255. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

486E/2024 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Iruñeko udal mugartean dagoen produktu kimikoak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Huntsman Advanced Materials (Spain) SL da.

Instalazio horrek, gaur egun funtzionatzen ari denak, ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 10eko 941/2011 Ebazpenaren bidez emana, ondoren Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 128E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena eta, azkenik, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 149E/2021 Ebazpenaren bidez eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 14ko 67E/2022 Ebazpenaren bidez aldatua.

2024ko abuztuaren 8an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortzen diren hondakinen zerrendan, beste hiru hondakin sartzeko, ekoizpen prozesuari, laborategiari eta zerbitzu orokorrei dagozkienak.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:

EUROPAKO HONDAKINEN ZERRENDAKO KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

06 01 01*

Azido sulfurikoa eta azido sulfurosoa

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea

16 02 15*

Baztertutako ekipoetatik kendutako osagai arriskutsuak

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea, eta 20 01 35* EHZ kodea duen hondakina kenduko da (baztertutako ekipo elektriko eta elektronikoak, 20 01 21 eta 20 01 23 kodeetan zehaztutakoez bestelakoak, osagai arriskutsuak dituztenak [9]), hobeki egokitzen zaiolako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiko hondakinen zerrendako kapituluari

16 05 07*

Baztertutako produktu kimiko inorganikoak, substantzia arriskutsuak direnak edo substantzia arriskutsuak dauzkatenak

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Bestalde, 200301 EHZ kodea duen hondakina kenduko da ingurumen baimen integratuaren III. eranskinetik (instalazioan sortzen diren hondakinen zerrenda), 20. kapituluko hondakina delako. Izan ere, 20. kapituluan etxeko hondakinak baino ez daude, horiek dagokion toki erakundearen bidez kudeatu behar dira (Iruñerriko Mankomunitatea, kasu honetan) eta, ondorioz, ez lirateke zerrenda honetan agertu beharko.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Iruñeko udal mugartean dagoen produktu kimikoak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Huntsman Advanced Materials (Spain) SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Huntsman Advanced Materials (Spain) SLri eta Iruñeko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 11n.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2416411