1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
504E/2024 EBAZPENA, azaroaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baitira Tuterako udal mugartean hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketak. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Erriberako Mankomunitatea da.
Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 13ko 2549/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 23ko 73E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua.
2024ko abuztuaren 12an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, kudeatzen eta sortzen diren hondakinen zerrendan, 160607* eta 200142* EHZ kodeak dituzten hondakinak sartzeko, zentroan horiek kudeatzeko eskaria dagoelako. Hondakin horiek dira osagaien artean litioa edozein formatan duten metagailu, pila edo bateriak, hala nola litiozko pilak eta litio ioizko metagailuak, hurrenez hurren jatorria industrian eta etxeetan dutenak.
R1301 prozesuan (hondakinen biltegiratzea, bilketaren eremuan), eskatzen zuen bi hondakin mota horiek kudea daitezela instalazioko garbigunean kudeatutako hondakin gisa.
R1201 prozesuan (errefus zatiaren eta gai organikoen aurretratamendua), eskatzen zuen bi hondakin mota horiek kudea daitezela bereizketan sortutako hondakin gisa.
Ondoren, 2024ko irailaren 13an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, D0502 prozesuan kudeatutako hondakin berri gisa sar dadila 080410 EHZ kodea duena (itsasgarri eta zigilatzaileen hondakinak, 08 04 09* kodean –etiketen biribilki industrialak– zehaztutakoez bestelakoak).
080410 EHZ kodea duen hondakina (itsasgarri eta zigilatzaileen hondakinak, 08 04 09* kodean –etiketen biribilki industrialak– zehaztutakoez bestelakoak) sartzeari dagokionez, bete beharko dira uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan ezarritako onargarritasun baldintzak (errege dekretu horrek hondakinak hondakindegira eramanez ezabatzea arautzen du).
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onartzea Tuterako udal mugartean hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketak. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Erriberako Mankomunitatea da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Erriberako Mankomunitatera eta Tuterako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2416943