64. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Dirulaguntzen plan estrategikoa 2024-2026 aldirako. Jendaurrean jartzea

Zizur Nagusiko Udalak, 2023ko abenduaren 21ean egin osoko bilkuran, onetsi zuen Zizur Nagusiko Udalaren Dirulaguntzen plan estrategikoa 2024-2026 aldirako.

Argitara ematen da, bat etorriz xedaturik dagoenarekin Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 221.2 artikuluan.

Eranskina: Zizur Nagusiko Udalaren dirulaguntzen plan estrategikoa, 2024-2026 aldirako

Zizur Nagusian, 2024ko martxoaren 7an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ZIZUR NAGUSIKO UDALAREN DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA,
2024-2026 ALDIRAKO

1.–Arau esparrua.

–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

–Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra garatzeko Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsia.

–Zizur Nagusiko Udalaren dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorra.

–Zizur Nagusiko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako udal ordenantza.

2.–Dirulaguntzen plan estrategiko hau onestearen egokitasuna.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren arabera, administrazio publikoetako organoek edo dirulaguntzak ezartzea proposatzen duen edozein erakundek, aldez aurretik, dirulaguntzen plan estrategiko batean zehaztu beharko dituzte haiek aplikatzean lortu nahi diren xedeak eta ondorioak, horiek lortzeko behar den epea, aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzabideak, betiere lehentasuna emanez aurrekontu-egonkortasunaren helburuak betetzeari.

Udal honen esparruari dagokionez, dirulaguntzen plan estrategiko bat aldez aurretik onesteko eskakizuna, halaber, Zizur Nagusiko Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorraren 3. artikuluak ere ezartzen du. Agindu horren arabera, plan horrek hiru urterako aurreikuspen bat jaso beharko du dirulaguntzen arloan garatu beharreko ekintzei buruz, eta Zizur Nagusiko Udalak ezartzen dituen ekintza guztiak barne hartuko ditu, salbu eta behar bezala frogatutako arrazoiengatik plan estrategiko batean baino gehiagotan xehatzea komenigarritzat jotzen bada.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.c) artikuluak toki erakundeei esleitutako programazio- edo plangintza-ahalmena baliatuz, plan estrategiko hau prestatu da, eta horretan parte hartu dute Zizur Nagusiko Udalaren dirulaguntzak kudeatzeaz arduratzen diren udal alor, kudeaketa zentro eta administrazio unitate guztiek.

3.–Izaera juridikoa.

Dirulaguntzen plan estrategikoa politika publikoak planifikatzeko tresna programatikoa da, arau izaerarik gabea, eta haren edukiak ez du sortzen ez eskubiderik ez betebeharrik, ez dakar eragin zuzenik partikularren eremuan, eta ez du sortzen eskubiderik ez betebeharrik Administrazioarentzat, eta haren eraginkortasuna dirulaguntzak dituzten lerroak gauzatzearen mende geratzen da, dauden aurrekontu baliabideekin bat etorriz. Hala ondorioztatzen da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako 38/2003 Legea garatzeko Erregelamenduaren 10. artikulutik 15. artikulura ezarritakoagatik.

Plan estrategikoak ez du berekin ekartzen onuradun izan daitezkeenen aldeko eskubiderik; hala bada, pertsona horiek ezin izanen dute kalte-ordainik edo konpentsaziorik eskatu, plana gauzatzen ez bada. Plana gida gisa aurkezten da, eta, aurrez ezarritako arau esparruaren barruan, ezartzen du interes orokorreko jarduerak sustatzeko ildoan jarraitu beharreko bidea.

Dirulaguntzak ezartzeko, bete beharko dira aurrekontu-egonkortasunaren helburuak; beraz, onesten diren aurrekontu-kontsignazioak eta dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak helburu horietara egokituko dira une oro.

Era berean, dirulaguntzak ezartzean, nahitaez sartu beharko dira irizpide sozialak, modu transbertsalean sartu ere, hala nola tokiko sustraitzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, enpleguaren kalitatea, eta proposamenen gizarte erantzukizuna eta kalitatea (Dirulaguntzen Ordenantzako 4. artikulua), eta, horrez gain, errespetatu eta bete beharko da udal ordenantzetan edo planetan xedatuta dagoena euskararen eta berdintasunaren arloan.

4.–Eskumena.

Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onesteko organo eskuduna Udalbatzaren osoko bilkura da, dirulaguntzen edo sustapenaren jardueraren plangintza estrategikorako eta kudeaketa ekonomikorako tresna baita, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 22.2.e) artikuluan jasotakoaren arabera.

Alkatetza izanen da, alabaina, dirulaguntzak emateko organo eskuduna.

5.–Esparru subjektiboa.

Dirulaguntzen Plan Estrategiko honek barne hartzen ditu Udalak emandako dirulaguntzak.

6.–Indarraldia.

Dirulaguntzen Plan Estrategiko honek 2024tik 2026ra bitartera iraun dezan proposatzen da, eta hurrengo plana onetsi arte luzatuko da.

7.–Kudeaketa eta eraginkortasuna.

Helburuak lortzeko, beharrezkoa da udal alor, kudeaketa zentro edo administrazio unitate bakoitzak bere esparruan kudea dezan dirulaguntzak ematea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean xedaturiko moduan, eta Udalaren Kontu-hartzailetzari dagokio, bestalde, horiek fiskalizatzea; horrek guztiak berekin dakar ekintzak koordinatu beharra.

8.–Aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzaketa.

Edozein motatako dirulaguntza eman aurretik, dagokion gastuaren baimena izapidetuko da.

Dirulaguntzen zenbatekoa ezin izanen da izan aurrekontuan ezarritako kopurutik gorakoa.

Aurrekontu-kredituak mugatzaileak eta lotesleak dira, eta, beraz, ezin izanen da hartu haien zenbatekoa gainditzen duen gastu-konpromisorik.

Hala ere, salbuespen moduan, dirulaguntzen deialdiak zenbateko gehigarri bat ezartzen ahalko du, eskuragarri diren kredituen guztirako gehieneko zenbatekoaz gain, dirulaguntzak emateko deialdi berria egin behar gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58. artikuluan ezarritako arauekin bat etorriz.

9.–Plan estrategikoaren kontrola eta jarraipena.

Plan estrategiko honen kontrola eta jarraipena urtero eginen da, eta bi alderdi izanen ditu.

a) Emandako dirulaguntzen kontrol ekonomiko-finantzarioa. Zizur Nagusiko Udalaren Kontu-hartzailetza Nagusiaren esku dago, eta eginen da indarrean dagoen legedian jasotako baldintzetan.

b) Planaren kontrola eta jarraipena egitea osoko bilkuraren esku uzten da, eta, horretarako, dirulaguntzak kudeatzen dituen alor, kudeaketa zentro edo administrazio unitate bakoitzak aurreko ekitaldian emandako dirulaguntzen justifikazio-memoria bidaliko du ekitaldi bakoitzaren lehen lauhilekoan, honako zehaztapen hauek eginik:

–Xedea, entitate onuraduna eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

–Emaniko, justifikaturiko, uko eginiko eta itzuliriko dirulaguntzak (edo itzultzeko prozeduran daudenak).

–Helburu zehatzen betetze maila, ezarritako adierazleen eta lorpen epearen arabera, diruz lagundutako ekintzaz profitatu diren pertsonen kopurua zehaztuta.

–Benetako kostuak, aurreikus zitezkeenekin alderatuta.

–Ondorioak edo balorazio orokorra, lortu nahi diren helburuei eta programa mantentzearen edo kentzearen bidezkotasunari buruzko balorazioa emanez.

–Iradokizunak, hurrengo Dirulaguntzen Plan Estrategikoa prestatzeko.

10.–Dirulaguntzen ildo estrategikoak.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Udal Ordenantza betez, Zizur Nagusiko Udalak Dirulaguntzen Plan Estrategiko honetan sartu du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa eta diskriminaziorik ezaren printzipioa, halako moldez non udal dirulaguntzen deialdietan bermatuko den balorazio-irizpideen artean sartzea aurkeztutako eskabidean eta diruz lagundutako proiektu edo jardueran genero-ikuspegia txertatzea, bidezkoa ez denean izan ezik; hori modu arrazoituan justifikatu beharko da.

Eskaeren ebaluazio egokia ziurtatzeko, arduradunek berdintasunari buruzko prestakuntza izanen dute, edo, bestela, berdintasun alorraren aholkularitza jasoko dute.

Dirulaguntzak esleitzeko garaian, balorazio-irizpide gisa sartzen ahalko da erakunde edo kolektibo eskatzaileek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duten konpromisoa, bai zuzendaritza organoen osaerari dagokionez, bai garatu nahi dituzten jarduerei edo berdintasunaren arloan duten prestakuntzari edo esperientziari dagokienez.

Gainera, modu transbertsalean, Udalak konpromisoa hartzen du dirulaguntzen lerroaren zenbatekoaren ehuneko bat erabiltzeko berdintasuna sustatzen duten jarduerak eta/edo ekitaldiak garatzeko edo horietan parte hartzeko.

Ondorio horietarako, laguntzen eta dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek hartzen dituzte beren gain:

1. Hizkera eta irudi sexistarik ez erabiltzea diruz lagunduriko programak, proiektuak edo jarduerak sustatzeko prestatzen diren kartel, testu eta dokumentuetan.

2. Generoaren ikuspegia txertatzea dirulaguntza jaso duten programa, proiektu eta jardueretan.

3. Ez prestatzea programa, proiektu edo jarduerarik, sexuan, identitatean edo sexu-orientazioan oinarritutako diskriminazioa, zuzenekoa zein zeharkakoa, eragiten duenik.

4. Azken memoriak egitea, genero-eraginari buruzko ebaluazio bat barnean dutela, eta onuradunen adierazleak eta datuak sexuaren arabera banakatuta. Beharrezkoa ez denean izan ezik, eta/edo datu horiek biltzea ezinezkoa denean izan ezik; hori modu arrazoituan justifikatu beharko da.

Hona hemen jarduera-ildo estrategikoak, Udalaren eta haren mendeko erakundeen dirulaguntza lerroak barne hartzen dituen plan estrategiko honetan jasotzen direnez, non aplikatu beharreko adierazleak ere jasotzen baitira, ildo estrategikoaren arabera nahiz dirulaguntza bakoitzaren izaeraren arabera aplikatzeko.

–1. ildo estrategikoa: gizarte-ongizatea.

Helburu estrategikoa: Egoera prekarioan dauden Zizur Nagusiko pertsonen eta familien bizi-baldintzak hobetzen laguntzea, arreta berezia eskainiz genero-dimentsioei, udalerriko pobreziaren feminizazioa murrizten jarraitzeko.

Helburu zehatzak:

  • Bermatzea oinarrizko beharrizanak asetzen dituztela larrialdi sozialean edo egoera ekonomiko ahulean dauden pertsonek edo familiek.
  • Bermatzea beharrizanak asetzen dituztela larrialdi sozialean edo egoera ekonomiko ahulean dauden guraso bakarreko familiek.
  • Garraioa bermatzea mugitzeko desgaitasuna duten pertsonei, diru-sarrera nahikorik ez duten kasuetan.
  • Sustatzea irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimena.
  • Sustatzea autonomia pertsonala eta zahartze aktiboa bultzatzeko jarduerak, sexuaren eta jatorri etnikoaren funtsezko eragina murriztuz.

Adierazleak:

a) Onuradun kopurua, sexuaren eta familia motaren arabera bereizita.

b) Deialdi bakoitzean erabilitako aurrekontua.

c) Laguntza kopurua, kontzeptuen arabera.

d) Eginiko jarduera kopurua, proiektuen arabera.

e) Lortutako emaitzak.

f) Egindako jardueretan parte hartu dutenen kopurua, sexuaren arabera bereizita.

Gauzatze epea: urteko deialdiak.

Finantzabideak: udal aurrekontua, urte bakoitzerako jasotzen diren aurrekontu-aplikazioekin bat.

Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.

Emateko prozedura: prozedura eginen da banakako ebaluazioaren bidez, norgehiagoka eta, kasua bada, hitzarmena eginez aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, banakako ebaluazioaren bidez edo norgehiagokako araubidean, eta hitzarmenak izapidetuz aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

–2. ildo estrategikoa: garapenerako lankidetza.

Helburu estrategikoa: Herri behartsuenen garapenean laguntzea, haien bizi-baldintzak hobetuz, elkartasuneko eta tokiko garapeneko proiektuetarako dirulaguntzen bidez eta Garapenean Genero Ikuspegia (GGI) erabiliz.

Helburu zehatzak:

  • Laguntzea ekintzak gauza daitezen, herrialde edo leku behartsuenen edo garapen-bidean daudenen oinarrizko beharrizanak asetzeko xedez.
  • Larrialdi egoerei erantzutea laguntza humanitarioko ekintzen bidez.
  • Herri behartsuenetako emakumeek dituzten desberdinkeriei eta erronka espezifikoei aurre egitea.

Adierazleak:

a) Eginiko jarduketa kopurua, programaren arabera

b) Lortutako emaitzak

c) Erabilitako aurrekontua

d) Programen onuradunak, sexuaren arabera bereizita

Gauzatze epea: urteko deialdiak.

Finantzabideak: udal aurrekontua, urte bakoitzerako jasotzen diren aurrekontu-aplikazioekin bat.

Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.

Emateko prozedura: prozedura eginen da norgehiagoka eta, kasua bada, hitzarmena eginez aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, norgehiagokako araubidean, eta hitzarmenak izapidetuz aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

–3. ildo estrategikoa: interes ekonomikoak sustatzea.

Helburu estrategikoa: Zizur Nagusiko garapen iraunkorraren, hazkunde ekonomikoaren eta sustapenaren alde egitea, herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea areagotzeko, eta emakumeek eta gizonek aukera berdinak izan ditzaten sustatuz; hori guztia, aurrerapen ekonomiko eta sozialei etekina ateratzeko.

Helburu zehatzak:

  • Zizur Nagusian enplegua sustatzea emakumeen eta gizonen artean.
  • Zizur Nagusian sustatzea enpresa-jarduera berrien sorrera.
  • Sustatzea txikizkako merkataritza.
  • Genero-desberdinkeriak murriztea, oztopo baitira garapen jasangarriak, hazkunde ekonomikoak eta Zizur Nagusia sustatzeak dakartzaten onurez gozatzeko eta horietara modu ekitatiboan iristeko.
  • Laguntza ematea Zizur Nagusiko eraikinak zaharberritzeko, eta horietan dauden oztopo arkitektonikoak kentzeko.

Adierazleak:

a) Eskabide kopurua

b) Erabilitako aurrekontua.

c) Zizur Nagusiko langabezia-tasan duen eragina.

d) Zizur Nagusiko enpresen sorreran duen eragina.

e) Eginiko jardueretako parte-hartzaileak.

f) Onuradunen kopurua

g) Merkatarien Elkarteari atxikitako saltoki kopurua.

Gauzatze epea: urteko deialdiak.

Finantzabideak: udal aurrekontua, urte bakoitzerako jasotzen diren aurrekontu-aplikazioekin bat.

Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.

Emateko prozedura: prozedura eginen da banakako ebaluazioaren bidez eta, kasua bada, hitzarmena eginez aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, banakako ebaluazioaren bidez, eta hitzarmenak izapidetuz aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

–4. ildo estrategikoa: kultura eta hezkuntza dinamizatzea.

Helburu estrategikoa: Udalerriko kultura-ehuna bere dimentsio guztietan babestu, zabaldu eta sustatzea, garatzen diren kultura jarduera guztietan emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatua sustatuz.

Helburu zehatzak:

  • Zizur Nagusiko haur hezkuntzako, lehen eta bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikastetxeetako guraso elkarteek antolatutako jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak sustatzea, hezkuntza-garapena bultzatzeko eta gurasoek eta ikasleek parte-hartze aktiboa izateko xedez.
  • Zizur Nagusiko haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetarako eskola-garraioa sustatzea.
  • Kultura autoktonoa sustatzea eta zabaltzea, emakumeen ekarpenak ikusarazten lagunduz.
  • Musika sustatzea eta zabaltzea, haren genero eta agerpen guztietan.
  • Bultzatzea eta sustatzea sormena, irakurzaletasuna eta idatz-zaletasuna, arte plastikoak, arte es­ze­nikoak eta ikus-entzunezkoak, haien alderdi guztietan.
  • Indartzea kultura arloko elkarte-mugimendua, herritarrek parte hartzeko modu gisa.
  • Euskara eta euskal kultura sustatzea eta zabaltzea.

Adierazleak:

a) Erabilitako aurrekontua.

b) Eginiko jarduerak.

c) Parte hartu duten ikasleak eta familiak, sexuaren arabera bereizita.

d) Elkarte onuradunetako kide kopurua, sexuaren arabera bereizita.

e) Eskuraturiko material inbentariagarria.

f) Gizartean eta kulturan duen eragina.

Gauzatze epea: urteko deialdiak.

Finantzabideak: udal aurrekontua, urte bakoitzerako jasotzen diren aurrekontu-aplikazioekin bat.

Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.

Emateko prozedura: prozedura eginen da banakako ebaluazioaren bidez eta, kasua bada, hitzarmena eginez aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, banakako ebaluazioaren bidez, eta hitzarmenak izapidetuz aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

–5. ildo estrategikoa: jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapena.

Helburu estrategikoa: Herritarrei, oro har, beren kirol premiak asetzeko aukera ematea eta praktika osasungarria sustatzea, bizi-kalitatea hobetzeko bitarteko gisa. Horretarako, lankidetzan arituko da beste erakunde batzuekin, emakumeen kirolean –maila apalagoetan– esku hartuko du eta emakumeak bultzatuko ditu parte hartzera emakume gutxi dauden kirol-jardueretan.

Helburu zehatzak:

  • Bultzatzea eta erraztea Zizur Nagusian kirol ekitaldiak eta ikuskizunak antola ditzaten bertako klub eta kirol sekzioek. Azken horiek Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, eta lankidetza-hitzarmena sinaturik eduki Udalaren Kirol Patronatuarekin.
  • Erraztea parte har dezaten haur, gazte eta Zizur Nagusiko kirol kluben bidez Zizur Nagusiko kirol instalazioetan abonaturik daudenek, klub horiek lankidetza-hitzarmena sinaturik baitaukate Udalaren Kirol Patronatuarekin, hainbat kirol diziplina sustatu eta bultzatzeko, kirol eskolen bidez eta haietan fidelizatuz.

Adierazleak:

a) Ekitaldiaren aurrekontua.

b) Aurkeztutako eskabideak.

c) Eginiko jarduerak.

d) Gizartearen gaineko eragina.

e) Parte-hartzea, sexuaren eta kirol-espezialitatearen arabera bereizita.

f) Talde edo kategorien kopurua, lehiaketa kopurua eta joan-etorri kopurua.

Gauzatze epea: urteko deialdiak.

Finantzabideak: udal aurrekontua, urte bakoitzerako jasotzen diren aurrekontu-aplikazioekin bat.

Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.

Emateko prozedura: prozedura eginen da banakako ebaluazioaren bidez eta norgehiagoka.

Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, banakako ebaluazioaren bidez edo norgehiagokako araubidean.

–6. ildo estrategikoa: gazteen interesak sustatzea etxebizitzaren arloan.

Helburu estrategikoa: Udalerrian erroldatuta dauden eta bertan bizitzen jarraitu nahi duten gazteei etxebizitza eskuratzen laguntzea, bermatzeko Zizur Nagusiaren hazkundea eta garapen soziala.

Helburu zehatzak:

  • Etxebizitza eskuratzen laguntzea udalerrian erroldatutako gazteei.
  • Sustatzea Zizur Nagusiaren hazkundea eta garapen soziala.
  • Udalerrian erroldatutako pertsonak emantzipatzen eta bertan bizitzen jarrai dezaten laguntzea.
  • Gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten oztopo ekonomikoak murriztea.
  • Herritarrei laguntzea etxebizitza duina izateko duten eskubidea betetzen.
  • Gazteek etxebizitzaren arloan dituzten desberdinkeriei eta erronka espezifikoei heltzea.

Adierazleak:

a) Eskabide kopurua, sexuaren arabera bereizita.

b) Erabilitako aurrekontua.

c) Pertsona onuradunen kopurua, sexuaren arabera bereizita.

d) Gizartean duen eragina.

Gauzatze epea: urteko deialdiak.

Finantzabideak: udal aurrekontua, urte bakoitzerako jasotzen diren aurrekontu-aplikazioekin bat.

Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.

Emateko prozedura: banakako ebaluazioan eginen da, eta espedienteak eskaeren sarrera-ordenaren arabera izapidetu eta ebatziko dira.

Jarduera plana: deialdiaren oinarriak eginez, eskabideak sartu diren hurrenkeraren arabera banakako ebaluazio araubidean.

Iragarkiaren kodea: L2404106