242. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

447E/2024 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita San Adriango udal mugartean malta fabrikatzen duen instalazio baten ingurumen baimen integratua, gauzatu ahal izateko instalazioa Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakira egokitzeko proiektua, erabaki horretan ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Intermalta SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 678/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 193E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakiaren bidez; erabaki horretan elikagaien, edarien eta esnearen industrietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

2023ko maiatzaren 16an, aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), Intermalta SAri eskatu zitzaion 2023ko abuztuaren 3a baino lehen aurkez zezala bere ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2019/2031 Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2023ko ekainaren 2an aurkeztu zuen dokumentazioa.

2024ko ekainaren 21ean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak isurketen onargarritasunari buruzko nahitaezko txosten loteslea eman zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 19. artikuluan xedatzen dena (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-Dekretuaren bidez onetsi zen), instalazio horren isurketa baimena aldatzeko baldintzak ezarriz.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak egiaztatu du instalazioa egokituta dagoela Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakira, zeinaren bidez ezarri baitziren elikadura-, edari- eta esne-industrietako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, salbu eta balio batzuen eguneratzea –atmosferara egiten diren arauzko kontrolen aldizkakotasunaren balio batzuk eta uretara egiten diren isurketen gehieneko balioak–, eta baldintza horiek ebazpen honetan ezarri dira.

Bestetik, atmosferarako isurketen gainean ezarritako baldintzei dagokienez, ikusi da ez aldizkakotasuna, ez gehieneko isurketa balioak ez daudela egokituta abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuak (errekuntza instalazio ertainetatik atmosferara egiten diren zenbait agente kutsatzaileren emisioak mugatzeari buruzkoa, airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen IV. eranskina eguneratu ere egiten duena) eta urtarrilaren 14ko 6/2002 Foru Dekretuak (atmosferara kutsatzaileak botatzeko gai diren jardueren ezarpenari eta funtzionamenduari aplikatu beharreko baldintzak ezartzen dituena) ezarritakora.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Berrikustea San Adriango udal mugartean malta fabrikatzen duen instalazio baten ingurumen baimen integratua, gauzatu ahal izateko instalazioa Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakira egokitzeko proiektua, erabaki horretan ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Intermalta SA da.

Bigarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena eguneratzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketak unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen baditu. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, ezustean gertatzen direnean, lehenago izan balira, baimena ukatzea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko zuketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko zuketenak. Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko.

Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Hirugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isurketa egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Atmosferara egiten diren isurketetan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Intermalta SAri, San Adriango Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urriaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2415714