Iragarkia
257. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EGUESIBAR
Aldaketa, honako ordenantza honetan: ordenantza, arautzen duena nola laga Udalaren lokalak herritarren elkarteei edo irabazi asmorik gabeko tokiko entitateei. Behin betiko onespena
Eguesibarko Udalak, 2024ko apirilaren 24an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa bat espazioak nola laga arautzen duen ordenantzan.
Aldaketa horien hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2024ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 20an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Aldaketak behin betiko onetsi dira, hortaz, bidezkoa da onetsitako testu berria osorik argitaratzea, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko legea).
Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko legea) eta aplikatzekoa den gainerako legedian.
Sarrigurenen, 2024ko azaroaren 14an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA NOLA LAGA UDALAREN LOKALAK HERRITARREN ELKARTEEI EDO IRABAZI ASMORIK GABEKO TOKIKO ENTITATEEI
1.–Xedea.
1. Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura orokorra arautzea, Udalarenak diren edo Udalaren esku dauden ondasun higiezinen erabilera doan eta prekarioan eskura jartzeko.
Emateko erabakian ezarriko da lagapenaren epea, betiere Udalaren esku dauden baliabideen arabera.
2. Halaber, lokalen erabilera eta funtzionamendurako esparru orokorra arautzen da, galarazi gabe haien izaera juridikoari, berariazko erabilerari eta elkarte onuradunen helburuei loturiko berezitasunak.
2.–Onuradun izan daitezkeen entitateak.
2.1. Erabilera horren onuradun izan ahalko dira honako hauek: Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean legez eratutako elkarteak, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko erregistroan eta, hala badagokio, Eguesibarko Udaleko Elkarteen Udal Erregistroan inskribatuta badaude; Foru Komunitateko kirol araudiaren arabera eratutako kirol entitateak (apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Kirol Entitateak eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa arautzen dituena), baldin eta helbidea Eguesibarren badute eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatuta badaude uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen ondorioetarako; irabazi-asmorik gabeko fundazio eta elkarteak, legez eratuak, higiezinaren erabilera lagatzea eskatzen badute erabilera publikorako edo gizarte-intereserako helburuekin, auzokoen mesederako. Horri dagokionez, helburu horien artean sartzen dira, besteak beste, kultura, gizarte eta kirol arloko jarduerak garatzea eta egitea, betiere herritar orori irekiak eta irabazi-asmorik gabekoak badira.
Horrez gainera, onuradun izateko baldintza izanen da egoitza soziala Eguesibarren izatea.
Salbuespen gisa (lagapen puntualetarako), onuradun izan daitezke lehenengo paragrafoan xedatutakoa betetzen duten eta egoitza soziala Eguesibarren izan gabe bertako bizilagunei zuzendutako jarduerak garatzen eta gauzatzen dituzten entitate eta interes-taldeak.
2.2. Horrenbestez, irabazi asmorik ez duela ulertuko da estatutuetan hala adierazten denean eta inolako jarduera ekonomikorik ez duenean, edo jarduera ekonomikoaren emaitza bakarra estatutuetan ezarritako interes orokorreko xedeak betetzea denean, bazkideen edo hirugarrenen artean inolako irabazirik banatu gabe, ez zuzenean ez zeharka.
3.–Lagako diren eremuak.
Udal titulartasunekoa den edo haren esku dagoen edozein higiezin lagatzen ahalko da. Lagapen hori, nolanahi ere, Udalak une bakoitzean dituen aukeren, premien eta eskuragarritasunaren mende egonen da.
4.–Erabilerari buruzko baldintzak.
1. Entitate onuradunek zainketa lana eginen dute lagatako espazioak egokiro mantendu eta kontserba daitezen, denek erabiltzekoak diren espazioak, altzariak eta haietan dagoen materiala barne.
2. Jarduera amaitzen denean, lehengo egoera berean utzi beharko da lagatako espazioa.
3. Kalterik izanez gero, konponketa eginen da edo kalitate bera edo antzekoa duten elementuekin ordezkatuko dira kaltetutakoak, Udalak egiten dituen oharrei jarraikiz.
4. Entitateek ez dute baimenik lagatako espazioetan obrak edo aldaketak egiteko, non eta ez dagoen berariazko baimenik eta ez dakarten inolako kalterik.
5. Aurreko apartatuetan adierazitako ondorioetarako, dagokion lagapen erabakia sartzen ahalko da erabileraren hasieran lagatako espazioan zeuden ondasun higigarrien inbentarioa.
6. Lagapena zer jarduera edo ekintzetarako eskatu eta lortu zen, bakarrik haietarako erabiliko dira lokalak, Udalak berariazko baimena eman ezean.
5.–Erantzukizun zibila:
a) Entitate bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako lokaletan bere kide eta erabiltzaileek egitez edo omisioz, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte eta galerengatik. Udala ere hirugarrena izanen da.
b) Entitate bakoitzak fidantza bat ordaindu beharko du, erantzukizun zibilerako eta higiezinean eragin litezkeen kalteak estaltzeko. Erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakian zehaztuko da berme horren balioa, kontuan izanik lokalaren erabilera, elkartekideen kopurua, higiezinaren balioa eta bertze alderdi objektibo batzuk.
6.–Lagapenaren epea.
Lagapena arautzen duen baimen edo erabakian adieraziko da espazioa zein egun eta ordutan erabili ahal izanen den.
Salbuespen gisa, entitate esleipen hartzaileak lagapenaren eguna eta ordua aldatu beharra izanen balu, Udalaren baimen berariazkoa lortu beharko luke.
Lagapen jarraitua urte baterako izanen da gehienez. Eremuen lagapen jarraituaren erabakian zehaztuko da kasuan kasuko lagapen epea.
Lagatako espazioak emandako epeetan erabiltzen ez badira, lagapena baliogabetu ahal izanen da, espazio horiek beste erabilera edo lagapen batzuetarako erabiltzea eragozten duen neurrian.
7.–Baimendu gabeko jarduerak eta sarrera.
1. Zentroaren barnean, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanako edo taldeei bereizkeria egitea.
2. Era berean, espazioen lagapena ez da erabiliko –Udalak antolatutako jarduerak ez badira– irabazi asmoko jarduerak gauzatzeko edo hirugarrenendako merkataritzako publizitatea egiteko (eta publizitatetzat jotzen dira haien jardueren ondasunak eta/edo zerbitzuak salerostea edo kontratatzea zuzenean nahiz zeharka bultzatzen edo sustatzen duten komunikazio era guztiak).
3. Udal esparru guztietan debeku da tabakoa, alkohola eta beste substantzia kaltegarri guztiak kontsumitzea.
4. Oro har, eta behar bezala arrazoitutako salbuespen batzuk egon daitezkeen arren, animaliak ezin izanen dira sartu.
5. Lagapen jarraituko eremuetan, zilegi da telefonoak, Internet etab. instalatzea, eskatzailearen kontura betiere. Wifi eremua duten espazioetan, aldez aurretik eskatu beharko zaie hura erabiltzeko baimena espazio bakoitzaren kudeatzaileei.
8.–Zerbitzu osagarriak.
1. Lagapen jarraituen entitate onuradunak –erabilerak dakarren gastua ordaindu ondoren, Agiriak luzatu eta izapidetzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean ezarritako tarifen arabera– erreprografiako zerbitzuak erabiltzen ahalko ditu (zentroan dauden fotokopiagailua, inprimagailua, eskanerra edo faxa), aldez aurretik espazioaren kudeatzaileari eskatuta.
2. Erreprografiako zerbitzuen erabilera egile eskubideen eta jabetza intelektualaren gaineko legeriaren mendean dago (apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretua, eta hura garatzeko xedapenak).
3. Zerbitzu horiek erabiltzen ahalko dituzte, zehaztu diren baldintzetan erabili ere, lagapen puntualak lortzen dituzten entitateek.
9.–Entitate onuradunaren betebeharrak.
Entitate onuradun guztiak behartuta daude arau orokor hauek eta jarraian zehaztuko diren hauek betetzera:
–Eskabidean adierazitako jarduerak egiteko lagatako espazioen helburua errespetatzea.
–Esleitu zaien espazioaren erabilera ez diete hirugarrenei lagako, ez osorik ez zati batean.
–Lagatako lokalak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz. Orobat, lokalak osasungarritasun eta higiene baldintza egokietan eduki beharko dituzte, horretarako udalak beharrezkoak ikusten dituen garbiketa kostuak beren gain hartuz.
–Bizikidetza egokiaren arauak betetzea, saiatuz inori eragozpenik ez sortzen lokalak erabiltzen diren orduetan.
–Zentroa erabiltzen duten beste entitate edo erabiltzaileak errespetatzea, haien jardueretan trabarik egin gabe.
–Sortzen diren arazo edo gorabehera guztien berri ematea zentroaren kudeatzaileari, eta larrialdiak berehala jakinaraztea hari.
–Entitatearen ordezkari bat izendatzea, lagapenarekin zerikusia duten gauza guztietan harengana jotzeko.
–Udalari betiere uztea jarraipena egiteko eta gainbegiratzeko ahalmena erabiltzen, araudi hau betetzen den jakin dezan, espazioetan sartzeko aukera emanez eta eskatzen duen informazioa eskuratuz.
–Lagatako espazioen giltzak zaintzea, giltzak uzten bazaizkie, eta ixtea erabiltzen duen azken entitatea izanez gero, giltzak aldez aurretik adostu den lekuan utzita, hitzarmenean beste zerbait ezarri ez bada.
–Erabiltzeko lagatzen zaizkien lokalak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasun eta higienearen aldetik.
–Lagatzeko erabakia edo baimena iraungi edo suntsiarazi eta gero, espazioak eta ondasunak Udalari itzuliko dizkiote lehengo hartan, erabileraren ondoriozko higadura salbu.
10.–Udalaren ahalmenak eta betebeharrak.
Eguesibarko Udalak honako betebehar hauek ditu:
–Araudi honetatik eta indarra duen legeriatik sortzen direnak.
–Lagatako udal espazioak zaintzea, denbora igarotzeak eta instalazioak era normalean erabiltzeak dakartzaten mantentze kostuak bere gain hartuta.
–Mantentze orokorraren gastuak bere gain hartzea (argia, berogailua).
–Lagatako espazioen erabilera gainbegiratzea eta proposamenak egitea, funtzionamendua egokia izan dadin, entitate erabiltzaileetako batek arauak betetzen ez dituenean.
11.–Lagapena aldatzeko eta/edo iraungitzeko arrazoiak.
Lagapena aldatu ahal izanen da, aldi baterako edo behin betiko, honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:
–Hasieran ezarritako epea edo horren luzapenak amaitu direlako.
–Bien artean hala erabaki delako.
–Entitate onuradunak uko egin duelako.
–Lagatako espazioak ez direlako erabili.
–Lagapen erabakian agertzen ez diren jarduerak egiteagatik.
–Araudi erregulatzaile honetan agertzen diren beste baldintza batzuk ez betetzeagatik.
–Entitate onuraduna desegin delako.
–Lagatako ondasuna fisikoki edo juridikoki galdu delako.
–Baimena kentzeagatik.
–Ebazpen judizialaren bidez.
–Iraungitzeagatik.
–Lokalaren beharra dagoelako, behar adina arrazoitua, beste zerbitzu publiko batzuk egiteko.
–Udalak ondasunen gainean zuen eskubidea iraungitzen denean.
–Interes publikoko arrazoi bategatik, udal administrazioa horretaz ohartuta, lehentasunezkotzat jotako beste erabilera batzuei uzteko lagatako espazioa edo bizilagunen interes orokorrekoak diren helburuetarako erabiltzeko.
–Udalak hartutako alde bakarreko erabakia, edozein arrazoi dela medio.
Arrazoi horietako batengatik erabileraren lagapena edo baimena iraungitzen denean, entitate edo elkarteak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik biltzeko.
Erabilera lagatzeko eta baimentzeko erabakia suntsiarazi edo iraungi ondotik, espazioa libre, hutsik eta udalaren esku utzi beharko du elkarteak edo kolektiboak, behar den egoeran. Betiere, lagapenaren onuraduna izanen da kalteen eta galeren arduraduna, lagatako espazioa berandu uzteak halakorik ekartzen badu.
12.–Eskabideak izapidetzeko prozedura.
1. Eskatzailea:
Entitate eskatzaileak pertsona fisiko batzuk izendatu eta baimendu beharko ditu (salbu eta eskabidea pertsona juridikoaren ziurtagiriarekin egiten bada), araudi honen arabera dagokion eskaera kudea dezaten eta eskaeraren edozein beharrizanetarako ordezkari gisa jardun dezaten.
2. Eskaera egiteko epeak:
2.1. Eremuen lagapen jarraitua:
Gutxienez hamabost egun naturaleko epea irekiko da urtero (maiatzean), interesdunek espazioak lagatzeko eskaerak aurkez ditzaten, eta horretarako deialdia eginen da. Edozein arrazoi dela medio, urteren batean deialdia maiatzean egitea ezinezkoa bada, edo deialdi hori aurreratzeko arrazoiak badaude, salbuespen gisa, eta behar den arrazoiak emanez, maiatza ez den beste hilabete batean eginen da.
Eskabideak Eguesibarko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, Udalak horretarako ezartzen duen epean, iragarkia paratuta Udalaren iragarki-taulan, nahiz eta Udalaren web orrian argitara daitekeen, informazioa zabaltzeko.
2.2. Espazioen lagapen puntuala:
Urte osoan zehar egiten ahalko dira eskaerak, eta ezinbestekoa izanen da lokaletan egin nahi den jarduera hasi baino 15 egun baliodun lehenago aurkeztea eskaera.
3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
3.1. Espazioen lagapen jarraitua:
Dagokion eskaera formalizatu edo ebazteko, Eguesibarko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko da eskabidea (espazioak era jarraituan lagatzeko deialdian ezarritako ereduaren arabera), entitateak edo haren ordezkariak behar bezala betea.
Gainera, espazioak lagatzeko deialdian zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.
3.2. Espazioen lagapen puntuala:
Entitate interesdunak eskaera egiteko "Udal-espazioak lagatzeko eskaera puntuala" deritzon eskaera-orria erabili beharko du. Eskaera-orri hori egoitza elektronikoan deskargatu ahal izanen du, eta honako dokumentazio hau erantsi beharko du (dokumentazio hori lehendik udaletxean jasota ez badago):
–Estatutuen kopia.
4. Ebazpena:
4.1. Espazioen lagapen jarraitua:
Eskaerak jaso ondoren, alor bakoitzeko teknikari eskudunek ebaluatuko dituzte, eta eskaeraren ebazpena proposatuko dute, arrazoiak emanez eta ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.
Lagapen jarraituko eskaeren ebazpena Herritarren Partaidetzako zinegotziaren ebazpen baten bidez eginen da eta, halakorik ezean, Alkatetzaren ebazpen baten bidez.
4.2. Espazioen lagapen puntuala:
Eskaera jaso ondoren, alor bakoitzeko teknikari eskudunek ebaluatuko dute, eta eskaeraren ebazpena proposatuko dute, arrazoiak emanez eta ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.
Eskaera puntualen ebazpena Herritarren Partaidetzako zinegotziaren ebazpen baten bidez emanen da eta, halakorik ezean, Alkatetzaren ebazpen baten bidez.
Lagapen puntualak direnean, oro har, zortzi eskaera egiten ahalko dira urtean gehienez ere, eta urtean gehienez ere 24 orduko lagapena eginen da guztira. Salbuespenak egiten ahalko dira, eremua libre egonez gero, baina betiere alorreko teknikarien balorazioak horren aldekoa izan beharko du.
5. Baremazioko irizpideak:
5.1. Espazioen lagapen jarraitua:
Eskaerak baloratzeko, besteak beste, honako irizpide hauek izanen dira kontuan:
–Eginen den jarduera onura publikokoa edo interes sozialekoa izatea.
–Entitateak Eguesibarren izan duen lan ibilbidea.
–Entitateak ez izatea lokalik Zentroan egin nahi duen jarduera egiteko.
5.2. Espazioen lagapen puntuala:
Eskabideak baloratzeko, beste irizpide batzuen artean, honako hauekin lotuta dauden alderdiak izanen dira kontuan: entitate eskatzailearen helburua, egin behar den jardueraren xedeak, aurreikusita dagoen erabiltzaile kopurua, erabiltzeko egunak eta ordutegia, eta zentroko espazioak libre egotea.
6. Ebazteko epea:
6.1. Espazioen lagapen jarraitua:
Herritarren Partaidetzako zinegotzi ordezkariak –eta, halakorik ezean, Alkatetzak– ebatziko ditu jasotako eskaerak, aurkeztu eta hurrengo hilabetearen barruan. Epe horretan ez bada ebazten, eskaera ezetsitzat joko da, nahiz eta geroko ebazpen batek espazioen lagapena ezar dezakeen.
6.2. Espazioen lagapen puntuala:
Oro har, ebazpena eman eta gero posible izan beharko da entitate eskatzaileari jakinaraztea gutxienez ere 3 egun natural lehenago, jarduera hasteko aurreikusitako data baino. Jarduera hasi baino lehenago ebazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.
7. Jakinarazpena:
7.1. Espazioen lagapen jarraitua:
Ebazpena 15 egun naturaleko epean jakinaraziko da.
Egoitza elektronikoaren bidez komunikatuko da ebazpen hori.
7.2. Espazioen lagapen puntuala:
Egoitza elektronikoaren bidez komunikatuko da hartutako ebazpena.
13.–Zehapen araubidea.
1. Arau-hausteak:
Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egiteak nahiz ez-egiteak izan, oso astuntzat, astuntzat edo arintzat joko dira.
1.1. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:
a) Lokaletan kalteak eragitea, haien zenbatekoa 3.000 eurotik gorakoa ez denean.
b) Erabiltzeko lagatako lokalen erabilera arautzen duten xedapenak ez betetzea, arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat hartu ezin denean.
c) Lagatako lokalak egoera onean iraunarazteko betebeharra ez betetzea.
d) Ordenantza honetako edozein betebehar ez betetzea, astunak edo oso astunak direnak izan ezik.
1.2. Arau-hauste astunak hauek izanen dira:
a) Lokaletan kalteak eragitea, haien zenbatekoa 3.000 eurotik gorakoa denean eta arau-hauste oso astuntzat jo ezin direnean.
b) Baimendu gabeko obrak, lanak edo beste jarduketa batzuk egitea lokalean, haietan atzera egin ezineko aldaketak sortzen badituzte.
c) Lokala erabiltzea, erabiltzeko lagapena iraungi dela deklaratu ondoan.
d) Hiru arau-hauste arin egitea.
e) Lagatako lokala erabiltzea baimena ekarri zuten edukiari edo helburuei lotu gabe.
f) Lokalean egindako jarduketak, eragozten edo larriki zailtzen badute lokal hori dagoen eraikinean zerbitzu publikoa normaltasunez ematea.
1.3. Arau-hauste oso astunak hauek izanen dira:
a) Lokaletan kalteak eragitea, eta horiekin lokala erabilezin bihurtzea edozein erabileratarako edo lokala dagoen eraikinean ematen den zerbitzu publikoan kalte oso larriak eragitea.
b) Erabiltzeko lagatako lokalak eskualdatzea edo lagatzea.
c) Hiru arau-hauste astun egitea.
d) Udalaren lokal bat erabiltzea baimenik izan gabe.
Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan.
2. Zehapenak:
Arau-hausteak honela zehatuko dira:
a) Arinak, kargu-hartze batekin eta/edo 60,10 eurotik 500era bitarteko isunarekin.
b) Astunak, ordenantza honetako lokalak urtebetez erabiltzeko ezintasunarekin eta/edo 501 eurotik 1.500era bitarteko isunarekin.
c) Oso astunak, ordenantza honetako lokalak hiru urtez edo denbora gehiagoan erabiltzeko ezintasunarekin eta/edo 1.501 eurotik 3.000ra bitarteko isunarekin.
3. Zehapen-prozedura:
Zehapen-prozedura izapidetuko da bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapenekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legea) edo hura ordezten duten xedapenekin.
4. Kalteak konpontzea.
Ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, beti eskatuko zaio arau-hausleari hondatutako egoera lehengora dezala. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konponduko edo ordainduko dituzte beti.
Lehengoratzeko eta kalteak ordaintzeko eskaera Udalak izapidetuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera, eta kontuan hartuta hondatutako ondasuna nolakoa den.
Udalak egin beharrekoak eginen ditu betebeharpekoaren kontura, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non eta ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, jarraikiko zaio antolamendu juridikoan ezarritakoari.
5. Erantzuleak:
1. Lagatako lokalen erabilerari buruzko arau-hausteen erantzule solidarioak izanen dira erabileraren onura duen elkartea eta lagapena eskatu duena.
2. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.
3. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteak prebenitzeko.
4. Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko legezko arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.
5. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.
Iragarkiaren kodea: L2416692
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
