64. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 12koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Ondare Zerbitzuari kudeaketa esleipen bat egiteko, hark instruitu eta tramitatu ditzan Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari dagozkion kontratazio publikoko prozedurak, eta horien gaineko ebazpen proposamena egin dezan.

Azaroaren 15eko 244/2023 Foru Dekretuaren bidez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikitako Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onetsi ziren. Estatutu horien 1. artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomo bat da, berezko nortasun juridikoa duena, bai eta bere helburuak betetze aldera jarduteko gaitasun osoa ere. Esleiturik duen ahalmen bat da, besteak beste, kontratu publikoak egitea, defendatu behar dituen interes publikoak kudeatzeko behar direnak.

Hala ere, kontratuen gainean dagozkion ahalmenak gorabehera, ez du behar adina langile eta baliabide bere eskumeneko kontratazio publikoko prozeduren tramiteak egiteko. Horregatik Nafarroako Foru Ogasunak aspaldixkotik bere departamentuko organo espezializatu baten lankidetza du: Ondare Zerbitzuarena. Lankidetza hori kudeaketa esleipenaren teknikaren bidez antolatu da.

Kudeaketa esleipena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluaren bidez arauturik dago, besteak beste, departamentu bereko organoen arteko lankidetzarako tresna gisa. Esleipenean, espresuki aipatu behar dira ukitzen dituen jarduerak, indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta irismena eta esleipena jasotzen duen organoak bere gain hartzen dituen eginbeharrak. Gainera, indarra har dezan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, osorik.

Otsailaren 28ko 21/2022 Foru Aginduaren bidez (2022ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 18koa), Ondare Zerbitzuari egindako azken kudeaketa esleipena onetsi zen, eta haren indarraldia aurki amaituko da. Horregatik, bidezkoa da lankidetza eta laguntzako tresna tekniko hori berritzea, beste bi urterako.

Proposatutako esleipenaren xedea da Ondare Zerbitzuak egitea behar diren jarduketa administratibo guztiak Nafarroako Foru Ogasunari dagozkion kontratazio publikoko prozedurak hasteko eta instruitzeko; erakunde autonomoari dagokio prozeduraren gaineko ebazpena ematea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Baimena ematea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari esleipena egiteko, esleipen hori onartuta, Nafarroako Foru Ogasunaren funtzionamendu arrunterako beharrezko diren kontratazio publikoko espedienteak instruitu eta tramitatu ditzan, eta horien gaineko ebazpen proposamena egin dezan.

2. Esleipena bi urterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

3. Espediente bakoitzaren aurretik, azalpen egokia eman beharko da, kudeaketarako aski den zehaztasunaz, eta horretarako behar den gastuaren baimena ere bai, horretarako ezarrita dagoen moduetako batean.

4. Espedienteen sustapena eta jarraipena egitea Nafarroako Foru Ogasuneko Administrazio Atalari dagokio, esleiturik dauzkan eginkizunak erabiliz.

5. Foru agindu hau Nafarroako Foru Ogasuneko Ondare Zerbitzura eta Administrazio Atalera igortzea.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 12an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2404240