1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
505E/2024 EBAZPENA, azaroaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita Irurtzungo udal mugartean dagoen metalezko elementu aurreformatuak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Sociedad Anónima de Preformados Metálicos da.
Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 2.7 taldean.
2024ko abuztuaren 8an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, 5. fokuan (aluminioa urtzeko labea) sei hilean behin autokontrola egin beharra kentzeko edo, bestela, haren maiztasuna handitzeko, autokontroletan eta kanpo-kontroletan lortu diren balioak ezarritako mugako balioetatik oso behera daudelako.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 0479/2007 Ebazpenean ezartzen da kanpo-kontrol bat egin behar dela hiru urtean behin, eta 5. fokutik datozen isurien sei hilean behingo autokontrolerako proposamen bat egin beharko dela.
2022ko urriaren 17an egin zuten ikuskapenean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ikuskapenen Ataleko langileek egiaztatu zuten 5. fokuari 2013ko martxoaren 6an egin zitzaiola kanpo-kontrola azkenekoz, eta ez dago inon jasoa autokontrolak egiten direnik.
Titularrak 2024ko abuztuaren 8an aurkeztu zuen eskaeran taula bat ageri da, 2023ko bi seihilekoetan eta 2024ko lehen seihilekoan egindako autokontrolak erakusten dituena, bai eta laborategi akreditatu batek 2022ko abenduaren 2an egindako kanpo-kontrola ere.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du ez dela onargarria, 6/2002 Foru Dekretuaren 30. artikuluak ezartzen duenez, B taldean sailkatutako fokuei –eta halakoa da 5. fokua– sei hilean behingo autokontrola egin behar zaielako (6/2002 Foru Dekretua, urtarrilaren 14koa, atmosferara kutsatzaileak isurtzen ahal dituzten jardueren ezarpenari eta funtzionamenduari aplikatu beharreko baldintzak ezartzen dituena).
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Ukatzea Irurtzungo udal mugartean dagoen metalezko elementu aurreformatuak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Sociedad Anónima de Preformados Metálicos da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Sociedad Anónima de Preformados Metálicos enpresari eta Irurtzungo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Iragarkiaren kodea: F2416942