2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, hiri-kontserbazioko mantentze-lanen arduradun izateko 2 lanpostu oposizio bidez barne-sustapen mugatuan betetzeko
Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen Zuzendaritzaren 2024ko azaroaren 27ko Ebazpenaren bidez, hiri-kontserbazioko mantentze-lanen arduradun izateko 2 lanpostu oposizio bidez barne-sustapen mugatuan betetzeko deialdia onartu da.
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da barne-igoera murriztuan oposizio bidez betetzea Iruñeko Udalaren hiri-kontserbazioko mantentze-lanetako (berdeguneak) arduradunaren 2 lanpostu.
1.2. Oposizio hau deitu da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin bat.
1.3. Hautaprobak gainditu eta deialdi honen ondorioz lanpostua betetzeko izendatzen diren izangaiak hiri-kontserbazioko mantentze-lanetako (berdeguneak) arduradunak izanen dira, C mailakoak, lanpostuaren jabetza hartu edo lanean hasten diren egunetik aitzina, betiere automatikoki amortizatuko delarik lehenago betetzen zuten lanpostua eta, hortaz, Plantilla Organikoaren lanpostu kopurua handitu gabe. Izangai horiek Hiri Kontserbazioko Alorreko Berdeguneetako Zerbitzuari esleituko zaizkio, eta horretarako eskatzen diren mugimenduak eginen dira alorren artean.
1.4. Maila-igoera honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inongo kasutan, igoera egin aurretik langileak zuen araubide juridikoa (funtzionarioena edo lan-araubidekoa) aldatzea; horrenbestez, eskubide pasiboetako araubide berberarekin jarraituko dute.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetan onartuak izateko:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Iruñeko Udaleko langile finkoak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, hiri kontserbazioko mantentze-lanetako laguntzailearen lanpostuan.
b) D maila edo taldean sailkatuta egotea, eta Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko Berdeguneetako Zerbitzuari atxikia.
c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
d) Baldintza horiek betetzeaz gain, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauetako bat, bata edo bestea, bete beharko dute:
1.–Titulu hauen jabe izatea: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea. Halaber, administrazio publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua egiaztatu beharko da.
2.–Administrazio publikoetan 8 urteko antzinatasun aitortua egiaztatzea.
2.2. Izangaiek aurreko baldintza guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baita hautapen-prozedurak irauten duen bitartean eta izendapenaren unean ere.
3.–Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamenean.
3.2. Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudun batek emana- aurkeztu beharko dute. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte -beharrezkotzat joz gero-, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
3.3. Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Deialdiaren 2.1.1.d.1. oinarrian adierazitako tituluaren fotokopia, hala badagokio.
b) Administrazio publikoetan aitortutako antzinatasuna egiaztatzea.
Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kontsultaren kudeatzaileari baimena eman ahal izanen dio titulua Hezkuntza Ministerioaren datuak egiaztatzeko zerbitzuan bilatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan titulua ez baitago Ministerio horretan jasota.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
–Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudunak emana- aurkeztu beharko dute.
3.4. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
3.5. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.
Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Giza Baliabideetako zuzendariak oposizioa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak aurkezteko edo, hala badagokio, izan daitezkeen akatsak zuzentzeko.
4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.
5.–Oposizioaren garapena.
5.1. Oposizioa 2025eko otsailetik aurrera hasiko da.
Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioaren lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua. Gainerako probetarako hurrengo iragarkiak Udalaren webgunean emanen dira argitara, https://www.pamplona.es/eu helbidean, gutxienez proba egin baino 48 ordu lehenago.
5.2. Probak. Hautapen-prozesua oinarri hauetan zehaztutako eran gauzatuko da:
5.2.1. Lehen proba. Proba teorikoa: izangaiek test erako galderak dituen galdetegi bat erantzun beharko dute idatziz, Epaimahaiak aurrez adierazitako gehieneko denboran. Galderak deialdi honen I. eranskineko gaitegian agertzen diren gaiei buruzkoak izanen dira. Hiru aukera egonen dira galdera bakoitzari erantzuteko, eta horietako bat baino ez da izanen baliozkoa.
Proba honek gehienez ere 40 puntuko kalifikazioa izanen du. Proba egin aurretik zehaztuko dira hori baloratzeko irizpideak eta nola zigortuko diren akatsak erantzun anitzeko galderetan. Proba gaindituko dute ezarritako gehieneko puntuazioaren % 50 (20 puntu), gutxienez, lortzen duten izangaiek.
5.2.2. Bigarren proba. Izangaiek ariketa teoriko-praktiko bat edo gehiago eginen dute, bete beharreko lanpostuari dagozkion eta I. eranskinean jasotako gaiei loturik.
Epaimahaiak zehaztuko du proba honetako ariketak egun bakarrean edo batean baino gehiagotan eginen diren, baita horien iraupena ere, ezarritako edukien eta egoki diren gainerako zehaztapenen arabera.
Proba honetan gehienez ere 60 puntuko balorazioa emanen da. Probaren balorazio-irizpideak hura hasi aurretik zehaztuko dira. Proba gaindituko dute guztira ezarritako gehieneko puntuazioaren % 50 (30 puntu) gutxienez lortzen duten izangaiek.
5.3. Proba bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, AIZa edo pasaportea aldean dutela azalduko dira haietara. Agertzen ez diren edo nortasuna egiaztatzen ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.
5.4. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.
5.5. Proba bakoitza amaitu ondoren, Epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak (izangaien izena, abizenak, NANa eta puntuazioa adierazita), eta 5 egun naturaleko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.
6.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Patxi Iriarte Echenique, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Maialen Ariz Sarasketa, Iruñeko Udaleko Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorreko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Ángel Arana de Pablo, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko Berdeguneetako zerbitzuburua.
Epaimahaikide ordezkoa: Julio Martínez Fernández, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko Berdeguneetako Zerbitzuko arduradun nagusia.
Epaimahaikidea: Gorka Lecumberri Lara, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko Berdeguneetako Zerbitzuko erdi-mailako tituluduna.
Epaimahaikide ordezkoa: Xabier Querejeta Arrazola, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko Berdeguneetako Zerbitzuko erdi-mailako tituluduna.
Epaimahaikidea: Julio César López Polo, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Rosa Chaler Blasco, Iruñeko Udaleko Langileen Batzodeak izendatua.
Epaimahaikide idazkaria: Mónica Lana Elola, Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategiko eta Hiri Kontserbazioko Alorreko idazkari teknikoa.
Epaimahaikide idazkari ordezkoa: Miguel Ángel Sánchez Díez de Ulzurrun, Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorreko idazkari teknikoa.
6.2. Epaimahaia epaimahaiburuak deituta eratu beharko da, probak hasi baino lehenago.
6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.
Epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak, edo haien ordezkoek, bertan egon beharko dute.
6.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.
6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aipatu aholkulariak zein bere espezialitate teknikoetan bakarrik ariko dira, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Gainditu dutenen zerrenda eta agiriak aurkeztea.
Prozesua amaitu ondoren, Epaimahaiak Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio gainditu duten izangaien aldeko izendapen-proposamena.
Azken emaitzan berdinketarik egonez gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu duenaren alde ebatziko da, eta oraindik ere berdinketa egonez gero, zozketa eginen da Giza Baliabideetako Alorrean. Berdinduta dauden izangaiei deituko zaie zozketan egon daitezen.
8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak Hiri Kontserbazioko Mantentze-lanetako (Berdeguneak) arduradun (C maila) izendatuko ditu aurreko apartatuan aipatu proposamenean jasotako izangaiak, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
8.2. Izangai izendatuek hamar egun naturaleko epea izanen dute karguaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten zaienetik aitzina kontatuta. Izangairen batek ez badu lanpostuaren jabetza hartzen aipatu epean, salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan, Hiri Kontserbazioko Mantentze-lanetako arduradun (C maila) izateko eskubide guztiak galduko ditu.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko.
Iruñean, 2024ko azaroaren 27an.–Giza Baliabideen Arloko zuzendaria, Xabier Burgui Vergara.
I. ERANSKINA.–GAITEGIA
1.–Udal-lorategietako ureztatze-instalazioak eta haien mantentze-lanak.
2.–Zuhaixka, landare bizikor eta sasoiko loreen landaketa.
3.–Belardiak eta soropilak. Instalazioa eta zaintza-lanak.
4.–Zuhaixken inausketa eta zuhaixkak mantentzeko eta eratzeko inausketa.
5.–Lorategiak mantentzeko makinak. Motak, erabilerak. Tresnak.
6.–Lorezaintzako eta inausketako tresnak eta makinak mantentzeko lanak.
7.–Lorategiko mantentze-lanen urteko egutegia.
8.–Lorezaintzako lanen kontrola, lan-parteak.
9.–Segurtasun- eta osasun-araudia lorezaintzaren arloan.
10.–Norbera babesteko ekipamendu motak lorezaintzan eta horien erabilera.
11.–Zuhaitzen babesa ondoan egiten diren lanen aurrean (perimetro-babesa, enborraren babesa, sustraiena, eta abar).
12.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).
Oharra: Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen testuaren arabera eskatuko dira gaiak.
Iragarkiaren kodea: L2417319