242. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Dirulaguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena

Arangurengo Udalak, 2024ko abuztuaren 27an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Arangurengo Udalaren dirulaguntzen ordenantza orokorra.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2024ko 184. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 10ean, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta jarraian ematen da haren testua.

Mutiloan, 2024ko urriaren 23an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

DIRULAGUNTZEN ORDENANTZA OROKORRA

ZIOEN AZALPENA

Arangurengo Udalak, aplikatuz indarreko legedian ezarritako sustapenerako teknika, lan handia egiten du, dirulaguntzak emanez proiektuak edo jarduerak aurrera eramaten dituzten pertsona juridiko edo fisikoei, edo nortasunik gabeko entitateei, baldin hainbat gizarte- eta ekonomia-eskaerari erantzuten badiete, interes orokorrekotzat jotzen diren eremuetan.

Horrela, dirulaguntzak sustapen-teknika gisa taxutzen dira, baita Udalaren eta eragile partikularren arteko lankidetza-prozedura gisa ere, interes orokorrekotzat jotzen diren jarduerak kudeatzeko hainbat eremutan, hala nola gizarte-ekintza, etxebizitza, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola, ingurumena, aisia eta denbora librea.

Jarduera hori eremu horretan arautzeko, beharrezkoa da onestea esparru juridiko hau, zeina egokitzen baitzaio uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra) eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuari (horren bidez onetsi zen Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra). Halaber, esparru juridiko honen bidez, dirulaguntzen ematea eta sustapena egokitzen dira oinarrizko printzipio hauetara: berdintasuna, publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia.

Aipatu printzipioekin batera, plangintza bat ere ezartzen da, Udalak onetsi beharrekoa: dirulaguntzei buruzko plan estrategiko bat prestatzea, hala helburuak eta lortu nahi diren ondorioak nola aurreikusten diren kostuak eta finantzabideak zedarritzeko. Plan horrek posible eginen du, dirulaguntzak ezartzeko proposamena egin duten organoendako, gero kontrolatzea eta ebaluatzea planaren aplikazioaren ondorioz lorturiko emaitzak.

Jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 9.2 artikuluari, dirulaguntzak eman aurretik, arau batzuk onetsi beharko dira, ezar daitezen laguntzak emateko oinarri arautzaileak, aipatutako legean ezarritako baldintzetan. Halaber, Lege horren beraren 17.2 artikuluaren arabera, aurrekontua exekutatxeko oinarrien barnean onetsi behar dira dirulaguntzak arautzeko oinarri horiek, dirulaguntzen gaineko ordenantza orokor baten bitartez, edo, bestela, berariazko ordenantza bat eginez, dirulaguntzen modalitate bakoitzerako.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa bete dadin, Dirulaguntzen ordenantza orokor hau onesten da, izan dadin Arangurengo Udalak eman beharreko dirulaguntzen oinarrien esparru juridiko arautzailea, dirulaguntza batzuek ez dutenean berariazko ordenantzarik, eta, betiere, azken horien osagarri izan dadin.

LEHEN TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremu orokorra.

1. Ordenantza orokor honen xedea da oinarri arauemaile batzuk ezartzea, Arangurengo Udalak dirulaguntzak emateko prozedurarako. Nolanahi ere, ordenantza berariazkoak ere onetsi daitezke, oinarriak ezar daitezen dirulaguntzen modalitate batzuetarako, babes harturik Dirulaguntzen Lege Orokorraren 17.2 artikulua. Kasu horretan, ordenantza orokor hau osagarria izanen da.

Horrela, gaur egun dirulaguntza espezifikoen ordenantza duten arloei dagozkien dirulaguntzak arautuko dira dirulaguntzetarako ordenantza espezifikoaren xedapenen arabera, ordenantza espezifiko horiek izan ditzaketen igorpenak alde batera utzita.

2. Ordenantza orokor honen babesean norgehiagokako araubidearen arabera ematen diren dirulaguntzak xede hauetakoren batekin lotuta egon beharko dira, eta xede horiek berariaz garatzen ahalko dira edo zehatzago definitzen ahalko dira dagozkien deialdien bidez:

a) Arlo sozialean:

–Garraiobide egokitua ematea mugikortasun desgaitasuna duten pertsonei.

–Laguntza ekonomikoak ematea larrialdi sozialeko egoeran dauden familiei, erantzuna emateko bizirauteko oinarrizko beharrei.

–Laguntza ematea beharra duten familiei, ohiko etxebizitza mantentzeko.

–Laguntza ekonomikoak ematea herriko ikastetxeetan eskolatutako adingabeei, hezkuntzarako eta eskolako jantokirako, baldin haien familiek diru premia larria badute.

–Laguntza ekonomikoak ematea osasunarekin zerikusia duten gaietarako, horrela errazteko gizarte bazterketarako arriskua dutenak integratzeko eta normalizatzeko, betiere horren kostua ez badute beren gain hartu Nafarroako Gobernuak edo beste instituzio batzuek.

–Familiei edo pertsonei sostengua ematea, baldin familiako kideren bat badute tratamendu terapeutikoan, errehabilitazio zentro batean, eta baliabiderik ez badute egonaldiaren kostuari aurre egiteko.

–Laguntzak ematea gizarte ekintzaren alorreko elkarteei, taldeei edo kolektiboei, haien lana Nafarroan egiten badute.

–Gizarte ekintzako proiektuak garatzea, behar berezia duten kolektiboentzat.

–Familientzako laguntzak ematea, adingabeak beren kargu badituzte.

–Lankidetza proiektuak egitea garapen bidean dauden herrialdeekin.

–Prestakuntzarako laguntza ekonomikoak, gizarteratzeko eta laneratzeko programan parte hartzen dutenentzat.

–Lana eta gizarte kontuak bateragarri egiteko laguntzak ematea familiei edo banakoei.

–Prebentzio eta sustapenerako proiektuak garatzea, aisiaren eta denbora librearen esparruan.

–Larrialdi humanitarioko jarduketak egitea.

–Laguntza ematea udalerriko erretiratuen elkarteari, jarduerak egin ditzaten hirugarren adinekoentzat, pentsiodunentzat eta erretirodunentzat.

–Berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren arloetako proiektuak aurrera eramatea.

–Eta, oro har, beste edozein jarduera, baldin eta bideratuta badago prebentziora, esku hartzera, asistentziara, errehabilitaziora, gizarteratzera edo gizarte ongizatearen sustapenera, familientzat, haurrentzat, nerabeentzat, adinekoentzat, emakumeentzat, desgaitasuna dutenentzat, migratzaileentzat, etnientzat eta gizartetik baztertzeko arriskuan dauden beste talde batzuentzat. Halaber, beste edozein jarduera, baldin eta bideratuta badago sustatzera elkarteen mugimendua eta gizarte boluntariotza, eta gabezia egoera larriei eta larrialdi sozialei erantzutera.

b) Enplegu arloan:

–Lanik gabe dauden pertsonen kontratazioa sustatzea, Arangurenen erroldatuta badaude.

–Autoenplegua laguntzea eta sustatzea, Arangurenen enpresak sortzea.

–Kontzeptu horiei lotutako dirulaguntzak garatzen dituzten deialdietan, ekintza positiboak jaso beharko dira, emakumeen enplegagarritasuna berariaz bultzatuko dutenak, bai beren kontura bai besteren kontura.

c) Merkataritza arloan:

–Txikizkako merkataritza sustatzea Arangurenen.

d) Hezkuntza eta gazteriaren arloan:

–Eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak sustatzea, bultzatzea eta laguntzea, hezkuntza-garapena laguntzeko eta ikasleen eta haien gurasoen parte hartzea sustatzeko, Arangurengo ikastetxeetako ikasleen guraso elkarteek antolatuak direnean.

–Gazteendako jarduerak egitea, irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatuak.

–Animazio soziokulturaleko jarduerak, gazteendako programak, lehiaketak, erakusketak, gazte kultura eta sorkuntzarekin zerikusirik duten bestelako jarduerak, argibideak eta aholkuak emateko programak, aisia eta astialdiko programak, prestakuntzako eta hezkuntzako jarduerak, eta gazteen parte-hartzea zein asoziazionismoa bultzatzen dituzten jarduerak oro.

e) Hirigintzaren arloan:

–Laguntza ematea Arangurengo eraikinak zaharberritzeko, eta horietan dauden oztopo arkitektonikoak kentzeko.

f) Kultura arloan:

–Kultur elkarte eta taldeek kultura jarduerak gauzatzea eta programatzea.

–Musika emanaldiak.

–Sariak, besteak beste: jaietako kartela.

–Kultura sustatzea eta hedatzea, haren alderdi guztietan.

–Kolektibo profesionalen kultura-jarduna sustatzea.

–Sustatzea sorkuntza eta arte plastikoak, eszenikoak eta musikalak.

–Herriko jaiak girotzea eta haiek antolatzen parte hartzea.

–Eta, oro har, sustatzea arteekin, zientziekin eta letrekin zerikusia duen kultura jarduera oro, bai eta ibarreko berezko jarduera soziokulturalak ere.

g) Kirol arloan:

–Federazio-liga ofizialetan parte hartzen duten kirol taldeendako laguntzak.

–Kirol amateurrarendako laguntzak (kirol taldeak, klubak eta abar).

–Arangurengo kirol instalazioetan abonua duten haur, gazte eta helduei kirol jardueretako partaidetza eta kirol bakoitzarekiko fidelizazioa erraztea.

–Arangurenen kirol ekitaldi eta ikuskizunen antolaketa bultzatzea eta erraztea.

h) Ingurumenaren arloan:

–Hiri eta natura ingurumena babesteko jarduerak, eta babes hori bereziki lortzeko egiten diren jarduerak oro sustatzea, besteak beste, prestakuntzakoak, argibideak ematekoak, herritarrek parte hartzekoak eta ingurumenari buruzko sentsibilizazioaren gainekoak.

–Sustatzea energia aurreztea, energia berriztagarriak eta autokontsumoa.

i) Euskararen arloan:

–Kultur elkarteek, ikastetxeek edo guraso-elkarteek euskarazko jarduerak egitea eta programatzea, edo euskara sustatzekoak.

–Arangurenen euskararen erabilera sustatzea.

–Sustatzea aisialdiko jarduerak euskaraz egitea.

–Euskara ikastea sustatzea.

–Euskarazko kultura jarduna sustatzea.

j) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan:

–Elkarteek, ikastetxeak edo guraso-elkarteak jarduerak egitea eta programatzea berdintasuna sustatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko.

–Hizkuntzaren erabilera ez-sexista sustatzea.

–Proiektuetan genero ikuspegia txertatzea.

–Arangurengo herritarren artean berdintasun balioak sustatzea eta zabaltzea.

k) Beste batzuk:

–Udalaren jardunaren osagarri den eta artikulu honetan deskribatu ez den beste edozein jarduera, betiere diruz laguntzeko modukoa bada.

Egoki den deialdian edo hitzarmenean zehaztuko da dirulaguntza bakoitzaren xede zehatza, lehen aipatutako xede guztien artetik.

2. artikulua. Dirulaguntza kontzeptua eta aplikazio eremua.

1. Dirulaguntzatzat hartzen da Arangurengo Udalak egindako diru-xedapen oro, pertsona publiko nahiz pribatuen alde egina, betiere ondoko beharkizunak betez gero:

a) Dirua ematea onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat betetzea, proiektu bat gauzatzea, jarduera bat egitea nahiz jokabide berezi bat hartzea (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo egoera bat gertatzea; betiere, onuradunak bete beharko ditu ezarritako betebehar material eta formalak.

c) Finantzatzen den proiektuak, ekintzak, jokabideak edo egoerak xedetzat izan dezan onura publikoko edo interes sozialeko jarduera bat sustatzea, edo helburu publiko bat bultzatzea.

2. Ordenantza orokor honen aplikazio eremutik kanpo daude honako kasu hauek:

a) Udal honek diru ekarpenak egitea beste administrazio publiko batzuen alde, helburua izanik erakunde horietako bakoitzaren jarduera osorik finantzatzea, bere eskumenen eremuan. Halakoetan, aplikatuko da dagokion araudian berariaz xedatutakoa.

b) Udalak kuota gisa egiten dituen diru ekarpen arruntak eta bereziak, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatutako elkarteen alde (7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena).

c) Ematen diren sariak, onuradunek aurretik eskatu gabeak.

d) Udalbatzako talde politikoei esleitutako zuzkidura ekonomikoak, jarraikiz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeari.

e) Onura fiskalak.

3. Ordenantza orokor hau izanen da berariazko araudiaren osagarri, honako kasu hauetan:

a) Europako funtsekin edo beste administrazio publiko batzuen funtsekin emandako edo finantzatutako dirulaguntzak. Halako dirulaguntzak arautuko dira, lehenik, dirulaguntza erabat edo partez finantzatzen duen administrazioak ezarritako araudien bidez edo baldintzen bidez. Araudi horrek dirulaguntza emateko modua arautzen ez badu, ordenantza orokorra aplikatuko da.

b) Lege-arau baten bidez ezarritako dirulaguntzak.

4. Gauzazko laguntzen araubide juridiko berezia.

Doan ematen diren ondasun eta eskubideak arautuko dira jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari; zehazki, jarraikiz IV. tituluaren I. kapituluari eta hura garatzen duten xedapenei (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa). Aurrekoa gorabehera, emandako ondasun, eskubide edo zerbitzuei ordenantza hau aplikatuko zaie, baldin eta Arangurengo Udalak haiek eskuratzen baditu hirugarren bati emateko soilik.

3. artikulua. Dirulaguntzei buruzko plan estrategikoa.

1. Aranguren Udalaren osoko bilkurak onetsi beharko du Dirulaguntzen plan estrategiko bat, edo indarrean dagoena aldatu.

2. Plangintza izaera duen dokumentu hau urte anitzekoa izanen da, hiru urteko indarraldia izanen du eta onetsi beharko da aplikatzen den lehen urtea hasi baino lehen.

3. Dirulaguntzei buruzko plan estrategikoak eduki hau izanen du:

a) Berau aplikatuz lortu nahi diren helburuak eta efektuak.

b) Horiek lortzeko behar den epea.

c) Aurreikusitako kostuak eta finantzaketa iturriak, betiere baldintza izanik bete behar izatea aurrekontuen egonkortasunerako helburuak.

d) Jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egiteko araubidea. Bertan, adierazle batzuk zehaztu behar dira, loturik egonen direnak dirulaguntza lerro bakoitzean ezarritako helburuekin.

e) Aurreko plan estrategikoen ebaluazioaren emaitzak.

4. Dirulaguntzen plan estrategikoaren eremuak Arangurengo Udalak ezartzen duen dirulaguntza oro bilduko du; salbu, behar bezala egiaztatutako arrazoiak tarteko, ikusten bada komenigarria dela plan estrategiko batean baino gehiagotan banakatzea.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Printzipio hauei jarraikiz kudeatuko dira dirulaguntzak:

a) Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

b) Eraginkortasuna, betetzeko administrazio emaileak finkatutako helburuak.

c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitzean eta erabiltzean.

d) Kongruentzia bitartekoen eta laguntzak ematea justifikatzen duten helburuen artean.

2. Ordenantza orokor honetan araututako dirulaguntzak dira borondatezkoak eta behin-behinekoak, eta askatasunez errebokatzen eta murrizten ahal dira edonoiz, eta ezin dira aurrekari gisa alegatu.

3. Erabakitzen bada dirulaguntzak besterik gabe ematea, erabakia deuseza izanen da.

5. artikulua. Dirulaguntzak emateko baldintzak.

1. Dirulaguntza bat emateko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Dirulaguntza ematen duen administrazio organoa eskuduna izatea.

b) Kreditu egokia eta nahikoa egotea, dirulaguntza emateak berekin dakartzan betebehar ekonomikoei aurre egiteko.

c) Emateko prozedura izapidetzea aplikatu beharreko arauen arabera.

d) Eduki ekonomikoa duten administrazio egintzak aurretik fiskalizatzea, jarraikiz legeei eta ordenantza orokor honi.

e) Horretarako eskumena duen organoak gastua onestea.

2. Aurrekoez gain, nahitaezko baldintza izanen da Arangurengo udal-mugartean kokatzea, oro har, dirulaguntzaren xedea, helburua, proiektuaren exekuzioa, jarduera edo jokabide berezia (jada gauzatuak nahiz oraindik gauzatu gabeak), edo lortu nahi den egoera.

Salbuespen gisa, dirulaguntzaren xede den inguruabarra Arangurengo esparruaz gaindikoa bada, Udalaren interesen aldekoa izan beharko du zuzenean edo zeharka, halako moduz non baldintza horrek aski justifikaturik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bidez, dirulaguntza eman baino lehen.

Baldintza horretatik salbuesten dira garapen bidean dauden herrialdeendako laguntzen aurrekontu programan aurreikusitako garapen proiektuetarako dirulaguntzak.

3. Ezin izanen dira dirulaguntzen xede izan herritar orori irekiak ez diren jarduerak, hala horiek prestatzean nola gauzatzean.

4. Orobat, ezin izanen dira jarduerak diruz lagundu baldin barne hartzen badituzte ekintza politikoak edo erreibindikaziozkoak –jatorrian edo gero–, ezta halako ekintzak egiteko nolanahi erabiltzen direnak ere, tolerantzia hutsez bada ere. Era berean, ez dira diruz lagungarriak izanen herritarren askatasunaren kontrako jarduerak, Konstituzioa urratzen dutenak edo legeak betetzen ez dituztenak. Halako jarduerak gertatzen badira behin dirulaguntza ematea ebatzirik dagoenean, behar diren itzulketa eta zehapen espedienteak irekiko dira, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

6. artikulua. Dirulaguntzak emateko eskumena duten organoak.

1. Alkatetzak izanen du eskumena dirulaguntzak emateko (berariazko ordenantzetan besterik ezarri ezean), galarazi gabe egungo edo etorkizuneko eskuordetzeak. Kasu horietan, eskuordetze horietan erabakitzen diren organoek izanen dute eskumena, eskuordetze horietan zehazten den hartaraino.

7. artikulua. Onuradunak. Baldintzak eta betebeharrak.

1. Dirulaguntza ematea zer jardueratan oinarritu den, jarduera horixe gauzatuko duten pertsona edo entitatea joko da dirulaguntzen onuraduntzat, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran daudenak.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta deialdian berariaz hala jasoz gero, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik, konpromisoa hartzen dutenak haren izenean eta haren kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko, osorik edo zati batean.

3. Orobat, deialdian espresuki jasotzen denean, onuradun bihurtzen ahal dira pertsona fisiko edo juridikoen batasunak (publiko nahiz pribatuak), ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo bereizitako ondare, baldin eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, gauzatzen ahal badituzte dirulaguntza emateko oinarri diren proiektuak, jarduerak edo jokabideak, edo dirulaguntza emateko oinarri den egoeran badaude. Halakoetan, pertsona bat izendatu beharko da batasunaren ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, entitate onuradun gisa batasunari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe.

4. Dirulaguntzen deialdiek zehaztuko dituzte eskatzaileek prozeduran parte hartzeko bete behar dituzten berariazko baldintzak, beren xede zehatzaren arabera.

5. Betiere, entitate bat ezin izanen da onuradun izan, baldin badago Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako egoeraren batean.

6. Oro har, ez zaie dirulaguntzarik emanen Arangurengo Udalarekin zorrak izan eta premiamendu bidez kobratzeko prozeduran dauden partikular edo entitateei ere, ezta toki-erakundearekin zerga arloko eginbeharrak bete gabe dituztenei ere, harik eta zor horiek ordaindu arte edo zerga arloko eginbeharrak betetzen diren arte. Ofizioz egiaztatuko dira inguruabar horiek.

Hala ere, dirulaguntzaren izaera nolakoa den, aldez aurretik Arangurengo Udalak ofizioz kitatzen ahalko ditu dirulaguntzen onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, zenbateko horiek osorik edo parte batean konpentsatuta dirulaguntzen bidez; edo baldintza hori bete gabe uzten ahalko du, gizarte-larrialdietako egoera berezietan. Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, aukera horrek jasota egon beharko du kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ordenantza honen 25. artikuluan aipatutako ebazpenean, eta espedientean justifikatu beharko dira, halaber, neurri horren salbuespen egoera frogatzen duten arrazoiak, txosten tekniko baten bidez.

7. Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak ziurtagiriak ordeztuko ditu, baldin eta onuradun bakoitzari deialdian eman beharreko zenbatekoa 3.000,00 eurotik gorakoa ez bada.

8. Hori hala izanik ere, eta zerga betebeharretan edo Gizarte Segurantzaren betebeharretan egunean egoteko betebeharrari dagokionez eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketan egunean egoteko betebeharrari dagokionez, egoera frogatu behar da jarraikiz Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduari eta ordenantza orokorraren 7. eta 8. artikuluetan ezarritakoari, Arangurengo Udalarenganako betebeharrak direnean.

Dirulaguntza-eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan ezarritako inguruabarren egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu frogagiri horiek aurkeztu beharko. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz ukatzen ahal du baimena. Orduan, aurreko puntuetan ezarritako baldintzetan aurkeztu beharko du frogagiria, salbu aurreko paragrafoan jasotako kasurako, hots, Arangurengo Udalarenganako betebeharrak egiaztatzeko.

9. Onuradunek, nolanahi ere, bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduaren 14. artikuluan xedatutako betebeharrak eta deialdian edo beste lege arau batzuetan xedatutako beste edozein.

8. artikulua. Betebeharrak, dirulaguntzak itzultzeagatik. Akreditazioa.

1. Aurreko 6.5 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2.g) artikuluan ezarritakoari dagokionez, ulertuko da onuradunek egunean daudela dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketan, baldin eta Arangurengo Udalarekin zorrik ez badute epe exekutiboan dirulaguntzak itzultzeagatik edo, onuradunen aurka premiamendu-bidea erabiltzerik ez badago, borondatezko epean ordaindu gabeko zorrik ez badute.

2. Ulertuko da onuradunek edo erakunde laguntzaileek egunean daudela dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketan, baldin eta zorrak geroratuta edo zatikatuta badaude edo zorrak eten badira, itzultzeko ebazpena aurkaratzeagatik.

3. Arangurengo Udalak ofizioz egiaztatuko du dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak bete direla, dirulaguntza bakoitza kudeatzen duen zerbitzuak eskatuta, ziurtagiriak aurreko artikuluan adierazitako baldintza berberetan eginez.

9. artikulua. Dirulaguntzen publizitatea.

Zerbitzu edo zentro kudeatzailearen ardura izanen da behar den informazioa betetzea, deialdiei buruz, dirulaguntzak emateko ebazpenei buruz eta egindako ordainketei buruz, informazio hori bidaltzeko Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari. Hori dena, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluari, legearen 20. artikuluko baldintzetan.

10. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Dirulaguntzaren deialdian, eskatzen ahalko da partez finantzaketa propioekin egitea diruz laguntzen den jarduera. Dirulaguntzaren xede den proiektu edo ekintzarako funts propioak jartzen badira, hori hala dela frogatuko da Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan adierazitako moduan.

2. Dirulaguntzaren deialdiak zehaztuko du ea dirulaguntzak bateragarriak edo bateraezinak diren xede bera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein dela ere horiek eman dituen administrazioa edo entea (publikoa nahiz pribatua), izan Estatukoa, Europar Batasunekoa, edo nazioartekoa. Horrek ez du eragotziko hurrengo apartatuan xedatutakoa.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

4. Deusetan aldatzen badira dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak, eta, betiere, arauetan baimendutako kasuetatik at eskuratzen badira beste diru-iturri batzuk, aldatzen ahalko da dirulaguntzak emateko ebazpena.

5. Onuradunek jasotako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio, eta dirulaguntzaren xede den jarduerarako erabiliko dira horiek ere, salbu eta, behar bezala arrazoituta, dirulaguntza deialdian besterik xedatzen bada.

BIGARREN TITULUA.–DIRULAGUNTZA EMATEKO PROZEDURAK

LEHEN KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

11. artikulua. Dirulaguntza emateko prozedurak: norgehiagoka, banakako ebaluazioaren bidezkoa eta zuzenekoa.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidean, banakako ebaluazioaren araubidean edo zuzenean eman daitezke, legean eta artikulu hauetan xedatutako baldintzetan.

2. Norgehiagokako araubidean ematea da dirulaguntzak emateko modu arrunta.

3. Aurreko apartatuan xedatua gorabehera, dirulaguntzaren izaeraren arabera konkurrentzia badago, baina konkurrentzia horrek "norgehiagoka" izaera ez badu, "banakako ebaluazioaren araubidea" aplikatuko da.

Banakako ebaluazioaren araubidetzat joko da norgehiagokarik gabeko konkurrentzia prozedura, non eskaerak jaso ahala espedienteak izapidetu eta ebatziko baitira eta dirulaguntzak emanen baitira horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.

Banakako ebaluazioaren araubideari ordenantza honetan jasotako norgehiagokako prozeduraren arau orokorrak aplikatuko zaizkio.

4. Hala norgehiagokako araubidearen, banakako ebaluazioaren araubidearen nola zuzeneko prozeduraren bidez emandako dirulaguntzek ezin izanen dute gainditu dagokien deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean ezarritako zenbatekoa.

12. artikulua. Zuzenean ematea.

1. Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

a) Arangurengo Udalaren aurrekontu orokorrean berariaz izendatutakoak.

b) Udalak ematen dituenak lege mailako arauren batek hala aginduta edo horien zenbatekoa zehaztuta. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisa, interes publikoko arrazoiak, arrazoi sozialak, ekonomikoak, hezkuntzakoak, kulturalak, zientifikoak, humanitarioak edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuk egiaztatzen dituzten dirulaguntzak, baldin eta, jasotzailea dela eta, lehia publikorako aukera baztertzen badute, dirulaguntzaren xedea betetzeko gaitasuna duen pertsona edo erakunde onuradun talde bakarra dagoelako.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean zehazten den zenbatekoa baino handiagoa.

13. artikulua. Zenbait urtetako dirulaguntzak.

1. Baimentzen ahalko da dirulaguntzen deialdia egitea eta gastua egoztea laguntza horiek emateko ebazpenaren ondorengo ekitaldiei.

2. Deialdian adierazi beharko da zein den ematen diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa, eta baita horien urtez urteko banaketa ere, 2/1995 Foru Legearen 225. artikuluan ezarritako mugen barnean (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), kontuan izanik noiz aurreikusten den egitea emandako dirulaguntzetatik eratorritako gastua. Banaketa hori zenbatetsia izanen da, dirulaguntzari buruzko arauek jaso dutenean eskatzaileek ordainketa aldez aurretik jasotzeko aukera. Hasiera batez onetsitako banaketa aldatzeko, beharrezkoa izanen da urtez urteko kopuruak berregokitzeko espedientea izapidetzea.

BIGARREN KAPITULUA.–DIRULAGUNTZAK EMATEA NORGEHIAGOKAKO ARAUBIDEARI JARRAIKIZ

14. artikulua. Kontzeptua.

1. Dirulaguntzak emateko ohiko prozedura izapidetuko da norgehiagokako prozeduraren araubideari jarraikiz. Norgehiagokako prozeduratzat hartuko da, dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaerak alderatzen dituen prozedura, haien arteko hurrenkera ezartzeko, aldez aurretik dagokion deialdian finkatutako balorazio-irizpideen arabera, ordenantza orokor honetan edo dirulaguntzen modalitate zehatzetarako oinarriak ezartzen dituen ordenantza espezifikoan xedatutakoarekin bat etorriz, eta irizpide horiek aplikatuz baloraziorik handiena lortu dutenei esleitzeko, betiere deialdian kreditu erabilgarriaren barruan finkatutako mugarekin.

Nolanahi ere, ez da beharrezkoa izanen hurrenkera bat finkatzea, baldin deialdian esleitutako kreditua aski bada, aurkezteko epea bukatutakoan, eskatutako beharkizunak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko.

2. Norgehiagokako araubidean emateko berariazko modalitate gisa, deialdiak aurreikusten ahalko du dirulaguntza bat ematea gehieneko zenbateko globala hainbanatuz dirulaguntzaren onuradunen artean, horretarako aplikatuz deialdian bertan dirulaguntzak emateko ezartzen diren irizpideak, ordenantza orokor honen 16. artikuluan ezarritakoen artetik.

Kasu horretan, emateko irizpideekin batera, deialdiak aldez aurretik zehaztu beharko du irizpide horiek aplikatuz onuradun bakoitzak jasotzen ahal duen gehieneko zenbatekoa. Horrek, ordea, ez du eskubiderik sortuko balizko onuradunen alde.

15. artikulua. Hastapena.

1. Dirulaguntzak emateko prozesua ofizioz hasiko da beti, organo eskudunak onetsitako deialdiaren bidez, jarraikiz honako arau hauetan jasotako printzipioei: ordenantza orokor hau, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra, hura garatzeko erregelamendua, urriaren 1eko 39/2015 Legea (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea) eta urriaren 1eko 40/2015 Legea (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa).

Deialdi publiko hau Dirulaguntzen Base Nazionalean argitaratuko da, eta laburpena, berriz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Udalaren webgunean ere argitaratuko da deialdia.

2. Deialdiak eduki hau izanen du derrigorrez:

a) Adierazi beharko da zein den Arangurengo Udalaren Dirulaguntzen Ordenantza Orokorra behin betiko onesteko Udalbatzaren erabakia, eta, horrekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zer zenbakitan eta zer datatan eman zen argitara, salbu eta oinarri arautzaileak deialdian bertan argitaratzen badira, berariazkoak direlako.

b) Aurrekontuetako zein kredituri egozten zaizkion dirulaguntzak, eta dauden kredituen barnean zein izanen den dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa. Salbuespenez, deialdiak zenbateko gehigarri bat ezartzen ahalko du, eskuragarri dauden kredituen guztirako gehieneko zenbatekoaz gain. Horretarako ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzak emateko deialdi berri bat egitea, eta zenbateko hori eraginkorra izateko, beharrezkoa izanen da kreditu erabilgarria egotea, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58. artikuluan ezarritakoaren ondorioz (errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko Legearen Erregelamendua). Kreditu gehigarri hau Alkatetzak onetsi beharko du, Kudeaketa Alorreko arduradunak proposaturik, eta, hala badagokio, aldez aurretik onetsirik bidezko den aurrekontuko aldaketa.

c) Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

d) Adieraztea dirulaguntzak norgehiagoka emanen direla.

e) Dirulaguntza eskatzeko betebeharrak eta horiek frogatzeko modua. Adingabeendako zerbitzu eta programak egiteko dirulaguntzen deialdi publiko guztietan, aurkeztu beharko da erantzukizunpeko adierazpen bat, dirulaguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariak emana, non adieraziko baita jarduerak edo programak egin behar dituzten pertsona guztiek eta boluntarioek betetzen dituztela 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua eta 45/2015 Legearen 8.4 artikuluan ezarritako betebeharra.

f) Zein den prozedura ebazteko organo eskuduna.

g) Ebaluazio batzordea eratuko duten kideen izendapena.

h) Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

i) Ebazteko eta jakinarazteko epea.

j) Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibideak.

k) Ohartaraztea ebazpenak bukaera ematen diola administrazio bideari.

l) Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

m) Hala behar badu, eta deialdiaren xedea zein den, adierazi beharko da ea gehieneko zenbateko osoa hainbanatuko den dirulaguntzen pertsona onuradunen artean.

n) Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea, urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoaren arabera (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

o) Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka jartzen ahal diren errekurtsoak.

–Horretaz gain, deialdiak honako alderdi hauek jasotzen ahalko ditu:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere araudi honetan ezarritako mugekin bat.

b) Onuradunak proiektuaren aurrekontuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela bere funts propioekin dela beste dirulaguntzen bitartez.

c) Ordaintzeko modua, eta, behar izanez gero, ezarriko eta justifikatuko da konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko aukera.

d) Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

e) Justifikatzeko modua, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazioko memorian adierazi beharreko alderdiak.

f) Proiektuan aldaketak egiteko aukera, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio.

g) Beharrezkoa bada, eta dirulaguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharko da ea posible den ofizioz kitatzea dirulaguntzen onura jasotzen duten pertsonekin kobratzeke dituen zorrak, zenbateko horiek dirulaguntzen bidez konpentsatuta.

h) Beharrezko bada, onuradunek edo erakunde laguntzaileek eratu behar dituzten berme neurriak, eta horiek eratzeko, gordailutzeko eta baliogabetzeko bitartekoak.

i) Beharrezkoa denean, honako baldintza hau: diruz lagundutako jardueraren gaineko agiri guztietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan adieraztea udal honen dirulaguntza jaso duela.

3. Deialdi bakoitzean, testuari gehituko zaio txosten juridiko bat, adierazten duena Zuzenbidearekin bat datorrela. Udalaren edo, kasua bada, erakunde autonomoen zerbitzu juridikoek eman beharko dute txosten juridiko hori.

4. Interesdunen eskaerarekin batera, aurkeztu beharko dira deialdian zehaztutako agiriak eta argibideak, salbu eta eskatutako agiriak administrazio honen eskuetan badaude; halakoetan, haien ordez erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, agiriak noiz eta zer organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, kasua bada, egin ziren edo jasota dauden.

5. Inoiz ere ezin izanen dira bost urte baino gehiago iragan, dagokien prozedura bukatu zenetik.

6. Arestian xedatua gorabehera, administrazio honek ezin badu agiria eskuratu, aurkezteko eskatzen ahal izanen diote eskatzaileari edo, bestela, agirian erakusten diren baldintzak beste bide batzuen bidez frogatzeko, ebazpen-proposamena eman aurretik betiere.

7. Dirulaguntzen deialdian, onartu daiteke agiri jakin batzuen ordez aurkeztea eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Halako kasuetan, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egin baino lehen, eskatu beharko da aurkezteko adierazpenean jasotako datuen egiazkotasuna frogatzen duten agiriak, beranduenez 15 egun baliodunen epean.

8. Deialdiek, oro har, eredu normalizatuak izan beharko dituzte, honako hauei dagokienez: interesdunen eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko gainerako dokumentuak eta dirulaguntzaren justifikazioa.

16. artikulua. Dirulaguntzak baloratzeko irizpideak.

1. Dirulaguntzak emateko deialdi bakoitzak irizpide objektiboak ezarriko ditu horiek emateko, eta, behar denean, irizpide horien haztapena ere ezarriko du.

2. Emateko irizpide objektibo gisa hauek guztiak edo batzuk erabili ahal izanen dira:

1.–Entitatearen antzinatasuna, ibilbidea eta udalerrian duen ezarpena, bai eta aurreko ekitaldian lortutako emaitzak ere.

2.–Sustatzen dituzten jarduera artistikoek Arangurengo herritarren kultura maila eta zaletasuna handitzen duen inpaktua, ondorioak eta eragina.

3.–Haren aurrekontuko gastuen eta diru-sarreren zenbatekoa guztira, aurreikusitako defizita, eta finantzatzeko benetako premiak.

4.–Elkarteak duen bazkide kopurua eta kideen kualifikazio teknikoa edo profesionala.

5.–Arangurengo Udalarekin proiektu kulturalen antolaketan eta kulturaren eta jaien programazioan ezarri duen lankidetza.

6.–Aurkeztu den proiektuaren berrikuntza eta sormen maila.

7.–Euskararen erabilera eta zabalkundea kultura programazioan.

8.–Egitekoa den kirol programaren garrantzia, entitateak hirian dituen ezarpenari eta errotzeari dagokienez.

9.–Proiektua gauzatuko duten langileen kualifikazio tekniko eta profesionala.

10.–Interesa eta eragina, gizarteari eta kirolari dagokienez. Partaide kopurua eta ageriko eraginkortasuna, eta emaitzak, kirola sustatzeari eta garatzeari dagokienez.

11.–Egitekoak diren kirol jardueren kostuak eta zenbateko ekonomikoa.

12.–Ekitaldiaren berezitasuna, honako hauei dagokienez: kirol-arloan duen ospea, kalitatea eta maila.

13.–Gizarte interesa eta eragina, honako hauei dagokienez: bertaratu daitezkeen ikusleak, partaidetza eta zaletasuna sustatzea.

14.–Erakundeak jasandako kargak eta kostuak, honako hauei dagokienez: egin beharko dituen eginahalak, dauzkan baliabideak eta aurreikusten diren emaitzak.

15.–Lortutako merituak eta maila, gizarte eta kirol testuinguruaren arabera ebaluatuta.

16.–Herritarren artean lortutako errotzea eta tradizioa, lehiaketak orain arte izandako harrera onari dagokionez.

17.–Kalkulatzen den partaide kopurua eta lortutako hedapen soziala.

18.–Jardueraren izaera berritzailea, eta, horrekin batera, zer aukera ikusten den ikusleak eta partaideen harrera ona izateko.

19.–Aurreko denboraldian izandako kirol ibilbidea eta lortutako emaitzak.

20.–Interesa eta eragina, gizarteari eta kirolari dagokienez.

21.–Lortutako merituak eta maila, gizarte eta kirol testuinguruaren arabera ebaluatuta.

22.–Gazteentzako proiektuek eta jarduerek xede dituzten herritarrak (bazkideak, gazteak oro har...).

23.–Gazteentzako proiektuaren edukia eta lortu nahi dituen xedeak (aisia eta astialdia, minusbaliotasunak dituzten gazteak integratzea, informazioa eta aholkularitza, hezkidetza eta berdintasuna sustatzea, bazterketa egoerak prebenitzea, asoziazionismoa sustatzea...).

24.–Gauzatu nahi den proiektuaren prestaketa, kalitatea, aurretiazko lana, herrian izanen duen inpaktua, jarraitutasuna eta izaera kolaboratiboa.

25.–Proiektuaren argitasuna eta koherentzia.

26.–Aurrekontuko kostua eta aurreikusitako helburuak bat etortzea.

27.–Jarduerak zabaltzea edo osatzea, era egokian, jardueraren xedeko ikasleek jasotzen dituzten ikasbide arautuak.

28.–Zenbat diren jardueraren xede diren edo jardueran parte hartuko duten ikasleak.

29.–Proiektuak Arangurengo Udaleko zenbait ikastetxe lotzea.

30.–Proiektuaren zeharkakotasuna.

31.–Hezkuntza-komunitateko estamentu guztiek parte hartzea proiektuan: ikasleek, irakasleek eta familiek.

32.–Hezkuntzako berrikuntza.

33.–Desberdintasun sozioekonomikoak orekatzeko tresnak.

34.–Proiektuak beste finantzabide batzuk aurreikusita edukitzea.

35.–Proiektuak indartzea herritarren funtsezko eskubideak eta askatasunak, eta Konstituzioko eta estatutuetako betebeharrak, eta sakontzea haiekiko begirunean.

36.–Proiektuko jardueren helburu izatea ikasleen etika eta intelektualitatea hobetzea, bai eta haien gaitasun kritikoa garatzea ere, eta haien sormena eta gaitasun artistikoak garatzea.

37.–Proiektuak ingurunera egokitzea eta ekartzea ingurunea hobeki ezagutzea eta gizarte errealitatera hurbiltzea.

38.–Proiektuaren xedea izatea ikasleak kontzientziatzea eta printzipio hauek zabaltzea: bizikidetza, genero-berdintasuna, besteekiko eta ondasun publiko eta pribatuekiko begirunea. Hori dena, gizonen, emakumeen eta herrien arteko tolerantziaren eta elkartasunaren esparruan.

39.–Proiektuak bultzatzea bizitza profesionalerako trantsizio positiboa, trebakuntza teknikoa eta lan ohiturak.

40.–Proiektuak lantzea sistema pedagogikoa hobetzeko helburua duten esperientziak eta jarduketak.

41.–Gaitasun eta errendimendu berezia.

42.–Prestakuntzako proiektuaren interesa.

43.–Errenta maila.

44.–Egoera ekonomikoa.

45.–Gizarte eta familia egoera.

46.–Merezimendu akademikoak.

47.–Merezimendu artistikoak.

48.–Kideen kopurua.

49.–Parte hartzea eta komunitate-ingurunearen barnean ezartzea.

50.–Dirulaguntza jasoko duen onuradunak edo jarduerak izatea ezaugarri bereziak, erakunde ofizial batek egiaztatuak, edo egoera berezi jakin bat egotea.

51.–Eskatzaileen arteko hainbanaketa.

52.–Emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen duten jarduerak edo programak.

53.–Ingurumeneko faktoreak.

54.–Gizarte premiak.

55.–Aukera-berdintasuna sustatzen duten jarduerak edo programak.

56.–Kulturarteko bizikidetza sustatzen duten jarduerak edo programak.

57.–Gizarte-bazterketaren kontrako borroka sustatzen duten jarduerak edo programak.

58.–Beste edozein irizpide, lortu nahi duena interes publikoa edo soziala, eta berekin dakarrena deialdiaren xedearekin bat datozen faktoreen diskriminazio positiboa.

17. artikulua. Eskaerak.

1. Interesdunen eskaerak aurkeztu behar dira deialdian zehaztutako dokumentu eta informazioekin batera.

2. Honako hau izanen da eskaeraren gutxieneko edukia:

a) Identifikatzea nork sinatzen duen eskaera eta noren izenean sinatzen duen.

b) Onuraduna behar duena identifikatzea (adieraziz haren NANa, IFZa edo AIZa).

c) Diruz laguntzekoa den jardueraren proiektua, halakorik bada.

d) Aurrekontua, halakorik bada.

e) Dirulaguntzaren eskatzaileak berariaz adieraztea ea baimena ematen edo ukatzen dion Arangurengo Udalari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziatik eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik informazioa lortzeko, erakunde horiekiko dituen betebeharrak betetzeari dagokionez.

Berariaz adierazten ez badu, ulertuko da eskatzaileak baimena ematen duela. Ukatuz gero, erantsi beharko ditu Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako ziurtagiriak.

f) Eskatzailearen adierazpena, agertzen duena ez duela Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere.

3. Eskaerak Arangurengo Udalari zuzenduko zaizkio, deialdietan ezarritako ereduen arabera, eta aurkeztu beharko dira Udaleko erregistro orokorrean edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen erregistro eta bulegoetan (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Horretara beharturik daudenek erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dute beren eskaera, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluko zerrendari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

4. Eskaerak betetzen ez baditu deialdiren araudian ezarritako betekizunak, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio zuzenketa egin dezala, gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, aldez aurretik ebazpen bat emanen da, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

18. artikulua. Instrukzioa.

1. Deialdiak zehaztutako organoak edo dirulaguntza izapidetzen duen departamentuak instruituko du dirulaguntzak emateko prozedura, eta ofizioz eginen ditu behar diren jarduketa guztiak, ebazpen proposamena egiteko behar diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko.

2. Instrukzio organoak egiaztatu beharko du eskatzaileak daudela dirulaguntza emateko oinarri den egoeran, edo betetzen direla oinarrietan eta deialdian onuradun izateko ezarritako inguruabarrak, baldintzak eta beharkizunak.

Egiaztapen hori egin daiteke balorazio batzordeak eskaerak ebaluatu aurretik edo ondoren, baina, betiere, ebazpen proposamena egin aurretik.

3. Instrukzio jarduketek honako hauek barne hartu behar dituzte:

a) Ebazpena emateko beharrekotzat jotzen diren txosten guztiak eskatzea, edo dirulaguntza arautzen duten arauek eskatzen dituzten guztiak.

b) Eskaerak edo eskariak ebaluatzea, betiere kontuan harturik deialdian balorazioa egiteko ezarritako irizpideak, manerak eta lehentasunak.

4. Baldin, ebaluazioaren ondorioz, ez bazaie onuradunei ematen deialdian aurreikusitako zenbateko osoa, eta inguruabar hori deialdian jasota badago, soberakina onuradunen artean birbanatzen ahalko da. Horrek, nolanahi ere, ezin du ekarri ez betetzea legeetan, ordenantza orokor honetan edo deialdian xedatutako edozein beharkizun.

19. artikulua. Balorazio batzordea.

1. Instrukzio organoak eskaerak ebaluatu ondoren, balorazio batzordea deitutako kide anitzeko organo batek, oro har, eginen du txosten edo akta bat, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

2. Dagokion deialdian zehaztuko dira balorazio batzordeko kideak.

Kide anitzeko organo batek baloratuko ditu eskaerak. Honako hauek osatuko dute organo hori: buru bat, idazkaria eta gutxienez hiru kide. Izendatuko dira jarraikiz deialdian zehaztutako gaitasun profesionalari eta esperientziaren irizpideei.

Batzordearen jarduna lotuko zaio urriaren 1eko 40/2015 Legeari; zehazki, atariko tituluaren II. kapituluan, kide anitzeko organoentzat ezarri duen araubideari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Txosten-proposamen arrazoitu bat eman beharko du, zehazteko egindako ebaluazioaren emaitza.

20. artikulua. Ebazpen-proposamena.

1. Instrukzio organoak, ikusita espedientea eta balorazio batzordearen txostena, ebazpen-proposamena eginen dio ebazteko eskumena duen organoari, behar bezala arrazoitua.

2. Ebazpen proposamenak ez dio inolako eskubiderik ekarriko proposatutako onuradunari Arangurengo Udalaren aitzinean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

21. artikulua. Ebazpena.

1. Behin betiko ebazpen proposamena egindakoan, eta jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 88. artikuluan ezarritakoari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea) eta, hala badagokio, deialdian xedatutakoari, deialdian ezarritako organo eskudunak prozedura ebatziko du.

2. Ebazpena arrazoituko da dirulaguntzaren deialdiak ezarritakoarekin bat. Betiere, prozeduran egiaztaturik gelditu behar dira emandako ebazpenaren oinarriak.

3. Dirulaguntza hartuko duten norbanakoaren edo entitatearen edo eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta, horrez gain, espresuki adieraziko da zer eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

4. Prozedura ebatzi eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izanen da gehienez, salbu lege mailako arau batek epe luzeagoa ezartzen badu edo Europar Batasuneko araudian hala ezartzen bada. Epea zenbatzen hasiko da kasuan kasuko deialdia argitaratu eta hortik aurrera, salbu deialdiak berak ondorioak geroratzen baditu.

5. Gehieneko epea bukatzen bada ebazpena jakinarazi gabe, interesdunek uler dezakete dirulaguntza eskaera ezetsi egin dela, administrazioaren isiltasunaren bidez.

6. Ebazpena jakinaraziko da urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

HIRUGARREN KAPITULUA.–DIRULAGUNTZAK ZUZENEAN EMATEA

22. artikulua. Dirulaguntzak zuzenean emateko kasuak.

1. Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

a) Arangurengo Udalaren aurrekontuetan ezarritako laguntza izendunak.

Aurreko paragrafoaren ondorioetarako, Udalaren aurrekontuetan izendun gisa ezarritako dirulaguntzatzat hartzen da gutxienez bere aurrekontu-zuzkidura eta bere onuraduna aurrekontuaren gastu-egoeretan zehaztuta agertzen dena. Dirulaguntza hauen helburua zehazturik gelditu behar da dagokion lankidetza hitzarmenean edo dirulaguntza emateko ebazpenean. Xede horrek, betiere, bat etorri beharko du aurrekontuan dagokion kredituaren sailkapen funtzional eta ekonomikoarekin.

b) Lege mailako arau batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik ematen diren dirulaguntzak, edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen direnak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

2. Dirulaguntza hauei aplikatuko zaizkie Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra, hura garatzeko erregelamendua eta Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokor hau, salbu publikotasun- eta konkurrentzia-printzipioen aplikazioari dagokiona. Halaber, emateko erabakietan adierazten ahalko da zer bitarteko erabili beharko duen onuradunak dirulaguntza eman zaiola iragartzeko.

23. artikulua. Aurrekontuetan modu izendunean ezarritako dirulaguntzak.

1. Dirulaguntza zer aurrekontu-kredituri egozten zaion, hura kudeatzen duen zerbitzuak edo zentroak hasiko du ofizioz dirulaguntzak emateko prozedura, edo, bestela, interesdunak eskatuta hasiko da.

Interesdunak eskatuta hasten bada, interesdunak eskaera aurkeztu beharko du ordenantza orokor honen 17. artikuluko baldintzetan.

Udalaren aurrekontu orokorrean zehaztu beharko dira dirulaguntza izendunaren pertsona edo entitate onuraduna, zenbatekoa eta objektua.

2. Prozedura hasi ondoren, hitzarmena idatzi beharko da, eta nahitaez adierazi beharko da alderdi hauei buruz:

a) Zehaztea dirulaguntzaren xedea eta haien onuradunak, aurrekontuko diru-izendapenaren arabera.

b) Identifikatzea helburuak edo xedeak, eta zer ondorio lortu nahi diren.

c) Zer aurrekontu-kredituri egozten zaizkion dirulaguntzaren gastua eta zenbatekoa, onuradun bakoitzaren arabera banaturik, bat baino gehiago badira.

d) Ea bateragarria edo bateraezina den xede bereko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik etorrita ere, Espainiakoa izan, Europar Batasunekoa nahiz nazioartekoa.

e) Dirulaguntza ordaintzeko epeak eta moduak, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukerak, eta, behar denean, onuradunek eman behar dituzten bermeen araubidea.

f) Behar diren epea eta modua, justifikatzeko onuradunak bete duela dirulaguntzaren xedea eta aplikatu dituela jasotako funtsak.

g) Onuraduna egotea dirulaguntza ematearen oinarri den egoeran, edo betetzen direla Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean eta Ordenantza Orokor honetan onuradun izateko ezarritako inguruabarrak, baldintzak eta beharkizunak.

h) Baldin prozedura bukatu nahi bada lankidetza-hitzarmen bat sinatuz, aurreko txostenaren ordez egiten ahal da eduki bera duen hitzarmenaren zirriborro bat, eta sinatuko du zerbitzu edo zentro kudeatzaileko arduradunak. Hitzarmen zirriborroek eta, halakorik badago, ondoren sinatzen den hitzarmenak bete beharko dituzte urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako xedapenak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea).

3. Arangurengo Udalaren esparruan, dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa eginen dute dirulaguntza kudeatzen duen arloko teknikariek.

4. Dirulaguntza arautzen duen hitzarmenaren testua egin ondoren, eta Kontu-hartzailetzak fiskalizatu ondoren, dirulaguntza emateko ebazpena emanen da. Dirulaguntzaren onarpena formalizatuko da alderdiek hitzarmena sinatzean.

5. Bi kasuetan, dirulaguntza emateko egintzak edo hitzarmenak izanen dute dirulaguntza emateko oinarri arauemaileen izaera, dirulaguntzen araudiaren ondorioetarako.

Alkateak izanen du prozedura ebazteko eskumena. Nolanahi ere, eskuordetzeko ahalmena izanen du.

Aurrekontu-partida Udalaren aurrekontuan agertzeak ez du sortzen inolako eskubiderik pertsona edo entitate onuradunarendako, harik eta organo eskudunak, ezarritako prozedurari jarraiki eta gero, dirulaguntza emateko ebazpena ematen duen arte.

24. artikulua. Zuzenean emateko dirulaguntzak, lege-mailako arauek hala aginduta.

Lege mailako arau batek dirulaguntza jakin batzuk ematea edo horien zenbatekoa arautzen badu, halako dirulaguntzak zuzenean emateko, aplikatuko dira aipatutako arau hori eta Arangurengo Udalari bereziki aplikatzen zaizkion gainerakoak.

Dirulaguntza ematea ezartzen duen legeak dioenean lankidetza-hitzarmen bat formalizatu behar dela dirulaguntza bideratzeko, erakunde emailearen eta onuradunen artean, hitzarmen horrek izan beharko du Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduaren 65.3 artikuluko gutxieneko edukia, eta bete beharko ditu urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako xedapenak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea).

Gainera, dirulaguntzen ordainketa eskatu ahal izateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da ekitaldi horretako aurrekontuan.

Betiere, dirulaguntza eman aurretik, zerbitzu edo zentro kudeatzaileak txosten bat egin beharko du, adierazteko ea proposamenak betetzen duen dirulaguntza ematea dakarren legea, eta kontu-hartzailetzak fiskalizatu beharko du.

25. artikulua. Zuzenean ematen diren dirulaguntzak, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiengatik, edo deialdi publikoa egitea zailtzen duten justifikatutako beste arrazoi batzuengatik.

1. Salbuespen gisara, dirulaguntzak zuzenean ematen ahalko dira, frogatzen direnean interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak, edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuk, deialdi publikoa egitea zailtzen dutenak.

2. Dirulaguntza zer aurrekontu-kredituri egozten zaion, hura kudeatzen duen zerbitzuak edo zentroak hasiko du ofizioz dirulaguntzak emateko prozedura, edo, bestela, interesdunak eskatuta hasiko da.

Interesdunak eskatuta hasten bada, interesdunak eskaera aurkeztu beharko du ordenantza orokor honen 17. artikuluko baldintzetan, ezarritako ereduari jarraikiz.

Prozedura hasitakoan, zerbitzuburuak edo dirulaguntzaren xedera lotuta dagoen langileak egin beharko ditu txostena eta hitzarmen proposamena, eta alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak sinatu beharko du.

Txostenak derrigorrez jaso beharko ditu hemen adierazitako puntuak:

a) Dirulaguntzaren xedearen definizioa, honako hauek berariaz adierazita:

–Dirulaguntzaren izaera ezohiko eta berezia.

–Interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak, edo bestelakoak, frogatzen dutenak deialdi publikoa egiteko zailtasuna.

b) Identifikatzea helburua edo xedea, onuradunak eta zer ondorio lortu nahi diren.

c) Zer aurrekontu-kredituri egozten zaizkion dirulaguntzaren gastua eta zenbatekoa, onuradun bakoitzaren arabera banaturik, bat baino gehiago badira. Lehendakaritzari lotutakoak direnean, aurreko guztiaz gain, betetzen direla artikulu honetako 2. apartatuan xedatutako beharkizunak.

d) Ea bateragarria edo bateraezina den xede bereko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik etorrita ere, Espainiakoa izan, Europar Batasunekoa nahiz nazioartekoa.

e) Dirulaguntza ordaintzeko epeak eta moduak, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukerak, eta, behar denean, onuradunek eman behar dituzten bermeen araubidea.

f) Behar diren epea eta modua, justifikatzeko onuradunak edo entitateak bete duela dirulaguntzaren xedea eta aplikatu dituela jasotako funtsak.

g) Onuraduna egotea dirulaguntza ematearen oinarri den egoeran, edo betetzen direla Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean eta ordenantza orokor honetan onuradun izateko ezarritako inguruabarrak, baldintzak eta beharkizunak.

4. Dirulaguntza hauek emanen dira alkatearen ebazpen baten bidez edo berak eskuordetutako organoaren erabaki edo ebazpen baten bidez, arloaren arabera eskudun den zerbitzu edo zentro kudeatzaileak proposatuta, Kontu-hartzailetzak fiskalizatu ondoren. Nolanahi ere, prozeduraren bukaera edo dirulaguntza bideratzeko modua izan daiteke hitzarmen baten bidez, eta hitzarmen horrek bete beharko dituzte urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako xedapenak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea).

Bi kasuetan, dirulaguntza emateko egintzak edo hitzarmenak izanen dute dirulaguntza emateko oinarri arauemaileen izaera, dirulaguntzen araudiaren ondorioetarako.

HIRUGARREN TITULUA.–JUSTIFIKATZEKO ARAUBIDEA

26. artikulua. Justifikazioaren gaineko arau orokorrak.

1. Justifikazioa nahitaezko egintza bat da dirulaguntzaren onuradunarentzat, eta berekin dakar egiaztatzea betetzen direla ezarritako baldintzak eta lortu direla dirulaguntza emateko egintzan aurreikusitako helburuak.

2. Gastuak frogatzeko, aurkeztu beharko dira fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak, baliozkoak direnak merkataritzako trafiko juridikoan, edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak. Azken kasu horretan, baldin hala ezarri bada deialdian, dirulaguntza emateko ebazpenean edo hitzarmenean.

3. Justifikazioa hurrengo artikuluan xedatutako moduan dokumentatuko da, eta jarraikiz deialdian, dirulaguntza emateko ebazpenean edo hitzarmenean ezarritakoari.

4. Dirulaguntza eman bada hartzailearen egoera jakin batengatik, egoera bera baizik ez da frogatu behar, zuzenbidean onarturiko edozein bide erabiliz, betiere dirulaguntza eman aurretik. Hala ere, horrez gain, kontrolak ezartzen ahalko dira hori hala dela egiaztatzeko.

5. Justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu ondoren, zerbitzu edo zentro kudeatzaileak txostena egin beharko du, adierazteko ea egokitzen den ordenantza orokor honetan edo deialdian eskatutako baldintzetara.

6. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen administrazio-organoak ikusten badu badaudela zuzendu daitezkeen akatsak onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio onuradunari, eta hamar eguneko epea emanen dio horiek zuzentzeko.

7. Ezarritako justifikazio-epea igaro eta administrazio-organo eskudunari zuzenketarik aurkeztu ez bazaio, organo horrek onuradunari eskatuko dio aurkez dezala hamabost eguneko epe luzaezinean. Justifikazioa apartatu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, itzuli egin beharko da, eta horrek berekin ekarriko ditu Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritako gainerako erantzukizunak. Justifikazioa apartatu honetan ezarritako epe gehigarrian aurkezteak ez du onuraduna salbuetsiko Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren arabera dagozkion zehapenetatik.

8. Ez bada betetzen dirulaguntza titulu honetan ezarritakoaren arabera justifikatzeko betebeharra, edo behar bezala justifikatzen ez bada, kobratzeko eskubidea galduko da osorik edo zati batean, eta, hala badagokio, dirulaguntza itzuli egin beharko da, ordenantza orokor honen IV. tituluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritako baldintzetan.

27. artikulua. Justifikatzeko modua.

1. Justifikatzeko, erabiliko da egindako gastuaren justifikazioko kontua, jarraikiz deialdiari, dirulaguntza emateko ebazpenari edo hitzarmenari. Betiere, onuradunak frogatu beharko du emandako dirulaguntzari eman zaion publizitatea, jarraikiz deialdian, ebazpenean edo hitzarmenean adierazitako baldintzei.

Justifikatzeko kontua aurkeztuko da jarraikiz deialdiak, dirulaguntza emateko ebazpenak edo hitzarmenak zehaztutako ereduari, eta gutxienez informazio hau jasoko du:

a) Jarduketa memoria bat, justifikatzeko betetzen dituela dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak. Bertan azalduko ditu egindako ekintzak eta lortutako emaitzak, datuak sexuaren arabera bereizita.

b) Memoria ekonomiko bat, frogatzeko egindako jardueren kostua. Honako hauek bilduko ditu:

1.–Diruz lagundutako jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat, identifikatuz hartzekoduna eta agiria, zenbatekoa, jaulkipen eguna eta, kasua bada, ordainketa eguna. Baldin dirulaguntza ematen bada aurrekontu baten arabera, adieraziko da zer desbideratze izan diren.

2.–Fakturak, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea duten dokumentuak, edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, aurreko paragrafoan aipatutako zerrendakoak. Bertan, gutxienez, adieraziko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, hala badagokio, ordainketa frogatzen duen dokumentazioa.

3.–Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren zerrenda zehatz bat, adieraziz bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria.

c) Ondorioak eta lortutako emaitzak.

2. Justifikazioko kontuak eduki ditzake, gainera, beste agiri batzuk, eskatzen direnak deialdian, ebazpenean edo dirulaguntza ematean, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduari.

28. artikulua. Justifikazio epea.

1. Dirulaguntzak justifikatu beharko dira ezarritako epean, jarraikiz deialdiari, emateko ebazpenari edo hitzarmenari. Oro har, justifikatzeko epea hasitako urteko azaroaren 15a baino lehenago izanen da eta ez da izanen jarduera egiteko epea amaitu eta hiru hilabete baino luzeagoa.

2. Egin daitezke dirulaguntzaren zenbatekoaren heren bateko (gutxienez) justifikazio partzialak, azken justifikazioa izan ezik; izan ere, azken justifikazio hori egin daiteke dagoen gainerakoagatik, nahiz eta dirulaguntzaren herenera ez iritsi.

3. Dirulaguntza ematen duen organoak justifikazioa aurkezteko epea luzatzen ahalko du. Luzapen hori ez da izanen justifikaziorako epearen erdia baino handiagoa, eta, betiere, ez da hirugarrenen eskubideen kalterako izanen.

4. Luzapena onartzeko baldintzak eta prozedura dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoak (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

29. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak direnak, baldin egiten badira ezarritako epean, hots, deialdiek, dirulaguntza emateko ebazpenek edo hitzarmenek ezarritako epean.

Gastu diruz lagungarriaren eskuratze-kostuak ez du inoiz izan behar merkatu-balioa baino handiagoa.

2. Deialdian, dirulaguntza emateko ebazpenean edo deialdian kontrakorik espresuki xedatu ezean, honako hau joko da egindako gastutzat: justifikazio-epea bukatu aurretik benetan ordaindu dena.

3. Ordainketaren justifikazioa honako hauen bidez egiten ahal da, hala badagokio eta deialdiak hala ezartzen badu:

a) Ordainketak eskudirutan.

Gastu horien ordainketa justifikatzeko fakturan bertan jarri behar da "hartze-agiria", igorlearen sinadurarekin eta zigiluarekin batera. Zigiluak jaso beharko ditu, gutxienez, bidaltzailearen izena eta IFZa.

b) Bankuko ordainketak.

1.–Bankuko transferentzia.

Baldin transferentziaren edo kontuko helbideratzearen bidez ordaintzen bada, justifikatuko da zordunketa frogatzen duen laburpenaren, zordunketaren edo bankuko mugimenduaren bidez, eta, betiere, identifikatu beharko dira eragiketaren agindu-emailea eta onuraduna eta kitatzen den gastuaren justifikazio dokumentua edo kontzeptua. Telematikoki lortutakoak ere erabat baliozkoak izanen dira.

Txeke izenduna edo ordaindukoa.

Baldin txeke izenduna edo ordaindukoa erabiliz ordaintzen bada, hauek izanen dira frogagiriak: txeke edo ordaindukoaren kopia, eta justifikatutako eragiketari dagokion kontuko zordunketa jasotzen duen laburpena, finantza entitateak emana. Gastuaren kontzeptua behar bezainbeste zehaztu behar da.

Baldin gastu diruz lagungarriak gainditzen baditu kontratazio publikoen araudian kontratu txikietarako ezartzen dituen zenbatekoak, onuradunak eskatu beharko ditu, gutxienez, hiru hornitzaileren eskaintzak, betiere obrarako konpromisoa edo zerbitzua kontratatu baino lehen, edo ondasuna entregatu baino lehen, salbu eta, ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago behar adina enpresa halakoa egiteko, edo emateko edo halakoaz hornitzeko, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

Aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, jarraituko zaie efizientzia eta ekonomia irizpideei, eta, baldin aukeratzen bada diru aldetik onuragarriena ez den proposamena, txosten baten bitartez berariaz justifikatu beharko da hori. Eskaintza horiek justifikazioan azaldu beharko dira, edo dirulaguntzaren eskaeran.

4. Gastuaren frogagiriei dagokienez, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aurkeztutako fakturak edo frogagiriak izan beharko dira jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak, dirulaguntza jasotzen duen erakundearen izenean emanak eta laguntza ematen den urtekoak, eta bete beharko dute azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretua (errege dekretu horren bidez onetsi zen fakturatzeko obligazioak arautzen dituen erregelamendua).

b) Honako dokumentu hauen bidez justifikatu behar dira ondasun higiezinak alokatzeak sortutako gastuak, bai erakundearen egoitza alokatzeak, bai jarduerak egiteko edo programak gauzatzeko behar direnak alokatzeak, eta baita ondasun higigarriak alokatzeak sortutako gastuak ere (ekipo informatikoak, altzariak, tresnak, etab.):

1.–Alokairu-kontratuaren kopia konpultsatua, salbu Udalak jada baldin badauka.

2.–Alokairu-kuoten faktura edo fakturak. Errentatzailea PFEZari (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga) lotutako pertsona fisikoa denean, fakturetan dagokion atxikipena agertu beharko da.

5. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

6. Tributuak gastu diruz lagungarriak dira baldin dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen baditu. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

7. Deialdian hala aurreikusten denean eta bertan adierazitako baldintzetan, zeharkako kostuak gastu diruz lagungarriak izanen dira, baldin onuradunak dirulaguntzaren xedeko jarduerari zati egokian egozten badio, kalkulua eginez guztiek onartzen duten kontabilitateko printzipio eta arauei jarraituz, eta, betiere, halako kostuak jarduera benetan egin den aldiari dagozkion neurrian.

30. artikulua. Onuradunek jarduera diruz lagunduak azpikontratatzea.

1. Onuradunak azpikontratua egin duela ulertuko da, baldin hirugarrenekin ituna egiten badu, dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egiteko. Norbanako edo entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

2. Azpikontratatzeko aukera deialdian ezarri beharko da, eta, erabiliz gero, bete beharko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak eta hura garatzeko erregelamenduak horri buruz ezarritako arauak.

31. artikulua. Justifikazioa egiaztatzea eta txostena.

Departamentu edo zentro kudeatzaileak egiaztatuko du dirulaguntzaren justifikazio egokia, eta, orobat, egiaztatuko du jarduera egin dela eta bete dela dirulaguntza ematea edo gozatzea dakarren xedea, behar diren baldintzetan, hots, ordenantza orokor honetan, deialdian, dirulaguntza emateko ebazpenean edo hitzarmenean ezarritako baldintzetan.

Egiaztatu ondoren, zerbitzu edo zentro kudeatzaileko funtzionarioak txostena eginen du, eta zentro horrek, Kontu-hartzailetzak fiskalizatu ondoren, proposatuko du aurkeztutako justifikazioa onartzea, edo espediente bat hastea deuseztatzeko eta/edo dirulaguntza itzultzeko, dagokiona.

32. artikulua. Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntza ordaintzeko, onuradunak aldez aurretik justifikatu beharko du gauzatu duela dirulaguntza emateko arrazoi izan zen jarduera, proiektua, helburua edo jokabidea, dirulaguntza arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera. Dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da, baldin behar bezala justifikatzen ez bada, edo gertatzen bada Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako arrazoietako bat, lege horren 42. artikuluan ezarritako prozedura aplikatuz.

2. Dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egiten ahalko dira. Konturako ordainketa horiek zatikatuak izaten ahalko dira, eta diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahala egin daitezke. Aurkeztutako justifikazioaren araberako zenbatekoa ordainduko da.

Ordainketa aurreratuak ere egin daitezke, hau da, justifikazioa egin aurretik funtsak eman, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko finantzaketa gisa. Aukera hori eta berme araubidea berariaz ezarri beharko dira dirulaguntzaren deialdian.

Ezin izanen zaie onuradunei ordainketa aurreraturik egin, baldin eta horiek beren borondatez eskatu badute konkurtso-egoeraren deklarazioa, prozedura batean kaudimengabetzat jo badituzte, konkurtso-egoeran badaude –salbu bertan hitzarmen batek indarra hartu badu–, kontu-hartze judizial baten pean badaude edo, desgaitutzat jo badituzte (jarraikiz Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legeari), konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

Konturako ordainketak edo ordainketa aurreratuak egitea, eta berme araubidea, berariaz ezarri beharko dira dirulaguntzaren deialdian.

3. Dirulaguntza ezin izanen da ordaindu, baldin eta onuradunak ez baditu eguneraturik tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzultzea bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen badu.

LAUGARREN TITULUA.–ITZULKETA

33. artikulua. Baliogabetasuna eta itzulketa. Arrazoiak eta prozedura.

1. Dirulaguntza bat emateko ebazpena baliogabetzeko arrazoiak dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritakoak. Kasu horietan, aipatutako manuaren arabera jokatuko da.

2. Emandako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea erabat edo parte batean galdu dela deklaratzen ahalko da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan. Ordainketa oso edo partzial bat egin bada, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta eskatuko dira dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabaki arteko berandutze-interesak. Horretarako, aplikatuko da behar den prozedura, hots, ezarrita dagoena Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 42. artikuluan eta lege horretako itzulketari buruzko gainerako manuetan.

3. Itzuli beharreko zenbatekoak eskubide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira.

4. Lau urtera preskribatuko du itzulketa aitortu edo likidatzeko eskubideak.

5. Aplikatuko da dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren II. tituluan ezarritakoa.

34. artikulua. Itzultzeko prozedura.

1. Dirulaguntzak itzularazteko prozedurari ofizioz emanen zaio hasiera, organo eskudunak hala erabakita.

2. Behin itzultzeko prozeduraren hasiera erabakita, kautelazko neurri gisa, organo emaileak erabakitzen ahal du etetea pertsona edo erakunde onuradunari edo entitate laguntzaileari ordaintzeko dauden zenbatekoen ordainketa-aginduak, inoiz ere gainditu gabe itzulketa espedientea hasteko proposamenak edo ebazpenak ezarritako kopurua, une horretara arte sorturiko berandutze-interesak ere kontuan hartuta.

3. Kautelazko neurri hori ebazpen arrazoitu baten bidez hartu behar da, eta alderdi interesdunari jakinarazi behar zaio, aditzera emanik zer errekurtso jar ditzakeen.

4. Organo emailea izanen da itzulketa prozedura ebazteko eskuduna.

5. Itzulketa egin behar duten pertsona edo entitateek, ebazpenean xedatuarekin bat, osorik edo hein batean itzuli beharko dituzte jasotako zenbatekoak, dagozkien berandutze-interesak gehiturik. Itzultzeko betebeharraz gain, bidezko diren zehapenak ere ezartzen ahalko dira.

Pertsona edo entitate onuradunak azkenean itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko, kontuan hartu beharko dira, aurrekoaren arabera, ez-betetzea mailakatzeko ezarritako irizpideak, espedientearen ondoriozkoak, eta betiere proportzionaltasunaren printzipioa gorde beharko da.

6. Itzulketa prozeduraren ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari.

BOSGARREN TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

35. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Dirulaguntzen arloko zehapen araubidea izanen da Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren IV. tituluan ezarritakoa.

2. Udalbatzako buruari dagokio titulu horretan ezarritako zehapenak ezartzeko eskumena; nolanahi ere, eskumen hori eskuordetzen ahal du.

SEIGARREN TITULUA.–FINANTZA-KONTROLA

36. artikulua. Finantza-kontrola.

1. Dirulaguntzen finantza-kontrola eginen zaie onuradunei eta, hala badagokie, erakunde laguntzaileei, Arangurengo Udalak bere aurrekontu orokorren kargura emandako dirulaguntzei dagokienez.

2. Dirulaguntzen finantza-kontrolak honako hauek egiaztatu beharko ditu:

a) Onuradunak egoki eta zuzen lortu duela dirulaguntza.

b) Onuradunek eta erakunde laguntzaileek bete dituztela dirulaguntza kudeatzeko eta aplikatzeko dituzten betebeharrak.

c) Onuradunek eta erakunde laguntzaileek egoki eta zuzen justifikatu dutela dirulaguntza.

d) Onuradunek eta erakunde laguntzaileek aurkeztutako justifikazioaren arabera, dirulaguntzarekin finantzatu diren eragiketen errealitatea eta erregulartasuna.

e) Diruz lagundutako jarduerak egoki eta zuzen finantzatu direla, behar diren baldintzetan, hots, honako hauetan ezarritako baldintzetan: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 19. artikuluko 3. apartatua eta ordenantza orokor honen 10. artikulua.

f) Ea baden onuradunek eta erakunde laguntzaileek administrazioari deklaratu ez dizkioten gertaerarik, inguruabarrik edo egoerarik, eta ea horiek eraginik izan duten diruz lagundutako jardueraren finantzaketan, dirulaguntza behar bezala eskuratzeko, erabiltzeko edo justifikatzeko, edo dirulaguntzarekin finantzatu diren eragiketen benetakotasunean edo erregulartasunean.

3. Betiere, finantza kontrola eginen zaie aurreko artikuluko baldintzetan aldez aurreko fiskalizazio mugatua egin zaien egintza, dokumentu edo espedienteei.

4. Finantza kontrolari aplikatuko zaio honako hauetan ezarritakoa: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren III. titulua eta hamalaugarren xedapen gehigarria eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 249. artikulua (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Araubide osagarria.

Ordenantza orokor honetan jasotzen ez den guztirako, aplikatuko da 38/2003 Legea, uztailaren 21ekoa (errege dekretu horren bidez onesten da Dirulaguntzei buruzko Erregelamendua).

Bigarren xedapen gehigarria.–Dirulaguntzen Datu Base Nazionala.

Dirulaguntzen barne-kudeaketaren ondorioetarako, zerbitzu edo zentro kudeatzaileek bete beharko dituzte Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari edo hala eskatzen duten gainerako erakundeei informazioa bidaltzeko betebeharrak.

Xedapen iragankorra.–Prozeduren araubide iragankorra.

Ordenantza orokor hau indarrean jartzen den unean hasita dauden dirulaguntzak emateko prozedurei aplikatuko zaie hasi ziren unean indarrean zegoen araudia. Horren ondorioetarako, prozedura hasitzat jotzen da norgehiagokako dirulaguntzetarako deialdia onesten den unetik, eta, zuzenean emateko dirulaguntzetarako, dirulaguntza emateko ebazpena ematen den unetik edo hitzarmena sinatzen den unetik.

Aurreko apartatuan xedatutakoa hala izanik ere, ordenantza orokor honetan ezarritako zehapen araubidearen prozedurak aplikatuko dira indarrean jartzen denetik.

Xedapen indargabetzailea.–Indargabetuta geratzen dira ordenantza orokor hau indarrean jartzean indarrean zeuden gainerako dirulaguntzen oinarri arauemaileak, bai eta Arangurengo Udalak dirulaguntzen araubide juridikoari buruz onetsitako beste edozein arau, udal aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoa alde batera utzi gabe.

Azken xedapena.–Ordenantza orokor hau behin betiko onetsi ondoren bere testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoren jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2415425