49. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

DEIALDIA, parte hartzeko Hanburgon 2024ko irailaren 24tik 27ra bitarte eginen den haize-energiaren WindEnergy azokan.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana sustatzen du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak eta Foru Komunitatearen Nafarroako Nazioarteko Planak (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion) adierazten dute energia berriztagarrien sektorea estrategikoa dela, eta, zehazki, haize-energiaren azpisektorearen garrantzia azpimarratzen dute.

WindEnergy azoka (https://www.windenergyhamburg.com/) mundu mailako erreferentzia da haize-energiaren sektorearentzat. Azoka urtero egiten da, eta, aurten irailean eginen da Hanburgon. Urtero 40.000 profesional inguru joatean dira azokara, ehun bat herrialdetatik. Azokan jarduera asko egiten dira haize-energiaren hainbat eremutan: hitzaldiak, foro espezializatuak, eztabaida sustatzeko jarduerak, baita enpresen, adituen, unibertsitateen eta ikerketa-zentroen arteko harremana eta lankidetza sustatzea ere.

Nafarroako Gobernuaren ustez, azokak aukerabideak eskaintzen ahal dizkie sektore haize-energiaren sektorean aritzen diren Nafarroako enpresei, eta, horregatik, aipatu sektoreko balio-katean parte hartzen duten enpresak gonbidatzen ditu Nafarroako Gobernuak azoka horretan jarriko duen erakustokian batera parte har dezaten.

Ekintzaren xedeak.

–"Nafarroa" marka ezagutzera ematea eta Nafarroako haize-energiaren sektorearen irudi taldekatu, profesional eta erakargarria ematea azokan.

–Nafarroako enpresei merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea, jakin dezaten zer egoeratan dagoen haize-energiari buruzko teknologiaren sektorea nazioartean.

–Laguntza instituzionala ematea haize-energiaren sektoreari, nazioartean garatu dadin.

–Negozio-aukerak identifikatzea eta bide ematea Nafarroako enpresei harremanetan jar daitezen bai egungo bezeroekin bai etorkizunean bezero izan daitezkeenekin ere.

Sektorea.

–Haize-energia.

Ekintzaren edukia.

–Nafarroako enpresentzako gunea izatea "Navarra Renewables" erakustokiaren barruan, B6 aretoan, baita gune komun bat ere bilerak egiteko.

–Azokara joan aurretik, enpresa parte-hartzaileei esportazio-diagnostiko bat egiteko aukera emanen zaie (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion), jakiteko parte hartzen duen enpresa bakoitza zer mailatan dagoen prestaturik nazioarteko bihurtzeko.

–Azokan sartzeko txartelak ematea (txartel bat enpresa bakoitzeko).

–"Navarra Renewables" erakustokia osatzen duten nafar entitateen sustapenerako katalogo bat prestatzea, azokan banatzeko.

Nafarroako Gobernuak ez ditu ordainduko azokako koerakusketariaren tasako, bidaietako, hoteletako, otorduetako, barneko joan-etorrietako edo enpresa bakoitzaren bestelako gastuak, horiek entitate parte-hartzaileen kontura izanen baitira.

Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

–Nafarroako haize-energiaren sektoreko balio-katearen parte izatea (enpresak, klusterrak, elkarteak, etab.). Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

–Nafarroan izatea egoitza soziala eta bertan garapen eta/edo ekoizpen lanak gauzatzea.

–Web-orria ingelesez izatea.

–Harremanetarako komertzial bat izatea, ingelesez dakiena, WindEnergy azokaren aurretik, azoka bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).

Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik aurrera, eta 2024ko martxoaren 26ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez:

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.

14 enpresak parte har dezakete gehienez, eta, gutxienez, 6 enpresa beharko dira. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.

WindEnergy azokan banaka parte hartzen duten erakusketa-enpresek "Navarra Renewables" erakustokian ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta lekurik geratzen bada.

Lehentasuna izanen dute beste azoka edo merkataritza-misio batean parte hartu ez duten enpresek, Nafarroako Nazioarteko Planak hizpide dugun azokak jorratzen duen sektorearentzat eta 2024an antolatu dituenen artetik.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak ez parte hartzea erabakitzen badu, azoka hasi baino hilabete lehenago gutxienez aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.

Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Erakustokian arreta ematen egotea azokako egun guztietan eta azoka irekita dagoen ordutegian.

–Ekintza egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta 6 hilabetera, jakiteko zer aurrerapen izan den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 22an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2403345