49. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

17/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 12koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zenbait eskumenen erabilera Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten duena.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak abenduaren 13an emandako 77/2019 Foru Aginduaren bidez, zenbait eskumenen erabilera utzi zen Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiaren esku, Kontu-hartze eta Kontabilitate zuzendari nagusiaren esku, Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendariaren esku eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko buruaren esku, eta, zenbait kontratu formalizatzeko sinadura, berriz, departamentuko beste organo batzuen esku.

Azaroaren 15eko 243/2023 Foru Dekretuaren bidez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Foru dekretu horren bigarren xedapen gehigarrian, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko zuzendaritza nagusien eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren buruaren esku uzten dira, bakoitzaren eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren titularrari kontratazioaren, gastuen baimenaren eta xedapenaren eta ordaintzeko obligazioen aitorpenaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten dira Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrak ondare-erantzukizunaren arloan esleituak dituen eskumenen titulartasuna eta erabilera.

Horregatik, beste foru agindu bat eman behar da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 13ko 77/2019 Foru Aginduan ezarritako eskumen-eskuordetzea egokitzearren Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 243/2023 Foru Dekretuan jasotako eskumen-banaketa berrira.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluak aukera ematen dute kontseilariek maila bereko edo apalagoko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste organo batzuei eskuordetzeko esleituak dituzten eskumenak, eta, horrez gainera, eskuordetu ezin diren gaiak eta eskuordetzea gauzatzeko erabili beharreko araubide juridikoa ezartzen dituzte.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uztea Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen arabera aurrekontu-aldaketak ebazteari buruz dagozkidan eskudantzien erabilera, salbu eta foru lege horren 45.1 artikuluko aurrekontu-aldaketei buruzkoak, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari dagozkionak.

2. Foru agindu honen bidez eskuratutako eskuordetzaren indarrez ematen diren administrazio ebazpenetan inguruabar hori adierazi beharko da espresuki. Ebazpen horiek Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emanak bailiran izanen dira, ondorio guztietarako, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, edo berraztertzekoa, aipatu kontseilariari zuzendua.

3. Foru agindu hau Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiari, Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiari, Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuari eta Kontu-hartze Zerbitzuari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Indarrik gabe uztea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 13ko 77/2019 Foru Agindua, zenbait eskumenen erabilera Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiari, Kontu-hartze eta Kontabilitate zuzendari nagusiari, Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendariari eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko buruari eskuordetzan ematen diena, eta, zenbait kontratu formalizatzeko sinadura, berriz, departamentuko beste organo batzuei.

Iruñean, 2024ko otsailaren 12an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2402610