Iragarkia
242. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ZANGOZA
Deialdia, batetik, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko garbiketa-zerbitzu orokorretako bi lanpostu, lan-kontratu finkokoak, Zangozako San Vicente de Paúl Zahar Egoitza erakunde autonomoaren zerbitzura aritzeko, eta, bestetik, izangaien zerrenda bat eratzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren
Zangozako Udalaren Zahar Egoitza erakunde autonomoaren Batzarrak 2024ko urriaren 30ean hartutako erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zuen, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko garbiketa-zerbitzu orokorretako bi lanpostu, lan-kontratu finkokoak, Zangozako San Vicente de Paúl Zahar Egoitza erakunde autonomoaren zerbitzura aritzeko, bai eta, izangaien zerrenda bat eratzeko ere, sortzen diren beharrei erantzutearren.
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea, txanda irekian, garbiketa-zerbitzu orokorretako bi lanpostu, lan-kontratu finkokoak, Zangozako San Vicente de Paúl Zahar Egoitza erakunde autonomoaren plantillan sartzeko. Lanpostu horiek 9 eta 10 zenbakiak dituzte erakundearen plantilla organikoan, eta %100eko lanaldiak dituzte.
Lanpostu horiek 2023rako lan publikoaren eskaintzan sartuta daude.
Halaber, deialdi honen xedea da zerrenda bat egitea hautapen-prozesuan lanposturik eskuratzen ez dutenekin, aldi baterako kontratatzeko, deialdiaren 10. oinarriari jarraikiz.
1.2. Ordainsariak E mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, zehazturik dagoen bezala Zangozako Zahar Egoitza erakunde autonomoaren hitzarmen kolektiboko garbiketa-zerbitzu orokorretako lanpostuan, eta jasoko dituzte Udal Patronatuaren plantilla organikoan ezarritako osagarriak.
1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udal Patronatuak kontratua deuseztatzen edo desegiten ahalko du, iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla Patronatuak nahi bezala bete.
1.4. Dagozkion hautaprobak gaindituta hautatuak gertatzen diren izangaien izendapenak eginda, Zangozako San Vicente de Paúl Zahar Egoitza erakunde autonomoko lan-kontratudun finko bilakatuko dira ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie.
1.5. Lanaldi osoan aritu beharko dute, eta txandak egin beharko dituzte: goizez, arratsaldez eta gauez. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
1.6. Ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42. artikuluan xedatutakoarekin bat (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduari buruzkoa), hautaproben emaitzak izangaien zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, zahar egoitzan sortzen diren beharrei erantzute aldera.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda horiek lehentasuna izanen dute garbiketa-zerbitzu orokorretako lanpostuak aldi baterako kontratatzeko eratzen den edozein zerrendaren gainetik; beraz, lehendik dagoen zerrendak izaera subsidiarioa izanen du deialdi honen ondorioz eratzen den zerrendari dagokionez, eta gehienez ere bost urteko indarraldia izanen du, hori onesteko ebazpena ematen denetik aurrera, salbu eta lehenago agortzen bada edo beste deialdi bat egiten bada.
Deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik deuseztatzen ahalko du kontratua.
1.7. Lanpostuaren eginkizunak bere mailari eta kategoriari dagozkienak izanen dira, nagusiki honako hauek, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Jantokian janaria banatzea eta zerbitzatzea.
–Oheak egitea eta aldatzea.
–Logelak garbitzea.
–Altzariak, korridoreak, pasabideak, komunak, jantokia, botikina, etab. garbitzea.
–Arropa garbitzeko lanak, garbitzeko, lehortzeko eta lisatzeko makinak erabiltzea.
–Eremu komunak behar bezala garbitzea eta desinfektatzea, haien higienizazioa eta kontserbazioa bermatzeko teknika, lanabes eta produktuak erabiliz.
–Kontrolatzea eta ardura duen langileari jakinaraztea garbiketarako behar den materiala, lanaldiko garbiketa jarduerak erregistratzea ezarritako protokoloari dagokionez, eta lana egitean izandako gorabeherak, esaterako matxurak edo kalteak, jakinaraztea ardura duen langileari.
–E mailakoa izan daitekeen beste edozein.
2.–Izangaien betebeharrak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Izatea Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskola Ziurtagiriaren edo baliokidearen jabe izatea.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.
Izangaiek alegatzen badute badituztela eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
Aurreko apartatuetan eskatutako tituluak agiri bidez egiaztatu beharko dira, deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztuta.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aipatutako baldintzak, eta hautaketa prozedura osoan beharko dira bete, izendatzeko unera arte.
Baldintza hori betetzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta dagokien erantzukizuna, halakorik egonez gero.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute Zangozako Udalaren Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia 35, behea, 31400 Zangoza), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako beste bideren bat erabiliz. Eskabidea aurkezteko erabili beharreko eredu normalizatua I. eranskinean dago, baina Zangozako Herritarren Arretarako Bulegoan ere eskuratzen ahal da, edo, bestela, Internet bidez, helbide honetan: https://www.sanguesa.es/eu/.
Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.
Dokumentazioa aurkezten bada posta-bulego batean edo Administrazio Prozeduraren Legeak baimendutako gainerako bideren bat erabiliz, eskatzaileak eskabidea igorri dela jakinaraziko dio administrazio kontratatzaileari posta elektronikoz (sanguesa@sanguesa.es), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.
Bi baldintza horiek bete ezean, ez da dokumentazioa onartuko, baldin eta jasotzen bada kontratazio-organoak oinarri hauetan adierazitako epea bukatu ondoren.
Dena den, aipatutako epea iragan eta bost (5) egunera dokumentazioa jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.
Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.
c) Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.
Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute eskabidean, han jasoko dituzte-eta jakinarazpenak.
3.4. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskaera-orrian adieraziko dute, aparteko orri batean azalduz nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emandakoa.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Patronatuko buruak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, bai eta Zangozako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan ere.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Patronatuko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zangozako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratzeko.
Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.
Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko ariketa, bai eta epaimahaiaren behin betiko osaera ere, kasua bada. Ondoren, epaimahaiak deialdiari lotutako gainerako iragarkiak argitaratuko ditu dagokion garaian, Zangozako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Javier Solozábal Amorena, Zangozako Udaleko alkate eta erakunde autonomoaren Batzarreko burua.
Ordezko epaimahaiburua: Laura Garcés Lozano, erakunde autonomoaren batzarreko buruordea eta Zangozako Udaleko Gizarte Gaietako, Berdintasuneko, Osasuneko eta Hezkuntzako Batzordeko burua.
1. epaimahaikidea: Rafael Francisco Cortijo Gorráiz, Udalaren zahar egoitzako zuzendaria.
1. epaimahaikidearen ordezkoa: Aurora Pardo de Manuel, Udalaren zahar egoitzako arduraduna.
2. epaimahaikidea: Francisco Javier Urmeneta Gracia, Zangozako Udaleko zinegotzia eta zahar egoitzako gobernu batzarreko kidea.
2. epaimahaikidearen ordezkoa: Rafael Babil Bargues Aspurz, Zangozako Udaleko zinegotzia eta zahar egoitzako gobernu batzarreko kidea.
3. epaimahaikidea: Teresa Pérez Pérez, langileen ordezkaria.
3. epaimahaikidearen ordezkoa: Helena Casajús Sola, langileen ordezkaria.
Epaimahaikide-idazkaria: María Concepción Semberoiz Cano, Zangozako Udaleko administrari-ofiziala eta erakunde autonomoko idazkaria.
Ordezko idazkaria: José Gabriel Ayesa Aristu, Zangozako Udaleko idazkaria.
5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da, eta eraketak eta jardunak balioa izan dezaten gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da, eta bertan egotea epaimahaiburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta kalifikazio epaimahaiko buruari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko arrazoiengatik edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa hori.
6.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoak eta balorazioa.
6.1. Oposizioaldia (70 puntu gehienez).
Ariketa bakarra izanen du. Idatziz erantzun beharko zaio izaera teoriko eta praktikoko galdera-sorta bati (testa). Galderok deialdiaren III. eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira.
Fase hau baztertzailea izanen da. Gainditzeko, 35 puntu eskuratu beharko dira gutxienez.
Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
Proba hau egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, bolaluma urdina ez bada.
6.2. Lehiaketaldia (30 puntu gehienez).
Izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren II. eranskinean dagoen baremoaren arabera.
Fase hau ez da baztertzailea izanen.
Oposizio-lehiaketan, gehienez, 100 puntu eskuratzen ahalko dira osotara; haietarik, 30 puntu lehiaketaldiari dagozkio, eta 70 puntu oposizioaldiari.
7.–Lehiaketaldia eta oposizioaldia.
7.1. Lehiaketaldia:
Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko dira deialdi honen II. eranskinari jarraikiz. Emaitza ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira.
Merezimendu guztiak alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek. Horretarako, aurkeztu beharko dira jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak, bestela ez baitira kontuan hartuko.
7.2. Oposizioaldia:
Oposizioan 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Proba bakarra izanen du, baztertzailea, eta izaera teoriko eta praktikokoa. Proba honetan aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio (50 galdera gehienez), idatziz, epaimahaiak ezarritako denbora tartean, eta erantzuteko aukera bat baino gehiago eskainiko dira, erantzun zuzena bakarra izanik. Galderak deialdiko III. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Epaimahaiak hasi baino lehen erranen du zenbat denbora dagoen proba egiteko.
Proba gainditzeko 35 puntu lortu beharko dira gutxienez.
7.3. Pliken sistema erabiliko da ariketa horietan. Ariketa zuzendu ondoren, epaimahaiak Zangozako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko ditu oposizioko ariketaren behin-behineko emaitzak, eta horiekin batera plikak irekitzeko eguna eta ordua zehaztuko ditu.
Behin-behineko kalifikazio horien kontra izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun naturaleko epean, Zangozako Udalaren erregistro orokorrean. Alegazioak ebatzita, behin betiko kalifikazioak emanen dira argitara Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.
7.4. Probarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu behar dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
7.5. Oposizioaldia gainditu baina lanposturik eskuratzen ez duten izangaiak aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendetan sartuko dira. Zerrendan zer nota izanen duten kalkulatzeko, oposizioaldiko nota eta lehiaketaldikoa batuko dira. Ondoren, aldi baterako kontratatzeko zerrendan ere sartuko dira, lehenengoen atzetik, izaera teoriko eta praktikoko proba gainditzen ez dutenak. Zerrendan zer nota izanen duten kalkulatzeko, oposizioaldiko nota eta lehiaketaldikoa batuko dira.
7.6. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat jarriko dira bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak, eskabidean azaldutakoaren arabera.
8.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.
8.1. Proba gainditu dutenen zerrenda.
8.1.1. Izangaien kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du proba gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, loteslea izanen baita, eta puntuaziorik altuena lortu duten izangaien aldeko izendapen proposamena igorriko dio erakunde autonomoko buruari.
Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.
Berdinketak jarraitzen badu, II. eranskineko merezimenduen baremoko 1.b) apartatuan puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko da.
Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da.
Oposizioa gainditu duten izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, lanpostu hutsak eskuratzeko.
Izendapen proposamena argitaratuko da Zangozako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Oposizioa gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenekin, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da. Zerrenda hori erabiliko da garbiketa-zerbitzu orokorretako lanpostuan egiten diren aldi baterako kontratazioetarako.
8.1.2. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Zangozako Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:
a) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.
b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
c) Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
d) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
8.1.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetuko dira, galarazi gabe hasierako eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaizkion erantzukizunak.
Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 8.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
9.1. Hautapen prozesua amaitu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duten izangaiek 8.1.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, erakunde autonomoko buruak ebazpen bat emanen du, lan-kontratudun finko izendatzeko Zangozako San Vicente de Paúl Zahar Egoitza erakunde autonomoan, deialdiaren xede den lanpostuan aritzeko.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Zangozako San Vicente de Paúl Zahar Egoitza erakunde autonomoko langilea izateko. Kasu horretan, deialdiko 8.1.3 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.
10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.
b) Ariketa gainditu ez duten izangaien zerrenda.
Epaimahaiak espedientea igorrita, buruak aldi baterako lan-kontrataziorako zerrendak onetsi eta udal iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko dira.
Kontratazio-zerrendako izangaien ordena honako hau izanen da: oposizioaldia gainditu ondotik lanpostua lortzen ez dutenena. Zer nota izanen duten kalkulatzeko, oposizioaldiko nota eta lehiaketaldikoa batuko dira. Ondoren, aldi baterako kontratatzeko zerrendan ere sartuko dira, lehenengoen atzetik, izaera teoriko eta praktikoko proba gainditzen ez dutenak. Zerrendan zer nota izanen duten kalkulatzeko, oposizioaldiko nota eta lehiaketaldikoa batuko dira. Berdinketak ebazteko, halakorik badago, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak.
Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du berekin ekartzen interesdunei onartu izana 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, horiek frogatu behar baitira oinarri honetan ezartzen den eran.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek soilik ekarri beharko dituzte 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko ziurtagiriak, kontratua gauzatzen denean ekarri ere, jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak aurkeztuz.
Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dagozkien eskubide guztiak, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna.
Beste zerrenda batzuk eratuz gero, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiek izanen dute kontratatzeko lehentasuna, zaharragoen aurretik.
10.2. Dei egiteko sistema: Arau orokorrak.
Langileak kontratatzeko beharrak betetzeko, izangaiei banakako deiak eginen zaizkie, kasuan kasuko zerrendako izangaien hurrenkeraren arabera.
Lokalizatuak izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori une oro eguneratua eduki behar dute.
10.3. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Dei bakarra eginen da kontratatzeko eskaintza egiteko, mezu elektroniko bidez eta telefono bidez. Deitutako izangaiak eskaintza egin zaion egun berean erantzuten ez badu, ulertuko da uko egin diola Gainerako izangaiekin ere berdin jokatuko da, harik eta norbaitek eskaintza onartzen duen arte. Gerta liteke izangai bati baino gehiagori eskaintza egitea egun berean. Kasu horretan, eskaintza egun horretan bertan onartzen dutenen artean, kontratua eginen zaio zerrendan hobekien kokatua dagoenari. Gorabehera horiek guztiak espedientean jaso beharko dira.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa ez da aplikatuko baldin eta lanpostua deia egiten den egunean bertan edo biharamunean bete behar bada nahitaez. Izan ere, kasu horretan, zerrendako ordenari jarraituko zaio, eta erantzuten duen lehendabiziko izangaiari eginen zaio kontratua. Edonola ere, telefono bidezko dei bakarra eginen da.
Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.
Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adieraziz gorabeherak, eguna eta ordua.
Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du abisua eman eta bost eguneko epean –edo gehienez ere 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu–, salbu eta dauden premiak direla-eta epe hori laburragoa izanen dela esaten badiote. Edonola ere, kontratua sinatzeko, eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu.
Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira dagozkion eskubideak.
Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.
10.4. Unez uneko kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan afiliatuko dira; beraz, haien kontu izango dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.
10.5. Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.
10.6. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:
a) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.
b) Aldi baterako ezintasuna izatea.
c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.
d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinarengatik, istripuarengatik edo eritasunarengatik.
e) Amatasun edo aitatasun baimena.
f) Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.
Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 10 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostuaren kontratua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta modu fede-emailean frogatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.
Baldin ez bada epe barrenean aurkezten kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute berriz prest daudela lanean jarduteko, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
10.7. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:
a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, justifikaziorik gabe, salbu eta horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 10 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
c) Lanpostutik alde egitea.
d) Probaldia ez gainditzea.
e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
10.8. Deia jasotzen dutenek aurkeztu beharko dute deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.
10.9. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, epaimahaiburuaren ebazpen baten bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
11.–Datu pertsonalen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Zangozako San Vicente de Paúl Zahar Egoitza erakunde autonomoa da.
Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa baita kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta DBEOren 6.1.c) artikulua: behar den tratamendua, nahitaezkoa dena tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat betetzeko.
Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@sanguesa.es).
Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, eta bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–HAUTAPEN PROZESUAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–BAREMOA
1.–Merezimenduen baremoa (lehiaketaldia, 30 puntu, gehienez ere).
Izangaiek aurkeztutako merezimenduak epaimahaiak baloratuko ditu baremo honi jarraikiz:
a) Prestakuntza (gehienez 8 puntu).
Lanpostuetako eginkizunekin lotutako ikastaroak baloratuko dira, 0,30 puntu ikastordu bakoitzeko.
Deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztuko dira ikastaroen ziurtagirien fotokopiak.
b) Lanbide-esperientzia (22 puntu gehienez).
–Garbiketa-zerbitzu orokorretako langile gisa titulartasun publikoko zahar etxeetan edo antzeko laguntza-zentroetan egindako lana: 3 puntu urte bakoitzeko.
–Garbiketa-zerbitzu orokorretako langile gisa titulartasun pribatuko zahar etxeetan edo antzeko laguntza-zentroetan egindako lana: 1 puntu urte bakoitzeko.
Altan zenbat egun egon den baloratuko da, lanaldia zein izan den gorabehera.
Soilik baloratuko dira eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik gauzatu diren merezimenduak.
Aitzineko bi apartatuetako merezimenduak frogatzeko, izangaiek aurkeztu beharko dituzte lan egindako administrazio publiko edo entitate pribatuen ziurtagiriak; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, kontuan hartuko dira bai lan-kontratu finko nahiz aldi baterakoarekin egindako zerbitzuak, bai administrazio-kontratudun, bitarteko nahiz jabetzako lanpostuetan egindakoak.
Egiaztatutako esperientzia baloratzean, urte osoa egiten ez duen aldiari proportzioan dagokiona emanen zaio.
Lanbide-esperientzia frogatuko da kontratua egin duen enpresa edo administrazioaren ziurtagiriekin; haietan hauek agertu beharko dira: lanpostua, kontratuen hasiera eta bukaera datak (halakorik bada) eta lanbide-kategoria. Alderdi horietakoren bat behar bezalako zehaztasunez eman ezean, merezimendu horiek ez dira baloratuko. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindako lan bizitzaren ziurtagiria.
Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dauzkaten ikastaroak.
Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu behar dira. Agiri horiekin batera nahitaez aurkeztu beharko da eransten diren agirien aurkibidea.
III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1.–Instalazio eta lokal publikoak, eskailerak, gela komunak, kristalak eta leihoak garbitzea; garbiketarako produktuak, tresnak eta materialak, eta horiek erabiltzeko modua.
2.–Logelen garbiketa, oheak egitea, komunen eta bainugelen garbiketa. Garbiketa lanetan erabili beharreko tresna egokiak.
3.–Jantoki zerbitzua. Kontuan hartu beharreko alderdiak.
4.–Arropa garbitu eta zaintzea. Ehun motak, garbiketa produktuak eta makineria.
5.–Desinfekzioa eta intsektuak hiltzea. Intsektuek eta bizkarroiek dakartzaten osasun arriskuak. Desagerrarazteko modua.
6–Elikagai motak. Elikagaien manipulazioa.
7.–Laneko segurtasuna eta osasuna.
8.–Ortografia eta aritmetika. Oinarrizko kontzeptuak.
9.–Zangozako Udalaren Zahar Egoitzako administrazioaren antolaketa. Erakunde autonomoaren estatutuak.
Zangozan, 2024ko azaroaren 12an.–Lehendakaria, Javier Solozábal Amorena.
Iragarkiaren kodea: L2416440
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
