49. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8E/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Generazinema Sustapena" izeneko laguntzen deialdia. DDBN: 744384.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du onets daitezela Generazinema Sustapena laguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak, baimen dadila 25.000 euroko gastua eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila foru agindu hau.

Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Generazinema Sustapena laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334102: GENERAZINEMA: Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak

2024

25.000,00

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko otsailaren 15ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

GENERAZINEMA SUSTAPENA 2024 LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiak xede du laguntza batzuk arautzea, banakako ebaluazioko araubidean, Nafarroako ikus-entzunezko sektore profesionalaren filmak sustatzeko eta hedatzeko ekintzak egin daitezen 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarte, biak barne.

1.2. Deialdi honetan bi modalitate daude:

–A) modalitatea. 2024ko Goya sarietarako hautagai diren filmak, izendatutakoak edo saridunak sustatzeko berariaz diseinatutako ekintzak.

–B) modalitatea. Zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan, azoketan eta ekitaldietan parte hartzea, gonbidapena jasota.

1.3. Eskaera bakoitzean film bakar baterako laguntza eskatzen ahalko da, bi modalitateetako batean zein bietan parte hartzeko. Bietara aurkeztuz gero, memorian eta aurrekontuan ongi zehaztu beharko dira modalitate bakoitzeko gastuak eta ekintzak.

Gainera, banakako araubideko deialdia denez, beste eskaera batzuk aurkezten ahalko dira lehenengoaren ondoren, beste film baterako zein film bererako, baina beste ekitaldi batzuetarako. Laguntza eskaera guztien baturak, osotara, muga izanen du 3.2 oinarrian eskatzaile bakoitzarentzat ezarritako gehienekoa.

2.–Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2023ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izan behar dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2023ko urtarrilaren 1etik. Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean ikus-entzunezko edo zinema jarduerak egitea egon beharko da.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona fisikoek edo entitateek, eskaera aurkezten duten unean, alta emanik egon beharko dute ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean (kasuan kasuko udalak emana) edo zinemari edo ikus-entzunezko jarduerari lotutako beste edozeinetan:

–1. atala (enpresa jarduerak): 96. edo 99. multzoak.

–2. atala (jarduera profesionalak): 85 .edo 89. multzoak.

–3. atala (jarduera artistikoak): 1., 2. edo 3. multzoak.

2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako entitate hauek:

a) Toki entitateak, haien erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza nagusia duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2024ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitateek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena.

2.5. Pertsona eta entitate onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Ezin dira izan onuradunak aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeretako batean dauden pertsonak eta entitateak.

2.6. Eskatzaileek ezin izanen dute laguntzen deialdian parte hartu zehatu edo kondenatu badituzte, administrazio ebazpen irmo baten edo epai judizial irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.7. Krisian dauden enpresak, bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluko 18. definizioarekin. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

3.–Aurrekontuko esleipena eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdiak 25.000 euroko zenbatekoa izanen du guztira, 2023ko eta 2024rako luzatutako aurrekontuko partida honen kargura: A20002 A2500 4709 334102 GENERAZINEMA: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak.

3.2. Laguntzen zenbatekoak 3.1 puntuan ezarritako muga izanen du, eta ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa, eta gehienez ere 3.000 eurokoa eskatzaile bakoitzeko.

3.3. Modalitateka, aurrekontua honela banatuko da:

–A) modalitatea. 2024ko Goya sarietarako hautagai diren filmak, izendatutakoak edo saridunak sustatzeko berariaz diseinatutako ekintzak: 10.000 euro.

–B) modalitatea. Zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan, azoketan eta ekitaldietan parte hartzea: 15.000 euro.

3.4. Onetsitako aurrekontua honako honen emaitza izanen da: pertsona edo entitate eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua ken berreskuratzen ahal duen BEZari dagozkion zenbatekoak eta, hala denean, deialdi honen 5. oinarrian xedatutakoaren arabera diruz lagungarritzat jotzen ez diren gastuak.

3.5. Aipatutako mugak betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion minorazioa aplikatuta, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean eta 3.2 oinarrian ezarritako mugak gainditu gabe.

3.6. A modalitatean dirua eman gabe gelditzen bada, B modalitaterako erabiliko da.

3.7. Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.8. Baldin eta pertsona edo entitate onuradun batek uko egiten badio laguntzari edo dena delako arrazoiren batengatik emandako laguntza bat erabili gabe geratzen bada, soberako dirua dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo eskatzaileari emanen zaio, deialdian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortuz gero. A modalitateko eskaera guztiak ebatzi ondoren dirua soberan geratzen bada, B modalitaterako zuzkiduran sartuko da.

3.9. Aurrekontuko dirua deialdi honetan ezarritako epealdien barruan agortzen bada, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak itxitzat emanen du eskaerak onartzeko epea, horretarako ezarritako funtsak amaitu direla-eta. Horretarako ematen den ebazpena tramiteen bilatzaileko Generazinema Sustapena laguntzen 2024ko deialdiaren fitxan argitaratuko da.

4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskaerak oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkezten ahalko dira, eta aurkezteko epea egun honetan amaituko da:

–A modalitatean, 2024ko maiatzaren 31n (egun hori barne).

–B modalitatean, 2024ko urriaren 31n (egun hori barne).

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

Pertsona juridikoek eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo tramiteen bilatzaileko Generazinema Sustapena laguntzen 2024ko deialdiaren fitxaren bidez. Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da, zerbitzu arduradunaren eta erakunde eskatzaileen arteko komunikazio- eta jakinarazpen-kanala izanen dena.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskaeraren eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen bilatzaileko Generazinema Sustapena laguntzen 2024ko deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri.

4.3. Eskaerarekin batera (I.A eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

4.3.1. Dokumentazio orokorra:

a) Ziurtagiri bat, bertan frogatzen dela ezen, eskaera aurkezteko unean, alta emanik dagoela 2.2 oinarrian aipatutako ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetan.

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

I. Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

II. Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

III. Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

4.3.2. Dokumentazio berariazkoa:

a) I. eranskina, Excel formatuan, laguntzaren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.

Fitxategian sartu beharreko edukiak fitxen arabera:

–Aurrekontu osoa: proiektuaren aurrekontu osoaren zenbatekoa jasoko du.

–Aurrekontu diruz lagungarria: bakarrik sartuko dira 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarteko aldiari dagozkion gastuak (biak barne) eta 5. oinarrian gastu diruz lagungarriak jotzen diren kontzeptuak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

–Soldata gastuak eta gizarte segurantzakoak: 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarte ekoiztetxe eskatzaileari dagozkion eta aurrekontuan sartuta dauden soldatako langileen gastuak idatziko dira, 5.1.f eta 5.2.g oinarrietan adierazitako mugarik gabe.

–Oharrak: 5.1.a) epigrafean jasotako zenbatekoak ulertzeko argibide egokiak idatziko dira: ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietarako gastuak.

–Onartutako aurrekontua: emandako informaziotik abiatuta, Excel dokumentuak onartutako aurrekontutzat hartzen ahal den zenbatekoaren eta Nafarroako gastuaren ehunekoaren kalkulu automatikoa eginen du. Organo kudeatzaileak azterketa teknikoa egin ondoren berretsiko da.

–I.A eranskina: eskaera, sinatuta eta PDF formatuan.

–I.B eranskina: proiektuaren azalpen memoria, non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak betetzeari buruzko informazioa.

"Memoriari erantsitako materiala" izeneko dokumentu bat aurkezten ahalko da. Formatu librean eginen da, eta argazkiak, ilustrazioak eta abar jasoko ditu, bai eta proiektuaren eta eskatzailearen ibilbidearen balorazioa egiteko garrantzitsutzat jotzen den oro ere.

b) A modalitatean: filma Goya sarietarako hautagaia dela, izendatu dutela edo saria jaso duela frogatzen duen dokumentazioa.

c) B modalitatean: filma laguntzaren xede den jaialdirako edo ekitaldirako hautatu dutela eta jarduera profesional batean edo antzeko batean parte hartzera gonbidatu dutela frogatzen duen dokumentazioa.

d) Filmak Nafarroarekin lotura daukala frogatzen duen dokumentazioa.

e) B modalitatean: eskatzailearen ibilbidea eta jarduna frogatzen dituen dokumentazioa.

f) Eskaera telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko beste deialdiren batean parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko 4.3.1 oinarrian aipatzen diren agiriak, non eta ez den agiri horietan aldaketaren bat gertatu.

4.5. Dirulaguntza eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, pertsona edo erakunde interesdunari errekerimendua eginen zaio akatsa zuzen dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

Dokumentazioa aurkeztu ahala ebaluatuko dira eskaerak eta esleituko da dirulaguntza, ebaluazio horretatik ondorioztatzen den neurriaren araberakoa, horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

4.6. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira.

Eskatzaileak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek onartuko dira dirulaguntzarako:

a) Ekitaldiko ostatu gastuak, mantenu gastuak eta joan-etorrien gastuak, gehienez bi parte-hartzailerenak, honako muga hauek gainditu gabe:

I. Ostatu hartzea: gehienez 75 euro Espainian eta 120 euro Espainiatik kanpo, pertsona eta egun bakoitzeko.

II. Mantenua: gehienez 50 euro Espainian eta 60 euro Espainiatik kanpo, pertsona eta egun bakoitzeko (bazkarietarako eta afarietarako soilik). Fakturen zerrendan, gastua zenbat pertsonari dagokion adierazi behar da.

III. Joan-etorriak:

  • Norberaren ibilgailua erabiliz gero, 0,35 euro ordainduko dira kilometroko, gehi aparkalekuen eta bidesarien gastuak.
  • Alokatutako ibilgailu bat erabiltzen bada, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira alokairuaren kostua eta erregaia.
  • Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da. Gainera, diruz lagungarritzat hartuko dira herri barruko ibilbideetarako taxi edo AIG gastuak.

b) Azoka eta ekitaldi profesionaletan instalatzea eta/edo erakustokia eta bestelakoak alokatzea.

c) Komunikazioa eta prentsa: prentsa eta komunikazio agenteen berariazko kontratazio gastuak eta hedabideetarako materialen gastuak.

d) Argitalpena eta hedapena: publizitate kanpainen, kartelen eta sustapenerako materialaren gastuak (material inprimatuak zein digitalak).

e) Akreditazio edo inskripzio kuotak, eta filmak eskaera eragin duten jaialdietan behar bezala parte hartzeko behar diren gainerako elementu guztien kostua (banaketa-bonuak edo plataformak eta aplikazioak erabiltzeko tasak, etab.).

f) Eskaeraren xede den sustapena gauzatzeko jarduerak kudeatzeko langile gastuak. Proiektuari benetan eskainitako denboraren zati proportzionalak programari egotziko zaizkio. Zati horiek proiektuaren deskripzio memorian adierazi beharko dira, a) ataletik e) atalera bitartean jasotako zenbatekoen baturaren %20ko mugarekin.

A modalitatean, gainera:

g) Filma emateko eta sustatzeko espazioak alokatzea.

h) Protokolo gastuak eta catering-zerbitzuen gastuak, gehienez 500 euro ekitaldiko.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) 5.1 oinarrian adierazitako arloei ezin egotzi zaizkien gastu kontzeptuak, proiektuarentzat nahikoa beharrezkoak ez direnak edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, erakundeak berreskura ditzakeenak.

d) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

e) Amortizazio gastuak.

f) Tributuen gastuak.

g) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak tramitatzeko eta ebaluatzeko ardura duen organoa Kultura eta Kirol Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atala da. Ebaluazio prozesu osoan zehar, eskatzaileak agertzeko eskatzen ahal da, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

6.2. Organo kudeatzaileak deialdian onartua izateko bete beharreko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.5 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak banakako ebaluazioa prestatu, eta deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketa gertatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da behar den gehieneko diru-mugaraino.

8.–Proiektuen balorazioa.

8.1. A modalitateko balorazio irizpideak honako hauek izanen dira:

8.1.1. Academia de las Artes y las Ciencias Cinematográficas de España (Zinemaren Akademia) elkartearen hautaketa prozesua: 40 puntu gehienez:

–Izendatuta egon den sarietako bat bereganatu badu filmak: 40 puntu.

–Filma izendapenaren fasera heldu bada eta gero saririk jaso ez badu: 30 puntu.

–Filma hautagaia izan bada, baina izendapenik eduki ez badu: 20 puntu.

8.1.2. Kanpainaren kalitatea (gehienez 60 puntu):

–Eragina hedabideetan (kontuan edukiko dira hedabide guztietan –telebista, irratia, prentsa orokorra eta espezializatua, blog profesionalak, etab.–agertzen diren elkarrizketak, artikuluak, kritikak, etab., eta publizitate ekintzak eta sare sozialetako ekintzak): gehienez 30 puntu.

–Kanpainaren originaltasuna, eta material grafikoen eta ikus-entzunezko materialen kalitatea: gehienez 30 puntu.

8.2. B modalitateko balorazio irizpideak honako hauek izanen dira:

8.2.1. Laguntza eskatzen den proiektuaren ezaugarriak (gehienez 40 puntu):

–Filma hautatu duten jaialdien, azoken eta ekitaldi profesionalen eragin eremua, gehienez 20 puntu:

  • 10 puntu, esparru nazionalekoa bada.
  • 20 puntu, nazioartekoa bada.

–Nola hartzen den parte laguntzaren xede den ekitaldian (gehienez 20 puntu):

  • 2 puntu filmaren emanaldiekin eta banaketarekin lotutako jarduera profesional batean, hedabideekin, jaialdian antolatutako ekitaldiekin eta antzekoetan aritzeagatik, parte-hartzeak agirietan zenbatu, azaldu eta egiaztatuz gero.
  • 3 puntu filmaren emanaldi bakoitzeko, agiri bidez egiaztatuz gero.

8.2.2. Filmaren ibilbidea: sariak, izendapenak, etab. (gehienez 15 puntu):

–2 puntu izendapen bakoitzeko.

–3 puntu sari bakoitzeko.

8.2.3. Eskatzailearen ibilbidea eta jarduna (gehienez 35 puntu):

a) Ibilbidea: 1 puntu eskatzaileak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (gehienez 10 puntu). Eskatzaileak jardunari zer urtetan ekin zion egiaztatu behar da agiri bidez.

b) Jarduera: 2 puntu, azken 5 urteetan ekoitzitako edo banatutako film bakoitzeko (10 puntu gehienez).

c) Dirulaguntzak: 2 puntu filmak Generazinema Garapena eta/edo Generazinema Ekoizpena deialdietan, ICAAren ekoizpenerako laguntzen deialdian edota Navarra Shortzinema katalogoan jasotako laguntza bakoitzeko (gehienez 15 puntu).

8.2.4. Filmaren lotura Nafarroarekin (gehienez 10 puntu):

–Fikziozko filma bada, Nafarroan grabatuz gero gutxienez %40: 5 puntu.

–Dokumental edo animazio proiektu bat izatera, baliabide teknikoen eta giza baliabideen %40 gutxienez Nafarroan ezarrita badaude: 5 puntu.

–Filmaren zuzendaria nafarra bada edo Nafarroan erroldatuta badago: 5 puntu.

8.3. Proiektuak ongi balioesteko, ezinbestekoa da eskatzaileak eskaerarekin batera aurkeztutako memorian 8.1 eta 8.2 oinarrietan ezarritako irizpideei buruzko frogagiriak aurkeztea.

8.4. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio aurkeztutako proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

8.5. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena pertsona eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta argitaratuko da tramiteen bilatzaileko Generazinema Sustapena laguntzen 2024ko deialdiaren fitxan.

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona eta entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Presuntziozko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuko 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina), deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, aipatu legearen 25.1.f) artikuluan adierazten diren pertsonek eta entitateek egiten baldin badituzte, gizarte interesekotzat hartuko dira. Ondorio horietarako, eskatzaileek II. eranskina (Mezenasgoaren erantzukizunpeko adierazpena) bete beharko dute, zeina Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bidez bete eta izapidetzen ahalko baita.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, pertsona edo entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Era berean, proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgoko edo babesletzako ekarpenak jasotzen dituzten pertsona edo entitate onuradunek IV. eranskineko "Finantzabideak" atalean adierazi beharko dituzte mezenasgoko edo babesletzako modalitateen bidez jasotako ekarpenak.

11.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Tramiteen bilatzailean dagoen Generazinema Sustapena laguntzen deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira gardentasun betebeharrerako ereduak.

11.3. Betebehar hori dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

11.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

11.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

11.6. Gainera, pertsona edo entitate onuradunak betebehar hauek edukiko ditu:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

b) Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik onespena eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko, behar bezala ikuskatuak edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, betiere pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

11.7. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen hedapenerako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

11.8. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako hedapen euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte hedapenerako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsultatu daitezke, edo Argitalpen Atalaren bidez.

11.9. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak). Hala ere, hedapen telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko apartatuan deskribatutako baldintzei jarraituz.

11.10. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsultatzen ahal da: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad").

12.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1.1. Ordainketa.

Oro har, behin pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2024ko azaroaren 15a izanen da (egun hori barne).

Jarduera egin duela justifikatzeko, pertsona edo entitate onuradunak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du (IV. eranskina bertako jarraibideen orrian azaltzen den bezala bete behar da):

a) IV. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) Excel formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.

Fitxategian eduki hauek sartu beharko dira, fitxen arabera:

–Benetako kostua, guztira: proiektuari lotutako gastuen guztizko zenbatekoa epigrafeka. Gastu guztiak sartzen dira, diruz lagungarriak izan edo ez, bai eta diruz lagungarri den epetik kanpoko gastuak ere.

–Fakturen zerrenda: diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFK; fakturaren kontzeptua; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta), eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, ekoiztetxe eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data.

Nafarroan egindako gastutzat jotzen den zenbatekoaren zatia bereizita jasoko da.

–Nominen zerrenda: proiektuari lotutako langileen nominen zerrenda zenbakiduna, berariaz adierazita zenbateko gordina, Gizarte Segurantza eta PFEZa: era berean, proiektuari aplikatutako portzentajea eta Nafarroan egindako gastutzat jotzen den zatia adieraziko dira.

–Finantzabideak: finantzabideak eta emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).

–Azken memorien datuak: epigrafe honetako c eta d ataletako memorietan zehaztutako datu espezifikoak biltzen dira.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko apartatuko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

Faktura eta frogagiri horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak.

Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri).

Nominen kasuan, Gizarte Segurantza eta PFEZ kontzeptuei dagozkien ordainagiriak.

Gastuen eta ordainketen frogagiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, IV. eranskinean agertzen diren hurrenkeran antolatuta.

c) Egindako jarduera azaltzen duen memoria, proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena barne; hartan adieraziko da zenbateraino bete diren hasieran aurkeztutako deskripzio memorian adierazitako helburuak. Hain zuzen ere, garrantzitsua da dokumentatzea filmaren emanaldiak eta haren emanaldiekin eta banaketarekin lotutako jarduera profesionaletan, hedabideetan, jaialdiak antolatutako ekitaldietan eta antzekoetan parte hartu izana.

d) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Filmak zer gairi heltzen dion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo hedapena egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Nominen kasuan, Gizarte Segurantza eta PFEZ kontzeptuei dagozkien ordainagiriak.

Gastuen eta ordainketen frogagiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, IV. eranskinean agertzen diren hurrenkeran antolatuta.

12.1.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, aurrerakin gisa, eta gehienez esleitutako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da. Aurrerakinaren zenbatekoa dirulaguntzaren helburuak betetzeko aldez aurretik behar diren funtsen adinakoa izanen da. Aurrerakin hori ordaindu ahal izateko, 2024ko urriaren 15erako, egun hori barne, aurrerakina eskatzeko V. eranskina (aurrerakinaren eskaera) aurkeztu beharko da, behar bezala beteta (bertan adieraziko dira diruzaintzaren egoera edo bere banku-kontuetako saldoak, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda, eta proiektuari lotuta ez dauden gastuen eta diru-sarreren konpromisoak), zehaztuz dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar dituela.

12.2. Aurreko apartatuan aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntzaren likidaziorako, pertsona edo entitate onuradunek 12.1.1 oinarrian adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte 2024ko azaroaren 15era arte, egun hori barne.

12.3. Gastu diruz lagungarrien barruan 2024ko laugarren hiruhilekoko faktura eta nominen PFEZren atxikipenak sartu badira, bai eta 2024ko urriko nominen Gizarte Segurantza ere, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta gastu diruz lagungarri horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, pertsona edo entitate onuradunak, beranduenez 2025eko otsailaren 15ean, dagozkion likidazioak eta egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

12.4. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

12.5. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

12.6. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

13.–Dirua itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

15.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2402951