242. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

446E/2024 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Kasedako udal mugartean elikagaientzako bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa nabarmena, helburu duena scrubber motako gas-garbigailu bertikal berri baten proiektua gauzatzea (4. nabean). Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Viscofan España SLU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren 355E/2024 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2022ko abenduaren 27an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, scrubber motako gas-garbigailu bertikal berri bat paratzeko asmoa baitu (4. nabean).

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2023ko urtarrilaren 8an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

2023ko maiatzaren 5ean, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, egin asmo duen proiektua gauzatu ahal izateko. Haren helburua da scrubber motako gas-garbigailu bertikal berri bat paratzea, 4. nabeko F-40 eta F-41 lineetan (zelulosazko hestea) sortzen diren isuriak tratatzeko.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzen da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta izan beharrekoa; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean ezarrita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Hasierako ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon zen 15 egunez. Aurkeztutako alegazioen ondorioz, bigarren ebazpen proposamena prestatu zen, eta berriro ere titularrari entzuteko tramitean egon zen 15 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea Kasedako udal mugartean elikagaientzako bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa nabarmena egiteko, helburu duena scrubber motako gas-garbigailu bertikal berri baten proiektua gauzatzea (4. nabean). Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Viscofan España SLU da.

Bigarrena.–Atmosferara isurketak egiteko baimena eguneratzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isurketa egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurketetan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.

Hirugarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Viscofan España SLUra eta Kasedako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urriaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2415761