49. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Gazteen Txokoaren araudia. Behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2023ko urriaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Gazteen Txokoaren araudia, eta 2023ko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 14an.

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako araudia behin betiko onetsi eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Orkoienen, 2024ko otsailaren 23an.–Alkatea, Alejandro López Orejuela.

ORKOIENGO GAZTEEN TXOKOAREN ARAUDIA

ZIOEN AZALPENA

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.1. artikuluak ahalmena ematen dio udalerriari, bere eskumenen barrenean, mota guztietako jarduerak sustatzeko eta behar adina zerbitzu publiko emateko, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren.

Udalerriko gazteek auzotar talde bat osatzen dute, eta talde horrek, halaber, zerbitzu jakin batzuen (kirol arlokoak, gizarte arlokokoak…) berariazko premia du, aisialdirako eta denbora librerako.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Izena eta xedea.

Orkoiengo Gazteen Txokoa izanen da Orkoiengo Udaleko Gazteriako zinegotziaren egoitza, betiere zinegotzitza edo batzorde horrek existitzen jarraitzen badu.

Udalaren titulartasuneko ekipamendu publikoa da.

Araudi honen xedea da Orkoiengo Gazteen Txokoaren funtzionamenduari buruzko alderdi guztiak arautzea, baita erabiltzaileek lokal horretako instalazioak eta gainerako zerbitzuak erabiltzeko dituzten eskubide, betebehar eta baldintzak ere.

2. artikulua. Helburuak.

2.1. Gazteen Txokoa komunitatearena da, eta herriko gazteak topatzeko lekua.

2.2. Gazteen Txokoa sortu da aisiarako gune alternatibo, formal eta autogestionatu bat eskaintzeko 12tik 30 urtera bitarteko gazteei. Horrekin guztiarekin, beharrezkoak diren azpiegitura eta baliabideak eman nahi zaizkie, harmonian hazi, garatu eta heldu daitezen. Era berean, balioak praktikatzea sustatzen da ikuspegi kooperatibo eta demokratiko batetik, hala nola elkartasuna, elkarrekiko laguntza, elkarlana edo gure udalerriko eta Nafarroako kulturako kide izatearen sentimendua. Aisiaren eta kulturaren bidezko borondate pedagogiko horren helburua da prebenitzea auzo batzuk ghetto bilaka daitezela eta gizartea segmentatu dadila; izan ere, integrazioa da giza komunitate osasuntsuak eraikitzeko bide bakarra.

Era berean, lokalak herritarren aurkako jokabide intolerante oro prebenitu nahi du, izan etniagatik, erlijioagatik edo pertsona batek erabiltzen duen hizkuntzagatik. Zentzu horretan, sentsibilitate berezia izanen du euskararekiko. Hemengo hizkuntza gutxitua den aldetik, ikuspegi inklusibo batetik babestu behar da, eta udalerri bakoitzaren hizkuntza errealitatera egokitu.

2.3. Gazteentzako gune bat izatea, hainbat jarduera egin ahal izateko eta prestakuntzarako, orientaziorako eta hezkuntzarako baliabideak emateko.

2.4. Lokalean gazteentzako informazio gune bat edukitzea une oro, gazteei oro har zuzendutako zerbitzu gisa. Gune horren eginkizun nagusia gazteei informazioa ematea da, aurrez aurre, telefonoz edo elektronikoki, haien intereseko gaiei buruz. Lokaleko informazio gune horrek hainbat norabidetan funtzionatzen du. Nazioartetik, Espainiatik eta udaletik datorren informazioa eskaini eta erabiltzaile bakoitzaren eskakizunei erantzuten die.

3. artikulua. Helburuak. Helburu horien bitartez, zentroak heldutasun pertsonaleko, gizarteratzeko eta/edo laneratzeko eta prestakuntzako prozesuak bultzatzen eta babesten ditu, eta arreta berezia jartzen du arriskuan, babesgabezian eta/edo gizarte-gatazkako egoeraren batean dauden nerabe eta gazteengan.

–Mota guztietako jarduerak sustatzea (kultura, hezkuntza, prestakuntza, kirola…), lantzea eta bultzatzea, gazteei balioetan oinarritutako garapena eta prestakuntza ematen laguntzeko.

–Gazteentzako informazioa zabaltzea eta hobetzea, eta kolektibo horren beharrei irtenbideak ematen saiatzea.

–Gazteak eta haien familiak bultzatzea herria garatzen parte har dezaten.

–Gazteen artean asoziazionismoa sustatzea.

–Gazteen artean premia bereziak dituzten kolektiboen integrazioa bultzatzea: dibertsitate funtzionala dutenak, migratzaileak, gutxiengo etnikoak edo bestelako kolektibokoak.

–Sexuaren inguruko hezkuntzari eta informazioari buruz sentsibilizatzea.

–Drogen kontsumoaren prebentzioa bultzatzea.

–Sortzaile berrien eta praktika kultural berrien sustapena bultzatzea (arte-erakusketak, argazkiak, koadroak, eskulturak...).

–Eskolako laguntza ematea Orkoiengo Udaleko gizarte-hezitzaileek zehazten dituzten pertsonei.

–Matxismoaren, transfobiaren eta homofobiaren aurka borrokatzea. Gazteen Txokoa espazio segurua da, eta ideia feminista inklusiboen zerbitzura dago.

II. TITULUA.–ANTOLAKETA

4. artikulua. Zuzendaria.

Alkatetzak zuzenduko du, eta hark Gazteriako zinegotziaren esku utz dezake ardura hori, baldin eta etorkizunean halakorik badago. Edozein unetan, indarrean dagoen toki araubidearen araudian ezarritako baldintzak betez gero, eskuordetze hori baliogabetu ahal izanen du, erregelamenduzko artikulu hau aldatu gabe. Alkatetza edo, hala badagokio, Gazteria zinegotzia izanen da lokalarekin lortu nahi diren helburuak betetzen direla egiaztatzeko ardura izanen duen udal organoa.

5. artikulua. Alkatetzaren edo Gazteriako zinegotziaren eginkizunak. Alkatetzak edo zinegotziak, besteak beste, honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Txokoa zer helbururekin sortu zen, helburu horiek betetzen direla zaintzea.

–Gerta daitezkeen erreklamazioak eta gorabeherak aztertzea.

–Barneko erabilerako araudia bete dadin eskatzea, eta, beraz, ebaztea araudia ez betetzeagatik edo erabilera eta gozamen arauen beste aldaketa batzuengatik egin daitezkeen zehapenak eta faltak.

–Jardueren ekimenak bideratzea, eta, aldi berean, jarduerak proposatzea, beste estamentu batzuekin batera, lokalean gauzatzeko.

–Erabakiak hartzea jardueren arduradunak kontrolatzeko jarduerei buruz, bai eta lokaleko ordutegiak zehazteari eta betetzeari buruz ere.

6. artikulua. Txokoko langileak.

6.1. Enpresa bati esleitu zaio, zerbitzuak emateko kontratu bidez, Orkoiengo gazteria programa prestatzeko eta gauzatzeko zerbitzua. Beraz, zerbitzuaren enpresa adjudikaziodunaren mendekoak dira programa horri eta txokoari atxikitako langileak, eta kontratua gauzatu beharko da zorrotz betez kontratazioa arautzen duen indarreko baldintza-agiria.

6.2. Udalak, ondoren, zerbitzua zuzenean kudeatzea erabakitzen badu, giza baliabideak jarri beharko ditu zerbitzua emateko, eta bete beharreko eginkizunak zehaztu beharko ditu.

7. artikulua. Lokalaren ordutegia.

7.1. Gazteen Txokoaren lokalaren jendaurreko ordutegia lizitazioa arautzen duen baldintza-agiriak zehaztuko du, eta alkatetzak edo Gazteria zinegotziaren aldaketak egitea erabaki dezake.

7.2. Jarduera bereziak egiten direnean, lokalak ordutegi espezifikoak izaten ahalko ditu, logistikako, antolamenduko eta programazioko eskakizunetara egokitzeko. Hori dela eta, kasu horietan guztietan aldaketak ezartzen ahalko dira ordutegian. Aldaketok, ahal dela, aldi baterako izan behar dute, eta ez diote eragin behar zentroaren funtzionamendu egokiari.

7.3. Lokalak utzi ahal izanen dio Gazteen Txokoa izateari, baldin eta lokala behar bada alkateak edo Gazteriako zinegotziak antolatu edo baimendutako beste jarduera batzuetarako.

8. artikulua. Lokalaren instalazioak.

8.1. Gazteen kolektibo edo elkarte guztiek aldi baterako erabili ahal izanen dituzte Gazteen Txokoaren instalazioak. Horretarako, aldez aurretik eskatu beharko dute idatziz, eta alkateak edo Gazteriako zinegotziak onespen ofiziala eman beharko dute idatziz.

8.2. Orkoiengo Gazteen Txokoak honako hauek ditu:

–Erabilera anitzeko hiru areto solairu berean. Erabilera anitzeko aretoak honela daude banatuta: ikasteko gunea, informatika eta kontsultarako gunea, eta jolasleku eta tailer guneak.

–Administrazioko eta barne-kudeaketako langileek soilik erabiltzeko bulegoa.

–Materialak, oro har, gordailutzeko eta gordetzeko biltegia.

–Komunak, erabiltzaileen higienerako lekua. Bi komun misto daude.

9. artikulua. Jarduerak. Gazteen Txokoan egiten diren jarduerak gazteen sustapenerako programa hauen barruan sartzen dira:

–Gazteentzako informazio eta prestakuntza programa.

–Aisiako eta denbora libreko programa.

–Drogamenpekotasunen prebentzioa.

–Gazteen arloko aukera-berdintasuneko, enpleguko, etxebizitzako, ingurumeneko, kontsumoko eta kiroletako programa.

–Gazteek parte hartzeko programa.

–Beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan aritzeko programa.

–Gazteen sustapena.

–Eskolako laguntza.

III. TITULUA.–FUNTZIONAMENDUA

10. artikulua. Funtzionamenduaren arau orokorrak.

10.1. Instalazioak erabiltzeko zenbait debeku ezarri dira, lokalak behar bezala funtziona dezan, eta guztien ongizatearen eta lokal osoaren mantentze egokiaren bila, erabiltzaile bakar bat ere baztertu gabe, eta instalazioen edozein kalte saihesteko asmoz.

10.2. Debekuak lotuta daude profil bereko lokalak arautzen dituzten lege eta erregelamendu parametroei. Izan ere, lokal honen antzeko helburuak dituzte, eta bat datoz gazteen sustapenarekin eta haien eskubideekiko errespetuarekin. Horiek ez betetzeak zehapenak ekar ditzake. Egitateak zer inguruabarretan eta zer baldintzatan jazo diren, horren arabera ezarriko dira zehapenak, eta jarraikiz araudi honetan xedatuta dagoenari zehapen motei buruzko artikuluetan.

10.3. Arestian deskribatutako xedapenen arabera, debekatuta dago:

–Instalazioetara sartzea zentroko erregistroan behar bezala erregistratuta egon gabe.

–Substantzia psikotropikoak kontsumitzea, erretzea edo edari alkoholdunak sartzea.

–Edari energetikoak edo hipertonikoak kontsumitzea.

–Lokalean sartzea alkoholaren edo beste substantzia batzuen eraginpean.

–Kartelak jartzea edo liburuxkak uztea, alkatearen edo Gazteriako zinegotziaren edo zentroko arduradunen baimenik gabe.

–Jokoak, materialak eta gainerako altzariak ateratzea lokaletik.

–Jokoak erabili ondoren ez jasotzea. Gainera, bertan egindako jarduera guztietan, jarduera bakoitzarekin bat datozen materialak erabili beharko dira eta ezin izanen dira aldatu lokaleko ondasunak eta higiezinak. Era berean, material, joko eta abar horiek jaso beharko dira erabili ondoren.

IV. TITULUA.–ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

11. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

Orkoiengo Udalak Gazteen Txokoaren bidez gazteei eman nahi dien arreta eta laguntza integralaren esparruan, indartu nahi dira arlo horri buruzko adierazpenetan jasotako eskubideak. Hona hemen, eskematikoki jasota, horietako batzuk; dena den, beste batzuk ere badaude:

a) Errespetuzko tratua jasotzea, bai gainerako erabiltzaileen aldetik, bai alkatearen edo Gazteriako zinegotziaren eta lokalaren arduradunen aldetik.

b) Zentroko berezko jokoak, ekipoak, guneak eta instalazioak, oro har, ezarritako ordutegi eta baldintzetan eta haientzat erreserbatutako moduetan erabiltzea.

c) Lokal barruan eta kanpoan aurreikusitako jarduera guztietan parte hartzea, betiere arauzko baldintzak betetzen badira eta diziplina aldetik eragozpenik ez badago.

d) Gazteen eta lokalaren erabiltzaile guztien onerako diren ideiak, proiektuak eta jarduerak sustatzea, udal eremuan gazteei entzuteko eta haiek garatzeko bide iraunkor gisa.

e) Informazioa eskuratzea, haren forma eta modalitate guztietan, lokalak dituen bitartekoen bidez.

f) Lokaleko langileek jaso ditzaketen datu pertsonalak eta argazkiak babestuak izateko eskubidea, eta lokaletik kanpo ez zabaltzekoa, salbu eta datu estatistiko edo azterlanen kasuan, anonimoak izanen badira eta horretarako baimena badute.

12. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Gazteen zerbitzura dagoen egitura komunitario eta publikoa den aldetik, Gazteen Txokoaren zenbait betebehar aurreikusten ditu, elkarbizitza osasuntsuko giroa izateko eta instalazioak behar bezala erabiltzeko, bai eta programazioak barne hartzen duen guztiaz gozatzeko ere.

Hona hemen betebehar horiek:

a) Lokaleko instalazioak eta materiala zaintzea eta behar bezala erabiltzea, barruan zein kanpoan.

b) Lokaleko erabiltzaileak eta arduradunak errespetuz tratatzea instalazioen barruan, eta barruan zein kanpoan antolatzen diren jarduera guztietan.

c) Administrazio izapideak betetzea, lokalaren edozein instalazio edo ekipo, mahai-joko, joko, ordenagailu, material didaktiko, altzari eta gunez gozatzeko.

d) Instalazioak erabiltzeko eta jarduera espezifikoetan edo tailerretan parte hartzeko tarifak eta zenbatekoak ordaintzea, halakorik onetsiz gero. Erabiltzaileren batek jardueraren batera joateari uzten badio, aldez aurretik abisatu gabe eta arrazoi justifikaturik gabe, jarduera horren zenbateko osoa galduko du.

e) Jokoak mailegatzeari eta instalazioak erabiltzeari dagozkion txandak betetzea, eta horretarako egin behar den jakinarazpen formala aurkeztea.

f) Norberaren gauzak zaintzea (motxila, arropa, jokoak...), udalak ez baitu bere gain hartzena horiek galdu, lapurtu edo hondatzearen gaineko erantzukizunik.

g) Instalazioko ekipo, joko edo eremuetan ikusitako edozein akats edo kalteren berri ematea zentroko langileei. Behar bezalako jakinarazpena egiten ez bada, azken erabiltzailea izanen da kalteen erantzulea.

V. TITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

13. artikulua. Xedapen orokorrak.

Aparte utzirik horietariko zenbaitek izan lezaketen kalifikazio penala, arau-hauste administratiboak izanen dira ordenantza honetako debeku eta betebeharren kontrako eginak eta ez eginak.

14. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

14.1. Araudi honen ondorioetarako, arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.

14.2. Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

a) Herritarren bizikidetza modu oso larrian, berehalakoan eta zuzenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

b) Atentatu larria, lokalaren erabiltzaileen edo horien arduradunen askatasunaren, osotasun fisiko edo moralaren aurka.

c) Lokalaren funtzionamenduaz arduratzen diren pertsonak eta lokalaren edozein erabiltzaile gutxiestea edo iraintzea.

d) Zerbitzu publikoa erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea.

e) Zerbitzu publikoaren ohiko funtzionamendua galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

f) Lokaleko higiezinaren edo zerbitzu publikoko ekipamendu, azpiegitura, instalazio edo elementuen narriadura larri eta esanguratsuko ekintzak.

g) Bigarren arau-hauste astun bat egitea, gehienez urtebeteko epean.

h) Eraso fisikoak edo hitzezkoak, sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik, etniagatik edo kultura eta hizkuntza jakin bat edukitzeagatik.

14.3. Hauek izanen dira arau-hauste astunak:

a) Arau-hauste oso astuntzat jotzen ez diren kalteak eta narriadurak eragitea lokaleko higiezinean eta bertako ekipamendu, azpiegitura, instalazio edo elementuetan.

b) Lokaleko ekipamendu edo materialetan kalteak eragiteagatik ezarritako tarifak ez ordaintzea 10 eguneko epean.

c) Beste erabiltzaileen lasaitasunari eta erosotasunari modu larrian traba egiten dieten jokamolde eta jarrerak.

d) Gazteen Txokotik edozein objektu, joko, material edo altzari ostea.

e) Edari alkoholdunak edo bestelako edozein droga edo substantzia psikotropiko sartzea lokalera.

f) Substantzia psikotropikoak kontsumitzea, erretzea edo edari alkoholdunak sartzea.

g) Alkoholaren edo instalazioetan jokabide egokia urratzen duten beste substantzia batzuen eraginpean egotea.

h) Lokaleko erabiltzaileen edo arduradunen askatasunaren, osotasun fisikoaren edo moralaren aurkako beste edozein eraso, ez badago sartua arau-hauste oso astunen artean.

i) Urtebetean hirugarren arau-hauste arin bat egitea.

14.4. Arau-hauste arinak izanen dira araudi honetan oso astuntzat edo astuntzat jotzen ez diren gainerako arau-hausteak, eta, bereziki, honako hauek dakartzatenak:

a) Instalazioak eta materiala behar bezala ez zaintzea, arinki hondatzea lokaleko joko, material edo liburuak eta langileen oharrekin bat ez datorren edozein ekintza (erabiltzeko aurreikusita dauden bestelako helburuekin jolastea; mahaietara edo aulkietara igotzea; ordenagailuen mahaien, futbolinaren, edo bestelakoen gainean esertzea; billar, pin pon edo futbolineko pilotak maltzurkeriaz jaurtitzea lurraren, hormaren edo bertan dagoen edozein pertsonaren kontra).

b) Jarrera oldarkorra edo errespetu gabekoa izatea gainerako erabiltzaileekiko edo zentroko arduradunekiko.

c) Lokalaren arduradunaren lan-eremura pasatzea edo edozein material hartzea lokaleko langileen baimenik gabe.

d) Korrika edo oihu egitea, modu zaratatsuan eta nahita, bertan daudenen atentzioa modu ezkor eta larderiatsuan deituz.

e) Bertako arduradun diren langileen jarraibideei kasurik ez egitea.

f) Instalazioetara sartzea erregistroan behar bezala erregistratu gabe.

g) Kartelak jartzea edo liburuxkak uztea, alkatearen edo Gazteriako zinegotziaren baimenik gabe.

h) Jokoak, materialak eta gainerako altzariak lokaletik ateratzea.

i) Jokoak erabili ondoren horiek ez jasotzea.

15. artikulua. Zehapenak.

Agintari eskudunek aurreikusitakoaren arabera zuzendu ahal izanen dituzte zehaztutako arau-hausteak, honako zehapen hauetako batekin edo gehiagorekin:

a) Isunak.

b) Lokal barruan baimenduta ez dauden elementuak konfiskatzea.

c) Gazteen Txokoaren erabilera aldi baterako debekatzea.

d) Gazteen Txokoaren erabilera behin betikoz debekatzea.

16. artikulua. Isunak.

Isun-zehapenek honako zenbateko hauek errespetatuko dituzte:

–Arau-hauste oso astunak: 3.000 euro arteko isuna.

–Arau-hauste astunak: 1.500 euro arteko isuna.

–Arau-hauste arinak: 750 euro arteko isuna.

17. artikulua. Gazteen Txokoaren erabilera aldi baterako debekatzea.

Arau-hauste hori ezarriko da zentroko langileek aldez aurretik ahozko ohartarazpena egin ondoren, ez-betetzearen larritasunaren arabera, eta alkateari edo Gazteriako zinegotziari kontsultatu ondoren; honako mailaketa hau ezarriko da:

–Arau-hauste arina: lokala ezin erabiltzea gehienez ere bi astez.

–Arau-hauste larria: lokala ezin erabiltzea hiru hilabetetik bi urtera arteko denbora-tartean.. Bateragarria izanen da arau-hausleari isuna jartzearekin.

18. artikulua. Gazteen Txokoaren erabilera behin betikoz debekatzea.

Erabilera gabetzeari dagokion gehieneko zehapena izanen da eta salbuespeneko kasuetan baino ez da aplikatuko, oso arau-hauste astunengatik. Bateragarria izanen da arau-hausleari isuna jartzearekin.

19. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

19.1. Araudi honetan aurreikusitako zehapena jartzeaz gain, araua hautsi duen pertsonari eska dakioke berak aldatu edo kaltetutako egoera bere onera ekartzeko, baita eragindako kalteak ordaintzeko ere.

19.2. Kalte-galerak Udalaren titulartasuneko ondasunetan sortzen direnean, Orkoiengo Udalak konponketaren zenbatekoa zehaztuko du zerbitzu tekniko eskudunek tasazioa egin ondoren, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo arau-haustearen erantzuleari, ezartzen den epean ordainketa egin dezan.

20. artikulua. Erantzuleak.

20.1. Araudi honetan xedatutakoa urratzearen erantzule zuzenak egile materialak izanen dira, salbu eta adingabeak badira edo ezin egozteko legezko kausaren bat badute; kasu horretan, gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira erantzule.

20.2. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan. Kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurre hartzeko.

21. artikulua. Organo eskuduna.

Alkatetzak izanen du araudi honetan aipatzen diren zehapenak ezartzeko eskumena, zinegotzi ordezkariak eskatuta, halakorik balego.

22. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen-prozedurak bete behar du zehatzeko ahala baliatzeari buruzko legeria orokorrean ezarritakoa, bat etorriz 39/2015 Legean ezarritakoarekin.

AZKEN XEDAPENAK

Xedapen gehigarria.–Araudi hau aplikatzean zalantzarik sortuz gero, edo araudi honetan arautu gabeko alderdi puntualei buruz, alkateari edo Gazteriako zinegotziari egokituko zaio dagokion proposamena egitea. Proposamen hori, egokitzat jotzen diren txosten teknikoak eta juridikoak egin ondoren, informazio batzordeari helaraziko zaio, udal-organo eskudunak dagokion erabakia har dezan.

Azken xedapena.–Araudi hau, behin betiko onesten denean, indarrean jarri da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Iragarkiaren kodea: L2403374