64. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

31/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinak aldatzen baitu martxoaren 5eko 88/2013 Foru Agindua, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emandakoa. Foru agindu horren bidez 216 eredu berria onetsi zen ez-egoiliarren errentaren gaineko zergako atxikipenen eta konturako sarreren aitorpena eta sarrera egiteko, establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentei buruz.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren testu bategina aldatu denez, aldatu egiten da 88/2013 Foru Aginduaren 2. artikulua, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko 35/2006 Legearen 42.3 artikuluan jasotzen diren gauzazko lan-etekin salbuetsiei buruz informatzeko beharra ezartzeko. Izan ere, Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren testu bateginaren aldaketaren helburua zen ezartzea Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko 35/2006 Legearen 42.3 artikuluan jasotzen diren salbuespenak aplikatuko zaizkiela bai ez-egoiliarrei bai PFEZaren Foru Legearen testu bateratuaren 52 ter artikuluan, lekuz aldarazitako langileen erregimen berezia arautzen duen horretan, (PFEZaren Estatuko Legearen 93. artikulua) ezarritako araubidea aplikatzea hautatzen duten zergadunei.

Halaber, aitorpen eredua aldatu egiten da, bertan jasotzeko, banakatuta, entitateen funts berekietako partaidetzatik datozen dibidenduei eta beste errenta batzuei dagozkien atxikipen eta konturako sarreren zenbateko osoa. 216 ereduaren erregistrorako diseinuak ez ziren argitaratu eredua sortzeko foru aginduan; beraz, eredua osorik dago II. eranskinean eta foru agindu honetan gehitutako aldaketak barne hartzen ditu.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmen ekonomikoak 28. artikuluan ezartzen du Estatuak une oro ezartzen dituenen eduki bereko arau substantibo eta formalak aplikatuko dituela Foru Komunitateak ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga ordainarazteko, eta eskumena esleitzen dio zergaren aitorpenerako eta diru-sarrerarako ereduak onesteko, lurralde komunekoen datu berak badituzte gutxienez ere, baita Estatuko Administrazioak adierazitakoetatik funtsean aldentzen ez diren diru-sarrerarako epeak emateko ere.

Martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren azken xedapenetako bigarrenak 2. zenbakian ezartzen duenez, zerga honen aitorpena eta haren konturako ordainketak egiteko ereduak Ogasuneko ministroak onetsiko ditu, eta hark ezarriko ditu, halaber, aurkezteko modua, tokia eta epeak, bai eta modu telematikoan aurkezteko kasuak eta baldintzak ere. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluari jarraikiz, ulertu behar da gaikuntza hori ematen zaiola Nafarroako Gobernuan zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrari.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

Horrenbestez, aipatutako xedapenekin bat,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 5eko 88/2013 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez 216 eredu berria onetsi zen ez-egoiliarren errentaren gaineko zergako atxikipenen eta konturako sarreren aitorpena eta sarrera egiteko, establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentei buruz.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emandako martxoaren 5eko 88/2013 Foru Aginduaren manu hauek honela idatzita geldituko dira:

Bat.–2.3.a) artikulua.

"a) Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren 14.1.a) artikuluan aipatzen diren errentak, salbu eta azaroaren 28ko 35/2006 Legearen 42.3 artikuluan salbuetsitako gauzazko lan-etekinak. Aipatu legea Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari buruzkoa da eta hein batean aldatzen ditu Sozietateen gaineko, Ez-egoiliarren errentaren gaineko eta Ondarearen gaineko zergei buruzko legeak".

Bi.–Eranskinaren izena "I. eranskina" izanen da.

Hiru.–"I. eranskina" orain "II. eranskina" izanen da eta foru agindu honetan jasotako edukia izanen du.

II. ERANSKINA.–SARRERA-AGIRIAREN AITORPENA-216 EREDUA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta aplikatzen hasiko da indarra hartzen duenetik aurrera aurkezten diren autolikidazioetan, hau da, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako aldiei dagozkienean.

Iruñean, 2024ko martxoaren 13an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

216 eredua jaitsi (DOCXa).

Iragarkiaren kodea: F2404270