49. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

17E/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez izendatzen baitira Nafarroako Gazteriaren Institutuaren IFZri lotutako ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak, erakunde autonomo horren ordezkari gisa aritzeko.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak indarra hartzeak egoera berria ekarri du administrazio publiko guztien funtzionamenduan; izan ere, administrazio erabat elektronikoaren alde egin du.

39/2015 Legeak azpimarratzen duen alderdietako bat da jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea, nahitaezkoa baita pertsona juridikoei egiten zaizkien jakinarazpenetarako. Egia da 40/2015 Legean jasotako bide eta aplikazio telematikoen bitartez komunikatu behar dutela administrazio publikoek, eta gainerako pertsona juridikoen aldean bestelako tratamendu bat izan behar dutela, kontuan hartuta izaera juridiko desberdina dutela. Nolanahi ere, praktikotasunaren aldetik, komeni da departamentu bakoitzaren eta haien mendeko erakunde autonomoen ordezkariek sinadura elektronikoa izatea.

Nafarroako Gobernuak 2017ko martxoaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, kontseilariei baimena eman zitzaien izenda ditzaten, foru agindu baten bidez, beren departamentu eta erakunde autonomoen ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak.

Orobat, xedatu zen ezen hala egindako izendapenak noiznahi ere errebokatu daitezkeela.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Honako hauek izendatzea Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala eduki dezaten: Carlos Amatriain Busto jauna, Gazteriaren zuzendariordea, eta Íñigo Artázcoz Guereñu jauna, Administrazio eta Kudeaketa Ataleko nagusia.

2. Foru agindu hau igortzea Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiari, eta interesdunei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 19an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2402995