64. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

33/2024 Foru Agindua, martxoaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita 145/2022 Foru Agindua, abenduaren 30ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zorrak transferentzia bidez ordaintzeko prozedura eta baldintzak arautzen dituena.

Abenduaren 30eko 145/2022 Foru Aginduak arautzen du banku-transferentzia izanen dela zerga-zorrak ordaintzeko beste baliabide bat.

Ordaintzeko modu horrek sistema zehatza du: banku-entitateak IBAN zenbaki bat esleitzen dio zordunei bidalitako kontu bakoitzari. Kontu horietan zorren zenbatekoa jaso ondoren, entitateak eguneko likidazioa egiten du zenbateko osoa ordaintzeko Foru Komunitateak erakunde horretan bertan duen kontu korrontean. Ordainketa horrekin batera, banku-entitateak EDITRAN bidez fitxategi bat bidaliko du; bertan, abonu horretan eginiko ordainketen informazio zehatza emanen da, bai eta jatorrizko kontuen identifikazioa ere.

Foru agindu honen xedea da aldatzea banku-transferentzia bidez ordaintzeko prozeduren eta baldintzen erregulazioa, egungo banku-eragiketen errealitatera egokitzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat, foru agindu hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera egin da.

Horrenbestez, eta uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren 25. artikuluak emandako ahalmenak baliatuz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 145/2022 Foru Agindua, abenduaren 30ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zorrak transferentzia bidez ordaintzeko prozedura eta baldintzak arautzen dituena.

Bat.–3. artikuluko bigarren paragrafoa ezabatzen da.

Bi.–4. artikuluko 1. eta 2. apartatuak aldatzen dira, eta hauxe da testu berria:

"1. Transferentzia bidezko ordainketa prozedura gauzatzeko, zordunak transferentzia aginduko du Nafarroako Foru Ogasuneko zerbitzu telematikoek tributu betebehar bakoitzerako emandako kontu zenbakira.

Horretarako, atxikitako entitate laguntzaileetan irekitako kontuen artean transferentzia bakoitza zeinetara aginduko den hautatzeko, hurrenez hurren eginen da, eta txanda bidezko irizpide bat ezarri beharko da egiaztatzeko atxikitako entitateen artean diru-sarrerak modu homogeneoan banatzen direla.

Egunero, prozedura honi atxikitako entitateak, fitxategiak transmititzeko EDITRAN sistemaren bidez, fitxategi informatiko bat bidaliko du transferentzia bidez jasotako kobrantzen xehetasunekin, Espainiako kreditu entitateek beren elkarteen bidez –Espainiako Banku Elkartea (AEB), Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioa (CECA) eta Kreditu Kooperatiben Batasun Nazionala (UNACC)– definitutako 43. arauaren formatuan.

2. Transferentzia bidezko ordainketa honela eginen da:

a) Autolikidazioen ondoriozko zorren ordainketak:

Hasteko, behin autolikidazioa bete ondoren –edo zirriborroa, aurkezpena egin aurreko ordainketa eskatzen duten zergen kasuan–, webgunean, ordainketaren azken urratsera iritsitakoan, "Transferentzia bidezko ordainketa" aukera hautatuko da.

Ondoren, webguneak kontu zenbaki bat jakinaraziko du, horretan agindu-emaileak zenbatekoa ordaintzeko. Halaber, agindu-emaileak erreferentzia bat emanen du, ordainketa agintzean transferentziaren kontzeptuan sartu beharreko 13 idazgune izanen dituena. Ez bada erreferentzia hori ematen edo informazio hori osatu gabekoa edo okerra bada, transferentzia ukatuko da eta agindu-emaileari itzuliko zaio, eta, beraz, ordainketa ez da gauzatuko. Halaber, agindu-emailearen kontura izanen dira itzulketa horrek sortzen ahal dituen gastu eta komisioak.

Autolikidazioa aurkeztu ahal izateko aldez aurreko ordainketaren motako tributua bada, soilik autolikidazioaren zenbateko osoaren ordainketak balioko du hartzekodunaren derrigortze-ahalmenez libre geratzeko. Transferentziaren zenbatekoa txikiagoa bada, okerreko diru-sarreratzat hartuko da.

b) Tributu Administrazioak egindako likidazioen ondoriozko zorren eta zehapenen ordainketa:

Kasu horietan, agindu-emaileak "Zergen konturako zenbatekoen sarrera (P44 eredua)" izapidea egin beharko du.

Behin eskatutako informazioa beteta eta ordainketaren azken urratsera iritsita, "Transferentzia bidezko ordainketa" aukera hautatuko da.

Ondoren, webguneak kontu zenbaki bat jakinaraziko du, horretan agindu-emaileak zenbatekoa ordaintzeko. Halaber, agindu-emaileak erreferentzia bat emanen du, ordainketa agintzean transferentziaren kontzeptuan sartu beharreko 13 idazgune izanen dituena. Ez bada erreferentzia hori ematen edo informazio hori osatu gabekoa edo okerra bada, transferentzia ukatuko da eta agindu-emaileari itzuliko zaio, eta, beraz, ordainketa ez da gauzatuko. Halaber, agindu-emailearen kontura izanen dira itzulketa horrek sortzen ahal dituen gastu eta komisioak".

Xedapen iragankor bakarra.–Foru agindu honek indarra hartu baino lehen jasotako transferentzietarako kontuak.

Foru agindu honek indarra hartu baino lehen zergadunei transferentzietarako jakinarazitako kontuak erabiltzen ahalko dira ondoren ere, borondatez ordaintzeko epeak iraun bitartean.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko martxoaren 15ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2404525