1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1114E/2024 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Andosillan, Áridos y Excavaciones Vicuña S.L. enpresak sustatuta, "Vicuña III" legar hobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena. Proiektua ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. taldean dago jasota, eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ohiko ebaluazioa behar du.
Proiektuaren xedea da "Vicuña I" legar hobia hedatzea; azken horrek, hain zuzen ere, ingurumen eraginaren aldeko adierazpena dauka, Ingurumenaren zuzendari nagusiak otsailaren 28ko 128/2022 Ebazpenaren bidez emana. "Vicuña I" legar hobiaren proiektuak erauzketa eremuaren muga ezartzen zuen, eta, horrenbestez, Andosillako 2. poligonoko 338., 339., 344., 347., 349., 350., 353. eta 354. lurzatiei eragiten zien. Egungo "Vicuña III" proiektuak, berriz, legarren erauzketa udalerri horretako 2. poligonoko 337. partzelara hedatzea dakar.
21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Áridos y Excavaciones Vicuña S.L. enpresak 2023ko azaroaren 8an aurkeztu zizkion bai proiektua, bai ingurumen inpaktuaren azterketa eta bai lehengoratze plana organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 30 egun balioduneko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (263. zenbakia, 2023ko abenduaren 21ean) horren inguruko iragarkia argitaratu ondoren. Izan ere, hala egitea agintzen dute Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak eta Erauzketa industrietako hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek eragindako eremua babesteari eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuak. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.
Proiektuak eragiten dien administrazioei kontsultak egiteko izapidean (21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutako izapidea), Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txostenak jaso ditu, Andosillako Udalak, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, eta Ondare Historikoaren Zerbitzuak igorritakoak.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du aurkeztutako dokumentazioak 21/2013 Legearen 35. artikuluan adierazitako edukia jasotzen duela eta, jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapidea bukatu eta ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera aurkeztu ondoren, espedientearen azterketa teknikoa eginen dela 21/2013 Legearen 40. artikuluari jarraituz, ingurumen eraginaren adierazpena egite aldera.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenak proiektua indarrean dagoen lurralde eta hirigintza plangintzara egokitzen dela berrikusten du, eta haren bateragarritasuna adierazi du, legarrak erauztea baimendutako jarduera baita eragindako lurzoruaren kategoriarako ezarritako babes araubidean. Bestalde, lurzoru urbanizaezinean proiektua baimentzeko kontuan hartu beharreko hainbat hirigintza baldintza adierazten dira.
Andosillako Udalak bere txostenean ondorioztatzen duenez, aurreikusitako instalazioa bateragarria da lurzoruaren indarreko hirigintza araubidearekin, udalekoarekin zein lurraldekoarekin, eta ez da aurreikusten udal azpiegituretan eraginik izatea.
Azkenik, Ondare Historikoaren Zerbitzuak aldeko txostena egin du, eta adierazi du ez dagoela aztarnategi arkeologikorik eragindako ingurunean, Nafarroako Inbentario Arkeologikoaren arabera. Horrez gain, obretan aztarna arkeologikoak agertuz gero, jarduteko irizpideak ezartzen dira.
2024ko otsailaren 19an, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion sustatzaileak Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Eskaera hori Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari igorri zitzaion espedienteko dokumentazio osoarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz.
Proiektuaren laburpena ebazpen honen I. eranskinean jaso da. Ingurumen eraginaren azterketan (II. eranskinean laburturik ageri da), proiektuak ingurumenean izanen dituen eragin nagusiak egoki aztertzen dira, eta ingurumenean inpaktu nabarmenik ez sortzea bermatzeko behar diren neurri zuzentzaileak ezartzen dira.
Proiektuak mahasti bati dagokion laborantzako lurzati batean baino ez du eragiten, eta ez du eraginik ez Natura 2000 Sarean ez Nafarroako gune babestuen sarean. Habitatetan, landaredia interesgarrian eta estepako hegaztientzat garrantzitsuak diren eremuetan ere ez du ukipenik eragiten. Ingurumen Eraginaren Atalak bere txostenean adierazi du izapidetu den dokumentazioan jarduketak behar bezala zehaztuta daudela, eta proposatu du proiektuaren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egitea, ingurumen ondorioetarako soilik, aurkeztutako proposamena bideragarritzat jotzen baitu ingurumenaren aldetik, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez gero.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Andosillako 2. poligonoko 337. lurzatian Áridos y Excavaciones Vicuña S.L. enpresak sustatutako "Vicuña III" legar hobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena egitea, ingurumen ondorioetarako soilik. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:
A) Ustiapen eremua Andosillako 2. poligonoko 337. partzelara mugatuko da, eta proiektuan jasotako babes tarteei eutsiko zaie: 3 m lurzati mugakideetara, 5 m bideetara eta 10 metro lurzatia zeharkatzen duen gasbidearen bi aldeetara.
B) Muga hori lurrean finko paratuko diren mugarrien bidez seinalatuko da. Legar hobiarekin lotutako pistak zabaltzea, materialak biltzea eta beste edozein jarduera perimetro horretara mugatuko da.
C) Legarra ateratzen hasi baino lehen, azaleko landare lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko geruza. Beste materialetatik bereiz metatuko da, eta gero, den-dena, lehengoratze lanetarako erabiliko da.
D) Erauzketa hasteko, ezinbestekoa izanen da "Vicuña I" legar hobian erauzketa bukatzea eta eremua lehengoratzen hastea. "Vicuña III" erauzteko eta lehengoratzeko, proiektuko faseen planari eta zonakatzeari jarraituko zaio. Ez da fasez aitzinatzen ahalko aurreko faseko erauzketa bukatu eta hura lehengoratzen hasi arte.
E) Ustiapenaren azken ezponda 2H: 1V izanen da; horrela, proiektatutako lehengoratze ezpondarekin bat etorriko da, eta ez da betelan gehigarririk egin beharrik izanen.
F) Lehengoratzeko kanpoko lurrak izanez gero, gasbidearen iparraldean dagoen B eremuko erauzketa zuloaren betelana lehenetsiko da, erauzketa zulo nagusitik isolatuta geratzen baita.
G) Kanpoko hondeaketa lurrak legar hobira garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalak) kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa materialen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).
H) Laborantzarako egokia den landare lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz metatuko da, eta azaleko geruzetarako erabiliko da.
I) Ustiategiaren barruan edozein motatako makineria mugikorra instalatzen bada legarra tratatzeko, horren berri emanen zaio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren bitartez, horren tramitazioa egin eta neurri zuzentzaileak ezar ditzan, hala badagokio.
J) Lanak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan).
K) Proiektuan proposatutako eta ebazpen honen II. eranskinean deskribatutako lehengoratze plana beteko da.
L) Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:
–Bai materialak, bai makinen eta ibilgailuen zirkulaziorako pistak, behar den guztietan ureztatuko dira, batez ere udan.
–Ustiategiko eremuaren barnean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.
–Materialak garraiatzen direnean kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.
2. Proiektuaren lehengoratze planari buruzko aldeko txostena ematea, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak onar dezan, Erauzketa industrien hondakinak kudeatu eta meategiko jarduerek eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Egokitzat jotzen da 17.095 euroko abala jarri behar izatea lehengoratze plana beteko dela bermatzeko, Vicuña III legar hobiaren baimen substantiboaren barruan, aipatutako 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Lizarra Hegoa barrutia), Andosillako Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Proiektua Andosillako 2. poligonoko 337. lurzatian dago, eta "Vicuña I" legar hobiaren hedapen bat da. Eremu hori, zehazki, Andosillako 2. poligonoko 338., 339., 344., 347., 349., 350., 353. eta 354. lurzatietan dago, eta 3,6 ha-ko azalera hartzen du. Eraginpeko lurzatiak 2,56 ha-ko azalera du, eta ipar-ekialdeko muturrean aipaturiko "Vicuña I" legar hobiarekin egiten du muga. Bideen (5 m) eta lurzati mugakideen (3 m) ertzak kendu eta lurzatian dagoen gasbide baten alde banatan 10 m-ko zerrenda bat egin ondoren, hedapenak 2 ha-ko azalera hartuko du, eta 5,6 ha-ko legar hobia izanen da guztira.
Proiektuak ez du instalaziorik aurreikusten, egun Andosillan, ustiategiaren 1.469 metrora, dagoen mozkin-establezimendua (tratamendu instalazioa) erabiliko baita. Tratamendu instalazio horretatik legar hobira han dagoen pista batetik iristen da. Material guztia tratamendu instalaziora eramaten da, legar hobian meategiko hondakin sortu gabe.
Guztira 149.500 m³ inguruko erreserbak eta 15.000 m³/urteko ekoizpen erritmoa kalkulatu dira. Horrek esan nahi du ustiategiak 10 urteko balio bizitza izanen duela guztira, eta beste urtebete beharko dela lehengoratzea burutzeko.
Erauzteko prozedura 30 cm-ko landare lurra kentzean hasiko da, 6.228 m³-ko bolumena, guztira. Materiala atzerako hondeamakina erabiliz erauziko da, eta tratamendu instalaziora garraiatuko da kamioietan, eskatu ahala.
Ustiapena bi zonatan zatitu da: A (17.067 m²) eta B (3.694 m²), lurzati osoa zeharkatzen duen gasbidearen bi aldeetan. A eremuari dagozkio lehenengo bi ustiapen faseak, eta B eremuari hirugarren fasea. A eremua 8 metroko bi bankutan ustiatuko da, 332 metroko gutxieneko kotarekin. B eremua, berriz, 8 metroko banku batean ustiatuko da, gutxienez 340 m-ko kotan. Bi eremuak maila freatikoaren gainetik geratuko dira.
II. ERANSKINA.–INGURUMEN ERAGINAREN AZTERKETAREN LABURPENA ETA LEHENGORATZE PLANA
Ingurumen eraginaren azterketan ingurune hauen inbentarioa egin da: ingurune fisikoa, biotikoa, pertzeptuala, sozioekonomikoa eta kulturala, barnean sartuta geologia, topografia, airearen kalitatea, soinu inpaktua, azaleko zein lur azpiko hidrologia, landaredia, fauna, lurzorua, lurzoruaren erabilerak, higadura, paisaia, kultura ondarea, azpiegiturak eta ingurune soziodemografikoa.
Proiektua, batez ere, mahasti batean garatuko da, eta ez du afekziorik sortuko ez Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Intereseko habitatak edo landaredia ere ez dira ukituko.
Proiektuaren eremuak hartuko duen ingurunea azterturik, ingurumen eraginaren ebaluazioak analizatu eta baloratu egiten du proiektatutako ustiategiak ingurunean izanen duen eragina. Ondorio gisa, 11 eragin adierazgarri identifikatzen dira. Horietatik, eragin gogortzat baloratzen dira lurzoruaren eta paisaiaren gaineko eraginak, moderatutzat jotzen dira prozesu hidromorfologikoen eta landarediaren gainekoak, eta bateragarritzat gainerakoak. Inpaktu orokorra bateragarritzat jotzen da. Proiektuan, ez da inpaktu kritikoko ekintzarik identifikatzen.
Ingurumen eraginaren azterketak beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko plana jaso ditu; horiek aurrera eraman beharko dira, ebazpen honetan eskatzen denarekin batera.
Lehengoratze plana.
Lehengoratzeko, "Vicuña I" legar hobiko irizpide berberak erabili dira, proiektuari koherentzia eta jarraitutasuna emateko. Lurren azken erabilera eta landareztatzeko jarraibideak berberak izanen dira. Lehengoratzea ustiapenaren aldiberekoa izanen da, deskribatutako zonakatzearekin eta planarekin bat.
Lehengoratze planaren lehenengo etapa da legar hobiaren bukaerako topografia zehaztea. Ustiapenaren azken ezponda 2H: 1V izanen da, eta lehengoratze ezpondarekin bat etorriko da; horregatik, ustiapen lanak bukatzean, bukaerako topografia osatuta egonen da, betelan gehigarririk behar izan gabe. Ustiapenaren oinarri kotak proiektuaren deskribapenean adierazitakoak dira. Ondoren egin beharreko lanak landare lur metatua zabaltzea eta landareztatzea dira.
Erabilgarri dagoen landare lurra (6.228 m³ ingurukoa) hedatzeko, plangintza bat egin da. Lehengoratze planean, gutxienekoen diseinu bat planteatzen da, baina kanpoko lurren ekarpenaren bidez hobetzen ahal da, landare lurraren estaldura hobetzeko eta sortutako baoak betetzeko erabiliz. Neolurrak eta teknolurrak sortzeko proposamen bat ere jaso da, substratu ez-organikoak medeapen organikoekin edo hondakinekin nahastuta. Proposamen horiek ez dira proiektuan garatzen, eta, beraz, ez dira ingurumen ebaluazioaren prozedura honen parte.
Landareztatzeko, pare bat neurri proposatu dira. Batetik, gramineoak eta lekadunak ereitea edo hidroereitea ezponda eta bermetan; horretarako, bertako espezieak eta proiektuko eremuko baldintza edafoklimatikoetara egokituak erabiliko dira. Eta bestetik, lehorreko nekazaritza laboreak berreskuratzea (olibondoa eta almendrondoa) plaza guneetan.
Iragarkiaren kodea: F2416254