Iragarkia
255. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 17a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARANGUREN
Ordenantza, Lakidaingo herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Arangurengo Udalak, 2024ko ekainaren 18ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lakidaingo herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.
Erabaki hori 2024ko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 8an. Espedientea 30 egunez izan zen jendaurrean.
Jendaurrean jartzeko epea igarota, eta alegazioak ebatzita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Osoko Bilkurak 2024ko urriaren 29an hartutako erabaki baten bidez, behin betiko onesten da Lakidaingo herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Eta ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori argitaratzen da, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Ordenantzaren behin betiko onespen honen aurka, hautara, errekurtso hauek jar daitezke:
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Mutiloan, 2024ko urriaren 30ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.
ORDENANTZA, LAKIDAINGO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
ZIOEN AZALPENA
Historian zehar, funtsezko nortasun-ikurra izan da herri-lurren aprobetxamendua auzotarren artean, jabetzaren kontzeptu hertsiaren gainetik, eta oinarrizko baliabidea izan da gizartean egoera txarrenean daudenen biziraupenerako. Herritarrek herri-lurrari egin behar zioten konpentsazioak, askotan, auzolanaren forma zekarren, herri-lurren aprobetxamenduez gozatzeko tasak edo kanonak ordaintzeaz gainera.
Lehen sektorearen garapena sustatu nahi duten egungo ordenantzen arabera, nekazaritza eta abeltzaintzako profesionalek erabili edo bideratu behar dituzte aprobetxamenduak, eta, beraz, erabilera horiek biztanleriaren zati batera mugatzen dira nahitaez. Beraz, kontuan hartu behar da lortutako tasak, kanonak edo konpentsazioak gizarte osoaren mesederako izan daitezkeela, eta, bereziki, behar handiena duten pertsonen mesederako. Udalen kasuan, hori gizarte-ongizateko politikei dagokie. Beraz, herri-aprobetxamenduen erabilera eta luperketa biztanleriaren sektore jakin bati esleitzetik datozen diru-sarrerek gizarte-ongizateko udal-politikak areagotzea ekarri beharko dute.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Lakidaingo mugarteko herri-ondasunak administratzeko eta haien gainean xedapen egintzak emateko, eta ondasun horiek defendatzeko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko, bat etorriz indarrean dagoen legediarekin eta, bereziki, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta hura garatzen duen araudiarekin.
Ordenantza hau onesten denetik aurrera egiten diren herri-lurretako aprobetxamenduak haren xedapenen arabera arautuko dira.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.
4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua), Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, herri-lurretako ondasunen gaineko ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatuko arauak; ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Arangurengo Udalaren ahalmenak dira Lakidaingo herri-ondasunen gainean xedatzea, haiek administratzea, aprobetxamendu-araubidea ezartzea eta antolatzea, ordenantza honetan azaltzen den eran.
Herri-ondasunen inguruan Arangurengo Udalak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Arangurengo Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatzen bada, lur horiek Arangurengo Udalaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.
Gauzatuko den prozedura izanen da ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Arangurengo Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta aurka eginen dio haien kalterako pribatizazio saio edo ekintza orori.
8. artikulua. Arangurengo Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Arangurengo Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du osoko bilkurak.
10. artikulua. Arangurengo Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko berariazko onespena beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Arangurengo Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, iraungi daitezen baimen, emakida edo beste zernahiren bidez herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Arangurengo Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaztekoak izanen dira, eta ez dute galaraziko kontratistek duten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.
13. artikulua. Arangurengo Udalak ez dituenean sustatzen herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak, posible izanen da herritarren ekimena; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran. Udalak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik abiarazita dagokion prozedura, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta txosten juridikoa eginda, non agertuko baitira usurpatu den jabetza egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia eginen da toki administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.
Halaber, Arangurengo Udalak ekintza zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.
b) Herri-larreen aprobetxamenduak.
c) Etxeetarako egur-aprobetxamenduak.
d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua.
1. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Herriko erroldan gutxienez 6 urte lehenagotik agertzea. Herriko bizilagun batek ere eskatzen ez badu, erroldatze-betekizunaren barruan sartuko dira Arangurengo bizilagunak.
c) Herri-lurra dagoen herrian bizitzea urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian.
d) Zerga betebeharrak egunean izatea Arangurengo Udalarekin.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da aita-ama erretirodunek osaturikoa, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
3. Arangurengo Udalak ebatziko ditu artikulu hau interpretatzean sortzen diren zalantzak, halakorik sortuz gero, banan-banan.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
16. artikulua. Hiru modalitatetan eginen dira Lakidaingo laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak, lehentasun-ordena honen arabera:
a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Arangurengo Udalaren zuzeneko ustiapena.
Arangurengo Udalak hiru modalitate horiek erabiliko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.
Arangurengo Udalak, biodibertsitatea sustatzeko eta zuhaitzak babesteko, egokitzat jotzen duen azalera erreserbatzen ahalko du adjudikazioa egin aurretik, eta adjudikaziodunari gutxieneko mantentze-lan bat eskatzen ahalko dio, aurreikusitako baldintzetan.
1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK
17. artikulua.
1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.
2. Familia-unitatean daudenean genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak eta/edo dokumentu bidez egiaztatutako desgaitasunen bat duten kideak, kide horietako bakoitzeko kontuan hartuko den diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.
3. Errenta mailak zehazteko aintzat hartu beharreko irizpideek datu objektiboak izanen dituzte oinarri, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen zerga-kapitala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena –norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta–, eta horren gisako beste edozein datu.
18. artikulua.
1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotetzat, modu honetan: 25 erregu.
2. Zehazteko zenbat lote emanen zaizkien 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:
a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hots, lehorreko 25 erregu.
b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hots, lehorreko 40 erregu.
19. artikulua. Familia-unitate askok betetzen badituzte lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendurako ezarritako baldintzak, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Arangurengo Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, beheratzen ahalko ditu ordenantza honen 17. eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa mota honetarako.
20. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da.
Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitza baliagarriaren arabera luzatzen ahalko da.
21. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan: 15 euro erreguko eta urteko.
Zenbateko hori 2024. urterako proposatutako kanonari dagokio, eta kanon hori urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere. Nolanahi ere, kanonak beharko du izan Arangurengo Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa, gutxienez ere.
22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki laboratu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere hartuko da zuzenean eta pertsonalki egindakotzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan edo kide guztiek betetzen badituzte 15. artikuluan adierazitako baldintzak.
23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, laborantza lanak adjudikaziodunak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, besteren konturako langileak hartzea zilegi ez dela, salbu eta sasoien edo laborantza ustiapenaren eskakizunek horretara behartzen dutenean. Alabaina, zuzeneko laborari pertsonalaren izaera ez da galduko soldatapeko langileak hartzen badira, gerora sortutako eritasun bat, haurdunaldiko arriskua edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzeagatik, udal honen iritziz lurra norberak lantzea eragozten duena.
Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Arangurengo Udalari, behar den baimena eman dezan.
Baldin Udalaren iritziz ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat behin betikoa bada eta ez badago egiterik herri-lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik, 24. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
24. artikulua. Ezintasun fisikoa izateagatik edo beste arrazoi bategatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki laboratu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Arangurengo Udalak lurzatiok hurrengo aprobetxamendu modalitatearen bidez adjudikatuko ditu, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Laborantza pertsonala galarazten duen arrazoia eskatu eta egiaztatu ondoren, udal honek onuradunei adjudikaziotik eskuratutako diru-sarrerak abonatuko dizkie, kanona kendu ondoren.
Udalak izanen du ahalmena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo beste arrazoiren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.
Lurren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epetik gelditzen denerako.
Lurzatiak kendu zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeriaz edo lagapenaz geroztik eskuraturiko mozkinak. Toki-erakundeak finkatuko du aipatzen diren etekinen zenbatekoa.
Toki-erakundeak irekitako espedientearen bidez kenduko dira lurzatiak, interesdunari entzutea eman ondoren.
25. artikulua. Arangurengo Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ziurtatzeko laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.
Erabakiko da ez duela norberak zuzenean lantzen lurra honako kasu hauetan:
a) Nekazaritzako makineria eduki arren adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez baditu.
b) Arangurengo Udalaren txostenaren arabera, adjudikatutako lurzatietan ez baldin bada egiten zuzeneko laborantza pertsonala, aintzat hartuta ordenantza honen 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen dena.
c) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta agindu epean ez aurkeztea: lur-lantzeak egin izana, lehengaiak erosi izana eta produktuak saldu izana (adjudikaziodunek berek edo Udalak baimendutako pertsonek).
d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean ez bada aitortzen nekazaritzako etekinik, horretara beharturik ez egonik ere.
e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen ez lantzea.
f) Baldin, laborantzako lurren jabe izanik, errentan eman badizkiete hirugarren batzuei.
2. ATALA.–HERRITARRENTZAKO ZUZENEKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK
26. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, zuzenean adjudikatuko dira gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere. Banatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitatearen titular diren herritarren artean, baldin Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda badaude, familia-baratzeen kasuan izan ezik.
27. artikulua. Lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren zehaztuko du Arangurengo Udalak herritarrentzako zuzeneko adjudikazio loteen azalera, kontuan hartuta gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua.
28. artikulua. Adjudikatzeko aldia 20. artikuluan ezarritako berbera da.
29. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte: 28 euro erreguko eta urteko.
Zenbateko horiek dagozkio 2024. urterako proposatutako kanonari, eta kanon hori urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere.
30. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki eginen du laborantza eta, horretarako, bete beharko du 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatua.
31. artikulua. Arangurengo Udalak beretzat gordeko du herri-lurretako laborantza lurren %5, onuradun berriei adjudikatzeko. Eskaera guztien %20 emakumeei adjudikatu ez bazaie, erreserba hori banatzeko garaian lehentasuna emanen zaie emakumeei.
32. artikulua. Aurkeztutako eskaerek lurren eskaintza gainditzen badute, behin lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren, ezetsiko dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak.
33. artikulua. Horretarako lur egokia dagoen herrian, Arangurengo Udalak entregatzen ahalko die, zozketa bidez eta ezaugarri berdineko lurrik ez izanik eskaera egin duten herritarrei, lurzati bat familia-baratze gisa edo antzeko aprobetxamendu gisa erabil dezaten. Azalera, kanona eta baldintzak udal honek libreki finkatuko ditu ordenantza honetan, helburu hauetarako jarri den azalera globalak inola ere ez duelarik gaindituko laborantzarako herri-lurraren azaleraren ehuneko hamarra.
3. ATALA.–ARANGURENGO UDALAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO ENKANTE PUBLIKOA
34. artikulua. Arangurengo Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, baldin laborantzako lurrik badago sobera, enkante irekian eginen du adjudikazioa; azken horri emanen zaion epea bukatuko da hurrengo banaketa egin behar den unean.
Arangurengo Udalak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.
Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik gelditzen bada sobera, Arangurengo Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.
4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
35. artikulua. Arangurengo Udalak, behin Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau onetsi ondoren, eta iragarki-taulan ediktu bidez eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, erabakitzen ahalko du ordenantza honetan araututako aprobetxamenduen eskaerak aurkezteko epea hastea. Horretarako, hala badagokio, 15 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste duten pertsonek nahi dituzten herri-aprobetxamenduak eska ditzaten.
36. artikulua. Eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:
a) Herri-lurra dagoen herriko biztanlea izatea, gutxienez sei urte lehenagotik, eta herrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea. Herrian erroldatuta dagoen pertsonarik aurkeztu ez bada, Arangurenen sei urte lehenagotik bizi dela eta gutxienez bederatzi hilabetez bertan bizi dela adierazten duen zinpeko aitorpena.
b) Zerga betebeharrak egunean izatea Arangurengo Udalarekin.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduen eskatzaileek adieraziko dute familia-unitateko kideren batek desgaitasun egiaztaturik duen.
d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udalerri honetan, bai beste batzuetan; lehorreko lurrak ala ureztalurrak diren zehaztuko da.
e) Familia-unitateko kide bakoitzak zer lur lantzen dituen errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez, bai udal-mugarte honetan bai beste batzuetan, lehorreko lurrak zehazturik.
f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Arangurengo mugartean bai beste batzuetan.
g) Familia-unitateko kide bakoitzaren abeltzaintzako ondasunen zergapeko kapitalak edo abelburu kopurua eta espeziea, udal-mugarte honetan nahiz beste batzuetan.
h) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.
i) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa eskatzen dutenentzat, familia-baratzeen kasuan izan ezik.
Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Arangurengo Udalak ahalmena izanen du eskatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak, errenta mailak egiaztatzearren; errenta maila horiek oinarrituko dira agirietan eta datu objektiboetan, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.
37. artikulua. Ikusirik lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendurako eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, Arangurengo Udalak loteak adjudikatuko ditu, eta horien ezaugarriak eta azalera izanen dira ordenantza honen 18. artikuluan ezarritakoaren araberakoak.
Loteak banatzean, ahalegina eginen da aprobetxamendu mota horren onuradunekin ados jartzeko; desadostasunik bada, zozketa eginen da.
38. artikulua. Laborantzarako herri-lurren gainontzeko azalerari dagokionez, Arangurengo Udalak laborantzarako loteak adjudikatuko dizkie herritarrentzako zuzeneko adjudikazio bidezko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitatearen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 27. artikuluaren araberakoak izanen dira.
39. artikulua. Arangurengo Udalak proposaturik, adjudikatzeko modu bakoitzean onartutako izangaien zerrenda onetsiko da. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
40. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda udal honen iragarki-taulan jarriko da ikusgai 10 egun baliodunean eta interesdunei jakinaraziko zaie, bidezkotzat jotzen diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.
41. artikulua. Alegaziorik edo akatsik egonez gero, Arangurengo Udalak ebatziko ditu horiek. Alegazioak ebatzi ondoren, laborantzako herri-aprobetxamenduen adjudikazioa onetsi eta behin betikoa bilakatuko da, eta iragarki-taulan modalitate bakoitzean herri-lurzatiak baliatzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda argitaratuko da. Behin betiko adjudikazioaren erabakia interesdunei jakinaraziko zaie.
III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
42. artikulua. Arangurengo Udalaren herri-larreak, Lakidain herrian, baterako ustiapen unitatea –bazkaleku bakarra– osatzen dute beste finka partikular batzuekin batera, antzinako ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz.
43. artikulua. Arangurengo Udalaren herri-larreen aprobetxamendua, Lakidain herrian, modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:
a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Usadioari jarraikiz.
c) Enkante publikoan adjudikatuz.
44. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradun izanen dira ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gainera, beren aziendak maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legean eta haren erregelamenduetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak.
45. artikulua. Abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Ondorio horietarako, Arangurengo Udalak ulertuko du larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen onuradunaren aziendak maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legean eta haren erregelamenduetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituenean.
46. artikulua. Adjudikazioa zortzi urterako izanen da.
47. artikulua. Arangurengo Udalak honela kalkulatu du bazkatoki bakoitzak jasan dezakeen abelburu kopurua: Laurehun (400) ardi-buru.
Honi dagokionez, Arangurengo Udalak parekotasun hauek erabiliko ditu:
–Zaldi-aziendako buru bat (1) behi-aziendako 1,3 buru adina da.
–Behi-aziendako buru bat (1) ardi-aziendako 8 buru adina da.
–Ahuntz-aziendako buru bat (1) ardi-aziendako 2 buru adina da.
48. artikulua. Kontuan hartuta jasan daitekeen aziendaburu kopurua eta larreen kalitatea, Udalak urteko 1.800 euroko kanon hau ezartzen du dagoen bazkaleku bakarrerako.
Zenbateko hori 2024. urterako proposatutako kanonari dagokio, eta kanon hori urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere.
Larre horien aprobetxamenduan interesdun bat baino gehiago badago, kanona zatituko da larreen adjudikazio osoaren gainean lortutako ehunekoaren arabera.
49. artikulua. Artzaintzak suteen prebentzioan eta biodibertsitatearen mantentzean eragin positiboa duenez gero, 48. artikuluan ezarritako kanona konpentsatzen ahalko da larreak eta herri-lurrak mantentzearekin lotutako lanekin.
50. artikulua. Laborantzako herri-lurretan larratzeko, larreen adjudikaziodunek askatasunez larratzen ahalko dute.
51. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarrita dauden baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko Foru Legea), eta bete beharko dira foru lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako gainerako baldintza guztiak.
52. artikulua. Herriko ohiturarekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Arangurengo Udalak honako baldintza hauek ezarri ditu:
Aipatzen dira erabilerak eta ohiturak honako hauei dagokienez: euriondoak, uzta bildu ondoren abereak sartzeko epea, alpapa-zelai, orburu-sail, artasoro, mahasti eta abarretan sartzea. Uztondoak goldatzeko epea. Eskortak garbitu eta zaintzea. Simaurraren jabetza. Aziendak edanarazteko, bazkaleku bakoitzari dagozkion idoiak, etab.
53. artikulua. Zuzenean aprobetxatuko dira larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.
Aurreko paragrafoan xedatu denari dagokionez, larreen zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da onuradunak legez eratutako talde edo elkarteetan biltzen direnean egiten dena ere; betiere, kideek 15. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.
54. artikulua
1. Arangurengo Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, larreen aprobetxamendua zuzenean egiten dela ziurtatzeko.
2. Arangurengo Udalak ulertuko du larreak ez dituztela zuzenean erabiltzen, besteak beste, honakoetan:
a) Toki entitatearen zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenek.
b) Abeltzaintzako etekinik aitortzen ez dutenean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, aitortu beharra izanik.
c) Bazka-lurren jabe izanik ere, haiek hirugarren batzuei errentan emanda dituztenek.
d) Eskatu arren, honako agiri hauek ezarritako epean aurkezten ez dituztenek: zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak.
55. artikulua. Prozedura. Arangurengo Udalak aitzinetik erabakia hartu eta Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ediktua agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-larreen adjudikazioa eska dezaten.
56. artikulua. Eskaerekin batera zinpeko deklarazioa aurkeztuko da, ordenantza honen 36. artikuluan zehaztu bezala. Horrez gain, abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta ordenantza honen 51. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria erantsiko dira, baita erabili nahi dituen bazkalekuen hurrenkera-zerrenda ere.
57. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, Arangurengo Udaleko iragarki-taulan iragarriko da, eta 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, adjudikazioa behin betiko onetsitzat joko da, aipatu epea bukatutakoan. Bestelakoetan, Udalak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.
58. artikulua. Herritarrentzako banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, zortzi urterako, jarraikiz indarrean dagoen araudiari eta ordenantza honetatik aplikatzekoa denari.
IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA
59. artikulua. Mendian aski baldin badago, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Arangurengo Udalak egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
60. artikulua. Arangurengo Udalak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko egur loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.
61. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.
62. artikulua. Egurra banatzerakoan, Arangurengo Udalak irizpide sozialei jarraituko die, eta lehentasuna emanen die ekonomikoki apalagoak diren familia-unitateei eta genero-indarkeriaren biktima den emakumeren bat edo egiaztatutako ezintasunen bat duen kideren bat dutenei.
63. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Arangurengo Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 17. artikuluan zehazten den bezala.
64. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharrekoa urtero finkatuko du Arangurengo Udalak aurrekontu arruntean.
65. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra hartu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.
66. artikulua. Adjudikazioaren prozedurari dagokionez, ordenantza honetako 35., 36., 37., 38., 39., 40. eta 41. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
V. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
67. artikulua. Arangurengo Udalak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, aprobetxamenduak jendaurreko informazioaren izapidea bete beharko du 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
68. artikulua. Arangurengo Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin lur horiek honako xede hauetako bat badute:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurrak hobetzea.
c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.
d) Desafektazioa egitea, trukaketarako edo salmentarako.
e) Kalifikazio urbanistikoa ematea, nekazaritzakoa ez den beste zernahi erabileratarako.
69. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Arangurengo Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.
V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
70. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
a) Lurrak zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea, ordenantza honetan ageri diren salbuespenekin.
b) Ez ordaintzea aprobetxamenduen kanonak Arangurengo Udalak finkatzen dituen epeetan.
c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.
d) Hirugarren batzuei azpierrentamenduan ematea edo lagatzea zuzeneko adjudikazioaren edo enkante publikoaren bidez adjudikatutako herri-lurretako loteak.
e) Udalak adjudikatu gabe herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.
f) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
g) Landaketa iraunkorrak egitea Udalaren baimenik izan gabe.
h) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.
j) Agiriak faltsutzea edo ondasunak ezkutatzea, herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak egiteko eskubidea zehaztu edo justifikatzeko garaian.
k) Herri-lurra dagoen herriko bizilagun izateari uztea, edo ez bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian, gutxienez. Eskubidea ibarreko gainerako tokietara zabaltzen bada, bizilagun izateari uztea edo Arangurenen ez bizitzea.
71. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:
a) Aurreko a), b), c), f), g) eta i) apartatuetako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da; hala ere, horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuko organo eskudunek zehapenak jartzea.
b) Aurreko d) eta k) apartatuetako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da.
c) Aurreko h) apartatuko arau-haustea eginez gero, herri-lurren adjudikaziodun izateko eskubidea galduko da.
Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko den gehieneko zehapena izanen da lotearen urteko errentamenduaren balioa halako bi, edo zehapenaren xede zehatzari dagokion lote-zatiaren errentamenduarena halako bi.
Lurzatiak kendu zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeriaz edo lagapenaz geroztik eskuraturiko mozkinak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehengoa.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz behin betiko onetsitakoan, ordenantza honek, lege beraren 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egintzak eta erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea amaitutakoan.
Bigarrena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den guztirako, aplikatuko da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako lege-xedapenetan eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan xedatutakoa. Horiek, nolanahi ere, osagarri gisa aplikatuko dira, bai eta, hala dagokionean, Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzkoa ere.
Iragarkiaren kodea: L2415771
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
