257. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

284/2024 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak, onesten dituena.

Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren abenduaren 5eko 229/2023 Ebazpenaren bidez, taxien hiriarteko zerbitzuen gehieneko tarifak, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak, onetsi ziren. Ebazpen hori 2023ko 267. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 28koan.

2024ko irailaren 24an, Francisco Javier Sanz Borda jaunak, Asociación Independiente de Taxistas Auto-Patronos de Navarra (AITAN) elkartea ordezkatuz, honakoa eskatu du:

–Hiriarteko taxi zerbitzuen tarifak eguneratzea eta % 9,63 igotzea 2024. urterako, kontzeptu guztietan modu linealean. Horretarako, Nafarroako abuztuko urtetik urterako KPIaren datua hartzen da erreferentzia gisa (+% 2,2), eta igoera horri % 3,14 gehitzen zaio, tarifak eguneratzean 2023an eta 2024an galdutako erosahalmena berreskuratzearren. Gainera, lizentziaren amortizazioa kostutzat hartzeko eskatzen da, eta horri aplikatu beharreko ehunekoa % 4,29koa da. Ez da inolako egiaztagiririk aurkeztu.

–Bidaiari bakoitzeko 2 euroko gehigarri bat sartzea bosgarren eserlekutik aurrera okupatzen den eserleku bakoitzeko, kontuan hartuta gastu orokor handiagoa dutela (gurpilak, erregaia eta erosketa prezioa). Ez da inolako egiaztagiririk aurkeztu.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, garraioen arloko eskumena duen departamentuari dagokio taxien hiriarteko zerbitzuei aplikatu beharreko tarifen araubidea onestea, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzunaldia eman ondoren.

Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak adierazi du, tarifak eguneratzeaz, 2023rako eta 2024rako tarifak eguneratzean bezala, ezen, lehen urtetik urterako KPIaren aldaketaren arabera egin bazen ere eguneratzearen kalkulua, kontuan hartuta gaur egungo testuinguru ekonomikoa, komeni dela tarifak eguneratzeko kostuen egiturari lotutako erreferentzia bat erabiltzea, desindexazio araudian xedatutakoaren ildoan. Halaber, egokitzat jotzen du Iruñerriko Mankomunitateak hiri tarifetarako hartutako igoera taxien hiriarteko zerbitzuaren tarifei ere aplikatzea, erreferentzia hori erabiltzen baitu, bi esparruetan irizpide batasuna mantenduz, tarifen eguneratzeetan distortsiorik gerta ez dadin.

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2024ko urriaren 10ean egindako bilkuran, onetsi du Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuaren barruko hiri tarifak eguneratzea 2025. urterako, tarifen egiturari % 4,32ko igoera aplikatuta. Igoera hori kalkulatzeko, aipatutako kostuen egitura erabili da oinarri gisa, eta indize ofizial egokiak erabili dira, ahalik eta desagregaziorik handienarekin.

Iruñerriko Mankomunitateak proposatuta, 41/2024 Ebazpenak, azaroaren 6koak, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emanak, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko tarifen aldaketa onetsi du 2025. urterako.

Horregatik guztiagatik, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatzen du taxien hiriarteko zerbitzuen gehieneko tarifak onestea, 2024koei % 4,32ko igoera aplikatuta. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko dira indarrean.

Bidaiari bakoitzeko gehigarri bat ezartzeari dagokionez (bosgarren eserlekutik aurrera okupatutako eserleku bakoitzeko 2 eurokoa), zerbitzuak adierazi du ez dela egokitzat jotzen halakorik ezartzea, kontuan hartuta eguneratzea aplikatzeko aipatu den irizpide batasunerako beharrezkoa dela hiriko nahiz hiriarteko esparruetarako analisi bateratua egitea.

Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak txosten batean aditzera eman du taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzunaldia eman zaiela, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Irache Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteak adierazi du ez dagoela ados eguneratzeko erabili den erreferentziarekin, uste baitu KPItik gorako igoerak aplikatzeak eragin negatiboa duela erabiltzaileengan, baina erabilera hori argudiatuta dago, tarifak eguneratzeko kostuen egituraren erreferentzia oinarri hartu baita.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak esleitutako eskumenak erabiliz, eta bat etorriz Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40. artikuluarekin eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Ezartzea taxien hiriarteko zerbitzuek gehieneko tarifa hauek izanen dituztela:

Lanegunetan, eguneko ordutegian (07:00etatik 22:00etara).

–Egindako kilometro bakoitzeko, 0,73 euro.

–Itxaron ordu bakoitzeko: 20,22 euro.

–Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 3,94 euro.

Zain egoteko aldiak hamabost minutuko tarteetan kontatuko dira: 5,04 euro denbora tarte bakoitzeko.

Hiriarteko zerbitzuetan garraiatutako helduen bizikleta bakoitzeko 5 euroko gehigarria aplikatzen ahalko da, taximetrotik kanpo.

Lanegunetako gaueko ordutegian (22:00etatik 07:00etara) eta larunbat eta jaiegunetan (00:00etatik 24:00etara), tarifaren zenbatekoa % 25 igoko da, lanegunetako eguneko tarifaren gainetik.

Ondorio horietarako, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2025eko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duen Gizarte Ekonomiaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 493/2024 Ebazpenean (2024ko uztailaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 145. zk.) ezarritako jaiegunez gain, ondoko hauek ere hartuko dira jaieguntzat: urtarrilaren 5a, abenduaren 24a eta abenduaren 31, 18:00etatik aitzina.

Tarifak hurrengo urteetarako luzatzen badira, jaieguntzat hartzen diren egunen egutegia lortuko da urte bakoitzeko jaiegun ofizialei buruz emandako ebazpenetik.

2. Ezartzea tarifa horiek 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko zaizkiela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak taxien hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako baimenen babesean egiten diren hiriarteko taxi zerbitzu guztiei, salbu Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremukoak diren taxi lizentzien titularrek egiten dituzten hiriarteko zerbitzuei; horiek onetsita dituzten hiriko tarifak aplikatuko dituzte, gehigarririk gabe, eremu horren barnean zirkulatzen dutenean.

3. Ezartzea ebazpen honen eraginpeko ibilgailuek behar diren tarifa taulak eraman beharko dituztela, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ikus-onetsiak.

Indarreko tarifa taula ibilgailuaren barruan ikusgai egonen da, erabiltzaileak aise ikusteko toki batean.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Teletaxi San Fermín elkarteari, Tuterako Taxisten Elkarteari, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkarteari, Ecotaxi elkarteari, Irache Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteari eta Iruñerriko Mankomunitateari.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea akitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela ebazpen honen kontra, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko azaroaren 25ean.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2417226