257. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

500E/2024 EBAZPENA, azaroaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Castejongo udal mugartean dagoen energia elektrikoa sortzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Totalenergies Clientes SAU da.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 22ko 298/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 20ko 356E/2017 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2024ko abuztuaren 6an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ken dadila Alfaroko (Errioxa) estazioan CO analizagailua izateko betebeharra.

Instalazioaren ingurumen baimen integratuak ez du zehazten zer analizagailu izan behar dituen Alfaroko estazioak. Egun, honako hauetarako analizagailuak ditu: PM10, PM2,5, SO2, NOx, CO eta O3. Zerbitzu honen ustez, gaur egun ez da justifikatzen karbono monoxidoaren etengabeko analizagailua izateko beharra, ez ingurumenaren ikuspegitik, ez ikuspegi ekonomikotik. Hori dela eta, egokitzat jotzen da ingurumen baimen integratuan ezartzea zer analizagailu izan behar dituen estazio horrek, eta zehaztea ez dela beharrezkoa CO analizagailurik izatea.

Bestalde, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 12ko 315E/2023 Ebazpenean, Funesko estazioan CO analizagailua izateko betebeharra kendu zen. Aldiz, akats baten ondorioz, mantendu egin zen SO2 analizagailua izateko betebeharra, zeina kendu baitzen Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 15eko 99E/2019 Ebazpenaren bidez. Beraz, bidezkoa da akats hori zuzentzea, eta Funesko estazioak SO2 analizagailua izateko betebeharra kentzea.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla ulertzen da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, aldaketa-espediente honen bidez.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Castejongo udal mugartean dagoen energia elektrikoa sortzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Totalenergies Clientes SAU da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Totalenergies Clientes SAUra, Errioxako Gobernuko Nekazaritzako, Abeltzaintzako, Landa Munduko eta Ingurumeneko Departamentura eta Castejongo Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2416865