1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
110/2024 FORU AGINDUA, azaroaren 20koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean egiten den salgaien errepide-garraiorako gutxieneko zerbitzuak ezartzen baitira egun hauetarako deitutako greba orokorra dela eta: 2024ko azaroaren 28rako eta 29rako, 2024ko abenduaren 5erako eta 2024ko abenduaren 9rako (00:00etatik 24:00etara), bai eta 2024ko abenduaren 23ko 00:00etatik aurrera ere (iraupen mugagabea).
Confederación General del Trabajo (CGT) sindikatuak estatu mailako grebara deitu du errepideko salgai-garraioaren arloan, egun hauetarako:
–2024ko azaroaren 28a eta 29a, 28ko 00:00etatik aurrera.
–2024ko abenduaren 5a, 00:00etatik aurrera.
–2024ko abenduaren 9a, 00:00etatik aurrera.
2024ko abenduaren 23ko 00:00etatik aurrera, mugagabeko iraupena izanen du.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen grebarako eskubideak bateragarria izan behar du gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Lan harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuak, 10.2 artikuluan, ahalmena ematen dio Administrazioari zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan premia aitortu eta atzeraezineko edozein motatako zerbitzu publikoak emateaz arduratzen diren enpresetan. Agindu hori Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak interpretatu du, hau da, langileen grebarako oinarrizko eskubidearen murrizketa hori aplikatu behar da gutxienez mantendu beharreko funtsezko zerbitzuen eta grebarako eskubidearen sakrifizioaren arteko oreka zehatzarekin, eta, horrekin batera, oinarrizko eskubideen babesa, alde batetik, grebarako langileena, eta, bestetik, komunitatearena, oinarrizko zerbitzuak izatekoa, batzuentzat eta besteentzat neurriz kanpoko sakrifiziorik gabe.
Ildo horretatik, Konstituzio Auzitegiaren 1981eko uztailaren 17ko (RTC 1981\26) eta 1986ko maiatzaren 5eko (RTC 1986\53) epaietatik ondoriozta daitekeenez, funtsezko zerbitzuei eustea bermatuko duten neurriak hartzean, haztatu egin behar dira lurralde- eta langile-hedadura, aurreikusitako iraupena eta grebaren gainerako inguruabarrak, bai eta zerbitzuaren premia zehatzak eta Konstituzioak babestutako eskubide edo ondasunen izaera ere, horien gainean eragina badu.
Auzitegi berak 1981eko apirilaren 8ko epaian (RTC 1981\11) eta 1986ko apirilaren 24ko epaian (RTC 1986\51) adierazi zuenez, langileek ondasunak edo zerbitzuak ekoizteko prozesuan presio tresna bat erabiliz beren interesak defendatzeko duten eskubidea galdu eginen dela, horren bidez grebalarien aldarrikapenak edo asmoak arrakastarik ez badu, haiek jasaten duten kaltea baino larriagoa gertatzen denean edo gertatzen ahal denean.
Era berean, Auzitegi Gorenak 1988ko urtarrilaren 19ko epaian (RJ 1988\285) dioenez, greba edozein motatako zerbitzu publikoak edo atzeraezineko premia aitortuak emateaz arduratzen diren enpresetan egiten denean, eta larritasun bereziko inguruabarrak daudenean, gobernu agintaritzak ahalmena du beharrezko neurriak hartzeko, greba eskubidea baliatzeak gizartearen interesei kalte egin gabe, erkidegoaren funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko, Konstituzioaren 28.2 artikuluak jasotzen duen greba eskubidearen muga gisa. Gutxieneko zerbitzu gisa ulertu behar dira komunitateak edo gizarteak berarentzako ezinbesteko edo funtsezko prestazioak jaso ahal izateko arrazionalki beharrezkoak diren zerbitzuak.
Langileek ondasunak edo zerbitzuak ekoizteko prozesuan presio tresna bat erabiliz beren interesak defendatzeko duten eskubidea galdu eginen da, horren bidez grebalarien aldarrikapenak edo asmoak arrakastarik ez badu, haiek jasaten duten kaltea baino larriagoa gertatzen denean edo gertatzen ahal denean. Zerbitzu horien hartzailea eta hartzekoduna komunitate osoa den heinean eta, aldi berean, zerbitzuak horretarako funtsezkoak diren heinean, grebak ezin du inposatu funtsezko zerbitzuen hartzaileen interesak sakrifikatzea. Gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubidea grebarako eskubidearen gainetik dago. Azken eskubide horren mugak justifikazio osoa du, eta muga hori ezartzeak ez dakar eskubidearen funtsezko edukiaren urraketa (Konstituzio Auzitegiaren 11/1981 Epaia, apirilaren 8koa). Beraz, ezinbestekoa da grebaren inguruabar zehatzak haztatzea, bai eta zerbitzuaren beharrak eta Konstituzioak babestutako eskubide edo ondasunen izaera ere, grebalariei ezarritako sakrifizioen eta funtsezko zerbitzuen erabiltzaileek jasaten dituztenen artean arrazoizko proportzioa egon dadin (Konstituzio Auzitegiaren 148/1993 epaia, apirilaren 29koa). Horretarako, batzuen eta besteen interesak uztartzen dituzten gutxieneko zerbitzuak ezarri dira.
Hortaz, errepideko salgai-garraioaren arloko estatu mailako greba-deialdia dela eta, Foru Komunitatean salgai-garraio erregularraren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, eragin handia du eskualdeko ekonomia orokorrean, eragin negatiboa izanen luke gizarteko beste sektore batzuetan, hornidurarik gabeko egoerak eragiten ahal ditu, eta eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela, eta, kasu honetan, deitutako grebak kalte egiten ahal die gatazka horretatik kanpo dauden herritarrei. Zenbait arlotan produktu jakin batzuen hornidurarik ez izateak, kontuan hartuta greba deialdia 2024ko abenduaren 23tik aurrera mugagabea dela, Konstituzioak babestutako eskubideei eragiten ahal die, hala nola herritarren osasunari, zirkulazio askatasunari edo elikagaiez hornitzeko aukerari.
Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenez baliatuz.
Horregatik, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatu du, greba sektorial horretarako deia dela eta, dagokion foru aginduaren bidez ezar daitezela Nafarroako Foru Komunitatean egiten den errepideko salgai-garraiorako gutxieneko zerbitzuak.
Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu dira greba deialdiaren irismena (sektore osoari eraginen dio) eta salgaien kategoria jakin batzuen hornidura eta banaketa ziurtatzeko beharra.
Kasu honetan, kontuan hartzen da greba deialdiak bi agertoki dituela. Alde batetik, greba deialdia txandakako egun batzuetarako iragarri da, den-denak lanegunak, 00:00etatik 24:00etara, 2024ko azaroaren 28rako eta 29rako (osteguna eta ostirala), 2024ko abenduaren 5erako (osteguna), eta 2024ko abenduaren 9rako (astelehena); baina abenduaren 23tik aurrera, greba mugagabea ere planteatu da, hau da, lanegunak, larunbatak eta jaiegunak ere hartuko ditu. Horregatik guztiagatik, aurreikuspenen arabera, zerbitzuari eraginen zaion nahasmendua kuantitatiboki eta kualitatiboki handiagoa izanen da aldi baterako greba mugatua izanen balitz baino gehiago.
Nafarroako Foru Komunitatean, salgaien garraioa errepidez egiten da funtsean, eta hori kontuan hartu behar da gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan, garraiorako bestelako aukerak eskasak direlako hornidura beharrak betetzeko.
Deialdi honetarako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu da, orobat, grebak salgaien errepide-garraioaren zerbitzuan izanen duela eragina bakarrik; hortaz, zerbitzu horien eskaera ez da batere gutxituko; izan ere, salgaien garraioa eragiteko arrazoiek bere horretan segituko dute greban ere, greba orokor batean ez bezala.
Deialdi honen ezaugarriak eta egindako gogoetak ikusita, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak bidezkotzat jotzen du gutxieneko zerbitzu hauek ezartzea:
–Jarduera eten ezin duten sektoreei zuzendutako premiazko salgaien banaketa, hala nola ospitaleei, suhiltzaileen kidegoari, segurtasun indarrei edo zentro estrategikoei, edo premia larriko egoerei erantzuten dietenei.
–Salgai galkorrei zuzendutako garraio zerbitzuak mantentzera bideratutakoak, hau da, deitutako grebak irauten duen orduak baino gehiago gorde ezin direnak.
–Hidrokarburo likidoen garraio eta banaketa zerbitzua mantentzera bideratutakoak, petrolio gas likidotuak barne, gutxieneko izakin operatibo batzuk mantentzeko beharrezkoak diren karga eta deskargetara mugatuta, eta erregaien kate logistikoa ez hornitzeko beharrezkoak diren gutxieneko bidalketak egin beharko dira.
Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1997 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoa, Garraioaren Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroako salgaien errepide-garraioaren sektorean 2024ko azaroaren 28rako eta 29rako, 2024ko abenduaren 5erako eta 2024ko abenduaren 9rako (egun horietan guztietan 00:00etatik 24:00etara), bai eta 2024ko abenduaren 23ko 00:00etatik aurrera ere (mugagabeko iraupena), deitutako greba orokorra egitean, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira:
–Jarduera eten ezin duten sektoreei zuzendutako premiazko salgaien banaketa, hala nola ospitaleei, suhiltzaileen kidegoari, segurtasun indarrei edo zentro estrategikoei, edo premia larriko egoerei erantzuten dietenei.
–Salgai galkorrei zuzendutako garraio zerbitzuak mantentzera bideratutakoak, hau da, deitutako grebak irauten duen orduak baino gehiago gorde ezin direnak.
–Hidrokarburo likidoen garraio eta banaketa zerbitzua mantentzera bideratutakoak, petrolio gas likidotuak barne, gutxieneko izakin operatibo batzuk mantentzeko beharrezkoak diren karga eta deskargetara mugatuta, eta erregaien kate logistikoa ez hornitzeko beharrezkoak diren gutxieneko bidalketak egin beharko dira.
2. Aipatutako zerbitzuak eginen direla bermatzeko behar beste langilek egon beharko dute jardunean; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau hausleak horren erantzule izanen dira.
3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.
4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.
5. Foru agindu hau jakinaraztea ANETi (Nafarroako Errepide bidezko Garraio eta Logistika Enpresaburuen Elkartea), TRADISNAri (Nafarroako Garraiolarien Elkartea) eta Garraioaren Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, dagozkion ondorioetarako.
6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea akitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2024ko azaroaren 20an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.
Iragarkiaren kodea: F2416957