255. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

105/2024 FORU AGINDUA, azaroaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 20ko 36/2012 Foru Agindua. Foru agindu horrek makina edo tresna automatikoen bidezko jokoaren gaineko zerga tasaren aitorpen-likidazioari buruzko J-10 eredua onetsi zuen.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 40. artikuluak xedatzen duenez, zozketen, tonbolen, apustuen eta ausazko konbinazioen gaineko zerga tasa Foru Komunitateak ordainaraziko du horretarako baimena Nafarroan eman behar denean. Halaber, ezartzen du jokoaren gaineko zergen kasuan (horretarako baimena Nafarroan eman behar denean) Estatuak zergapeko egitateari eta subjektu pasiboari dagokienez unean-unean ezartzen duen araudi bera aplikatuko duela Nafarroako Foru Komunitateak.

Nafarroako Foru Komunitatean aitorpena eta diru-sarrera egin behar dituzten subjektu pasiboei zerga tasa hori ordainarazteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak J-10 eredua onetsi zuen otsailaren 20ko 36/2012 Foru Aginduaren bidez.

Hala ere, urte hauetan ikusi da handitu beharra dagoela subjektu pasiboak eredu horren bidez Nafarroako Foru Ogasunari eman behar dion informazioa.

Horregatik, foru agindu honek eredua aldatzen du, xehetasunak eskatu gogo baitira makina motari, gidari, jokalari kopuruari eta sarrera eta irteera metatuen kontagailuari buruz, operadore bakoitzaren titulartasuneko makina bakoitzaren likidazio-aldiaren azken egunari dagokionez. Informazio horri esker, Zerga Administrazioak hobetzen ahalko du bere ardurapean dituen laguntza, kudeaketa eta kontrol jarduketen eraginkortasuna.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitatean Jokoaren gaineko Tributuak arautzen dituen abenduaren 28ko 27/2016 Foru Legearen 13.1 artikuluan emandako gaikuntza erabiliz, honako hau,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak otsailaren 20an eman 36/2012 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, makina edo tresna automatikoen bidezko jokoaren gaineko zerga tasaren aitorpen-likidazioari buruzko J-10 eredua onetsi zen.

Honela idatzita geldituko dira otsailaren 20ko 36/2012 Foru Aginduaren agindu hauek:

Bat. 1. artikulua.

"Makina edo tresna automatikoen bidezko jokoaren gaineko zerga tasaren aitorpen-likidazioari buruzko J-10 eredua onesten da. Horren edukia I. eranskinean dago jasota".

Bi. 3. artikuluaren izenburua aldatzen da.

"3. artikulua. J-10 eredua aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea".

Hiru. 4. artikulua.

"4. artikulua. J-10 eredua aurkezteko modua.

J-10 eredua formatu elektronikoan soilik izanen da eskuragarria eta modu elektronikoan aurkeztu beharko da, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean".

Lau. 5. artikulua.

"5. artikulua. J-10 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute J-10 eredua modu elektronikoan, Internet bidez:

1. Zergapekoek edo, hala dagokionean, haien ordezkariek.

2. Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen foru agindua, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa)".

Bost. 6. artikulua, gehikuntza.

"6. artikulua. J-10 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko baldintza orokorrak.

J-10 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Eredua aurkezten duenak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) eduki beharko du.

b) Eredua elektronikoki aurkezteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dira, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait zerga aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak".

Sei. 7. artikulua, gehikuntza.

"7. artikulua. J-10 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

J-10 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, web formularioa erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. J-10 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Web formularioko beharrezko datu guztiak bete.

CSV formatuko fitxategi bat erantsiz betetzen ahalko da. Fitxategi horren edukia II. eranskinean ezarritako erregistro-diseinuetara egokitu beharko da.

3. Autolikidazioa bete ondoren, "tramitatu" aukera erabili.

Autolikidazioa zuzen egina bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da autolikidazioa aurkeztu.

Autolikidazioa zuzen egina denean, aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia jakinaraziko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko. Subjektu pasiboak onartutako aitorpen-likidazioa gorde beharko du".

Zazpi. 8. artikulua, gehikuntza.

"8. artikulua. J-10 ereduaren diru-sarrera egiteko prozedura.

Autolikidazioa aurkeztean, haren ondoriozko zerga-zorra ordaindu beharko da.

Eredua aurkezteko web zerbitzuak aukera emanen du autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorra ordaintzeko, eta horretarako ordaintzeko aukera hauek emanen ditu:

a) Ordainketa telematikoaren bidez, web formularioa bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketa jarraibideak betez.

Diru-sarrera egin ondoren, sistemak aukera emanen du ordainagiria inprimatzeko, eta bertan ordainketa data agertuko da.

b) Banku-helbideratzearen bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Aginduari jarraikiz, haren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

C) Ordainketa-gutun bat lortuz (721 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen edozein gordailu-erakundetan ordaintzeko".

Azken xedapenetako lehena.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Agindua, zeinaren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

J-10 eredua ("Makina edo tresna automatikoen bidezko jokoaren gaineko zerga tasaren aitorpen-likidazioa") gehitzen zaio ordainketak bankuan helbideratzea onartzen duten ereduen zerrendari (apirilaren 15eko 51/2024 Foru Aginduaren eranskinean dago jasota).

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu beharreko aitorpenei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2024ko azaroaren 15ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

I. ERANSKINA.–AUTOLIKIDAZIO EREDUA

J-10 eredua

Makina edo tresna automatikoen bidezko jokoaren gaineko zerga tasa

Aitorpenaren edukia.

Identifikazio datuak:

Subjektu pasiboaren IFZa, deiturak eta izena edo sozietatearen izena jarri behar dira.

Aldia:

–Urtea: aitorpena zein urteri dagokion, haren lau zifrak idatzi behar dira.

–Epea: kasuan kasuko likidazio-aldiaren arabera, aitorpena zein hiruhilekori dagokion idatzi behar da.

Harremanetarako datuak:

Harremanetarako posta elektronikoa eta telefonoa eremuak nahitaez bete beharko dira.

Likidazioa.

Zergaren likidazioa eginen da makina bakoitzaren datuak banaka sartuz.

Laukitxo hauek beteko dira:

200 laukitxoa: makina baimentzeko zk./gida.

201 laukitxoa: makina mota.

221 laukitxoa: jokalari kopurua.

231 laukitxoa: sarrera kontagailua.

251 laukitxoa: irteera kontagailua.

261 laukitxoa: kuota makina bakoitzeko.

II. ERANSKINA.–ERREGISTRO-DISEINUAK

J10 ereduaren bidez transmititu beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek zehaztapen hauek bete beharko dituzte:

–Inportatu beharreko fitxategia testu formatukoa izanen da, eta, eremuak, (;) karakterearekin bereiziak. Kalkulu-orriaren formatu estandarrarekin (CSV) inportatzen ahalko da.

–Fitxategiak ez du goibururik edo eremuen deskribapenik izan behar.

–Inportatu daitezkeen gehieneko erregistro kopurua 500 da.

–Erregistroaren formatua:

EREMUA

LUZERA

MOTA

AZALPENA

1

50

A

Baimen zenbakia/gida

2

50

A

Makina mota

3

15

N

Jokalari kopurua

4

15.2

N

Sarrera kontagailua

5

15.2

N

Irteera kontagailua

Adibideak:

2024-12345;BGM;2;1000.00;1500.00

2024-54321;BS;1;5555.01;100000.01

–Eremuen deskribapena:

Baimen zk./gida.

Nahitaezko eremua.

Makina mota.

Nahitaezko eremua.

Jokalari kopurua.

Nahitaezko eremua.

0 baino handiagoa izan behar du.

Sarrera kontagailua.

Nahitaezko eremua.

Likidazio-aldiaren azken egunean dagoen sarrera metatuen kontagailua.

Irteera kontagailua.

Nahitaezko eremua.

Likidazio-aldiaren azken egunean dagoen irteera metatuen kontagailua.

Iragarkiaren kodea: F2416740