68. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

35/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 27koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan Nazioarteko Batxilergoko irakaskuntzak arautzen dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak –abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatua– eta apirilaren 5eko 243/2022 Errege Dekretuak Batxilergoko antolamendua eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituzte, oinarrizko alderdiei dagokienez. Batxilergoaren xedea da ikasleei prestakuntza, adimen eta giza heldutasuna, ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak eskaintzea, aukera izan dezaten eginkizun sozialak garatzeko eta bizitza aktiboan erantzukizunez eta behar bezalako gaitasunarekin sartzeko. Halaber, etapa honek ahalbidetu behar die ikasleei prestakuntzaren eta lanbidearen arloan etorkizunean ezinbestekoak izanen zaizkien konpetentziak eskuratu eta lortzea, eta goi mailako hezkuntzara sartzeko gaitasuna izatea.

Nafarroako Foru Komunitatean, Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma arautzen dute ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuak eta Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 30eko 79/2022 Foru Aginduak.

Ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuaren 25. artikuluak, laugarren apartatuan, honela dio: "Ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, hainbat alderdi ezartzen ahalko dituzte: esperimentazioak, berrikuntza pedagogikoak, hezkuntza programak, lan planak, antolatzeko moduak, elkarbizitza arauak, eskola-egutegia edo ikasgaien eskola-ordutegia zabaltzea; betiere Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintzetan eginen dute, eta aplikatzekoa den araudiak, baita lanari buruzkoak ere, ahalbidetzen duen neurrian. Edonola ere, horrek ez du inolako diskriminaziorik ekarriko eta gurasoei edo legezko tutoreei ez zaie ekarpenik egin beharra ezarriko, ezta Hezkuntza Departamentuarentzako exijentziarik ere."

Nazioarteko Batxilergoaren helburu nagusia da nazioarteko pentsamoldea duten pertsonak prestatzea, lagun dezaten mundu hobea eta baketsuagoa sortzen, jabeturik gizatasunak batzen gaituela eta guztiok dugula planeta zaintzeko erantzukizuna. Hala bada, Nazioarteko Batxilergoaren Erakundeak (IBO) bere printzipioen adierazpenean ezartzen du helburu duela neska-mutil solidario eta informatuak prestatzea, jakin-mina dutenak, mundu hobea eta baketsuagoa sortzen laguntzeko gai direnak, betiere elkar ulertuz eta kultur arteko errespetua mantenduz. Helburu hori lortzeko, Erakundea lankidetzan aritzen da eskola establezimenduekin, gobernuekin eta nazioarteko erakundeekin, nazioarteko hezkuntza programa zorrotzak eta ebaluazio metodo zehatzak sortu eta garatzeko.

Nazioarteko Batxilergoko diploma 16 eta 19 urte bitarteko gazteentzat da. Ebaluazio metodo zorrotzak dituenez, mundu osoko unibertsitate prestigiodunen aitorpena eta errespetua irabazi du. Horri esker, bada, ikasleek aukera gehiago dituzte unibertsitateko ikasketak beste herrialde batzuetan egiteko.

Nazioarteko Batxilergoko diplomak ez ditu inolaz ere ordezten Espainiako Batxilergoko irakaskuntzak. Nazioarteko Batxilergoko diploma emateko baimena daukaten ikastetxeek, hortaz, uztartu behar dituzte Batxilergoko irakaskuntzak eta Nazioarteko Batxilergoko diploma eskuratzeko aukera ematen dutenak.

Bestalde, apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuak (Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen ditu) lehen xedapen gehigarriko bigarren apartatuan, honela dio: "Foru dekretu honen aplikazio eremutik kanpoko ikasketetako onarpena ikasketa horietako bakoitza arautzen duen oinarrizko legediaren arabera eginen da, bai eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak ezartzen duen berariazko araudiaren arabera ere, halakorik denean".

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da Nazioarteko Batxilergoko irakaskuntzak arautzea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, ikasleek Nazioarteko Batxilergoaren diploma eskura dezaten.

2. artikulua. Nazioarteko Batxilergoaren helburua.

Nazioarteko Batxilergoaren helburu nagusia da nazioarteko pentsamoldea duten pertsonak prestatzea, lagun dezaten mundu hobea eta baketsuagoa sortzen, jabeturik gizaki gisa batasun bat eratzen dutela eta planeta zaintzeko erantzukizun bat partekatzen dutela.

3. artikulua. Nazioarteko Batxilergoko irakaskuntzen egitura.

1. Nazioarteko Batxilergoko modalitate hauek eskaintzen dira:

a) Zientziak eta Teknologia.

b) Giza eta Gizarte Zientziak.

2. Nazioarteko Batxilergoko curriculumak Batxilergoko irakaskuntzek ez bezalako antolamendua du. Nazioarteko Batxilergoko ikasgai guztiak, bai eta ebaluazioari eta titulazioari dagozkien alderdiak ere, ezarriko dira Nazioarteko Batxilergoko Erakundeak Nazioarteko Batxilergoko diplomarako ezarritakoa arauei jarraituz.

3. Nazioarteko Batxilergoko eta Batxilergoko irakaskuntzak bateratu eginen dira, aldi berean egin daitezen. Hala ere, Batxilergoko ikasketen curriculuma, ebaluazioa eta gainerako alderdi guztiak arautuko dira Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzei aplikagarri zaien indarreko araudiaren arabera, kontuan hartuz foru agindu honetan ezartzen diren berezitasunak.

4. Nazioarteko Batxilergoko eta Batxilergoko irakaskuntzak gainditzen dituzten ikasleek Nazioarteko Batxilergoko diploma eta Batxilergoko titulua eskuratuko dituzte, hurrenez hurren.

4. artikulua. Zentroak baimentzea.

1. Titulartasun publikoko ikastetxeek Nazioarteko Batxilergoko Diplomako ikasketak emateko eskaera egiten badute foru agindu hau indarrean jarri ondotik, antolamendu akademikoaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez jasoko dute horretarako baimena.

2. Bi irakaskuntza horiek batera emanen dituzten ikastetxeek betiere bermatuko dute indarreko araudiak ezarritako curriculum autonomikoa betetzen dela eta curriculumen bateratzea egokia dela; eta proposamena igorri beharko diote antolamendu akademikoaren arloan eskumena duen zerbitzuari eta hezkuntzako ikuskapenaren arloan eskumena duen zerbitzuari.

3. Irakaskuntza horiek emateko baimena jasotzen duten ikastetxeek bermatuko dute Nazioarteko Batxilergoko Erakundeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen direla, diplomaren irakaskuntzak modu egokian gara daitezen eta ikasleek Nazioarteko Batxilergoko diploma eskura dezaten.

5. artikulua. Nazioarteko Batxilergoko irakaskuntzen finantzaketa, baimendutako ikastetxe publikoetan.

Ikastetxe publikoek Nazioarteko Batxilergoko diplomaren funtzionamenduak dakartzan gastuak finantzatzeko zenbatekoa jasoko dute, funtzionamendu gastuetarako esleitzen zaizkien bitartekoekin batera, bat etorriz irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuan ezartzen denarekin (Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa arautzen duen foru dekretua).

6. artikulua. Onarpen prozesua eta baremazio irizpideak.

1. Nazioarteko Batxilergoko diplomaren ikasketak egin nahi dituzten ikasleek behar den onarpen prozesuan parte hartuko dute, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak egiteko Nafarroako Foru Komunitatean dauden ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko urtero egiten den deialdiaren barnean, bat etorriz deialdi hori egiteko eta prozesua garatzeko ematen den ebazpenean ezarritakoarekin.

2. Nazioarteko Batxilergoko Diplomako ikasketak egiteko, honako baldintza hauek bete behar dira:

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua izatea.

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu tituluaren batez besteko notan gutxieneko puntuazioa lortzea; Hezkuntza Departamentuak ezarriko du, urtero emanen duen ebazpen horretan; hau da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak egiteko Nafarroako Foru Komunitatean dauden ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozesurako deialdia egiteko eta prozesu hori garatzeko ebazpenean.

3. Ikasleak onartzeko prozesuan honako baremazio irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Helbidea:

a.1.) Ikaslearen bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean badago: 4 puntu.

a.2.) Ikaslearen bizilekua ez badago Nafarroako Foru Komunitatean: 0 puntu.

Agiri bidez egiaztatu beharko da; zehazki, errolda ziurtagiriaren kopia bat aurkeztu beharko da (ikaslea eta, gutxienez, haren guraso edo legezko tutoreetako bat erroldatuta daudela jasotzen duen agiria, hain zuzen), edo, adinez nagusiak diren ikasleen kasuan, horien errolda agiriaren kopia. Halaber, kontuan hartu behar da bizileku berriko altak ezinbestean izan behar duela eskabideak aurkezteko ohiko epea amaitu aurreko data.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu tituluaren batez besteko nota.

4. Berdinketarik badago, irizpide hauek aplikatuko dira, ordena honetan, behar bezala egiaztaturik:

1. Bizilekuaren atalean puntuazio handiagoa izatea.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasketa espedienteko batez besteko nota altuagoa izatea.

Berdinketa hausteko irizpideak hurrenez hurren eta adierazitako ordenan erabiliko dira, berdinketa hautsi arte.

Berdinketak bere horretan badirau, zozketa publikoa eginen da. Zozketa hori ikasleak onartzeko eskumena duen Hezkuntza Departamentuko organoak eginen du.

5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren tituluari dagokion batez besteko nota kalkulatuko da Hezkuntzako Kontseilariaren maiatzaren 4ko 46/2021 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz; foru agindu horren bidez garatzen da Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak egiteko Nafarroako Foru Komunitatean dauden ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozesua.

7. artikulua. Jarraipena eta ikuskapena.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak foru agindu honetan ezarritakoa betetzen dela begiratuko du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Ikasleen ratioa.

Nazioarteko Batxilergoko irakaskuntzetako ikasmaila guztietan, ikasleen ratioa 24 ikaslekoa izanen da gehienez.

Bigarren xedapen gehigarria.–Eskainitako ikaspostuak.

Baimendutako ikastetxe publiko bakoitzak zenbat talde eta ikaspostu eskainiko dituen zehaztuko da urteroko ebazpen horretan; hau da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak egiteko Nafarroako Foru Komunitatean dauden ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozesurako deialdia egin eta prozesu hori garatzeko ebazpenean.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Salbuespena.

Ikastetxeak salbuespenen bat egin nahi badu foru arau honetan xedatutakoari dagokionez, eskaera egin beharko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, behar bezala arrazoituta, hark aztertu eta, egokitzat joz gero, onar dezan.

Laugarren xedapen gehigarria.–Foru agindu honek indarra hartzen duen egunean baimenduta dauden ikastetxe publikoak.

Foru agindu honek indarra hartzen duen egunean Nafarroako Foru Komunitatean Nazioarteko Batxilergoko diplomaren irakaskuntzak emateko baimena duten ikastetxe publikoak honako hauek dira: Iruñeko "Navarro Villoslada" Bigarren Hezkuntzako Institutua eta Tuterako "Benjamín de Tudela" Bigarren Hezkuntzako Institutua.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehenengoa.–Nafarroako Foru Komunitatean eskola garraioaren antolamendua eta funtzionamendua eta jantokirako banakako laguntzak arautzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Agindua aldatzea.

1. Foru agindu horren 3.1 artikulua aldatzen da, eta e) letra gehitzen zaio:

"e) Nazioarteko Batxilergoko ikasleak, baldin eta egiaztatzen badute aurreinskipzioan lehentasunez eskatu dutela ohiko bizilekutik hurbilen duten Nazioarteko Batxilergoa ematen duen ikastetxe publikoa".

2. Aipatutako foru aginduaren 4.3 artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

"3. Erdi mailako heziketa zikloetan, Arte Batxilergoan, Batxilergo Orokorrean, Nazioarteko Batxilergoan, curriculum egokituko programetan eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek emandako oinarrizko mailako heziketa zikloetan, banakako laguntzen bidez emanen da zerbitzua, salbu eta ikasleak Hezkuntza Departamentuak antolatutako ibilbideetan sartzen badira".

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko martxoaren 27an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2405269