242. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

269/2024 EBAZPENA, urriaren 29koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki entitateen dokumentuak sailkatzeko taula onesten duena.

Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak proposatzen du Nafarroako toki entitateen dokumentuak sailkatzeko taula onetsi dadila.

Ekainaren 10eko 50/2016 Foru Agindu bidez Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki entitateen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak onetsi zituen. Jarraibide horietako 5. apartatuak zehazki aipatzen zuen dokumentuak sailkatzea, eta honako hau zioen hitzez hitz:

Oro har, toki entitateak hartu eta jaulkitzen dituen dokumentu guztiak sailkapen taula baten arabera antolatu behar dira, hartan biltzen baitira udalak bere eginkizunak betetzean garatzen dituen jarduera guztiak. Nafarroako toki entitateen eta beste administrazio batzuen arteko operagarritasuna errazteko, sailkapen taula normalizatu bat bakarra dago, Nafarroako toki entitate guztietan aplika dadin. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak Interneten duen helbidean eguneratuta egonen da "Nafarroako toki entitateen dokumentuak sailkatzeko taula", eta horren egituran toki entitateen eginkizun nagusiak zehaztuko dira: Gobernua, Administrazioa, Zerbitzuak eta Ogasuna.

50/2016 Foru Agindua 2016ko uztailaren 15eko 137. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren webgunean esteka bat egon da indarreko sailkapen taulara joateko, eta erreferentzia izan da, besteak beste, udalen dokumentazioa antolatzeko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak 2017an hasi eta gaur egunera arte artxiboak antolatzeko xedez urtero sustatu dituen ondoz ondoko laguntzen deialdietarako.

Sailkapen taula hori abiapuntua ere izan da toki entitateek sortutako dokumentu serieak analizatzeko eta ebaluatzeko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak egiten duen lanetarako, lan horien bidez ezarri ahal izan baitira Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak hartutako erabaki jakin batzuetako oinarriak, bat etorriz haren erregelamenduak ezartzen duenarekin (75/2006 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa).

Hori horrela, adibidez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren azaroaren 19ko 348/2020 Ebazpenak, ekainaren 7ko 166/2022 Ebazpenak eta apirilaren 26ko 89/2023 Ebazpenak Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak proposatutako ebaluazio erabaki batzuk onetsi zituzten (Batzordearen 498-518, 698-767 eta 771-806 erabakiak, hurrenez hurren) eta, halaber, aplikatzekoak ere badira Nafarroako administrazio publiko guztietarako hartutako beste erabaki batzuk. Oso garrantzitsua da adieraztea erabaki horiek serie bakoitza eta berori osatzen duten dokumentuak ofizialki izendatzeko tresna normalizatzaile bat direla.

Onetsitako ebaluazio erabakien ondorioz, aldaketak egin dira dagoen sailkapen taulako serieen izendapenetan eta, horrenbestez, taula hori eguneratu egin behar da,

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateen dokumentuak sailkatzeko taula onestea, eta horren testua ebazpen honetako eranskin gisa jasotzea.

2. Ebazpen hau helaraztea Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeari, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari, jakin dezaten eta ondore egokiak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2024ko urriaren 29an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

Eranskina–Nafarroako toki entitateen dokumentuak sailkatzeko taula (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2415925