49. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LESAKA

Deialdia, arkitekto teknikoaren lanpostua aldi baterako kontratazioarekin betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko

Alkateak, 2024ko otsailaren 8ko 92. Ebazpenaren bidez, deialdia eta hura arautuko duten oinarriak onetsi zituen. Honako hauek dira:

OINARRIAK

Lehena.–Arau orokorrak.

Deialdia iragartzen da, izangaien zerrenda bat eratzeko hautaproben bidez, Lesakako Udaleko arkitekto tekniko eta hirigintzako arduradunaren lanpostua betetzeko, gehienez ere 3 urteko iraupena izanen duen aldi baterako kontratu baten bidez.

Honako hauek dira, besteak beste, bere eginkizunak:

–Txostenak egitea honako hauei buruz: jardueratarako lizentziak, obra txikiak, mota guztietako jardueratarako irekiera lizentziak, etxebizitzen lehen okupazioko lizentziak, eta administrazio tramitazioak.

–Txostenak, inspekzioak, irizpenak, memoria baloratuak, balorazioak, azterlanak, peritazioak, analisiak, eta/edo proposamenak egitea.

–Hirigintza diziplinako txostenak (salaketak eta legezkotasuna berrezartzea eta zehapen-txostenak; betearazpen aginduak, ordezko betearazpenak), etxebizitzen, merkataritza lokalen, nabe industrialen eta bestelakoen ikuskapenak.

–Legeak ezartzen dituen epeetan lizentzia eskaeren gaineko txostenak egitea, horietan barne direla obra lizentziak, lehen okupazioko lizentziak, itxiturak, lurzatiketak, eraikuntzak, eraispenak, etab. egiteko lizentziak.

–Udal obren eta emandako lizentzien segimendua eta kontrola.

–Ingurumen afekzioen ikuskapena eta analisia eta kontrol txostenak.

–Partikularren obrak gauzatzeko faseak ikuskatzea eta kontrolatzea (zuinketa, eraikingintza, urbanizazioak onartzea, obren bukaera eta lizentzia eta jarduera).

–Lehen aipatu eginkizunetatik eratorritako txostenak egitea eta espedienteak ebaztea.

–Jendeari arreta ematea Udalak ezarritako orduetan, obren eta jardueren araudiari buruzko kontsulta orokorrei eta bereziei erantzuteko.

–Beste teknikari batzuei laguntzea eta haiekin lan egitea, txostenak, azterlanak, proiektuak, etab. prestatzen, bakoitzak bere eskumenaren barnean.

–Bere ezagupen berariazkoetan eragina duten ordenantza fiskalen eta hirigintzakoen ondorioz zerga arloan indarra duten xedapenak zehazki aplika daitezen laguntzea.

–Aholkularitza eta laguntza ematea balorazio teknikoa egin beharreko kontratazio mahaietan, bai eta Hirigintzako Informazio Batzordean ere, beharrezkoa bada.

–Bere eskumenekin ikusteko duten bilera, batzarre eta abarretara joatea eta haietan parte hartzea, bai Udaletxekoetara bai kanpokoetara, baldin eta gobernu organo eskudunari iruditzen bazaio Udalak bertan egon behar duela.

–Hirigintza arloan garatzen diren parte hartzeko prozesuetan parte hartzea.

–Aurretik aipatu eginkizunetatik eratorritako azterlanak, planak, programak eta txostenak, irizpenak, balorazioak, analisiak, estatistikak, katalogoak eta proposamenak egitea. Oro har, Udalak eskatzen dion guztia, bere lanbide trebakuntzaren barnean sartzen bada.

–Esleitzen zaizkion bestelako aldi baterako eginkizunak egitea, dela arrazoi justifikatuengatik edo premiazkoengatik, edo arrazoi funtzional eta organikoengatik, Udalaren lan planetan edo interesetan ezarritako balioaniztasun irizpidea aplikatzearren.

–Segurtasun eta osasun azterlanak eta haien jarraipena egitea Udalaren garrantzia txikiko proiektu eta obretan.

–Udalaren laneko arriskuen prebentzioaren koordinazioa.

–Udalak sustatzen dituen urbanizazio eta eraikuntza lanetan segurtasun eta osasun neurriak betetzen direla berraztertzea, ikuskatzea eta exijitzea, bai eta altzarien eta instalazioen mantentze eta berrezartze lanetan ere.

–Bere alorreko giza baliabideak kudeatzea eta bere kargura dauden zerbitzu anitzetako langileak koordinatzea (obretakoak, lorezainak, etxezainak, garbiketakoak), elkarlana behar den jardueretan.

–Hiriko, kaleetako, urbanizazio elementuen eta azpiegituren mantentze-lanen eta hiri altzarien, lorategien eta kale garbiketaren plangintza eta jarraipena.

–Hirigintzako, obretako, lorategietako eta oro har garbiketa planetako txostenak, ikuskapenak, irizpenak, memoria baloratuak, balorazioak, azterlanak, analisiak, eta proposamenak egitea.

–Udal eraikinen, lokalen eta zerbitzuen mantentze lanak kontrolatu, programatu eta ikuskatzea, horien alderdi teknikoak eta eraikuntza alderdiak, eta segurtasun, osasun, eragimen eta hobekuntza energetikoaren neurriak, eta irisgarritasuna eta egoerari dagozkienak.

–Laguntzea baldintza-agiriak egiten obra-kontratuetarako, makineria, materialak, hornidurak, altzariak eta abarrak erosteko, zerbitzu anitzen arloan.

–Zerbitzu anitzen aurrekontua kudeatzea, haiei eragiten dieten gastuak ontzat ematea, bai eta hornitzaileekin harremana izatea eta kontratatutako obrak ikuskatzea eta obrak ziurtatzea ere.

–Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

–Titulazioari dagokion beste edozein zeregin, baita eginkizun administratiboak eta horiek garatzeko direnak ere.

Ordutegia izanen da lanpostu horretarako ezarrita dagoena. Dena den, une oro egokitu beharko da Udalaren beharretara, eta Udalak aldatzen ahalko du.

Kontratuaren ordainsariak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan B mailarako ezarrita daudenak (158/1984 Foru Dekretua, uztailaren 4koa).

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Europar Batasuneko estatu bateko herritarra izatea, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio. Orobat, parte har dezakete Europar Batasuneko estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Arkitekto tekniko/aparejadorearen tituluaren jabe izatea edo arkitekturako edo eraikuntzaren ingeniaritzako gradu tituluarena, edo horien baliokidea, arkitekto teknikoaren eskumenak betetzeko. Kasu horretan harekin batera aurkeztu behar da aipatu baliokidetza frogatzen duen ziurtagiria, erakunde eskudunak luzaturikoa. Oraindik titulua ez dutenek eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen aurkeztu beharko dute titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Euskaraz jakitea. Horretarako aurkeztu behar da C1 titulua edo baliokidea, edo, bestela, eskatutako ezagutzaren proba espezifikoa egin behar da, jarraikiz ezarritakoari oinarrietako 9.5 apartatuan.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

g) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

h) B motako gidabaimena edukitzea.

2.2. Eskabidea aurkezterakoan, izangaiek agiri bidez frogatu beharko dituzte oinarri honen 2.1.c) eta 2.1.d) ataletan eskatzen diren tituluaren betebeharrak.

2.3. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta dei egiten zaienean eta kontratazioak dirauen bitartean.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3.2. Aipatu eskabideak aurkeztu beharko dira Lesakako Udaleko erregistro orokorrean (Plaza Zaharra, 1, Lesaka), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Kasu horretan, administrazio kontratatzaileari jakinaraziko zaio eskabidea igorri dela eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

3.3. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean izan beharko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik eta Lesakako Udaleko erregistro orokorrera igorri aurretik.

Instantziek I. eranskinean agertzen den eredua bete behar dute. Eskura egonen da Lesakako Udalaren bulegoetan (Plaza Zaharra, 1, Lesaka) edo udalaren web-orrian: www.lesaka.eus.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere ezertan galarazi gabe kontratatuak izateko deitzen zaienean jatorrizko dokumentuak edo fotokopia konpultsatuak edo legeekin bat kautotuak aurkezteko beharra:

–Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasuna eta nazionalitatea eta, hala bada, deialdiko 2.1.a) arauan nazionalitateaz eta ahaidetasunaz eskatzen diren betebeharrak frogatzen dituen agiriaren fotokopia.

–Deialdian parte hartzeko eskatutako tituluaren fotokopia.

–Hala badagokio, euskararen ezagutza egiaztatzen duen dokumentazioa edo proba egiteko eskabidea.

–Baloratuko diren merezimenduak frogatzeko agirien kopia.

–15,00 euroko tasa ordaintzea azterketa egiteko eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik.

Ordaintzeko modua: zenbateko hori ordaintzen ahalko da eskudirutan diru-sarrera eginez edo banku-transferentzia bidez, honako kontu honetan: ES88 3008 0054 1507 1153 2911. Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek: izangaiaren izen-deiturak eta kontzeptua, hots, zer hautapen-prozesutan parte hartu nahi den.

Honako kasu hauetan ez da tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortuta duten pertsonak.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilabetero.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta. Hori egiteko, deialdiaren fitxan dagoen eredua aurkeztu beharko da, edo deialdian parte hartzeko eskabidean berean horretarako dagoen tokian idatzi.

Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzean, ezaugarrien taul(et)an zehazten den moduan. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketaren eskubideen tasa ordaindu arren, ezinbestekoa izanen da aurkezteko izapidea garaiz eta behar bezala egitea.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil nahiz administratiboak.

3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

Laugarrena.–Izangaien onarpena. Behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea igarotakoan, onetsien eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da. Zerrenda hori Udalaren web-orrian (www.lesaka.eus) eta iragarki-taulan argitaratuko da.

Egun horretatik aitzina, baztertutako izangaiek 3 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko. Horretarako, eskabidea aurkeztu beharko dute udaletxean.

Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, izangai onetsi eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da (baztertutako izangaien kasuan, baztertzearen arrazoia aipatuko da) eta Lesakako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko da, deialdi honetan aipatutako lehenengo hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Lesakako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen den hautapen proba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: Ladis Satrustegui Alzugaray, Lesakako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Argiñe Ordoki Urkixo, Lesakako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Gonzaga Aristondo Cartagena, Berako Udaleko arkitekto teknikoa.

Ordezkoa: Gotzon Olarte Gorosabel, Baztango Udaleko arkitekto teknikoa.

Epaimahaikidea: Nasuvinsak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nasuvinsak izendatutako teknikaria.

Epaimahaikidea: Pedro Apezteguia Alzugaray, Lesakako Udaleko langileen ordezkaritzak proposatuta izendatua.

Ordezkoa: Estibaliz Iparraguirre Madariaga, Lesakako Udaleko langileen ordezkaritzak proposatuta izendatua.

Idazkaria: María José Larráyoz Ariztegui, Lesakako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Mikel Belarra Telletxea, Berako Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin badaude urriaren 2ko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (urriaren 2ko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

Seigarrena.–Hautapen-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

6.1. Hautapen prozesuak bi zati edukiko ditu:

–Oposizio fasea: proba teoriko bat eta proba praktiko bat.

–Merezimenduen balorazio fasea.

Oposizioaren proba espezifikoak egiten hasi baino lehen, euskararen proba eginen dute deialdi honen 2.1.d oinarrian eskatutako ezagutza agirien bidez egiaztatu ez dutenek.

Euskararen ezagutza egiaztatzen duen C1 mailako titulua edo baliokidea ez duten pertsonek aukera izanen dute ezagutza hori egiaztatzeko, eskatutako hizkuntza-maila zehazten duen probaren bidez.

Maila-proba hori egin nahi duten izangaiek eskabide-orrian adierazi beharko dute.

Euskarabideak eginen du hautapen-prozesua, eta bi ariketa izanen ditu.

Lehenengoa idatzizko ariketa izanen da, eta irakurriaren ulermena eta idazteko trebetasunak baloratuko dira (gramatika, hiztegia, diskurtso-egokitasuna, antolaketa eta koherentzia, etab.).

Bigarrenean, ahozko ariketa bat eginen da, hizkuntzaren ahozko ezagutzaren ulermena eta irismena baloratzeko (gramatika-errepertorioa, jariotasuna, interakzioa, ahoskera eta intonazioa, diskurtso-kohesioa, etab.).

Bi ariketak gainditzen dituzten izangaiek bakarrik frogatuko dute euskararen ezagutza, eta hautaketa-prozesuan parte hartzen ahalko dute.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin emanen du argitara bigarren probarako deia, eta iragarki-taulan eta web-orrian (www.lesaka.eus) argitaratuko dira; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioaldia.

Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaiendako eginen dira posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak, eskaeran azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

Oposizioan 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

a) Proba teorikoa: idatzizko proba izanen da, hainbat galdera labur edo test modukoak erantzun beharko dira, eta funtsean deialdiaren 1. eranskinean dagoen gaitegiaren ingurukoak izanen dira.

Epaimahaiak ezarriko du proba horren gehieneko iraupena. Baztertzailea izanen da eta 40 puntu izanen ditu gehienez; gainditzeko, gutxienez 20,00 puntu lortu beharko dira.

Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrak zigortu eginen dira, epaimahai kalifikatzaileak zehaztutako moduan.

b) Proba praktikoa: deialdiaren 1. eranskinean jasotako gaiei buruzko kasu praktiko bat ebaztea.

Epaimahaiak ezarriko du proba horren gehieneko iraupena. Baztertzailea izanen da eta 40 puntu izanen ditu gehienez; gainditzeko, gutxienez 20 puntu lortu beharko dira.

6.4. Lehiaketaldia: 20 puntu gehienez.

Lehiaketaldian, oposizioa gainditu duten izangaien merezimenduak baloratuko dira. Ondotik datorren baremoaren arabera baloratuko ditu epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak. Izangaiek merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, eta ekarri beharko dituzte jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, baremo honen arabera:

a) Nafarroako toki erakunde batentzat arkitekto teknikoaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 3 puntu, lanean egindako urte bakoitzeko.

b) Gainerako administrazio publikoetan arkitekto teknikoaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 2 puntu, lanean egindako urte bakoitzeko.

Fase honetan esperientzia agiri bidez egiaztatuko da: enpresa-ziurtagiriak eta lan-kontratuak, edo, horien ordez, teknikariaren kategoria erakusten duen nomina bat eta lan-bizitzaren ziurtagiria, lanpostuko antzinatasuna, lanbide-kategoria eta lan egindako denbora egiaztatzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, lan-bizitzaren txostenaren arabera proportzionalki dagokion puntuazioa emanen da.

6.5. Oposizio-lehiaketaren azkeneko kalifikazioa izanen da izangai bakoitzak bi faseetan (oposizioa eta merezimenduak) erdietsitako puntuazioen batuketaren emaitza.

Zazpigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda, izangai-zerrenda eta deia.

7.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Lesakako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta organo eskudunari igorriko dio onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ezarritako irizpideen arabera ebatziko da.

Izangaien zerrendak eta zer hurrenkeran deituko zaien onetsi aurretik, desgaitasuna dutela frogatu dutenei osasun azterketa eginen zaie, lanpostu horretarako egokiak diren zehazteko.

7.2. Behin jasota hautapen-prozesuaren espediente osoa, izangai-zerrenda onetsiko da, organo eskudunaren ebazpen bidez, izangaiei deituko zaien hurrenkeran (izena, abizenak eta lortutako puntuazioa agertuko dira), eta jendaurrean paratuko da Udalaren iragarki-taulan eta ww.lesaka.eus web-orrian.

7.3. Hautapenetik sortuko den gainditutako izangaien zerrenda erabiliko da ordezkapenak egiteko eta laneko bajei, oporrei edo zerbitzuko beste edozein premiari erantzuteko, eta indarrean egonen da beste deialdi bat onetsi arte.

Zerrendaren indarraldia bitartean, lanpostu bererako beste zerrendaren bat eratzen bada Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

Poltsakoei deitzeko, kontuan izanen da III. eranskinean ezarritako araudia.

Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa; horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten izangaiek frogatu beharko dute egoera hori, organo eskudunak luzatutako jatorrizko agiriaren bidez edo, indarrean den legediari jarraituz, behar bezala konpultsatutako edo kautotutako kopiaren bidez.

Zortzigarrena.–Datu pertsonalen babesaren informazioa.

Datuen tratamenduaren arduraduna:

Identitatea: Lesakako Udala.

Posta helbidea: Herriko Plaza 1, 31770, Lesaka.

Telefonoa: 948 637005.

Posta elektronikokoa: udala@lesaka.eus.

Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea, botere publikoen jardunean.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira, eta Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean gordeko dira. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datu-hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta udal web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/013_Local_solicitud_concurso_con_euskera_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1.–Administrazio prozedura.

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

2.–Hirigintza.

–Lesakako Udal Plan Orokorra. Behin betiko onespena 1999ko 58. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 10ean.

–Lurzoru urbanizaezinaren arauak-Udal Planaren aldaketa lurzoru urbanizaezinaren arloan (2017ko 227. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 24koa).

–Lesakako bide publikoan terrazak eta ostalaritzari eta merkataritzari lotutako beste elementu batzuk instalatzea arautzen duen ordenantza, 2021eko 229. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, irailaren 30ean.

–7/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onesten duena.

–VIV/561/2010 Agindua, otsailaren 1ekoa, zeinaren bidez garatzen baita irisgarritasuneko eta diskriminaziorik ezeko baldintza oinarrizkoen agiri teknikoa, espazio publiko urbanizatuak irisgarri eta erabilgarri egon daitezen.

–44/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 16koa, onesten duena Nafarroa Atlantikoko Lurraldearen Antolamenduko Plana.

–1/2017 Legegintzako Foru-Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

3.–Eraikingintza .

–38/1999 Legea, azaroaren 5ekoa, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzkoa.

–314/2006 Errege Dekretua, martxoaren 17koa, Eraikingintzaren Kode Teknikoa eta haren oinarrizko agiri aitortuak onesten dituena.

–23/2011 Foru Dekretua, martxoaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena.

4.–Segurtasuna eta istripuen prebentzioa.

–1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, zeinaren bidez ezartzen baitira eraikuntza obrei buruzko segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak:

  • Istripuen prebentzioa. Nork bere burua babesteko bitartekoak.
  • Eraikuntza lanetako segurtasuna eta osasuna:

–Segurtasun eta Osasun azterlana.

–Segurtasun eta osasun plana.

5.–Etxebizitza.

–10/2010 Foru Legea, maiatzaren 10ekoa, Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzkoa.

142/2004 Foru Dekretua, martxoaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxeetan bizi ahal izateko baldintzak arautzen dituena.

  • Nafarroako etxebizitzetarako eskatzen diren bizigarritasun baldintzak.
  • Bizigarritasun zedula Nafarroan: izaera, tramitazioa, edukia eta ondorioak.

–151/2006 Foru Agindua, maiatzaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuaren eranskineko eduki batzuetako adierazpen grafikoak.

6.–Ingurumena.

–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, arautzen dituena Ingurumenean Eragina duten Jarduerak.

–26/2022 Foru Dekretua, martxoaren 30ekoa, zeinaren bidez arautzen baita abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamendua (17/2020 Foru Legeak arautzen ditu Ingurumenean Eragina duten Jarduerak).

–37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa.

–1513/2005 Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Zaratari buruzko Legea garatzen duena ingurumeneko zarata ebaluatzeari eta kudeatzeari dagokienez.

–Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, hotsari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena soinu-eremuen banaketari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez.

7.–Lursailen eta eraikinen balorazioak.

–7/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onesten duena. V. titulua. Balorazioak.

–ECO/805/2003 Agindua, martxoaren 27koa, ondasun higiezinak eta eskubide jakin batzuk baloratzeko arauei buruzkoa, zenbait finantza-helburutarako:

  • II. titulua. Tasazioaren balioa nola kalkulatu.

8.–Kontratazioa.

–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa:

  • Kontratu motak.
  • Prestatzeko jarduketak.
  • Esleitzeko prozedurak.
  • Klausula administratiboen agiria.
  • Fidantzak eta bermea.

9.–Errepideak eta zeharbideak.

–5/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako errepideei buruzkoa.

10.–Irisgarritasuna.

–31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoa.

11.–Informazio geografikorako sistema (QGIS).

Oinarrizko kontzeptuak: mapak, atributuak, osagarriak, datuen deskarga, datu bektorialak eta ráster datuak, topologia.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

III. ERANSKINA.–ARKITEKTO TEKNIKOAREN LAN-POLTSA KUDEATZEKO ARAUAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Xedapen honen xedea da arauak ezartzea Lesakako Udalean arkitekto teknikoaren lanpostua aldi baterako lan-kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko.

2. artikulua. Zerrenda eratzea.

1. Hautapen-prozesuko proba gainditu duten izangai guztiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, puntuazioaren arabera.

2. Izangaien zerrendan lehentasuna finkatzeko, lehiaketaldia eta oposizioaren baturatik lortutako puntuaziorik handienari erreparatuko zaio.

3. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek bortz urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita.

Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako bertze zerrendaren bat osatzen bada hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

4. Kanpainarako kontratazioen edo dirulaguntzekin lotutakoen kasuan, eta betiere aparteko presa duten arrazoiak badaude, behar bezala justifikatuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen ahalko zaio izangaien zerrenda bat bidal dezan.

5. Udalak, efikazia- eta efizientzia-arrazoiak direla-eta, hala behar badu, lanaldi partzialeko kontratuak egiteko aukera sartu ahal izango da.

3. artikulua. Deiak egiteko arau orokorrak.

1. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du. Udalak hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera-orritik eskuratuko ditu datu horiek. Dena den, interesdunak berariaz eskatu ahal izanen du datu horiek aldatzeko edo eguneratzeko.

2. Izangaiei deitzeko orduan, aurretik ezarritako lehentasun irizpideak hartuko dira kontuan.

3. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

Dei bakoitzaren oharra jasoko da, aipaturik gorabeherak, eguna eta ordua.

4. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio.

5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.

6. Hasiera batean hilabetekoak edo laburragoak diren kontratazioak, behin baimendu ondoren, haiekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. idatz-zatian ezarritakoa bete behar izan gabe.

7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik eskainiko, lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan izan ezik, horietan ahaleginak egingo baitira udal berean bete beharreko beste premia batzuekin osatzeko lanaldia, betiere kontratu beraren barruan posible bada eta interesdunaren adostasuna badago.

8. Kasu bakoitzean ezarritako epean jakinarazi beharko du izangaiak kontratua onartzen duela, eta epe hori ez da 24 ordu baino gehiagokoa izango, deia jasotzen denetik hasita, udalak hala erabakitzen badu. Erantzuten ez badu, interesdunak kontratuari uko egiten diola ulertuko da.

4. artikulua. Deietarako lehentasun apartekoa.

1. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 6 eguneko epearen barruan, zerbitzu berean lanpostu berdina aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion mementuan baldintza hauek betetzen badira:

–Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

–Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

5. artikulua. Presako deiak.

Behar bezala frogatutako presako kasuetan, kontratazioa, behin baimendu ondoren, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaio, 3.3 artikuluan ezarritakoa bete behar izan gabe.

6. artikulua. Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

1. Amatasunaren edo adopzioaren lizentzia (ez, ordea, aitatasunarena) hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

2. Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

3. Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

4. Horrelakoetan, amatasuna edo adopzioa gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera bitarteko epea Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaio. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

7. artikulua. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Lanaldi partzialeko kontratu bati uko egitea, parte hartzeko eskabidean aukera hori hautatu ez bazuen. Lanaldi partzialeko kontratu bat onartuz gero, 3.8 artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

c) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik. Arrazoi honengatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz aktibo egotera itzuliko, ukorako arrazoia amaitu dela behar bezala frogatzen ez duten bitartean.

d) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

f) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

g) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

h) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

2. Aurreko apartatuan jasotako kasuetan, h) letretakoetan izan ezik, izangaiek zerbitzu emateko moduan daudela jakinarazi beharko dute. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik. a), e) eta f) letretako kasuetan, arrazoi eragile bera bi aldiz baino ezin izanen da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.

3. Artikulu honetako 1. apartatuan adierazitako egoeretako batean, h) letrakoan izan ezik, dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

8. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.

Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.

c) Probaldia ez gainditzea.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta ukoaren zergatia izangaia Lesakako Udalean eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan kontratatu gisa sartu dela baldin bada, maila bereko edo baxuagoko beste lanpostu batean aritzeko, edo foru agindu honen 3.8 artikuluan ezarritakoaren ondorioz.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

f) Lesakako Udalean eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan kontratatu gisa sartzea lanpostu berean edo maila altuagoko beste batean jarduteko.

g) Lanpostua bertan behera uztea.

h) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.

Lesakan, 2024ko otsailaren 8an.–Alkatea, Ladis Satrustegui Alzugaray.

Iragarkiaren kodea: L2403268