257. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, erdi mailako tituludunen 2 lanpostu, bateraezintasunarekin, oposizio bidez betetzeko

Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2024ko azaroaren 27an, deialdia onestea erabaki zuen, oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

1.1. 1.1. Deialdi honen xedea da erdi mailako tituludunen 2 lanpostu, bateraezintasunarekin, oposizio bidez betetzea, funtzionario araubidekoak eta B mailakoak, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzurako. Deialdia honako arau hauetan xedatutakoaren arabera eginen da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Lanpostuak Ogasuneko Alorrari atxikita daude, eta plantilla organikoan honako zenbaki hauen bidez identifikatuta:

  • 1-200.000-53.
  • 1-200.000-56.

Txanda hauetan banatuko dira:

–lanpostu bat txanda irekian.

–lanpostu bat igoera-txandan.

Lanpostu horiek aldatu ahal izanen dira Iruñeko Udalaren Giza Baliabideetako zuzendariak 2024ko azaroaren 22an emandako ebazpenaren bidez Erdi Mailako tituludunen 2 lanpostutarako, bateraezintasunarekin, onetsitako lekualdatze-lehiaketaren emaitzen arabera.

1.3. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostuak, izangaiek ez lortzeagatik hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, igoera-txandan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditzen diren izangai guztiek txanda irekiko lanpostu hutsak betetzeko aukera izanen dute, txanda horretako izangaiekin batera, lortutako azken puntuazioaren arabera.

Halaber, txanda irekiko lanpostu hutsetarako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoan zehaztutako eran, deialdiaren 8.1 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.

1.4. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu, eta bertan alta emanen zaie, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2. Baldintzak.

2.1. Izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.

Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek -zuzenbidez bereizita ez badaude-, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda independizatu ez badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Diplomatura- edo gradu-titulua izatea Enpresa Zientzietan, edo horren baliokidea Zuzenbidean, EAZn edo Ekonomia eta Enpresa Zientzietan, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean titulua lortzeko eskubideak ordainduta daudela egiaztatzen duen agiria.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabeturik ez egotea, ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.1.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako.

Txanda honetako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitakoez gain, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea, borondatezko eszedentzian dagoen pertsona administrazio deitzailearen zerbitzura beste lanpostu finko edo aldi baterako batean ari denean izan ezik.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoak edo beheragokoak izatea.

c) Administrazio Publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak salbu: horiek zortzi urtez kidego horietan benetan zerbitzu ematen arituak izan beharko dute.

2.1.3. Haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin bat, adingabeekin ohiko harremana edukitzea eskatzen duten lanpostuetara sartzeko ezinbestekoa da epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik edo gizakien salerosketagatik.

Betekizun hori egiaztatzeko, Giza Baliabideetako idazkari teknikoari baimena eman beharko zaio ziurtagiri hori eska diezaion Sexu-delitugileen Erregistro Zentralari, edo bestela, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.

2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte mantendu beharko dira.

Aurrekotik salbuetsita dago, igoera-txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.1 apartatuan agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.

2.3. Izendatuak izateko proposatutako izangaiek deialdi honen oinarriek zehazten duten unean egiaztatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.

3. Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamenean.

Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren eta/edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.

3.3. Tasak.

Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 22,40 eurokoa da. Tasa modu telematikoan ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, modu telematikoan ordaintzeko sistema seguru baten bidez.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Diplomatura- edo gradu-titulua izatea Enpresa Zientzietan, edo horren baliokidea Zuzenbidean, EAZn edo Ekonomia eta Enpresa Zientzietan.

Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kontsultaren kudeatzaileari baimena eman ahal izanen dio titulua Hezkuntza Ministerioaren datuak egiaztatzeko zerbitzuan bilatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan titulua ez baitago Ministerio horretan jasota.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

–Deialdian igoera-txandan parte hartu nahi duten izangaiak Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, deialdi honen 2.1.2 apartatuan jasotzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera.

–Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudunak emana- aurkeztu beharko dute.

3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak exijituko dira.

4. Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiz, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik izan badira baztertuak.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galdu egingo dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Aitor Navarro Aristorena, Iruñeko Udaleko Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaiburu ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako Alorreko zuzendaria.

Epaimahaikidea: María Isabel García Ramos Unzue, Iruñeko Udaleko Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko Alorreko Ondareko arduraduna.

Epaimahaikide ordezkoa: María Jesús Chavarri Izu, Iruñeko Udaleko Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko Alorreko Ez-aldizkako Tributuetako arduraduna.

Epaimahaikidea: Ramón Ortega Tarroc, Iruñeko Udaleko Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko Alorreko ekonomialaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Nuria Larrayoz Ilundain, Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko Alorreko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Kudeaketako arduraduna.

Epaimahaikidea: Haizea Ancín Osnaz, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Cristina Colell Baztan, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Idazkaria: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Idazkari ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2025eko ekainetik aurrera hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

6.3. Oposizioak proba bat izanen du, eta proba horrek bi atal izanen ditu:

a) I. atala: test erako galdetegia.

Ariketa teorikoa izanen da. Izangaiek deialdi honen I. eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruz gehienez 100 galdera -test modukoak- erantzun beharko dituzte, idatziz, 120 minutuko epean, gehienez. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira proba hori balioesteko irizpideak eta hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan nola zigortu akatsak.

Ariketa honetan gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 30 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

b) II atala: bi kasu teoriko-praktiko ebaztea.

Ariketa praktikoa izanen da. Izangaiek deialdi honen I. eranskinean jasotako gai-zerrendako edukiekin lotutako zenbait kasu praktiko ebatzi beharko dituzte idatziz. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Proba gaindituko dute orotara proba honetan 20 puntu, gutxienez, lortzen dituzten izangaiek.

6.4. Oposizioko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.5. Oposizioko proba deialdiko I. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean indarrean dagoen araudiaren arabera erantzutea eskatuko da gai guztietan.

6.6. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren eta bitartekoen aldetik, desgaitasunen bat aitortua eduki eta eskabidean hala eskatu duten izangaiendako.

6.7. Proba amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko ditu, (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balioespenei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.

7. Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, txanden arabera banatuta eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio, lanpostu hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, probaren II. atalean puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar batez ebatziko da horretarako deituko den ekitaldi publikoan.

8. Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak 10 egun balioduneko epea zabalduko du lanpostu hutsak hautatzeko. Horretarako, hauta daitezkeen lanpostuen zerrenda argitaratuko du, izangaien zerrendarekin, erdietsitako puntuazioaren ordenaren arabera eta txandetan banatuta. Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostu hutsetatik zein nahiago dituzten.

8.2. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasunen bat duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balioespen eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Bestalde, probak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda libreko izangaien aitzinetik, deialdi honetako lanpostu hutsak aukeratzeko.

9. Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea amaiturik, epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian eskainitako lanpostu kopuruaren arabera.

Aipatutako izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

9.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

9.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko adierazpen bat edo adierazpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.

e) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

9.2.2. Deialdi hau egin duenaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak izanda igoera-txandan parte hartzen duten izangaiek, aurreko apartatuko dokumentazioaz gain, haien jatorrizko Administrazioan jardunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzko espediente pertsonalean dauden inguruabar eta aurrekari guztiei buruzko informazioa.

9.2.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.

9.3. Agiri horiek aipatu epean -behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan salbu- aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.

9.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eska dezakeen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du deialdiaren 9.2. apartatuan ezarritakoarekin bat.

10. Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, lanpostuetan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik aitzina.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik -indarreko araudian ezarritako kasuetan-, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

10.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.

11. Jarduketen publikotasuna.

Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak.

12. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin -non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa-, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:

a) Lanposturik lortu ez, baina proba gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Lanposturik lortu ez, oposizioa gainditu ez, baina hautaprobetako I. atala gainditu duten izangaien zerrenda.

c) Hautapen-prozesuko probako I. atalean ezarritako gehieneko puntuazioaren % 30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

Oinarri honetan zehaztu diren aldi baterako kontratazio-zerrendak Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.

Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.

12.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.

12.4. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.

Halaber, lanposturik eskuratu gabe gainditu ez dutenen zerrendan izangaien hurrenkera zehaztuko da probaren I. atalean erdietsitako puntuaziorik handienaren arabera.

Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

12.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru lanpostutik bat (lehena) gordeko da % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.

13. Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2024ko azaroaren 27an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.

I. ERANSKINA.–GAITEGIA

Zati orokorra

1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: Atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.

3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena: Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera (X. titulua, II. kapitulua). Iruñeko Udalaren Udal Antolaketari buruzko Dekretua.

4. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa-printzipioak eta funtzionamendua, IV. kapitulua (Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna). III. titulua, Administrazioen arteko harremanak.

5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Aldi baterako langileak. IV. titulua: Kontratatutako langileak.

6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak; zehaztapenak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Ebazpenak betearaztea. V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

7. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duena.

8. gaia.–Iruñeko Udaleko Administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.

9. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

10. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.

11. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).

12. gaia.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia. Diagnostikoa eta Ekintza Plana.

Gaitegi espezifikoa

1. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuei eta gastu publikoari buruzkoa.

2. gaia.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako Toki Entitateen aurrekontu egitura onesten duena.

3. gaia.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitatearen Instrukzio Orokorra onesten duena.

4. gaia.–Kontabilitate analitikoa. Kontzeptuak eta sailkapenak. Zuzeneko eta zeharkako kostuak. Kostuen ereduak eta metodoak: kostu osoa ("full costing") eta kostu partzialak edo zuzenak ("direct costing"). Ekoizpen baliokidea. Baterako ekoizpena. Kostuak departamenduka. Kostuak jardueraka. Kostu estandarra, desbiderapenen analisia eta aurrekontu malgua.

5. gaia.–Nafarroako toki-erakundeen urteko egoera-orri eta kontuen analisia eta interpretazioa. Zorpetzeari eta zor publikoari eta aurrekontu-orekari buruzko aurrekontu-adierazleak aztertzea eta interpretatzea, Nafarroako araudiaren arabera.

6. gaia.–Kapitalizazio sinplea eta kapitalizazio konposatua. Hitzarmen lineala eta hitzarmen esponentziala. Kapitalizazio sinple eta konposatuko tanto baliokideak. Tanto efektiboa eta tanto nominala. Deskontu komertziala eta deskontu arrazionala, epemuga arrunta eta batez besteko epemuga, kapitalizazio sinple eta konposatuan.

7. gaia.–Errentak. Kontzeptuak eta sailkapenak. Errenta egiazkoak, konstanteak eta aldakorrak. Errenta zatikatuak. Betiko errentak.

8. gaia.–Maileguak. Amortizazio-sistemak: ordainketa bakarra, amortizazio-kuota konstantea, amortizazio-termino konstantea ("sistema frantsesa"), amortizazio-termino aldakorra progresio aritmetikoan edo geometrikoan. Interes zatikatuak. Maileguak interes-tasa finko edo aldakorrean. Kapitala eratzeko eragiketak.

9. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Atarikoa. Nafarroako Toki Ogasunen Baliabideak.

10. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Udal-zergak.

11. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Aurrekontua eta gastu publikoa. Xedapenak.

12. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Atarikoa. Xedapen orokorrak. Toki-entitateen antolakuntza eta administrazioa.

13. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Administrazioen arteko harremanak. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendu-araubidea eta herritarren partaidetza.

14. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Toki-erakundeen ondasunak. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak.

15. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Nafarroako toki entitateen zerbitzurako langileen kontratazioa.

16. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Toki-ogasunak. Prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki-erakundeen jarduerak aurkaratzea eta kontrolatzea. Eskualdeak. Xedapenak.

17. gaia.–Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legea: Zioen azalpena. Atariko titulua. Xedapen orokorrak: adjudikazio botereak. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu kudeaketarako printzipio eta arauak.

18. gaia.–Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legea: Publizitate arauak eta esleipen-prozedurak. Kontratuak exekutatzea. Erreklamazioak eta lizitazioen kontrolerako beste neurri batzuk.

19. gaia.–Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legea: Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.

20. gaia.–Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legea: Obra kontratua. Herrilanen emakidarako kontratua.

21. gaia.–Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legea: Zerbitzuen emakidarako kontratua. Hornidura kontratuak. Zerbitzu kontratuak. Xedapenak.

22. gaia.–280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako entitate lokalen ondasun arautegia onesten duena: Ondasunak oro har: Xedapen orokorrak. Kalifikazio juridikoa. Aldaketa. Atxikipena. Ondasunen eskurapena.

23. gaia.–280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako entitate lokalen ondasun arautegia onesten duena. Ondasunak oro har: Babesa, kontserbazioa eta berreskurapena. Ondasunen erabilpen eta aprobetxamendua. Ondasunak besterendu eta kargatzea.

24. gaia.–280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako entitate lokalen ondasun arautegia onesten duena. Herri ondasunak: Administrazioa eta xedapen egintzak. Herri ondasunen aprobetxamendua. Arau-hausteak eta zehapenak. Herri-ondasunen arbitraje-batzarrak. Xedapenak.

25. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa: Lurzoruaren hirigintza araubidea: Lurzoruaren sailkapena. Lurzoru mota ezberdinen araubidea. Balioespenak eta desjabetzeak.

26. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa: Planeamenduaren exekuzioa. Aurrekontuak eta exekuzio moduak. Exekuzio unitateak. Partzelazioak eta birpartzelazioak. Jarduketa sistematikoen bidezko exekuzioa. Jarduketa pribatuko eta publikoko sistemak. Udalaren lurzoru-ondarea.

27. gaia.–13/2000 Foru Lege Orokorra, Tributuei buruzkoa. Printzipio orokorrak. Tributu arauak. Tributuak: motak, zerga-egitatea, zergapekoak, oinarria, tributu-zorra. Arau-hausteak eta zehapenak.

28. gaia.–13/2000 Foru Lege Orokorra, Tributuei buruzkoa. Tributu arloko kudeaketa. Xedapen orokorrak. Informazioa eta laguntza ematea. Tributu kudeaketaren prozedura. Tributu likidazioak. Diru-bilketa eta tributu ikuskaritza. Berrikuspena bide administratiboan. Ogasun Publikoaren aurkako delitu-kasuetako jarduketak.

29. gaia.–177/2001 Foru Dekretua, Diru-bilketaren Araudiari buruzkoa. Diru-bilketaren kudeaketa. Diru-bilketa organoak. Ordaintzera behartutakoak. Helbidea.

30. gaia.–177/2001 Foru Dekretua, Diru-bilketaren Araudiari buruzkoa. Zorren iraungipena. Ordaintzea edo betetzea. Zorrak iraungitzeko beste modu batzuk,

31. gaia.–177/2001 Foru Dekretua, Diru-bilketaren Araudiari buruzkoa. Borondatezko aldian diru-bilketa egiteko prozedura eta premiamendu prozedura. Administrazio helegiteak eta erantzunbeharrak.

32. gaia.–7/1996 Foru Legea, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifei eta jarraibideari buruzkoa, eta 614/1996 Foru Dekretua, jarduera ekonomikoen gaineko zerga kudeatzeko arauak ematen dituena.

33. gaia.–12/2006 Foru Legea, Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta katastroei buruzkoa. Xedapen orokorrak. Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eta katastroak kontserbatzea. Arau-hausteak eta zehapenak.

34. gaia.–7/2022 Foru Legea. Toki-erakundeek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsa.

35. gaia.–8/2022 Foru Legea. Toki-erakundeen parte-hartzea Nafarroako tributuetan kapital-transferentzien bidez: Toki Inbertsioen Plana.

36. gaia.–7/1985 Legea, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena: Atarikoa. Xedapen orokorrak. Udalerria. Probintzia. Beste toki-erakunde batzuk. Toki-erakundeetarako xedapen komunak. Ondasunak, jarduerak eta zerbitzuak, eta kontratazioa.

37. gaia.–7/1985 Legea, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena: Toki-erakundeetako langileak. Toki-ogasunak. Toki-administrazioko gaiak direla-eta, administrazio publikoen arteko lankidetzarako antolakundeak.

38. gaia.–7/1985 Legea, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena: Biztanle-kopuru handiko udalerrien antolakuntzako araubidea. Zenbait gairi buruzko arau-hausteak eta zehapenak toki-erakundeek tipifikatzea. Xedapenak.

39. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzkoa. Aplikazio-eremua. Dirulaguntza publikoetarako xedapen komunak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak.

40. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzkoa. Dirulaguntzak itzultzea. Dirulaguntzen finantza-kontrola. Dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak. Xedapen gehigarriak.

41. gaia.–887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onesten duena: Xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko prozedura.

42. gaia.–887/2006 Errege Dekretua, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onesten duena: Dirulaguntzak kudeatzeko eta justifikatzeko prozedura. Itzulketa. Zehapen-prozedura. Xedapen gehigarriak.

43. gaia.–2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa. Aplikazio-eremua. Printzipio orokorrak. Aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna.

44. gaia.–2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa. Prebentzioko, zuzentzeko eta hertsatzeko neurriak. Gardentasuna. Aurrekontuen kudeaketa. Xedapenak.

45. gaia.–Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta toki-erakundeak.

46. gaia.–Zerga-arlokoa ez den ondare-prestazio publikoa.

Iragarkiaren kodea: L2417493