1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
487E/2024 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita, Tuterako udal mugartean, hondakinen tratamendurako zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia biltzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan zehaztutako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera; horren ondorioz, Erriberako Mankomunitatearen titularitzapekoa den instalazioak eta bertako jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 13ko 2549/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 23ko 73E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua.
2024ko otsailaren 16an, titularrak eskatu du ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko; zehazki, zenbait hondakin sartu nahi ditu instalazioan kudeatzen diren hondakinen zerrendan, zeina jasota baitago ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean. Izan ere, eskaria dago hondakin horiek zentroan kudeatu daitezen.
2024ko apirilaren 26an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu du; zehazki, lau hondakin mota berri sartu nahi ditu kudeatzen diren hondakinen zerrendan, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean jasotakoan.
Zabortegian hondakin ez-arriskutsuak utziz kudeatzen diren hondakinen zerrendan (III. eranskina) aipatu hondakin horiek sartzeko aurkeztutako dokumentazioari dagokionez, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak ondorioztatu du egindako eskaera bat datorrela instalazioak ingurumenaren aldetik izan behar duen funtzionamendu egokiarekin, honako hondakin hauei dagokienez:
EUROPAKO HONDAKINEN ZERRENDAKO KODEA | HONDAKINAREN DESKRIBAPENA |
020104 | Plastikoen hondakinak [enbalajeak izan ezik]. |
030307 | Paper eta kartoi hondakinez prestatutako oretik mekanikoki bereizitako hondarrak |
040209 | Material konposatuen hondakinak [ehun inpregnatuak, elastomeroak, plastomeroak] |
040222 | Prozesatutako ehun zuntzen hondakinak. |
101199 | Beste kategoria batean zehaztu ez diren hondakinak: harri zuntza estaldurarekin |
160119 | Plastikoa: automobilgintzako aurreko panelak eta beste plastiko konposatu batzuk |
170201 | Zura: kofratze eta eraispen hondarrak |
170203 | Plastikoa: obra eta eraispen hondarrak Kautxuzko lurzorua |
191204 | Plastikoa eta kautxua |
191207 | Zura, 19 12 06 kodean zehaztuta dagoenez bestelakoa; eraikuntza eta eraispen hondakinen (RCD) tratamendurako instalazioetakoa |
Zabortegietan onartzen diren hondakinek uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzekoan, ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
Industriako hondakinen aurretiko tratamenduan kudeatutako hondakinen zerrendan (III. eranskina) sartzeko aurkeztutako dokumentazioari dagokionez, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du egindako eskaera bat datorrela instalazioak ingurumenaren aldetik izan behar duen funtzionamendu egokiarekin, honako hondakin hauei dagokienez:
EUROPAKO HONDAKINEN ZERRENDAKO KODEA | HONDAKINAREN DESKRIBAPENA |
150102 | Plastikozko ontziak |
150104 | Metalezko ontziak |
150106 | Material nahasketa duten ontziak |
Europako Hondakinen Zerrendan (EHZ) 200301 kodea duen hondakina –industrialdeetako ibilbideetatik datozen etxeko hondakinen nahasketa– III. eranskineko industriako hondakinen aurretiko tratamenduan kudeatutako hondakinen zerrendan sartzeko aurkeztutako dokumentazioari dagokionez, antzeman da hondakin hori dagoeneko instalazio horretan jasotzen dela, eta bi jatorri dituela:
–Etxeko hondakinekin parekatzen ahal diren hondakinak eta industria instalazioetako berezko jardueretatik datozen hondakinak –etxekoekin parekagarriak ez direnak, ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2.at) artikuluko etxeko hondakinaren definizioaren arabera– nahasten diren enpresak.
–Poligonoen ibilbide deritzonetan, toki erakundeek jasotzen dituzten errefusaren edukiontziak. Hondakin horien konposizioak ez du aukerarik ematen errefusaren tratamendurako instalazioetan tratatzeko, aurreko atalean definitutakoaren antzeko nahasketa baita.
Hala, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak ondorioztatu du aldi baterako onartuko dela hondakin hori tratatzea, urtebeteko epe luzaezinean, ebazpen hau argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.
Aurkezturiko dokumentazioari dagokionez, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak uste du ezin dela baimendu egungo baldintzetan jarraian aipatzen diren hondakinak kudeatzeko eskaera (zabortegian uztea), ez baitu bat egiten instalazioak ingurumenaren aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin. Hona hemen hondakin horiek ez onartzeko emandako arrazoiak:
EUROPAKO HONDAKIN ZERRENDA (EHZ) | HONDAKINAREN DESKRIBAPENA UKATZEKO ARRAZOIA |
030105 | Zerrautsa, txirbila, muxarrakinak, zura, partikulazko oholak eta xaflak, 03 01 04* kodean aipatutakoez bestelakoak. Altzari taulen ebakinak. Hondakin balorizagarria |
120105 | Plastikozko txirbilak eta bizarrak. Hondakin balorizagarria |
150101 | Paperezko eta kartoizko ontziak. Zabortegian onartu ezin den hondakin balorizagarria (1) |
150102 | Plastikozko ontziak. Zabortegian onartu ezin den hondakin balorizagarria (1) |
150103 | Zurezko ontziak. Zabortegian onartu ezin den hondakin balorizagarria (1) |
150106 | Ontzi nahasiak. Zabortegian onartu ezin den hondakin balorizagarria (1) |
150107 | Beirazko ontziak. Zabortegian onartu ezin den hondakin balorizagarria (1) |
160120 | Beira zapala. Automobilgintzakoa. Hondakin balorizagarria |
191205 | Eraikuntzako beira zapala. Hondakin balorizagarria |
200111 | Ehunak. Peltzer enpresakoa. Hondakin horretarako, 040209 HEZ baimentzen da. |
200138 | Zura, 200137* kodean zehaztuta dagoenaz bestelakoa. Zabortegian onartu ezin den hondakin balorizagarria (1) |
200139 | Plastikoak. Zabortegian onartu ezin den hondakin balorizagarria (1) |
200301 | Hiri hondakinen nahasketak. Balorizagarria izaten ahal den hondakina, zabortegian onargarria ez dena eta, nolanahi ere, aurretiko tratamendua behar duena. (1) |
200307 | Tamaina handiko hondakinak. Zabortegian onartu ezin den hondakin balorizagarria (1) |
200399 | Beste kategoria batean zehaztuak ez dauden hiri hondakinak. Ez da justifikatzen hondakin mota hori industria jatorriko hondakinetan sartzea. Zabortegian onartu ezin den hondakin balorizagarria (1) |
(1) Aldez aurretik tratatu behar diren hondakinak, bota beharreko hondakinen kopurua gutxitzeko edo hondakinak biltegiratzeak gizakien osasunerako edo ingurumenerako ekartzen ahal dituen arriskuak murrizteko, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren arabera. |
Horrenbestez, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du partez onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Partez onartzea, Tuterako udal mugartean, hondakinen tratamendu zentro bat eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegi bat hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horrenbestez, Erriberako Mankomunitatearen titularitzapekoa den instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen I. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
Bigarrena.–Aldi batez eta urtebeteko epe luzaezinean onartzea EHZ 200301 kodea duen eta industrialdeetan jasotzen den hondakinaren tratamendua Tuterako udal mugartean dagoen eta Erriberako Mankomunitatearen titularitzapekoa den industriako hondakinen aurretiko tratamendurako instalazioan; horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen I. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
Hirugarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du areagotu behar ingurumen baimen integratua ematen duen espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.
Laugarrena.–Ebazpen honetan agertzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan zehaztutakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), eta, subsidiarioki, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Erriberako Mankomunitatera eta Tuterako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 11n.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2416409