242. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

334E/2024 FORU AGINDUA, urriaren 30ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Osasun Sistema Publikoa Humanizatzeko Estrategia, eta ezartzen baitira hura sustatzeko antolaketa eta kudeaketa egiturak.

Nafarroako Gobernuak 2017an diseinatu eta aurkeztu zuen Nafarroako Osasun Sistema Publikoa Humanizatzeko Estrategia, helburu izanik arreta eredu berri bat sortzea, zehazki, pazientea ardatz izanen duena, ez haren gaixotasuna edo prozesu medikoa.

Estrategiak Nafarroako osasun sistema osorako lan esparru bat ezartzen du: pazienteak eta herritarrak izanen dira osasun sistemaren ardatz, pertsona guztien eskubideak babesteko. Horrek ekarriko du profesionalak motibaturik sentitzea, pazienteek hurbilago sentituko baitute haien jarduna. Horrez gain, Estrategiaren bidez profesionalen eta gizartearen arteko kolaborazio kultura sustatu nahi da, sistema hurbilago, jasangarriago eta humanoagoa lortzearren.

Azken urteetan, pazienteen autonomiaren kontzientzia eta eskainitako zerbitzuak haien beharren arabera zentratzea hazkunde progresiboan joan diren balioak izan dira. Horrek blaitu egin ditu kontzientzia profesionala eta kudeaketa egiturak. Orientazio hau gauzatzeko lehen urratsa ondokoa da: barneratu behar da atentzioa behar duen pertsona bakoitza une zaurgarri batean dagoela, bere oreka pertsonalari, emozionalari edo fisikoari objektiboki eta/edo subjektiboki eragin diezaioketen arazoekin eta, ingurune ezezagun batean daudela, nabarmenki estresagarriak izan daitezkeen pertsona, teknologia edo egoerez inguratuta. Une horretan, hainbatetan, jasaten ari den prozesu medikoaren ondorioek eragindako zaurgarritasun gehigarri bat izaten da.

Era berean, aintzat hartu behar da pertsona hauek aitortua dutela bizi duten prozesuarendako lagungarria izanen den erantzun duina, kalitatezkoa eta beren egoerara egokitua jasotzeko eskubidea. Horrela, osasun sistemaren xedea definizioz erabiltzaileen osasun premiak ebaztea denez, osasun sisteman modu iraunkor batean sartu behar den ikuspegia da zerbitzuak herritarrengana bideratu behar direla, erabiltzaileek atentzioari dagokionez funtsezko une jakinetan dituzten sentimenduak, balioak, sinesmenak, intimitatea eta autonomia errespetatuz.

Pandemian izandako esperientziaren ondorioz, humanizazioaren kultura hedatu da profesionalen zein herritarren artean. Halaber, zaurgarritasunari buruzko kontzientzia handiagoa dago, baita tratu goxo bat ematearen garrantziari eta beharrari buruzkoa ere; izan ere, ezinbestekoa da gaixotasunak ikuspegi tekniko-zientifikoaz gain goxotasunez tratatzea. Pertsonen arretari ikuspegi horretatik heltzeak inplizituki dakar humanizazioa osasun politiken kudeaketa ereduan sartzea, eta lehen urratsa da arreta humanizatzea dakarten ekintzak kultura jakin baten parte izan daitezen, iraunkorra, neurrikoa eta herritarrei kontuak emateko parametroekin.

Osasun kontseilariaren maiatzaren 25eko 205E/2018 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako osasun sistema publikoa Humanizatzeko Estrategiaren Aholku Batzorde Teknikoa sortu zen, estrategia horrekin lotutako ekintzak diseinatzean aholkularitza teknikoa emateko organoa. Halaber, haren osaera eta eginkizunak ezarri zituen.

Aholku Batzorde Teknikoaren osaera aldatu izan da Osasun Kontseilariaren uztailaren 5eko 276E/2022 Foru Aginduaren eta martxoaren 1eko 59E/2024 Foru Aginduaren bidez.

2017an onetsitako Estrategia ebaluatu ondoren, Estrategia berri bat sortu zen; arretaren ardatza pazientea izanen zen, eta, hori lortzeko, herritar zein profesionalek ezarritako lau ildo sortu ziren: Irisgarritasuna; tratu goxoa eta pazientearen autonomia; profesionalen zainketa eta ongizatea, eta parte hartzea.

Estrategiari buruz parte-hartze prozesu bat egin zen, Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atariak norbanakoen proposamenetarako duen gune baten bidez. Halaber, Humanizatzeko Estrategian Aholku Batzorde Teknikoarekin foku talde bat egin zen.

Jendaurreko epea 2024ko irailaren 9tik urriaren 9ra bitartekoa izan zen. Horrek iraun bitartean, herritarrek eta osasungintzako profesionalek zenbait ekarpen egin zituzten, eta egoki jo direnak barne hartu dira Estrategian.

Prozesu horretan, halaber, ondorioztatu zen humanizazioa erakundeek kudeatu behar dutela eta ez dela profesionalen boluntarismoaren mende egon behar. Hala, zuzendariek, kudeatzaileek eta kontseilariek inplikatu beharko dute, baliabideak eta aurrekontu zehatzak eskaini beharko dituzte eta prozesua ezartzen, garatzen, ebaluatzen eta kontuak ematen direla bermatzeko arauak sortu beharko dituzte.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da Nafarroako osasun sistema publikoa Humanizatzeko Estrategia onestea, eta hura garatzeko beharrezkoak diren egiturak eta laguntza baliabideak ezartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19. artikuluko 3. apartatuak xedatzen duenez, lan-batzorde edo lantaldetzat joko dira erabakiak hartu edo proposamenak egiteko eskumenak, administrazio-erabakiak hartzeko oinarri diren aginduzko txostenak egiteko eskumenak eta beste organo batzuen jardueren segimendu edo kontrola egiteko eskumenak ez dituzten kide anitzeko organoak, eta horiek sortu, aldatu edo kentzea Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez eginen da, edo arloaren arabera eskumena duen departamentuaren titularrak emandako foru agindu bidez. Kasu horietan, erabaki horiek ez dute zuzeneko ondoriorik sortuko hirugarrenen aurrean.

Aipatu artikuluko 1. apartatuan adierazten denez, kide anitzeko organo bat eratzeko, aldez aurretik honako alderdi hauek zehaztu beharko dira: haren xede eta helburuak; haren ebazte-gaitasuna; esleitzen zaizkion eginkizunak; nola integratzen den egitura organikoan eta, hala bada, haren mendekotasun hierarkikoa; haren osaera, eta haren kideak hautatzeko irizpideak, eta kasuaren arabera bere funtzionamendurako beharrezkoak dituen aurrekontu-kredituen zuzkidura.

Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuaren txostenean proposatzen da egiturak eta laguntza baliabideak berrantolatzea. Hala, laguntza baliabideen artean, besteak beste, Aholku Batzorde Teknikoa egonen da: Osasun Departamentuan Humanizazio arloko aholku teknikoa emanen duen organoa izanen da eta haren titularrari egonen da atxikita. Zehazki, honako arlo hauek ezarri ziren: Oinarrizko Osasun Laguntza, Osasun Mentala, Tuterako Barrutia, Lizarrako Barrutia, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Laneko Osasunaren institutua. Horietako bakoitzean, kudeatzailetzari atxikitako Humanizatzeko Batzorde bat egonen da.

Horregatik guztiagatik, Osasuneko Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuari eta haren presidenteari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19.3 artikuluan emandako eskumenak baliatuz, honako hau,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Osasun Sistema Publikoa Humanizatzeko Estrategia. I. eranskinean dago jasota.

2. Onestea Humanizatzeko Estrategiaren laguntza eta koordinazio egitura. Honako hau izanen da:

2.1. Aholku Batzorde Teknikoa. Honako kide hauek izanen ditu:

–Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria; Batzordearen burua izanen da, eta Aholku Batzordearen koordinatzailea ere bai.

–Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko burua.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzako titularra, edo hark eskuordetzen duena.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Herritarren eta Erien Arretarako Zerbitzuko titularra; idazkaria izanen da.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zainketak Kudeatzeko Talde Bateratuko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–O-NOZeko Profesionalen Zuzendaritzako titularra, edo hark eskuordetzen duena.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zenbait arlotako kudeatzaileak, horien artean, Oinarrizko Osasun Laguntzakoa, Osasun Mentalekoa, Tuterako Barrutikoa, Lizarrako Barrutikoa, Nafarroako Ospitale Unibertsitariokoa eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutukoa.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko eta Oinarrizko Osasun Laguntzako arloetan, profesionalen kopurua dela-eta, kudeatzaileak bigarren kide bat izendatzen ahalko du.

Aholku Batzorde Teknikoak honako funtzio hauek izanen ditu:

a) Definitzea Nafarroako Osasun Sistema Publikoa Humanizatzeko Estrategiaren esparruan gauzatu beharreko urteko plan operatiboak.

b) Humanizatzeko Batzordeei laguntzea haien plan operatiboak prestatzen.

c) Eginiko ekintzei buruzko urteko memoria idatzi eta argitaratzea.

d) Humanizatzeko Batzordeak koordinatzea, horiek Humanizazioaren Estrategia aktibatzearekin lotutako Nafarroako osasun sistemaren jarduketa arloen arabera banatuta baitaude.

e) Osasun sistema publikoko profesionalen trebakuntza bultzatzea, eta, horretarako, prestakuntza plan bat proposatzea.

f) Sustatzea Humanizazioko Jardunbide Egokien biurteko jardunaldia.

g) Ikerketaren arloan edo informazio sistemetan dauden beharrak identifikatzea eta helaraztea, Estrategia hobeki garatu ahal izateko eta behar horiei erantzun ahal izateko.

h) Sustatzea Estrategiaren xedeen garapenean ekarpenak eginen dituzten beste departamentu, zentro, zerbitzu edo erakundeen parte hartzea.

Aholku Batzorde Teknikoak elkarteei zein paziente adituei kontsultatu beharko dizkie batzuei zein besteei eragiten dieten laguntza prozesuei buruz landutako edukiak.

Halaber, funtzioak gauzatzean, egoki jotzen duen aholkulari espezialisten laguntza jasotzen ahalko du.

2.2. 2.1 apartatuan deskribatutako arloen araberako Humanizatzeko Batzordeak.

Batzorde bakoitzaren burua dagokion arloko kudeatzailea izanen da. Batzorde bakoitzean, gainera, laguntza arloko profesionalak egonen dira, diziplinartekotasuna bermatzeko honako profil hauei dagokienez, existitzen badira eta arlo bakoitzaren ezaugarriei jarraikiz. Gutxienez, honako hauek izanen dira:

–Zuzendari mediko edo asistentziala, edo hark eskuordetzen duena.

–Erizaintzako eta zainketetako zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

–Kudeaketa ekonomikoko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

–Profesionalen zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

–Pazienteen Arretarako Zerbitzuaren titularra.

–Gizarte Laneko Zerbitzuaren arduraduna.

–Kalitatearen arduraduna.

–Prestakuntzaren arduraduna.

–Arlo horretan egoten ahal den azpibatzorde bakoitzeko ordezkari bana.

–Pazienteen eta/edo herritarren elkarteen ordezkari bat.

Humanizatzeko Batzordearen funtzioak:

a) Batzorde bakoitzaren zentroen edo lan eremuen plan operatiboak diseinatzea eta proiektatzea, betiere indarrean dagoen Estrategiaren xedeak eta ekintzak oinarri hartuta.

b) Eginiko ekintzen urteko ebaluazio txostena egitea, eta identifikatzea bertan hobetu beharreko arloak zein helburuen betetze maila.

c) Batzordeetan bertan herritarren parte-hartzea sustatzea.

d) Aholku Batzorde Teknikoari jakinaraztea Estrategiaren ekintza esklusiboetara bideratutako osasun sistema publikoaren humanizazioa hobetzeko lan proposamenak edo hobetu beharreko arloak.

e) Komunikazio kanal bat sortzea batzorde bakoitzaren arloko profesionalekin, hartara, parte-hartzearen esparruan, hobekuntza proposamenak eta eginiko ekintzen ebaluazioak jasotzeko.

f) Lantokian eginiko ekintzak zabaltzea.

g) Funtzionamendu arauak eta bileren periodikotasuna ezartzea, eta ildo estrategikoei lotutako lantaldeak sortzea.

3. Honako hauek izanen dira Aholku Batzorde Teknikoko kide:

–Genoveva Ochando Ortiz andrea, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria. Batzordeko burua izanen da, eta Aholku Batzordearen koordinatzailea ere bai.

–Concepción Moreno Sousa andrea, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko burua.

–Nancy Nelly Gonzalo Herrera andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendaria.

–Asunción Rey Escalera andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Herritarren eta Erien Arretarako Zerbitzuko burua; idazkaria izanen da.

–Marta Ancín Pagoto andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zainketak Kudeatzeko Talde Bateratuko burua.

–Ignacio Iriarte Aristu jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendaria.

–Susana Miranda Alcoz andrea, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailea.

–Sara Chivite Lasheras andrea, Osasun Mentaleko kudeatzailea.

–Ana Campillo Arregui andrea, Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzailea.

–María del Mar Paternain Osés andrea, Lizarrako Barrutiko kudeatzailea.

–Estrella Petrina Jáuregui andrea andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kudeatzailea.

–Mª Ángeles Nuin Villanueva andrea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzailea.

–Milagros Larrayoz Dutrey andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kudeatzaileak izendatutako kidea.

4. Sortutako Aholku Batzorde Teknikoa eta Humanizatzeko Batzordeak arautuko dira foru agindu honen arabera, batzordearen barne funtzionamenduaren arauen arabera eta, osagarri gisa,Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen kide anitzeko organoen jarraibideen arabera.

5. Aholku Batzorde Teknikoak eta Humanizatzeko Batzordeek urteko memoria bat argitaratu beharko dute, bertan jasota daudela ekitaldian zehar eginiko ekintzak eta hurrengo urterako plangintza.

6. Indarrik gabe uzten da Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 25eko 205E/2018 Foru Agindua, Nafarroako osasun sistema publikoa Humanizatzeko Estrategiaren Aholku Batzorde Teknikoa sortzen duena.

7. Foru agindu hau Osasun Departamentuko Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzura igortzea, interesdunei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urriaren 30ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

I. eranskina.–Nafarroako Osasun Sistema Publikoa Humanizatzeko Estrategia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2415935