorena presarainoko sektorea. Luzera: 8,4 km.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 30 pase arrunt.

d) Karramarro exotikoen Esako kontrol tartea, Aragoi ibaian.

–Tokia: Rincón del Royotik (Esako urtegiko gainezkabidetik 500 metro ibaian behera), Zangozako I. Zentraleko presarainoko sektorea. Luzera: 9,6 km.

Paseen gehieneko kopurua eguneko: 30 pase arrunt.

e) Karramarro exotikoen Soraurengo kontrol tartea, Ultzama ibaian.

–Tokia: Eltzarrain eta Ultzama ibaien arteko elkargunetik Azotzera doan NA-4251 errepideko zubirainoko sektorea. Luzera: 9,24 km.

Paseen gehieneko kopurua eguneko: 30 pase arrunt.

2. Karramarro exotikoen kontrol tarteetarako arau komunak.

–Harrapatu nahi diren espezieak: karramarro seinaleduna eta paduretako karramarroa.

–Aparailuak: arrantzale bakoitzak bost sare-saski erabiltzen ahal ditu gehienez ere. Sare-saski bakoitzean etiketa jarriko da eta bertan arrantzalearen izena, deiturak eta nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen zenbakia.

–Kupoa: ez dago gehieneko kuporik.

–Neurriak: ez da finkatu harrapatutakoaren gutxieneko neurririk.

–Arrantza-denboraldia: ekainaren 15etik urriaren 15era arte, asteko egun guztietan, jaiegun ez diren astearteetan izan ezik.

–Ordutegia: 16:00etatik 21:00etara.

VI. KAPITULUA.–ARRANTZAKO KIROL LEHIAKETAK

26. artikulua. Arrantzako kirol lehiaketak.

1. Honako hau jotzen da arrantzako kirol lehiaketatzat: Nafarroako Arrantza Federazioaren lehiaketa erregelamenduak arautzen duen edozein proba, federazioaren babespean edo gainbegiradapean egiten dena eta federazioaren egutegi ofizialean sartua dagoena.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimenduko ditu Nafarroako Arrantza Federazioak sustatutako edo babestutako kirol lehiaketak.

3. Kirol lehiaketek Nafarroako Arrantza Federazioaren arauei jarraituko diete, betiere arrantza-debekuei buruzko xedapen hauetan ezarritakoarekin bat.

27. artikulua. Kirol lehiaketetan egiten den arrantzaren espezialitateak.

1. Kirol lehiaketetan eta federatutako arrantzaleen entrenamenduetan egiten den arrantzak bat etorri beharko du arrantza-debekuei buruzko xedapen honetan xedatutakoarekin, berezitasun hauekin:

–Parte-hartzaileek beste kanabera batzuk izaten ahal dituzte muntaturik, une bakoitzean erabiltzen ari direnaz gain.

–Beita botatzea baimenduta dago.

–Carp Fishing modalitatean, arrantzarako ordutegia lehiaketarako ezarritakoa izanen da.

–Barboak eta tenkak neurririk eta kuporik gabe harrapatzen ahalko dira, eta uretara itzuliko dira lehiaketa edo entrenamendu fasea bukatutakoan; horretarako, sare-saskiak edo vivariumak erabiltzen ahalko dira.

2. Arrantzako kirol lehiaketak egiten diren egunetan, lehiaketatik kanpoko arrantzaleek ezin izanen dute arrantzarik egin tarte horretan. Lehiaketen egutegia departamentuaren webgunean argitaratuko da: https://www.navarra.es/eu/ingurumena/arrantza-egitea.

3. Espezie exotiko inbaditzaileak hiltzeari dagokionez, arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honetan xedatutakoa aplikatuko da kirol probaren bukaeran.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Presetatik hurbil arrantzatzea.

Arrantzan egiteari dagokionez, honako hauek hartzen dira presatzat: ibilguan zeharka jarriak dauden oztopo artifizialak, arrantza egiteko unean metro batetik gorako altuera dutenak beren gailurretik presaren behealdean dagoen uraren gainazalera.

Bigarren xedapen gehigarria.–Zebra muskuiluaren kontrola.

Nafarroako Foru Komunitateko ur masetan zebra muskuiluaren (Dreissena polymorpha) ondoriozko infekzioa prebenitzeko eta zabal dadila saihesteko, arrantza tresnak kontu handiz garbitu eta lehortu beharko dira, baita konfederazio hidrogafikoek ezartzen dituzten arau guztiak bete ere.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Feltrozko zolak erabiltzeko debekua.

Didymo edo harriko mukia izeneko alga inbaditzailea (Didymosphenia geminata) Nafarroako uretan ugal ez dadin, debekatzen dira euskarri gisa feltrozko zola duten galtza-botak edo edozein oinetako, Nafarroan arrantzatzeko.

Laugarren xedapen gehigarria.

Urte naturala bukatu ondoren, aurreko urtean onetsitako araudiak arautuko du arrantza, harik eta kasuan kasuko urteko arrantza-debekuei buruzko xedapen orokorra onesten duen hurrengo foru agindua argitaratu arte.

Lehen xedapen iragankorra.

Bat etorriz Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko 21/2023 Foru Legearen bigarren xedapen iragankorrarekin, non arautzen baita arrantza-aparailuetan berunaren erabilera, debekatua dago pisuan %1eko edo gehiagoko berun-kontzentrazioa (metalean adierazia) duten aparailuak erabiltzea 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Azken xedapena.

2024. urteko arrantza-debekuei buruzko xedapen orokorrak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA.–ALDI BATERAKO DEBEKUAK

1. Aintzirak, urtegiak eta ubideak:

Honako hauek dira arrantzan egitea erabat debekatua daukaten urtegiak, aurkakoa adierazten ez den bitartean:

–Salobreko edo Las Cañasko urtegia (RN-20 natura-erreserba). 36/2016 Foru Dekretua.

–Juncaleko aintzira (RN-23 natura-erreserba). 50/2016 Foru Dekretua.

–Pitillasko aintzira (RN-27 natura-erreserba). 109/2016 Foru Dekretua.

–Pulguerko idoia (RN-35 natura-erreserba): debekatua dago eremu osoan, salbu eta espresuki adierazitako tokietan, hau da, diketik eta kanaberarekin. 108/2016 Foru Dekretua.

–Agua Saladako idoia (RN-34 natura-erreserba).

–Escuderako putzua (EN-8 lekune naturala eta lekune naturalean sartzen ez den eremua), Alesbes. 107/2016 Foru Dekretua.

–Dos Reinos idoia (EN-13 lekune naturala): debekatua dago eremu osoan.

–Eugiko urtegia: debekatua dago itxitura duen inguru osoan, eta Arga ibaiak Sasoaran errekarekin bat egiten duen tokitik behera.

–Mairagako urtegia: debekatua dago itxitura duen inguru osoan.

–Artikutzako urtegia.

–Añarbeko urtegia.

–Leurtzako urtegiak.

–Urdalurko urtegia.

–Domikoko urtegia.

–Endara/San Antón urtegia.

–Allozko urtegia: honako tarte hauek debekatuak daude:

  • Lerateko, Hiriberri Deierriko eta Ugarko bainu-eremuak, ekainaren 1etik irailaren 30era.
  • Urtegiaren atzealdean dagoen tarte bat, Estenotzen errekastoak urtegiarekin bat egiten duen tokitik uretan gora.

–Nafarroako ubidea: erabat debekatua dago, baita ubidearen erregulazio idoi guztietan ere (Billabeta, Elo eta Artaxoa).

–Valdelafuenteko idoia: debekatua dago ezkerralde osoan, erreka-zuloaren sarreratik Lodosako ubidearekin elkartzen den tokiraino.

–Lotzako idoia eta Itzako putzua.

–La Mueda idoia.

–Ezkorizko idoia (Zolina-Badostain).

–Corellako urmaela: hego-mendebaldeko bazterreko tarte bat, Unica lantegiko uhatetik hegaztiak behatzeko etxolaraino.

2. Ibai tarteak:

–Irati ibaiaren arroa:

  • Irati ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, urtegiko Orotz-Beteluko atzealdeko presatik gora.
  • Irati ibaia: Itoizko urtegiko presatik hasita presara sartzeko zubiraino.
  • Urrobi ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, NA-2040 errepideko Artzeko zubitik gora. Erro ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Urrotz-Hirian dagoen Electra Urrozko presatik gora.
  • Areta ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Irurozkiko errotako presako zubitik gora.

–Aragoi ibaiaren arroa:

  • Aragoi ibaia: Esako presaren gainezkabidetik hasita 500 metroko tartea ibaian behera, Rincón del Royoraino.
  • Aragoi ibaia: Zangozako presatik hasita Zangozako zentralaren irteerako ubidearen bukaeraraino (Los Pozancos).
  • Aragoi ibaia: Galipentzuko Haitzuloko zentralaren presatik gora 50 metrora dagoen lekutik hasita, zentralaren ubideak ura ibilgu nagusira isurtzen duen punturaino.
  • Ezka ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Burgiko presatik gora, bai eta adar guztiak ere presa horretatik behera, Aragoiko mugaraino.
  • Zaraitzu ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Ustaizeko errotako presatik gora.

–Arga ibaiaren arroa:

  • Arga ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Larrasoañako errotako presatik gora, Urdaitzen, Eugiko arrantza naturaleko barrutia izan ezik.
  • Arga ibaia: Mañeru eta Garesen artean, Aizpea haitzeko malkarren azpiko tartea. Debekatua dago martxoaren 1etik irailaren 15era arte.

–Utzama ibaiaren arroa.

  • Ultzama ibaia: Ziaurrizko zentraleko presatik gora dauden ibai guztiak eta haien adarrak.
  • Eltzarrain ibaia: Burutaingo arrain-haztegiko presatik gora dauden ibai guztiak eta haien adarrak.

–Arakil ibaiaren arroa.

  • Arakil ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Altsasuko zentraleko presatik gora.
  • Larraun ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Urritzolan Arakil ibaiarekin bat egiten duen tokitik ibaian gora.
  • Basaburua ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Urritzan Larraun ibaiarekin bat egiten duen tokitik ibaian gora.

–Bidasoa ibaiaren arroa:

  • Baztan-Bidasoa ibaia: Giltxaurdiko zubiaren eta Opokako presaren arteko tartea, Elizondon.
  • Bidasoa ibaia. Banaketa ubideak: debekatua dago Bidasoa ibaiaren banaketa ubide guztietan arrantza egitea, Bertizko Jaurerriaren (Oronoz-Mugairi) zubitik ibaian behera.
  • Bidasoa ibaia. Izokin tartea: Fundiciones de Berako presatik Nafarroako mugaraino, hots, Endarlatsaraino.
  • Zia ibaia: Santo Kristo zubitik, Illekueta auzoan, Bidasoa ibaiarekin bat egiten duen tokiraino.
  • Tximista ibaia: Landaburuko eta Antsolketako presen arteko tartea.
  • Borda ibaia: Ote kaleko zubitik Albistur kaleko zubiraino, Lesakan.
  • Endara erreka: Gipuzkoarekin muga egiten duen tarte guztia.

–Ega ibaiaren arroa:

  • Ega ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Batángo presatik edo La Harinerako presatik gora, Lizarran.
  • Urederra ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Lizarran Ega ibaiarekin bat egiten duen tokitik ibaian gora, Urederrako arrantza naturaleko barrutia izan ezik.

–Oria-Urumea ibaiaren arroa:

  • Añarbe ibaia: ibai osoa eta bere adarrak Añarbeko presatik gora (urtegia barne).

Iragarkiaren kodea: F2404541