Iragarkia
24. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 1a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LODOSA
Deialdia, merezimendu-lehiaketa bidez bete daitezen postu huts batzuk, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, murriztu dadin enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna); hori dena, betetze aldera Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 3045. Ebazpena
Lodosako alkateak abenduaren 13an emandako 2022-233 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren honako deialdi honen oinarriak: deialdia, merezimendu-lehiaketa bidez bete daitezen lanpostu huts batzuk, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarriei (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, murriztu dadin enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna).
2023ko abenduaren 11ko 3045. Ebazpenaren bidez, Nafarroako Administrazio Auzitegiak baietsi egin zuen Ángela Irisarri Ruizek, ELAko ordezkari sindikal gisa, 2022-233 Dekretuaren aurka jarritako errekurtsoa. Dekretu horren bidez, deialdi bat onetsi zen, merezimendu-lehiaketa bidez bete daitezen postu huts batzuk, aldi baterako langileak egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean.
Aipatutako epaitzak,
EBAZTEN DU:
Baiestea aipatutako gora jotzeko errekurtsoa, zeina jarri baitzen deialdi honen kontra: deialdia, merezimendu-lehiaketa bidez bete daitezen postu huts batzuk Lodosako Udalean, aldi baterako langileak egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean. Deialdi hori onetsi zen Alkatetzaren abenduaren 13ko 233/2022 Ebazpenaren bidez, eta argitaratu zen 2022ko 263. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean. Hala, bada, egintza hori baliogabetzen da, Zuzenbidearen araberakoa ez izateagatik, eta deklaratzen da ezen Ángel Arrastia Udal Musika Eskolako postuak (jaso ziren 2022ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 26koan, argitaratutako enplegu publikoaren eskaintzan) jaso behar direla deialdi berri batean, hots, gora jotzeko errekurtsoaren bidez baliogabetu den deialdia ordeztuko duen deialdian.
Hortaz, aipatutako epaitza betetze aldera, deialdi bat egiten da, eta argitaratzen, Ángel Arrastia Udal Musika Eskolako aipatutako postuak betetzeko, hots, bete daitezen 2022ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (maiatzaren 26koa) argitaratutako enplegu publikoaren eskaintzan jasotako postuak. Baliogabetu ez diren alderdietan, egintza administratiboari eutsiko zaio.
Alkatetza honek, baliatuz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak, bai eta arau horrekin bat heldu diren gainerako xedapenek ematen dizkidaten eskudantziak ere (7/1985 Legea, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak),
EBATZI DU:
1. Onestea deialdia eta haren oinarriak. Eranskinean zehazten dira lanpostu hutsak eta ezaugarriak.
2. Deialdi hau eta oinarriak eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
3. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Alkatetzaren ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Lodosan, 2024ko urtarrilaren 16an.–Alkatea, Laura Remírez Noguera.
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea (aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera), behin bakarrik eta salbuespen gisa, merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, zeina egin baita babes harturik abenduaren 28ko 20/2021 Legea eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legea (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).
1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek beteko dituzte beren lanpostuari dagozkion eginkizunak, eta izanen dituzte lanpostuari dagozkion eskubideak eta betebeharrak, hots, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), eta sailkatuta geldituko da I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan.
1.3. Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta desgaitasuna dutenentzako lanpostuen erreserbarik ere, ezta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako lanpostuen erreserbarik ere.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, zeinak hizpide baititu enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
3.–Betebeharrak.
3.1. Merezimendu lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.
d) Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
g) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki-erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
h) Ezaugarrien taulan hala zehazten bada, eta jarraikiz ekainaren 28ko 26/2015 Legeari (haren bidez aldatu zen haurrak eta nerabeak babesteko sistema), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik.
3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.
4.–Eskabideak, tasak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
4.1. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkeztu behar dira edo aurrez aurre, Lodosako Udalaren Erregistroan, edo elektronikoki, urriaren 1eko 39/2015 Legean adierazitako edozein erregistrotan (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta aurkeztu beharko dituzte parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide.
Ez da tasarik ordaindu behar eskaerak aurkezteagatik, halakorik ez dago-eta aurreikusita Lodosako Udalaren ordenantza fiskaletan.
4.2. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, ordenatuta, jarraikiz merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkerari.
Merezimenduak ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, baldin ez badira zerrendatzen, alegatzen eta frogatzen eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako; nolanahi ere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala frogatuta.
%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:
a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetako bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta izendatu beharko da horien ordezkoen kopuru bera. Izendapen hori argitaratuko da toki-erakundearen atarian, deialdiaren web fitxan. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten da non.
5.2. Epaimahaia osatzerakoan, joko da gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera.
5.3. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute eduki beharrik lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo bereko titulurik, ez eta ikasketa maila bereko titulurik edo goragokorik ere.
5.4. Epaimahaia merezimendu-lehiaketaren balorazioa egin aurretik eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organo horren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Izangaien onarpena.
6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukaturik, eta ez 2023ko ekaina baino lehen, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila toki-erakundearen atariko deialdiaren web fitxan.
Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da toki-erakundearen atariko deialdiaren web fitxan.
6.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu. Erreklamazioak aurkeztuko dira toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxaren bidez.
6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web fitxan argitaratuko da.
6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
7.–Nola eginen den merezimendu-lehiaketaren bidezko salbuespenezko prozedura: baloratuko diren merezimenduak.
a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 60 puntu.
Baloratuko dira administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, deialdia argitaratzen den egunera artekoak, gehienez 60 punturekin, puntuazio honen arabera:
a.1) Deialdia egiten duen toki-erakundean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
a.2) Deialdia egiten duen toki-erakundean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,5 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
a.1, a.2 eta a.3 apartatuetarako oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
2. Gehienez ere 60 puntu emanen dira a) apartatu honetan.
3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik bukaera arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.
4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldia edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldia kontatuko da bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balitz bezala.
Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzerakoan zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.
6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, emanen da kasu bakoitzean handiena den puntuazioa.
Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta bukaera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.
b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 40 puntu:
b.1) Lodosako Udalean, deialdiaren xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 28 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.
b.2) Ingelesa, frantsesa eta alemana:
Ingelesa, frantsesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko hizkuntza horiek jakitea nahitaezkoa ez denean eta ezaugarrien taularen arabera: 5 puntu gehienez, haietako bakoitzagatik.
Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiria duenari, emanen zaio aurreko apartatuan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena.
Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.
c) Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.
d) Behin merezimenduen balorazioa eginda, aurreko apartatuek ezarritakoari jarraikiz, ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen dutenek lortutako puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio, guztira, zuzenketa-faktore gisa.
8.–Kalifikazioa.
8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du toki-erakundearen atariko web fitxan (ezaugarrien taulan zehazten da), eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.
8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak organo eskudunari helaraziko dizkio, behar diren izapideak egin daitezen baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko.
8.3. Merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozeduran parte hartzen dutenen artean puntu-berdinketarik gertatuz gero, merezimendu profesionalen apartatuan puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da; eta, berdinketak badirau, apartatu horren azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuazio handiena hartuko da kontuan, zerrendatzen diren hurrenkeran.
Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio-epaimahaiek eginen duten berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.
8.4. Prozedura honetatik ez da sortuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendarik.
9.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.
9.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:
a) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
b) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, aurkeztu beharko da abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, baldintza baita adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko.
9.2. Izapide hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.
Informazio hori argitaratuko da toki-erakundearen atarian, deialdiaren web fitxan, hain zuzen.
Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, adieraziko dute nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera.
10.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.
10.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.
Izendapen edo kontratazio proposamen hori argitaratuko da toki-erakundearen atariko deialdiaren web fitxan, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.
10.2. Toki-erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 10 egun balioduneko epean, toki-erakundearen atariko deialdiaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu ondotik:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik administrari-ofizial karguaren eginkizunak betetzea.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
10.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den lanpostua beteko da 8. eta 9. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera, lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
10.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark aurkeztu beharko du, deialdi honen 10.2 apartatuan ezarritako moduan.
11.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.
11.1. Funtzionario izendatuko dira, edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak adjudikatuko zaizkie.
11.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko dute izendatua bihurtzea nomina eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), afiliaturik baldin badaude Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.
11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
11.4. Izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean hartuko da lanpostuen jabetza eta, edonola ere, ekitaldi eta egun berean.
11.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte toki-erakundeko funtzionario izateko edo lan-kontratudun langile finko izateko. Hala bada, deialdiaren 10.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
11.6. Funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
11.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.
12.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, toki-erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan (ezaugarrien taulan zehaztua) argitaratuko da proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere.
13.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki-erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondotik.
I. ERANSKINA.–DEIALDI HONEN EZAUGARRIEN TAULA: DEIALDIA, MEREZIMENDU-LEHIAKETA BIDEZ BETE DAITEZEN POSTU HUTS BATZUK, ALDI BATERAKO ENPLEGUA EGONKORTZEKO ETA FINKATZEKO PROZESU BEREZIAREN BARNEAN, LODOSAKO UDALEAN, JARRAIKIZ ABENDUAREN 28KO 20/2021 LEGEARI (LEGE HORREK HIZPIDE DITU PREMIAZKO NEURRI BATZUK, MURRIZTU DADIN ENPLEGU PUBLIKOAN DAGOEN BEHIN-BEHINEKOTASUNA)
1.–Lanpostuen identifikazioa.
LANPOSTU ZENBAKIA | LANPOSTUA PLANTILLA ORGANIKOAN | MAILA | ARAUBIDE JURIDIKOA | LANALDIA | TITULAZIOA |
1 | Zuzendaria - Musika irakaslea (Zeharkako Flauta, Musika Hizkuntza) | B | Lan-kontratudun finkoa | Partziala (zerbitzuaren beharrengatik, segun zenbat ordu behar dituzten espezialitate horretan eta ikasturte bakoitzean matrikulatutako ikasleek) | Honako hauen goi mailako ikasketen titulua: Zeharkako Flauta; Musika Hizkuntza; edo, bestela, 1966ko ikasketa planeko erdi mailako titulua edo baliokidea. Zeharkako Flautako erdi-mailako titulu profesionala, gehi musikako goi mailako beste titulu bat, unibertsitateko diploma, unibertsitateko gradua, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea. |
2 | Musika irakaslea (Akordeoia, Abesbatza) | B | Lan-kontratudun finkoa | Partziala (zerbitzuaren beharrengatik, segun zenbat ordu behar dituzten espezialitate horretan eta ikasturte bakoitzean matrikulatutako ikasleek) | Honako hauen goi mailako ikasketen titulua: Akordeoia; Abesbatza; edo, bestela, 1966ko ikasketa planeko erdi mailako titulua edo baliokidea. Akordeoiko edo Abesbatzako erdi mailako titulu profesionala, gehi musikako goi mailako beste titulu bat, unibertsitateko diploma, unibertsitateko gradua, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea. |
3 | Musika irakaslea (Saxofoia) | B | Lan-kontratudun finkoa | Partziala (zerbitzuaren beharrengatik, segun zenbat ordu behar dituzten espezialitate horretan eta ikasturte bakoitzean matrikulatutako ikasleek) | Saxofoiko goi mailako ikasketen titulua edo, bestela, 1966ko ikasketa planeko erdi mailako titulua edo baliokidea. Saxofoiko erdi mailako titulu profesionala, gehi musikako goi mailako beste titulu bat, unibertsitateko diploma, unibertsitateko gradua, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea. |
4 | Musika irakaslea (Bonbardinoa, Tuba, Tronpa) | B | Lan-kontratudun finkoa | Partziala (zerbitzuaren beharrengatik, segun zenbat ordu behar dituzten espezialitate horretan eta ikasturte bakoitzean matrikulatutako ikasleek) | Bonbardino, Tuba, edo Tronpako goi mailako ikasketen titulua edo, bestela, 1966ko ikasketa planeko erdi mailako titulua edo baliokidea. Bonbardino, Tuba, edo Tronpako erdi mailako titulu profesionala, gehi musikako goi mailako beste titulu bat, unibertsitateko diploma, unibertsitateko gradua, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea. |
5 | Musika irakaslea (Gitarra Klasikoa, Gitarra Elektrikoa, Baxua, Bandurria, Lautea) | B | Lan-kontratudun finkoa | Partziala (zerbitzuaren beharrengatik, segun zenbat ordu behar dituzten espezialitate horretan eta ikasturte bakoitzean matrikulatutako ikasleek) | Honako hauen goi mailako ikasketen titulua: Gitarra Klasikoa; Gitarra Elektrikoa; Baxua; Bandurria; edo Lauta; edo, bestela, 1966ko ikasketa planeko erdi mailako titulua edo baliokidea. Honako hauen erdi mailako ikasketen titulua: Gitarra Klasikoa; Gitarra Elektrikoa; Baxua; Bandurria; edo Lauta, gehi musikako goi mailako beste titulu bat, unibertsitateko diploma, unibertsitateko gradua, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea. |
6 | Musika irakaslea (pianoa) | B | Lan-kontratudun finkoa | Partziala (zerbitzuaren beharrengatik, segun zenbat ordu behar dituzten espezialitate horretan eta ikasturte bakoitzean matrikulatutako ikasleek) | Pianoko goi mailako ikasketen titulua edo, bestela, 1966ko ikasketa planeko erdi mailako titulua edo baliokidea. Pianoko erdi mailako titulu profesionala, gehi musikako goi mailako beste titulu bat, unibertsitateko diploma, unibertsitateko gradua, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea. |
7 | Musika irakaslea (Perkusioa, Batuka) | B | Lan-kontratudun finkoa | Partziala (zerbitzuaren beharrengatik, segun zenbat ordu behar dituzten espezialitate horretan eta ikasturte bakoitzean matrikulatutako ikasleek) | Perkusio eta Batukako goi mailako ikasketen titulua edo, bestela, 1966ko Planeko erdi-mailako titulua. Perkusio eta Batukako erdi-mailako titulu profesionala, gehi musikako goi mailako beste titulu bat, unibertsitateko diploma, unibertsitateko gradua, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea. |
9 | Musika irakaslea (Kantua eta Musika Hizkuntza) | B | Lan-kontratudun finkoa | Partziala (zerbitzuaren beharrengatik, segun zenbat ordu behar dituzten espezialitate horretan eta ikasturte bakoitzean matrikulatutako ikasleek) | Kantuko eta Musika Hizkuntzako goi mailako ikasketen titulua edo, bestela, 1966ko ikasketa planeko erdi mailako titulua edo baliokidea. Kantuko eta Hizkuntza Musikako erdi mailako titulu profesionala, gehi musikako goi mailako beste titulu bat, unibertsitateko diploma, unibertsitateko gradua, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea. |
2.–Baldintzak.
2.1. Espainiako nazionalitatea izan behar da: Espainiako herritarra izan behar da, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
2.2. Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
2.3. Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
2.4. Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
3.–Tasak.
Ez da tasarik ordaindu behar eskaerak aurkezteagatik, halakorik ez dago-eta aurreikusita ordenantza fiskaletan.
4.–Deialdiaren web fitxa, toki-erakundearen atarian (helbide elektronikoa).
https://lodosa.sedelectronica.es/transparency/0e3902b8-111f-4743-bc5e-6cd0105572b9/
5.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.
2022-097 Dekretua, maiatzaren 20koa, Lodosako alkateak emana, zeinaren bidez onesten baita 2022ko lan publikoaren eskaintza; argitaratu zen 2022ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 26an.
https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/103/32
6.–Deialdia onesten duen ebazpena.
II. ERANSKINA.–HAUTAPEN-PROZESUAN PARTE HARTZEKO ESKABIDE EREDUA
https://lodosa.sedelectronica.es/transparency/0e3902b8-111f-4743-bc5e-6cd0105572b9/
III. ERANSKINA.–AUTOBALORAZIORAKO AGIRIA, ALDI BATERAKO ENPLEGUA EGONKORTZEKO ETA FINKATZEKO LEHIAKETAKO MEREZIMENDUETARAKO
https://lodosa.sedelectronica.es/transparency/0e3902b8-111f-4743-bc5e-6cd0105572b9/
Iragarkiaren kodea: L2400856
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
