242. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ANDOSILLA

Deialdia, peoiaren lanpostu bat betetzeko oposizio-lehiaketa bidez, lan-kontratudun finkoen araubidean

Alkatetzaren azaroaren 13ko 408/2024 Ebazpenaren bitartez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin peoiaren lanpostu bat, Andosillako Udalaren zerbitzukoa.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea peoiaren lanpostu bat (22 zenbakia du Udalaren plantilla organikoan), lan-kontratu finkoaren bidez eta lanaldi osoan, errelebo-kontratuaren modalitatean estaltzeko peoiaren lanpostu baten erretiroa (20 kodea du plantillan).

1.2. Halaber, deialdi honen bidez, aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak osatu nahi dira prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin. Oposizio-lehiaketaren emaitzekin zerrenda bat eratuko da, Udalak etorkizunean aldi baterako kontratuak egin behar dituenean erabiltzeko. Halakoetan, kontratazioa egiteko, kontuan hartuko da hautaprobak gainditu dituzten izangaien puntuazio ordena.

1.3. Errelebo-kontratuari aplikatu beharreko araubide juridikoa izanen da jasorik dagoena urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.6 eta 7. artikuluetan (legegintzako errege-dekretu horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuaren testu bategina) eta urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 215. artikuluan (legegintzako errege-dekretu horren bidez onetsi zen Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina).

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.5. Lanpostuak E mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu (jarraikiz uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenari), bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.6. Egin beharreko lanak eta zereginak E mailako kategoriari dagozkionak izanen dira. Zehazki, honako lan hauek egin beharko ditu: igeltserotzako, iturgintzako, lorezaintzako, atezaintzako eta udal eraikin eta instalazioen garbiketako eta mantentzeko zeregin osagarriak, Udalak izan ditzakeen premien arabera. Orobat, horien antzeko edozein lan egin beharko du, dagokion zerbitzuaren errekerimenduei jarraikiz, eta III. eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

1.7. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez, aipatutako estatutua garatzeko eta betearazteko emandako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

1.8. Kontratudunak 15 eguneko probaldia gainditu beharko du eta epe horretan bi aldeetako edozeinek deuseztatzen ahalko du kontratua, aldez aurretik horren berri modu ofizialean jakinaraziz.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eskola-ziurtagiria edo baliokidea izatea, edo hura eskuratzeko baldintzetan egotea.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

Lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dute aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela, deialdi honetako 9. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek I. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko, eta prozedura honetarako berariaz sortutako izapidea baliatu.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Nortasun agiri nazionala edo nortasun agiri baliokidea.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek aurkeztu beharko dute beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) apartatuan nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko adierazpena egin beharko da, edo hitzeman, ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena baten mende.

–Eskatutako tituluak:

3.3. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

3.4. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezten ahalko dira modu presentzialean, Andosillako Udalaren erregistro orokorrean (San Cosme y San Damián plaza 1, Andosilla; ordutegia: 9:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, salbu eta egun baliogabeak), edo, bestela, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://andosilla.sedelectronica.es/), deialdirako berariaz sortutako izapidearen bidez (I. eranskina). Eskabidearekin batera, 3.2 puntuan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz ere aurkez daiteke eskabidea. Bide horietako bat baliatuz gero, eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik mezu bat bidali beharko da ayuntamiento@andosilla.es helbide elektronikora, agiri horiek aurkeztu egin direla jasotzen duen ziurtagiria erantsita.

3.5. Baldin eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jartzeko, ziurtatu baino lehen. Era berean, mezu elektronikoa igorriko da arestian adierazitako helbidera, eskabidea posta bulego baten bidez igorri dela aipatuta. Agiriak aurkeztu izanaren ziurtagiria igortzeko mezu elektronikoak bidaltzeak ez du esan nahi ez denik bete behar eskabideak 16.4 artikuluan xedatutako bideak erabiliz aurkezteko obligazioa. Horrek esan nahi du eskabideak ezin direla aurkeztu mezu elektroniko bidez.

3.6. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi honen onespenaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.7. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, ariketak egin ahal izateko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua), organo eskudunak emana.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Andosillako Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taula fisikoan eta egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://andosilla.sedelectronica.es/, Enplegu Publikoaren Atalean), baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere. Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta argitara dadila aginduko da.

4.2. Deialdi honi lotutako iragarki, jakinarazpen eta ohar guztiak argitaratuko dira oinarri hauetako 4.1 puntuan adierazitako tokietan.

4.3. Behin-behineko zerrenda adierazitako tokietan argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Andosillako Udalaren erregistroan (modu presentzialean zein erregistro elektronikoa baliatuta).

4.4. Andosillako Udalaren erregistro presentzialak edo elektronikoak ez diren beste bitarteko batzuen bidez aurkeztutako eskabideak, ez badira Udalera iritsi izapide hori egin aurretik, ez dira geroago onartuko.

4.5. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta 4.1 puntuan adierazitako tokietan argitaratzeko aginduko, adierazita deialdiko hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

Zerrenda horretan izangaien izen-abizenak jasoko dira eta, baztertuen kasuan, horretarako arrazoia ere bai.

4.6. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

4.7. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

1. Epaimahaiburua: José Manuel Terés Azcona, alkatea. Ordezkoa: Sofía Martínez Sanz, Andosillako Udaleko zinegotzia.

2. Epaimahaikidea: Juan Ángel Laso, Leringo Udaleko brigada arduraduna. Ordezkoa: Victorino Marqués Vega, Andosillako Udaleko peoia.

3. Epaimahaikidea: Ernesto García Aguado, Andosillako Udaleko arkitektoa. Ordezkoa: Jorge Núñez Centaño, arkitektoa.

4. Epaimahaikidea: José Antonio Moreno Villar, langileen ordezkaria. Ordezkoa: Yolanda González Lozano, Andosillako Udaleko langilea.

5. Idazkaria: María Flor Laparte Rodríguez, Andosillako Udaleko idazkaria edo haren ordezkoa. Ordezkoa: Ascensión Silvestre Manso, Andosillako Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean abstenitzeko aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

6.2. Hautapen-prozesuak bi ariketa izanen ditu: bata teorikoa, eta bestea praktikoa.

–Lehen ariketa: proba teorikoa.

Deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiei buruzkoa, gehienez ere ordubeteko epean idatziz erantzunen zaio hiru erantzun aukera dituen galde-sorta bati, eta horietako bakarra izanen da baliozkoa. Galde-sortak epaimahaiak zehazturiko 45 galdera izanen ditu.

Atal honetan 45 puntu lortzen ahalko dira gehienez; erantzun okerrek ez dute puntu galerarik ekarriko. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez. Puntuazio hori lortzen ez dutenek ezin izanen dute hurrengo proba egin, eta baztertu eginen dira.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

Epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu izangaien zerrenda eta lortutako kalifikazioak, toki erakundearen iragarki-taulan eta web-orrian (www.andosilla.es), baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

–Bigarren ariketa: proba praktikoa.

Zeregin praktiko bat izanen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruzkoa (III. eranskina).

Epaimahaiak zehaztuko du zer ariketa eginen diren eta zenbat denbora iraunen duten, haien edukia kontuan hartuta.

Ariketa honetan gehienez ere 45 puntu lortzen ahalko dira, eta zati bakoitza modu proportzionalean baloratuko da. Proba gaindituko dute gutxienez 25 puntuko kalifikazioa lortzen dutenek.

–Merezimenduak. Gehienez 10 puntu.

Lehiaketaldia gainditu duten izangaien merezimenduak baloratuko dira.

Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 10 puntu.

Enpresa edo administrazio publikoren batean deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan egindako zerbitzuak: urtebete oso bakoitzeko, puntu bat, eta gehienez 10 puntu.

Zerbitzu egin bada lanaldi osoa baino lanaldi laburragoetan eta urtebete baino gutxiago iraun badu, hainbanaketa eginen da dagokion heinean.

Laneko eskarmentua frogatuko da honako hauek aurkeztuz: enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiria, lan-bizitza gehituta.

Enpresa edo administrazio kontratugilearen ziurtagirietan honako hauek jaso beharko dira: kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partzialak izanez gero, zehaztuko da portzentajea edo ordu kopurua) eta lan egindako denboraren hasiera eta bukaera data zehatzak.

Laneko eskarmentua baloratzeko oharrak:

1. Soilik baloratuko dira eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik gauzatu diren merezimenduak.

2. Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari puntu gehien ematen diona baloratuko da soilik.

3. Proportzioan zenbatuko dira lanaldi partzialeko kontratuak eta urtebete baino gutxiago iraun dutenak.

6.3. Proba gaindituko dute lehen ariketan gutxienez ere 15 puntu eta bigarren ariketan gutxienez ere 25 puntu lortzen dituzten izangaiek.

6.4. Epaimahaiak Udalaren ediktu-taulan eta egoitza elektronikoan (https://andosilla.sedelectronica.es/) argitaratuko du bi probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta (proba bakoitzeko puntuazioaren batura), eta ondoan duela aurkeztutako merezimenduen balorazioa.

6.5. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek proba egitera agertu beharko dute aldean daukatela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

6.6. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenendako bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.–Emaitzak.

Proben kalifikazioa amaituta, epaimahaiak emaitzak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taula fisikoan eta egoitza elektronikoan (https://andosilla.sedelectronica.es/), eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

7.1. Hiru egun balioduneko epea irekiko da lortutako emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

7.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Berdinketak ebatziko dira kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Alfabetoaren bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak ebatziko dira lehen deituraren ordena alfabetikoari jarraikiz. Ateratzen diren bi letra horietatik abiatuta, ordena alfabetikoan hurrengo tokian dagoen deitura hartuko da.

7.3. Aurkezten diren alegazioak eta berdinketak ebatzirik, epaimahaiak 7.1 puntuan adierazitako tokietan argitaratuko du aldi baterako kontrataziorako deialdiaren hautapen-prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatua.

7.4. Oinarri hauetan aurreikusitako jarduketak bidali ondoren, epaimahaiak proba gainditu duten izangaien zerrenda igorriko dio alkateari, eta alkateak ebazpen bat emanen du, izangaien zerrendak jasoko dituena, puntuazioaren arabera ordenatuta.

Zerrenda hori 7.1 klausulan adierazitako tokietan argitaratuko da.

8.–Kontratazioa.

8.1. Hautapen prozedura bukatu eta izangaiek aurreko oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoan, alkateak kontratatu eginen du.

8.2. Deialdiaren emaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Hautatzen den pertsonak kontratua sinatu beharko du hilabeteko epean, oposizio-lehiaketaren emaitza jakinarazten denetik. Epe horretan kontratua sinatzen ez badute (salbu ezinbesteko kasuetan), galduko dituzte kontratatuak izateko eskubide guztiak. Horrelakorik gertatuz gero, 9. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarri denarekin bat, Andosillako Udaleko alkate udalburuak aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek sortuko ditu, deialdi honen 13. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

–Hautaprobak gaindituta ere, lanposturik gabe gelditu diren izangaien zerrenda.

–Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

10.–Deia.

Gainditu duten izangaiei Andosillako Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

Izangaiei dei egiteari eta, hala bada, kontratatzeari begira, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak, deialdi honen oinarriak, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean ezarritakoa, hain zuzen, zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan, non xehetasunak arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonek Nafarroako administrazio publikoetan enplegua lortzeko moduaren inguruan.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edo beste entitate publiko edo pribaturen batek diruz lagundutako kontratazioen kasuan, non Enplegu Zerbitzuari eskatu behar zaion langabeen zerrenda bat, egon daitekeena Andosillako udalerrira mugatua, izangaiek zerrenda horretan egon beharko dute deituak izateko. Deialdi honen babesean osatutako zerrendako langileek, aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ez dute kontratu zehatz horretarako deirik jasoko, baina zerrendan duten tokia mantenduko dute hurrengo kontratazioetarako.

11.–Datu pertsonalak babestea.

Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Andosillako Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren xedea da peoiaren lanpostu bat betetzea, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoaren bidez, lanaldi osoan.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).
  • DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo egoitza elektronikoaren bidez.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, aurretik organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Andosillan, 2024ko azaroaren 13an.–Alkatea, José Manuel Terés Azcona.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/Bon/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Elektrizitateko, iturgintzako, igeltserotzako, arotzeriako, soldadurako eta lorezaintzako oinarrizko erremintei eta materialei buruzko galdera praktikoak.

2. gaia.–Ortografia, aritmetika, geometria eta azalera kalkulua; hori guztia, deialdian eskatutako prestakuntza mailaren arabera.

3. gaia.–Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko alderdiak.

Iragarkiaren kodea: L2416577