255. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1134E/2024 EBAZPENA, azaroaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa ematen duena, aldekoa, "Eltzaburu auzoan (Ultzama) hiri-berroneratze jarduketa bat egiteko hiri-jarduketarako plan berezia"ri buruz, ingurumen ukipen nabarmenik sortzen ez dela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Eltzaburuko Kontzejua da.

Hiri-jarduketarako plan berezi hau (aurrerantzean, HJPBa) eskatzaileak (Eltzaburuko Kontzejua) duen Ultzamako udal hirigintza-plangintza aldatzeko premian oinarritzen da, espazio publikoak zehazteari dagokionez, Eltzaburuko auzoetako baten hiri-berroneratzea arrazoitzeko.

HJPBaren xedea da udal hirigintza-plangintzako determinazio egituratzaileak aldatzea, 18. poligonoko 127. lurzatiaren hiri-lurzoruaren eremurako.

Proposatzen den hiri-berroneratzearen jarduketa-eremua "beheko auzoa" deitu ohi zaien eraikin finkatuen artean dagoen tokiko errepidea da, Eltzaburuko herrigunearen sarreraraino.

Eltzaburuko herrigunetik hegoaldera dagoen hiri-tartearen zati bat da. Bertan, finkatutako eraikinak daude, errepidearen iparralderako noranzkoan eskuineko ertzean soilik. Eraikin horiek, erdigunearekin eta "goiko" auzoarekin batera, herriaren bilbea osatzen dute.

Kontua da antolamendu planoek ez dutela hiri-lurzoruaren barnean sartzen bizitegi eremuaren aurrealdea, bide hori Nafarroako Gobernuaren errepide sarearen parte delako. Horregatik, gaur egun ezinezkoa da premiei erantzuten dien espazio publikoa proiektatzea.

Hala ere, kontuan izan behar da plan orokorrak berak bizitegi-lurzoruaren egungo zerrendaren aurrealde osoa sailkatzen duela garapen eredua zaintzeko lurzoru urbanizaezin gisa.

Eltzaburuko hiri-lurzorua handitzea proposatzen da, halako moduz, ezen "beheko auzoa"ren eremuan, bizitegi-lurzati pribatiboez gain, espazio publiko bat ere sartuko den, oinezkoentzako kalez eta espaloiz osatua.

Era berean, espazio publiko hori herrigunearen hasieraraino hedatu beharra ikusten da, behar bezalako lotura sortzeko "beheko auzoaren" eta Eltzaburuko herrigunearen artean. Jarduketa honen bidez udal planaren gidalerroei jarraitzen zaie, udal planak herriko herrigune guztiak batu nahi ditu-eta.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela eta proposatu du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren txostena ematea, aldekoa, ingurumen ukipen nabarmenik sortzen ez dela iritzita.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea, aldekoa, "Eltzaburu auzoan (Ultzama) hiri-berroneratze jarduketa bat egiteko hiri-jarduketarako plan berezia"ri buruz, ingurumen ukipenik sortzen ez dela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Eltzaburuko Kontzejua da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2416745