64. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

10E/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 26koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Abartzuzako Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat, 2. poligonoko 54. lurzatiko lurzoruaren sailkapena aldatzeari buruzkoa. Aldaketaren sustatzailea Abartzuzako Udala da.

Abartzuzako Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Kohesiorako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da Abartzuzako 2. poligonoko 54. katastro-lurzatiaren sailkapena aldatzea, eta bizitegi-erabilerako lurzoru urbanizagarri bihurtzea, non sei etxebizitza bakartu eraiki ahal izanen baitira.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 4ko 685E/2023 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa eman zen, aldekoa, Abartzuzako Udal Planaren determinazio egituratzaileak 2. poligonoko 54. lurzatian aldatzeari buruz. Aldaketa Abartzuzako Udalak sustatu zuen.

Ebazpen hori 2023ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 31koan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Abartzuzako Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat, 2. poligonoko 54. lurzatiko lurzoruaren sailkapena aldatzeari buruzkoa. Aldaketaren sustatzailea Abartzuzako Udala da.

2. Foru agindu hau Ingurumen Eraginaren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Abartzuzako Udalari jakinaraztea, espedientearen sustatzailea baita, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza tresnak indarra har dezan.

4. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrolerako onespen egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 26an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2404056