2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
CORELLA
Deialdia, administrari-ofizialaren hiru lanpostu barne igoera murriztuan betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez
Corellako Udalak, Gobernu Batzarraren 2024ko azaroaren 29ko bilkuran, onetsi ditu deialdi bat eta haren oinarriak, C mailako administrari-ofizialaren hiru lanpostu barne igoera murriztuan betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez. Langile lan-kontratudun finkoak.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen helburua da Corellako Udaleko administrari-ofizialaren hiru lanpostu betetzea oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan, plantillan lanposturik gehitu gabe.
1.2. Prozesu honetarako deia egin da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina). Corellako Udaleko plantillako langileentzat da, deialdi honetan eskatzen diren betekizunak frogatzen badituzte.
1.3. Deialdi honen karietara izendatuak diren izangaiak, dagozkion hautaprobak gainditu ostean betiere, administrari-ofizial izanen dira, C mailakoak, jabetza hartzen dutenetik. Aurretik okupatzen zituzten lanpostuak automatikoki amortizatuko dira, eta ondorioz, plantilla organikoko lanpostu kopurua ez da handituko.
1.4. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak mailaz igo aurretik zuen araubide juridikoa, funtzionarioa izan edo lan-kontratuduna izan. Eskubide pasiboen araubide berari ere eutsiko dio.
1.5. Ordura arte egiten zituzten lan eta eginkizunetan jardunen dute izendatuek, bai eta haien gain uzten diren beste edozeinetan ere, lanpostuaren maila edo talde berriarekin bat etorririk.
2. oinarria.–Izangaien baldintzak.
2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Corellako Udaleko langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, administrari laguntzailearen lanpostuan.
b) D maila edo taldekoa izatea.
c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
d) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoaren zerbitzutik kendua ez izatea.
e) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa edukitzea.
Aurreko baldintzez gain, izangaiek honako baldintza hauetariko bat bete beharko dute, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean:
a) Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea, eta frogatzea 5 urteko antzinatasun aitortua dutela administrazio publikoetan.
b) Administrazio publikoetan 8 urteko antzinatasun aitortua dutela frogatzea.
2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapenaren unera arte.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Corellako Udalaren erregistroan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), hogeita hamar egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aitzin, data eta zigilua jar ditzaten, eta Corellako Udalaren Erregistro Orokorrera bidaliko da.
3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
3.3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.
b) Honako alderdi hauek frogatzen dituen ziurtagiria: administrari laguntzailearen izendapena, lanpostu horretan duen antzinatasuna eta administrazio-egoera. Udalak ofizioz gehituko du.
c) Hala badagokio, deialdiaren 2. apartatuan aipatzen den titulazioaren kopia.
d) Lehiaketaldian baloratzeko alegatzen diren merezimenduen frogagiriak; horiek emanen dituzte alegatutako merezimendu bakoitzari dagokionez eskumena duten agintari publikoek edo erakunde pribatuetako arduradunek.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
Ezarritako epean ez bada batere eskabiderik aurkezten, alkateak ebazpen bat emanen du deialdiko lanpostua bete gabe uzteko.
Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
5.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
5.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean xedatuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den oposizioaldia.
6. oinarria.–Lehiaketaldia.
6.1. Oposizioaldiko probak egin aurretik eginen da lehiaketaldia, eta bertan 30 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere.
Bertan, kalifikazio-epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako eta agiri bidez frogatutako merezimenduak, bat etorriz III. eranskinean zehazten den puntuazio-baremoarekin.
Epaimahaiak agiri bidezko argibideak eskatzen ahalko dizkie merezimenduen ziurtagiriak eman dituzten erakunde publiko edo pribatuei, beharrezkotzat jotzen badu. Izangai bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuazioa gehituko zaio oposizioaldian lortutako puntuazioari, eta, horrela, izangai bakoitzaren azken puntuazioa lortuko da.
Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean berariazko balorazioa duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren titulu apalagoak ez dira baloratuko.
6.2. Lehiaketaldia bukaturik, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa jarriko du ikusgai epaimahaiak Corellako Udalaren iragarki-taulan, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklamatu dezaten merezimenduen balorazio horri buruz.
Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, baliabide bera erabiliko da izangaien zerrenda –lehiaketaldian ateratako puntuazioa– jendaurrean agertzeko. Puntuazio hori oposizioaldian ateratzen denari gehituko zaio eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa.
7. oinarria.–Oposizioaldia.
7.1. Oposizioaldian bi proba praktiko eginen dira, bete beharreko lanpostuaren edukiarekin eta eginkizunekin zerikusia dutenak, oinarri hauetako II. eranskinean zerrendatutako gaiei buruzkoak. Oposizioko probak egun berean edo egun banatan eginen dira, eta behar bezala iragarriko dira. Hasi baino lehen, kalifikazio-epaimahaiak erabakiko du zenbat iraunen duen proba bakoitzak.
Oposizioaldia baztertzailea izanen da, baina oposizioaldiko probak ez dira baztertzaileak izanen. Proba bakoitza 35 punturekin kalifikatuko da, eta oposizioaldiaren gehieneko balorazioa 70 puntukoa izanen da. Gainditzeko, 35 puntu lortu beharko dira.
7.2. Proba bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala (NANa), AIZa edo pasaportea aldean dutela azalduko dira. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
7.3. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
7.4. Oposizioaldia 2025eko urtarriletik aurrera hasiko da.
Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua.
7.5. Probak egin ondoren, Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko dira izangai bakoitzak probetan lortutako emaitzak, puntuazio-ordenaren arabera, lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako kalifikazioak batuz.
8. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
8.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute.
Epaimahaiko burua: Gorka García Izal, Corellako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Félix Bienzobas Lázaro, Corellako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Santiago Ruiz López, langileen ordezkaria.
Ordezkoa: Milagrosa Gil García, langileen ordezkaria.
Epaimahaikidea: Rosana Ugarte Martínez, Corellako Udaleko kontu-hartzailea.
Ordezkoa: Nuria Mateo Crisóstomo, Milagroko Udaleko kontu-hartzailea.
Epaimahaikidea: Milagros Pérez Barquín, Corellako Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: María José Armendariz Poyales, Corellako Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaikide-idazkaria: Bertha Luna Sánchez, Corellako Udaleko behin-behineko idazkaria.
Ordezkoa: Milagrosa López Mendoza, Corellako Udaleko idazkaria.
8.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.
8.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
8.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
8.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
9. oinarria.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
Prozesua amaituta, epaimahaiak Alkatetzari aurkeztuko dio gainditu duten izangaien aldeko izendapen proposamena.
10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Alkatetzak administrari-ofizial (C maila) izendatuko ditu aurreko apartatuan aipatu proposamenean adierazitako izangaiak, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
10.2. Izangai izendatuek hamar egun naturaleko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epearen barruan izangairen batek ez badu lanpostuaren jabetza hartzen, galduko ditu C mailako administrari-ofizial izateko eskubide guztiak, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Corellan, 2024ko azaroaren 29an.–Alkatea, Gorka García Izal.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, ADMINISTRARI-OFIZIALEN LANPOSTUETARAKO BARNE-IGOERA MURRIZTUAREN BIDEZKO DEIALDIAN PARTE HARTZEKO
ADIERAZTEN DUT:
–Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik, eta indarreko xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.
–Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan eta ez naizela desgaitua ez eta gabetua ere eginkizun publikoak betetzeko.
–Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta betetzen ditudala bertako baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
–Eskabidearekin batera aurkezten dut lehiaketaldirako merezimenduen kopia.
Hori dena kontuan harturik, ESKATZEN DUT:
–Eskabide hau garaiz eta behar bezala aurkeztutzat jotzen denez, izenpetzen dudan hau onartua izatea C mailako (langile lan-kontratudun finkoa) administrari-ofizialaren hiru lanpostu barne-oposizio murriztu bidez betetzeko deialdian.
(Data eta eskatzailearen sinadura)
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legea): prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; moduak eta epeak (II. titulua, I. eta II. kapituluak).
2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio prozedurari buruzko xedapenak, administrazio-espedientearen antolamendua (IV. titulua, III. kapitulua). Administrazio-errekurtsoak (V. titulua, II. kapitulua).
3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: xedapen orokorrak (Atariko titulua, I. kapitulua).
4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa (II. titulua. Udal errolda, antolaketa eta eskumenak) eta 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, Toki Erakundeen Biztanleria eta Lurralde Mugaketari buruzko Araudia onesten duena: biztanleria eta errolda. (1690/1986 Errege Dekretuaren II. titulua). Udal erroldaren kudeaketa.
5.–Udal-zergen kudeaketa: Lurraren kontribuzioa, Ekonomia jardueren gaineko zerga edo lizentzia fiskala, Trakzio mekanikoko edo zirkulazioko ibilgailuen gaineko zerga, Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta Hiri-lurren edo gainbalioen balio gehikuntzaren gaineko zerga (2/1995eko Foru Legearen II. titulua).
6.–Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua. Osoko Bilkuraren eta Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiak. Aktak, kide anitzeko organoek hartutako erabakiak helaraztea. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: III. titulua.
7.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: aplikazio eremua. Nafarroako toki entitateen zerbitzurako langileak. Xedapen orokorrak eta karrerako funtzionario guztiei aplikatzekoak. Hautapena eta sarbidea. Lan-kontratudun eta behin-behinekoendako xedapenak. (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko I., II., III. eta IV. tituluak).
8.–Udal-kontabilitatea eta diru-bilketa: oinarrizko kontzeptuak; fakturak erregistratzea eta kontabilizatzea; fakturazio elektronikoa; ordainagiriak sortzea eta ematea.
9.–Informatika-kontzeptuak: Word-eko testu tratamenduak, Excel kalkulu-orria, Internet eta posta elektronikoa.
10.–Udalarekin harremana duten pertsona fisiko eta juridikoen datu pertsonalen kudeaketa. Korrespondentzia konbinatzea. Erregistro elektronikoa kudeatzea; espediente elektronikoan dokumentuak erregistratzea, ateratzea, jakinarazpenak egitea eta bilatzea.
Oharra: zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
III. ERANSKINA–MEREZIMENDUEN BALORAZIOA
Epaimahaiak izangaiek alegatu eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik ematen den baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agirien kopiak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska diezazkieke izangaiei alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak.
Merezimenduen baremoa.
Lehiaketaldian, 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.
6. apartatuan ezarritakoari jarraikiz alegatu eta frogatutako merezimenduak honako baremo honen arabera puntuatuko dira:
Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza eta titulazioak: Helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea eta kontuan hartuko dira lanpostuaren eginkizunekin lotura zuzena duten arloetakoak.
Ikastaro bakoitzaren balorazioa eginen da prozedura honi jarraituz:
a) 15 ordutik beherako iraupena: puntu bat.
b) 15 ordutik 30 ordura bitarteko iraupena: 2 puntu.
c) 30 ordutik gorako iraupena: 3 puntu.
Ez dira baloratuko ordu kopurua zehaztua ez duten ikastaroak.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa, izangai bakoitzak lehiaketaldian eskuraturiko puntuak zehazturik.
Corellan, 2024ko abenduaren 5ean.–Alkatea, Gorka García Izal.
Iragarkiaren kodea: L2417727