242. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

444/2024 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean, ikastetxe itunduetan eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten entitateetan, egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena 2024-2025 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 767747.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. artikuluak administrazio publikoei agintzen die behar diren prebentzio eta konpentsazio jarduketak ziurtatu behar dituztela gizarte, hezkuntza eta kultura aldetik zaurgarritasun egoeran dauden haur guztiak eskolatzeko baldintza egokienak bermatzeko, haien hezkuntza eta gizarte garapenik handiena sustatzeko, eta, hartara, hezkuntza inklusiboa izateko aukera izan dezaten, gainerakoen baldintza beretan. Konpentsazio politikek hezkuntza sistemaren ekintza sendotuko dute, modu horretan saihesteko faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desberdintasunak.

Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 21eko 69/2023 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako hezkuntza-inklusioa arautzen duenak, "Bekak eta laguntzak" izeneko 27. artikuluan, xedatzen du Hezkuntza Departamentuak, aukera-berdintasuna sustatzeko eta ekitate nahiz inklusio printzipioak indartzeko, bekak eta laguntzak jasotzeko deialdiak ezarriko dituela urtez urte.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatu du onets daitezela Nafarroako Foru Komunitatean, ikastetxe itunduetan eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten entitateetan, egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei arreta emateko baliabide ekonomikoak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak 2024-2025 ikasturterako.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, ikastetxe itunduetan eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten entitateetan, egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzak emateko deialdi publikoaren oinarriak onestea, 2024-2025 ikasturterako. Oinarri horiek I. eranskinean jaso dira.

2. Deialdi honen xede diren baliabide ekonomikoak diruz laguntzeko, guztira, 550.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko kudeaketa aurrekontuan gaituko den partida baten kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago. Partida hori 2024ko gastuen aurrekontuko honen baliokidea izanen da: 420004-42700-4809-322403 partida, "Ikastetxe itunduetako ikasleei laguntzak ematea immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako" izenekoa.

3. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen eta dagozkion eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

Iruñean, 2024ko urriaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–2024-2025 IKASTURTEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN, IKASTETXE ITUNDUETAN ETA CURRICULUM EGOKITUKO PROGRAMAK EMATEKO BAIMENA DUTEN ENTITATEETAN, EGOERA SOZIOEKONOMIKO ZAURGARRIAN DAUDEN IKASLEEI LAGUNTZAK ESLEITZEKO DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak esleitzea egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat, baldin eta ikastetxe itunduetan eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten entitateetan eskolaturik badaude, Nafarroako Foru Komunitatean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean.

2. Deialdiaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

2.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzaren zenbateko osoa 550.000 eurokoa da, eta 2025eko gastuen aurrekontuan gaituko den partida baten kargura ordainduko da, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago. Partida hori honen baliokidea izanen da: 420004-42700-4809-322403 partida, "Ikastetxe itunduetako ikasleei laguntzak ematea immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako" izenekoa.

Era berean, zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, baina, eraginkorra izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berririk hastea ere.

2.2. Ematen diren baliabide ekonomikoak egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzean sortzen diren oztopoak gainditzeko erabiliko dira.

2.3. 2024-2025 ikasturtean, ikastetxeek 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitarte egiten dituzten gastuak diruz laguntzen ahalko dira, honako hauekin lotura badute:

a) Ekipamendu pertsonala, liburuak (doakotasun programakoak izan ezik) eta eskola-materiala (salbu eta informatika-ekipamendua, eskola-asegurua, ikastetxeen kudeaketa- eta funtzionamendu-plataforma, giza baliabideak, hala nola langile natiboak, mintzapraktikako laguntzaileak...).

b) Eskolako ateraldiak eta beste jarduera osagarri batzuk.

c) Eskolako jantoki zerbitzua.

Baliabide ekonomiko horien azken hartzailea ikaslea bera izanen da, eta ikastetxea gastua egiteaz arduratuko da, ikasleen beharren arabera.

2.4. Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira ikastetxe bakoitzean baldintzak betetzen dituzten ikasleen kopurua eta dirulaguntzaren gehieneko zenbateko osoa.

3. Betebehar orokorrak.

3.1. Eskatzaileak.

Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Oinarrizko Lanbide Heziketako, HIPetako eta LH Bereziko ikasleak matrikulatuak dituzten itunpeko ikastetxe guztiek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan araututako laguntzak.

3.2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Egoera sozioekonomiko zaurgarrien 9. ardatzean erroldatuta egotea, honako arrazoi hauengatik:

–Familia-errenta (FE): 2023ko ekitaldian errentaren 1. kintiletik beherako diru-sarrerak zituen familia-unitate batekoa izatea.

–Errenta bermatua (EB): errenta bermatua jasotzen duen familia-unitate batekoa izatea.

–Beka-hartzailea: beste administrazio publikoren baten eskutik jantokiko beka edo laguntza ekonomikoa jasotzen duen ikaslea izatea.

–Erantzukizunpeko adierazpena: zuzendaritza taldearen erantzukizunpeko adierazpena, salbuespeneko kasuetarako, non ezin dugun zaurgarritasun egoera baliozkotu aurreko arrazoi horietakoren batengatik.

Arrazoi horietakoren batengatik erroldatuta egoteko, dokumentazio hau aurkeztu behar da ikastetxean:

–2023ko ekitaldiko errenta aitorpena.

–Eskaera egin den unean errenta bermatua jasotzen dela egiaztatzen duen txosten ofiziala.

–2024-2025 ikasturtean jantokiko beka/laguntza jaso izanaren egiaztagiria.

b) Eskatzailearen familia-unitateko kide guztiek zerga arloko betebeharrak egunean izan beharko dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak bete.

3.3. Familia-errenta (FE) dela-eta, egoera sozioekonomiko zaurgarrien 9. ardatzean erroldatuta egoteko bete behar diren baldintza ekonomikoak.

Egoera hauetan dauden familia-unitateetako ikasleak erroldatzen ahalko dira:

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren oinarria honako taula honetako datuak baino txikiagoa izatea, familia-unitateko kide kopuruaren arabera.

Urteko datuak:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN
KOPURUA

ZERGA-OINARRIA

1

14.724

2

18.288

3

20.820

4

22.344

5

23.868

6 edo gehiago

24.888

Familia-unitatearen zerga-oinarria kalkulatzeko, bi gurasoen zerga-oinarriak batuko dira, aintzat hartu gabe aitorpena batera edo bereizita egiten duten.

Legez bananduta dauden eta zaintza partekatua duten familien kasuan, bi gurasoen zerga-oinarriak batuko dira.

Guraso bakarreko familien edo zaintza osoa duten gurasoen kasuan, zaintza duen gurasoaren zerga-oinarria soilik hartuko da kontuan. Familia-egoera hori behar bezala eta idatziz egiaztatu beharko da.

2023ko ekitaldian errenta-aitorpena aurkeztetik salbuetsita egonez gero, inguruabar hori automatikoki jasoko da zerga-betebeharrak egunean izatearen ziurtagirian, eta aski izanen da dokumentu hori soilik aurkeztea.

4. Dokumentazioa.

Deialdi honetako 1. oinarrian adierazitako ezaugarriak dituzten ikasleak eskolatuta dituzten itunpeko ikastetxeek eta entitate baimenduek egiaztatzen diren arrazoien arabera erroldatuko dituzte ikasleak, eta eskabide orokor bat aurkeztuko dute, honako agiri hauekin batera:

a) Ikastetxearen edo entitate baimenduaren erantzukizunpeko adierazpena, erroldaren ardatz horietan jasotako datuen egiazkotasunari buruzkoa.

b) Erantzukizunpeko adierazpena: zuzendaritza taldearen erantzukizunpeko adierazpena, salbuespeneko kasuetarako, non ezin dugun zaurgarritasun egoera baliozkotu aurreko arrazoi horietakoren batengatik.

Egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasleentzat Hezkuntza Departamentuak emanen dituen laguntzen eskaerak ikastetxeen bitartez baizik ez dira eginen. Ikastetxeek, zaurgarritasun-egoera egiaztatzen duten agiriak jaso ondotik, ikasle onuradunak erroldatuko dituzte.

Edonola ere, ikastetxeek zilegi izanen dute eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzea.

5. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak, 4. oinarrian adierazten den dokumentazioarekin batera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 20 egun baliodunetan aurkeztu behar dira, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzenduak, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez araututako Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

6. Laguntzak emateko prozedura eta ebazpena.

6.1. Instrukzioa egiteko organo arduraduna Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.

6.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta haiek aztertu ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, eskaerak behin-behinekoz baietsiko ditu ebazpen bidez, non onuradun gisa agertuko baitira deialdi honen 3.2 atalean jasotako arrazoietako batengatik, gutxienez, egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasle gisa erroldaturik dauden ikasleak.

Eskaerak behin-behinekoz baietsi ondoren, hamar egun balioduneko epea ezarriko da egoki irizten zaien alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko, edo dokumentazioa zuzentzeko, hala eskatu bada. Mugaeguna iritsita, errolda ez da inola ere handituko. Eskaerak behin-behinekoz baiesteko ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da jakinarazpen ondorioetarako.

Instrukzio organoak erreklamazioak eta/edo zuzenketak ebatzi ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntzak behin betiko ematea, 2025eko martxotik aurrera.

Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie, informazioaren ondorioetarako.

7. Gastuen justifikazioa.

Emandako laguntza justifikatzeko, ikastetxeek 2024ko uztailaren 1etik 2024reko ekainaren 30era bitarte egindako gastuen fakturak aurkeztu beharko dituzte, bai eta ordainagiriak edo ordaindu izanaren erantzukizunpeko adierazpena ere. Hori guztia haien izenean eta IV. eranskinean jasotzen den bezala eginda, bai eta II. eta III. eranskinak ere (Excel formatuan), 2025eko uztailaren 31 baino lehen.

Gastuak justifikatzeko jarraibideak ez betetzeak emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea ekar dezake, edo, hala badagokio, dagokion zenbateko osoa edo zati bat itzuli beharra.

Hala ere, emandako zenbateko osoa 2025ko uztailaren 31 baino lehen justifikatu nahi duten ikastetxeek 2025eko martxoaren 31ra arte bidaltzen ahalko dute ordainketa izapidetzeko adierazitako dokumentazioa.

Ikastetxeek Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari igorri beharko diote justifikazio hori, Hezkuntza Departamentuko Erregistroaren bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).

Justifikatzeko epea bukatu eta dokumentazioa berrikusi ondoren, eskatutako dokumentazioa II., III. eta IV. eranskinen arabera behar bezala aurkeztu ez duten ikastetxeei jakinaraziko zaie hamar egun balioduneko epea dutela dokumentazioa zuzen dezaten.

8. Laguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ordainduko da, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, 2025eko irailetik aurrera eginen den ordainketa bakar batean; aurretik, 2025eko uztailaren 31 baino lehen, II. eta III. eranskinak eta egindako gastuen fakturak eta ordainketen frogagiriak aurkeztu beharko dira, IV. eranskineko jarraibideen arabera.

2025eko martxoaren 31ra arte (egun hori barne) emandako laguntza osoa justifikatzen den kasuetan, ordainketa bakarra 2025eko maiatzetik aurrera eginen da.

Ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaizkie, informazioaren ondorioetarako.

9. Ikastetxeen betebeharrak.

Ikastetxe itunduek eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Deialdiaren oinarri hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

2. Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

3. Ikasle onuradunaren familiari laguntzaren jatorria eta xedea jakinaraztea.

10. Ez-betetzeak.

Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

11. Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bai eta haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta biharamunetik hasita.

12. Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA.–GASTUEN JUSTIFIKAZIOA
2023-2024 IKASTURTEA

IKASTETXEA

HERRIA

IKASTETXEAREN KODEA

FAKTURAK

KOPURU EGOZGARRIA

IKASLE
ONURADUNEN KOPURUA
(2)

DOK. ZK.
(1)

HORNITZAILEA

KONTZEPTUA

FAKTURA, GUZTIRA

1

2

3

4

5

JASO BEHARREKO LAGUNTZA, GUZTIRA

(1) Fakturak hurrenez hurren zenbakituta aurkeztuko dira.

(2) Laguntzaren xede izan diren ikasleen kopurua.

III. ERANSKINA.–IKASLE BAKOITZEKO GASTU GUZTIEN JUSTIFIKAZIOA
2024-2025 IKASTURTEA

IKASTETXEA

HERRIA

IKASTETXEAREN KODEA

DOKUMENTU
ZENBAKIA
(1)

LEHEN DEITURA
(2)

BIGARREN DEITURA

IZENA

GUZTIRA

JASO BEHARREKO LAGUNTZA, GUZTIRA

(1) IV. eranskineko lehenbiziko zutabeari loturiko numerazioa.

(2) Ikaslearen zutabeetan izen-deitura osoak jarri, ordena alfabetikoaren arabera.

IV. ERANSKINA

Gastuak justifikatzeko hiru agiri bidali behar dira:

1. II. eranskina (Excel formatuan).

2. III. eranskina (Excel formatuan).

3. Fakturak eta ordainagiriak eskaneatuta eta behar bezala ordenatuta jasotzen dituen dokumentu bat (PDF formatuan), edo aurkeztutako fakturak ordaindu direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

Fakturak eta ordainagiriak aurkezteko jarraibideak.

Faktura bakoitza ordenatuta egonen da, eta dagokion ordainagiria erantsiko zaio, zenbakiaren hurrenkeraren arabera (dok. zenbakia), IV. eranskineko lehenengo zutabean agertzen den bezala.

Adibide gisa, honela ordenatu behar da PDFa: 1. faktura, 1. egiaztagiria, 2. faktura, 2. egiaztagiria... eta horrela hurrenez hurren.

I. eranskinaren 7. oinarriak xedatzen duen bezala, ikastetxeek fakturak aurkeztuko dituzte, eta, ordainketaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ezean, faktura horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere bai, honako kasu hauetan izan ezik, non dokumentu hauek aurkeztu beharko baitira:

1. Jantoki zerbitzua ikastetxeak kudeatzen duenean, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, ikasle onuradunak eta jantoki zerbitzuaren zenbateko osoa (lehengaia eta giza baliabideak) zehaztuz; laguntza agortu arteko denbora ere zehaztuko da.

2. Jantoki zerbitzua kanpoko enpresa batek kudeatzen duenean, enpresa horrek txosten sinatu bat eginen du ikasle onuradunen eta zerbitzuaren kostuaren berri emateko, eta laguntza agortu arte ikastetxeak enpresa kudeatzaileari egindako transferentzien egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

3. Salbuespenezko beste inguruabar batzuk. Hala gertatuz gero, Hezkuntza Departamentuak aztertuko ditu eta banakako jarraibideak emanen ditu.

Iragarkiaren kodea: F2415655